41. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Udalbatzako kideen ordainsariak eta dedikazio araubidea

Udal honek, 2021eko otsailaren 4an egin osoko bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zuen, dagokion aktaren onespenetik ondorioztatzen dena ukatu gabe:

“Udal honetan zenbateko batzuk ordaindu izan zaizkio lehen eta bigarren alkateordeei, karguan aritzeko dedikazioa konpentsatze aldera. Zenbateko horiek ezartzea 2019ko ekainaren 20an egin osoko bilkuran erabaki zen (2019ko 160. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 16koa), eta erabaki horrek indarrean segituko du, salbu eta erabaki honen bidez aldatutakoa.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75., 75.bis eta 75.ter artikuluetan jasotzen da gai horri buruzko arau orokorra, bertan ezartzen baitira ordainsarien modalitateak eta mugak.

Nafarroan badira udalentzako konpentsazioak kontzeptu horrengatik, horretarako baliaturik toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsa.

Alkatetzak proposatuta. Eztabaidatu ondoren. Bozketa arrunta egin da: hamaika boto alde, kontra bat ere ez, abstentziorik bat ere ez. Quoruma: gehiengo soila.

ERABAKITZEN DA:

1. Dagokion aurrekontu-kontsignazioa gorabehera, Udalak lehen alkateorde Lourdes San Miguel Rojori ordainduko dizkio, dedikazio partzialean aritzeagatik, urtean guztira hemezortzi mila bostehun eta berrogeita hamazazpi euro (18.557,00 euro), kontzeptu guztiak barne (soldata gordina, 14.000,00 euro, eta enpresako gizarte segurantzako kuota, 4.557,00 euro); hilero ordainduko zaio, eta bi halako ekainean eta abenduan, betiere behar diren kenkariak eginik. Ordainsari hori jasotzeko gutxieneko dedikazioa astean hogeita lau ordukoa izanen da, karguaren edozein jardueratan (bulegoa, bilerak, bidaiak edo beste batzuk). Ez da zenbatekorik ordainduko alkatea ordezteagatik, hala gertatuz gero. Karguan dedikazio partzialean aritzeagatiko ordainsarien kobrantza bateraezina da bilkura-sariak biltzearekin.

2. Sistema honek eta aipatu zenbatekoek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dituzte ondorio ekonomikoak, dagokion bezala jasota gizarte segurantzaren aurrean; gaurko sistema ordezkatuko du, eta indarra izanen du besterik xedatzen ez den bitartean.

3. Lehen alkateordeak, orobat, kalte-ordainak jasoko ditu karguan aritzeak egiazki sorrarazten dizkion gastuengatik, hala nola bidaiengatik (Udaleko langileei beren ibilgailuetan eginiko kilometro bakoitzeko ordaintzeko erabiltzen den zenbateko bera aplikatuko da), egonaldiengatik eta beste batzuengatik. Frogagiriak aurkeztu beharko ditu, gastuok ordain dakizkion.

4. Udalak lehen alkateordeari bere karguan aritzeagatik ordaintzen dizkion ordainsariak lotuko zaizkio pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ezarritako araudiari.

5. Bigarren alkateorde Laura Remírez Noguerak, orobat ondorioak hasita 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eta dagokion bezala jasota gizarte segurantzaren aurrean, dedikazio partzialean aritzeari utziko dio, eta hasiko da jasotzen lantaldeen ardura duten zinegotziei dagozkien bilkura-sariak (aurrerantzean sei izanen dira halako zinegotziak, baina alkatetzak erabakita kopuru hori handitu edo txikitu daiteke) Udalbatzaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik, 300 euro bilkura bakoitzeko, eta, gehienez ere, 3.000 euro Udalbatzako kide bakoitzak; seihileko bakoitza iragandakoan ordainduko dira.

6. Alkatetzak erabaki hau osorik argitararaziko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalbatzaren iragarki-taulan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7. Erabaki hau irmoa da bide administratiboan eta, haren kontra, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

1.–Hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren udal organo egileari zuzendua (urriaren 1eko 39/2015 Legea).

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, hura ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da aurkeztu ez gora jotzeko errekurtsorik, ez administrazioarekiko auzi-errekurtsorik.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da berriz aurkeztu errekurtso-mota hori bera.

2.–Hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea).

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, ebatzi edo ustez ezetsi bitartean ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik paratu.

3.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).

Argitara ematen da erabaki dena bete beharrez.

Lodosan, 2021eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Pablo Azcona Molinet.

Iragarkiaren kodea: L2102002