41. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak emana, erabakitzen duena Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko Esparru-Akordioa eta 2020-2024 urteetarako Ekintza Plana biltzen duen eranskina, argitara daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak (Akitania Berria), mugako auzotasuna dela eta, harreman estuak dituzte. Harreman horiek 1998az geroztik bi aldeko akordioak egitean gauzatu dira, beren lurraldeak gehiago garatzeko helburuarekin.

Nafarroako Gobernuak 2020ko urriaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko Esparru-Akordioa eta 2020-2024 urteetarako Ekintza Plana biltzen duen eranskina onetsi ziren, eta 2020ko azaroaren 10ean Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko kontseiluburuak Akordioa sinatu zuten.

Abuztuaren 1eko 1317/1997 Errege Dekretuak ezartzen du ezen, autonomia erkidegoek eta toki-erakundeek atzerriko lurralde entitateekin mugaz gaindiko lankidetzarako sinatu dituzten hitzarmenak, Europako esparru-hitzarmenaren eta Espainiako Erreinuak horiek aplikatzeko izenpetutako nazioarteko tratatuen babesean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko direla, Espainian eragin juridikoak sor ditzaten lurralde entitate sinatzaileak ez diren beste subjektu batzuen aurrean.

Aipatu argitalpena 2021eko urtarrilaren 22an gauzatu da, Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Lurralde Koordinazioko Idazkaritza Nagusiak 2021eko urtarrilaren 13an emandako Ebazpenaren bidez.

Araudi espezifikoan hirugarrenen aurrean efikazia izateko ezarritako lege-baldintza beteta, beharrezkotzat jotzen da, gainera, Akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, hori baita Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen xedapen orokorrak eta administrazio-egintzak argitaratzeko bide ofiziala, Nafarroako herritar orok eta gizarteak jakin dezaten.

Azaldutakoarekin bat, eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko Esparru-Akordioa eta 2020-2024 urteetarako Ekintza Plana biltzen duen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitara daitezen.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 28an.–Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia, Mikel Irujo Amezaga.

ERANSKINA

2020-2024 Ekintza Plana

Krisi garai honetan, inoiz baino ezinbestekoagoa da mugaz gaindiko lankidetza, 160 kilometro baino gehiagoko muga partekatua duen gure lurraldearen potentziala ahalik eta hobekien aprobetxatzeko tresna gisa, eraiki ahal izateko mugaz gaindiko lurralde adimentsuagoa, berdeagoa, konektatuagoa, sozialagoa eta herritarrengandik hurbilagoa.

Eranskin hau azken urteetan egindako lanaren kapitalizazioaren emaitza da, eta gure lurraldeak laurteko honetarako dituen erronka nagusiak jasotzen ditu, garatu beharreko lana sei ardatz estrategikoren eta zeharkako gai baten (turismoaren) inguruan multzokatuz. Horri esker, baterako ekimenak baloratzen eta sustatzen ahalko dira:

–1. ardatza: Konexioa eta mugikortasuna:

  • Bizikletetarako mugikortasuna.
  • Neguko bidezaintza.
  • Mendi-ibiliak.
  • Konektagarritasun digitala.

–2. ardatza: Arriskuen kudeaketa:

  • Segurtasuna.
  • Donejakue bidea.

–3. ardatza: Ingurumena eta mendialdeen garapen jasangarria:

  • Mendia.
  • Ingurumena.
  • Energia berriztagarriak.

–4. ardatza: Gizarte- eta lurralde-berrikuntza:

  • Lurraldearen garapena.
  • Bertako produktuei, bio produktuei eta zirkuitu laburrei laguntzea.
  • Helmuga turistikoa eta gastronomikoa.
  • Gizarteratzea eta ekonomia soziala.

–5. ardatza: Herritarrak eta gizartea:

  • Kultura, artxiboak.
  • Kirola.
  • Memoria historikoa.
  • Berdintasuna.
  • Gazteria.
  • Eleaniztasuna eta euskara.

–6. ardatza: Mugaz gaindiko trabak eta interes komuneko proiektuak atzematea.

Lankidetzaren helburuak bat etorriko dira Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren helburu estrategikoekin (berrikuntzako lurraldea, mendialde plana, etab.). Nafarroako Gobernuaren plan sektorialekin ere bat etorriko dira, batez ere mugaz haraindiko izaera dutenekin.

Beraz, kontuan hartuz mugaz gaindiko gure lurraldearen berezitasuna eta lurralde honek Nafarroari eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduari ekartzen dizkien erronkak eta arazoak,

Kontuan hartuz gure lurraldeen artean mugaz gaindi egiten den lankidetza, hain zuzen, garapeneko tresna bidezkoa dela epe ertain batean estrategia komun bat eraikitzeko,

Ikusirik Lurraldeetako agintarien edo elkargoen arteko mugaz gaindiko lankidetzarako Europako esparru-akordioa, Europako Kontseiluak Madrilen 1980ko maiatzaren 21ean sinatua,

Ikusirik toki elkargoen arteko mugaz gaindiko lankidetzari buruzko Espainiako Erresumaren eta Frantziako Errepublikaren arteko Ituna, 1995eko martxoaren 10ean sinatu baitzen Baionan,

Plan honen bidez, Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak konpromisoa berritzen dute, mugaz gaindiko lankidetzaren alde lan egiteko eta aipatutako sei ardatz estrategikoen gaineko proiektuak garatzeko:

–1. ardatza: Konektagarritasuna eta mugikortasuna.

Lan arloak:

  • Mugaz gaindiko bide berdeak garatzea. Kontua da pertsona guztiei egokitutako mugaz gaindiko ziklabilitatea bultzatzea. BICIMUGI (POCTEFA) proiektua garatzea, harekin lotutako aurreko bi proiektuen (Ederbidea eta AtlanticOnBike) kapitalizazio gisa. Motorrik gabeko bideetan barnako ibilbideetan turismoko produktuak sortzen laguntzea.
  • Mugaz gaindiko 12 ibilbide handi berriak balorizatzea, Frantziako GR-10 ibilbideen eta Nafarroako GR-11 eta GR-12 ibilbideen artean. Helburua da Pirinioen bi aldeetan hainbat egunetako zeharkaldien zirkuituak eskaintzea.
  • Donejakue Bidearen gaineko turismoko produktu aurreratuei laguntzea, mugaz gaindiko turismo-koordinazioa eta -informazioa hobetuz Baztango, Frantziako eta Aragoiko bideetan.
  • Neguko bidezaintza. Lankidetza horrek negu bakoitzean jarraitzen du eta 132 ED eta 137 NA errepideetan egiten dira jarduketak, elurteetan bideak bermatzeko. Garatutako ekintza nagusiak neguko bidezaintzaren jarraitutasunarekin eta optimizazioarekin lotuta daude.
  • Konektagarritasun digitala. Mugako lurraldean sareak hedatzeko eta inklusio digitalerako premiei, irtenbide teknikoei eta finantzaketari buruz egindako lan teknikoekin jarraitzea. Mugako lurraldeen behin-behineko estaldurarako irtenbideak bilatzea.

–2. ardatza: Arriskuen kudeaketa.

Lan arloak:

Mugaz gaindiko larrialdi-zerbitzuen antolaketa. Helburua da Pirinio Atlantikoetako eta Nafarroako larrialdi-zerbitzuek SAFER eta Alert proiektuekin garatutako mugaz gaindiko koordinazioarekin jarraitzea; Gipuzkoak eta Aragoik ere koordinazioan parte hartzen dute. Horretarako, aurreikusita dago sorospen-zentroak elkarrekin lotzea mugan zehar, tokiko lankidetzaren eta esku-hartzearen logikaren arabera. Horrela, taldeen arteko lankidetza eta baterako maniobrak sistematikoak izanen dira. Identifikatutako tokiko arriskuei buruzko baterako ekipoak eta ekipo komunak sortzeak baterako taldeak eta prestakuntza bermatuko ditu (2022). Halaber, funtsezkoa izanen da mugako lurraldeko irrati- eta komunikazio-estalduran lan egitea, mugako zerrendako eremu zuriak betetzeko eta larrialdiko erantzuna bermatzeko.

  • Done Jakue bidea egokitzea eta haren segurtasuna hobetzea. Donibane Garaziren eta Orreagaren arteko etapak hobekuntza batzuk izan ditu gure erakundeen mugaz gaindiko lana dela medio (bidea eta bide-seinaleak hobetzea, erromesentzako eta bidezaleentzako informazioa, Arnegitik igarotzen den “neguko” ibilbideranzko orientazioa...). Orain, aurreikusitako ekintzak egin behar dira honako arlo hauetan: koordinazioa (segurtasuna, telekomunikazioak, mendia eta mendi-ibiliak), erromesentzako informazioaren hobekuntza (estazio meteorologikoak, web-kamerak, etab.), IKTen erabilera (smartphone aplikazioak, GPSen erabilera) eta mugikorraren estaldura eremu horretan. Antzeko ekintzak aztertu behar dira Irati eremurako, Helpoints-ekin eta wifi sarbidearekin lotuta.

–3. ardatza: Ingurumena eta mendialdeen garapen jasangarria.

Lan arloak:

  • Gertuko proiektuak mugaz gaindiko eremuetan. Mendialdeko lurraldeen mugaz gaindiko dinamika sustatzea: Baretos-Erronkari, San Martingo Harria, Irati, Larrun. Lurralde horietako ekimenei jarraipena eman eta koordinatzea (PNR Pays Basque, Baretos-Erronkari, Irati...), ikuspegien koherentzia bermatzeko lurralde horietan eta mugaren bi aldeetan. Mendiari lotutako mugaz gaindiko proiektuak laguntzea eta garatzea. Larrun: eremua antolatzeko proiektu partekatu baterantz lan egitea.
  • Ingurumena. Mendiz eta ingurune naturalez osatutako 160 kilometroko muga izanik, lankidetza funtsezkoa da ingurumenaren arloan. Lankidetzak dauden ekimenei jarraipena eman eta horiek indartzen ahalko ditu (landare exotiko inbaditzaileen aurkako borroka, galzorian dauden espezieen babesa, bisoi europarra, etab.), edo aukera bat izanen da mugaren bi aldeetan partekatutako gaiei buruzko baterako ekintzak hasteko, hala nola paisaiaren behatokia, leheneratze eta birgaitze ekologikoak, edo biodibertsitatea babestea ibilbideen azpiegitura osoan.
  • Energia berriztagarriak. Nafarroak eta Pirinio Atlantikoak konpromiso handia dute energia berriztagarrien tokiko ekoizpenarekin. Departamenduaren estrategiaren ardatza da energia kontsumoa murriztea eta energia fotovoltaikoa eta energia hidroelektrikoa bultzatzea. Nafarroaren helburu nagusia da 2050eko energia-hornidura guztia, elektrizitatea eta beroa sortzeko eta industrian eta garraioan erabiltzeko, iturri berriztagarria izatea, eta Pirinio Atlantikoekin bat dator kontsumoa murrizteko beharrarekin.

Eremu horretako trukeek gure ahaleginak indartuko dituzte tokiko energia berdea garatzeko.

–4. ardatza: Gizarte- eta lurralde-berrikuntza.

Lan arloak:

  • Lurralde-berrikuntza. Lurralde-berrikuntzako politikak garatzea landaguneetan, despopulazioari aurre egiteko eta herri txikietan errotzea sustatzeko. Bi lurraldeetako ekimenak partekatzea, hala nola, Pirinio Atlantikoetan landaguneak biziberritzeko garatutako FENICS ekimena eta Nafarroako hainbat erakunde biltzen dituen “Despopulazioa” lantaldea.
  • Bertako produktuak eta nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatzea. Bi lurraldeetatik lankidetzan aritzea Manger Bio et Local bezalako ekimenak garatzeko, horren bidez mota horretako produktuak sartzen ari baitira eskola-jantokietan eta Departamenduaren eskumenekoak diren zaharren eta desgaituen egoitzetan.
  • Helmuga bakarra turismoaren, gastronomiaren eta elikaduraren arloetan. GATURI (POCTEFA) proiektua garatzeko lankidetzako lan ildoari jarraitzea. Turismo-produktu gastronomikoak eta enologikoak sustatzea eta garatzea.
  • Laneratzea eta ekonomia soziala. Honako eremu hauen gaineko trukeak: publikoei laguntzea; laneratzeko irtenbideak; proiektu berritzaileak eskaintzen dituzten ekonomia sozialeko ereduak, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen dutenak. Lankidetza oinarritzen ahal da laneratzearen arloko proiektu-metodologietan eta lurralde pilotuetan.

–5. ardatza: Herritarrak eta gizartea.

Lan arloak:

  • Kultura:
  • Helburua da kultur harreman iraunkorra ezartzea hainbat gaitan, hala nola landa eremuko kultur proiektuetan edo kulturaren mugaz gaindiko hedapen ekintzetan. Artxiboen arloan, hainbat ardatzen inguruan egindako lanekin jarraituko da, hala nola erakusketak (TranSports edo Acronavarre), jardunaldi profesionalak edo lurralde bakoitzeko online baliabideen balorizazioa.
  • Kirola:
  • Kirola eta osasuna. Jarraipen ekintzak garatzea haur obesitatearen prebentzioari buruzko ANETO proiektuaren gainean. Lankidetza sustatzea ariketa fisikoaren eta eritasun kronikoen tratamenduaren esparruan.
  • Kirol proiektuak bultzatzea. Teknikarien eta federazioen arteko trukeen eta jardunaldien ildoarekin jarraitzea. Lankidetza-hitzarmen baten bideragarritasuna aztertzea, truke horiek kirol-elkarte edo -erakundeetara ere zabaltzeko, eta ez soilik kirol lehiakorrera bideratuta, baita osasunarekin, jolasarekin, hirugarren adinarekin eta abarrekin lotutako kirolera ere.
  • Memoria historikoa. Memoria historikoaren arloko lankidetza-ildoak aztertzea, bereziki mugaz gaindiko harremanei lotutakoak: adibidez, erbestea.
  • Berdintasuna. Nafarroaren, Gipuzkoaren eta Pirinio Atlantikoen artean arlo horretan sortutako sarearen dinamikari eustea, eta lanbide-trukeen arloan lanean jarraitzea. Foroaren hurrengo gai interesgarri bat indarkeria matxistaren aurkako borrokarako hezkuntza tresnei buruzkoa izan daiteke, zeharkakotasuna ardatz hartuta eta genero berdintasunaren arloko hezkuntza jardunbide egokiak aurkeztuta.
  • Gazteak. Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako gazteen arteko trukeak sustatzea. Lankidetza ildo bat irekitzea bi erakundeetako gazteria zerbitzuen artean. Gaztediaren kontseiluen arteko lankidetza.
  • Eleaniztasuna eta euskara:
  • Eleaniztasuna sustatzea mugaz gaindiko harremanetan. Truke ekintzak Nafarroako Komunitatean frantsesa eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduan gaztelania sustatzeko.
  • Lankidetza eta koordinazio ekintzak bi lurraldeetan euskara sustatzeko. Europako Batzordearen Futurium foroan deskribatutako EBko mugaz gaindiko beste eskualde batzuetako esperientzien jarraipena egitea.

–6. ardatza: mugaz gaindiko trabak eta interes komuneko proiektuak atzematea.

Ardatz honen helburua da mugaz gaindiko lankidetzarako oztopoen zerrenda atzematea eta dokumentatzea, agintari eskudunekin elkarreraginean aritzeko, bai estatuetan, bai Europako Batzordean, mugako bizilagunen harremanak erraztuko dituzten irtenbideak bilatze aldera. Gai hauek Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoaren barruan parteka daitezke; mugaz haraindiko elkarte bat da hori, mugaren bi aldeetan erakunde publiko guztiak biltzen dituena.

Amaierako nota:

Lankidetza irekia egonen da alderdiek hitzarmenaren xede den jarduera abian jartzeko, sustatzeko eta garatzeko egokitzat jotzen duten beste edozein gai lantzeko ere, dagozkien eskumenen esparruan.

Eranskin honen ondoriozko ekintzen emaitzak urtero ebaluatuko ditu Esparru-Akordioan aurreikusitako zuzendaritza batzordeak.

II. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arteko Mugaz gaindiko Lankidetzarako Esparru-Akordioa 2020-2024 (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2101687