41. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Udalaren lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2020ko azaroaren 24an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren lokalen erabilera Fiteroko herritarren elkarteei lagatzeko arauak ematen dituen ordenantza.

Iragarkia 2020ko 288. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da ordenantza, eta argitaratu egin behar da:

ORDENANTZA

UDALAREN LOKALEN ERABILERA HERRITARREN ELKARTEEI LAGATZEA ARAUTZEN DUENA

Ordenantza honen bitartez arauak eta bideak ezarri nahi dira Fiteroko irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei toki bat emateko, beren jarduerak egin ditzaten. Gainera, leku horiek elkarteetako kideen bilguneak eta Fiteroko herritar guztien erreferentzia guneak izanen dira.

Udal titulartasuneko ondasunak dira eta herriko elkarte askok erabil ditzakete. Beraz, Udalari bakarrik dagokio lagapenen onuradunak nor izan daitezkeen erabakitzea, irizpide objektiboak erabiliz eta zenbaterainoko lekua dagoen kontuan hartuz.

Tutoretza ahalmena Fiteroko Udalari dagokionez, antolaketa neurri oinarrizkoak ezarri behar dira, une bakoitzean lokalak okupatzen dituzten entitateen autonomia mendratu gabe. Gisa horretara, Fiteroko Udalak eragotzi nahi du Udalaren tokiak erabiltzen dituzten herriko entitate eta taldeen arteko eztabaida edo gatazka eta, haien erabilera inola ere murriztu nahi izan gabe, arautu nahi du, herriko elkarte eta kultur ehunaren hobe beharrez.

Lagapen guztiak, Udalaren eta lagapen hartzaileen artean ardurak partekatzeko printzipioak zuzenduko ditu betiere.

I. TITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea udal lokalen erabilera lagatzeko hala eskatzen duten elkarteei.

Udala haien jabe bada edo haiek erabiltzeko eskubidea badu, horiek udal lokalak dira.

2. Erabileraren lagapenaren xedea da gizarte entitateei beren jarduerak egiteko eta beren xede estatutarioak erdiesteko tokia ematea, betiere egonkortasuna eta jarraitasuna helburu.

3. Ordenantza honetan jasotzen dira, orobat, unean uneko edo behin-behineko beharrei erantzuten dieten aldi baterako lagapenak. Dagokien udal baimenaren bidez arautuko dira halakoak.

2. artikulua. Lagako diren lokalak.

Fiteroko Udalak, hala erabakita, bere lokalak lagako dizkie eskaera egiten duten herriko elkarteei, ahal duen heinean.

3. artikulua. Ordenantza honi heltzen ahal dioten entitateak.

1. Legez eratutako elkarteek udal lokala eskatu ahal izanen dute beren xede sozialari lotutako jardueretarako; ezinbertzeko baldintza izanen da elkarte interesduna irabazteko asmorik gabea izatea eta izen emana egotea Fiteroko Elkarteen Udal Erregistroan.

2. Betiere, Udalak lagapenerako lehentasuna bermatuko die herritarrendako zerbitzuak eta laguntza ematea xede duten entitateei, eta erabileraren helburua honako hau dutenak:

–Hezkuntza zerbitzuak.

–Prebentzioa edo laguntza bideratzea honelako gizarte arazoen arloan:

  • Aukera berdintasuna.
  • Gizarte bazterketaren aurkako borroka.
  • Desgaitasunak.
  • Droga kontsumoa.
  • Immigrazioa.
  • Balioak eta ardurak garatzea haurren eta/edo gazteen artean.
  • Hirugarren adina.
  • Kulturako eta/edo aisia eta astialdiko proiektu, ikastaro, lantegi eta gainerako jarduerak, interes orokorrekoak.

3. Lagatzeko irizpideen artean, zertarakoa ez ezik, kontuan hartuko da lokala zenbat erabiliko den ere (egunero, astean behin, hamabostean behin...).

Erabiltzeko lehentasunak ordena honen araberakoak izanen dira:

1.–Udalaren jarduerak.

2.–Fiteroko Udalak sustatutako jarduerak.

3.–Kultura eta gizarte elkarteek antolatutako jarduerak.

4.–Herriko herritarren entitateak.

4. artikulua. Eskabideak.

Kultur eta gizarte entitateek idatziz eskatuko diote Kultur Zinegotzitzari lokal baten lagapena, Kultur Alorrak prestatuko duen ereduan. Hartan, bertzeak bertze, lokal horretan eginen diren jarduera eta zerbitzuen proiektua azalduko da, eta zein diren ordutegiak, parte-hartzaileak eta jarduerak.

II. TITULUA

Lokalak erabiltzeko arau orokorrak

5. artikulua. Erabilerak.

1. Tokiak ez dira inoiz erabilera esklusiborako lagako, eta entitate onuradunak bere eginkizun edo jardueretarako erabili ahal izanen ditu, estatutuetan ezarrita dituen helburuei jarraituz.

2. Lagapenean zehaztuko da lokala zertarako den (bilera, ikastaroa, etab.). Bertze edozertarako bada, Fiteroko Kultur Zinegotzitzak eman beharko du baimena.

6. artikulua. Mantentzea.

1. Elkarteek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko tokiak, erabilera orokorrekoak eta, orokorrean, higiezin osoa, baita altzariak ere. Elkartekide edo erabiltzaileek ekintzaz edo axolagabekeriaz eragiten dituzten kalteen erantzuleak elkarteak izanen dira, eta lehenbailehen konpondu beharko dituzte kalteak beren kontura, Udalari baimena eskatu eta gero.

2. Garbitasunaren eta ordenaren ardura izanen dute entitate, elkarte edo talde onuradunek. Egunero, lokala erabili ondotik, garbitu eginen da eta altzariak zein barneko elementuak ordenatuko dira. Horrela, bermatu beharko da lokala erabiltzeko baldintza hoberenetan egotea hurrengo jarduerarako, erabilera partekatua izanez gero.

3. Erabilera laga ondoan, Udalak elkarte bakoitzaren zuzendaritza batzordeari emanen dizkie lokalak ireki eta ixteko giltzak. Elkartearen zuzendaritza batzordeak izanen du giltza horiek behar bezala gorde eta erabiltzeko ardura. Lagapen epea bururatuta, Udalari itzuliko zaizkio bere esku dituen giltza guztiak.

7. artikulua. Ordutegiak.

1. Tokia zenbait elkarteren artean erabiltzeko lagatzen denean, lagatzeko erabakietan zehaztuko da zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen lokala elkarte, talde, entitate edo ikastaro bakoitzak. Ekipamenduak erabiltzeko egunak eta orduak banatu aitzin kontsulta eginen zaio Fiteroko Udaleko Kultur Zinegotzitzari.

8. artikulua. Onartzen ez diren jarduerak.

Lagatako lokalaren barnean, elkartearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da egin pertsonen arteko berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu orientazioa edo gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta bereizkeria egitea gizabanako edo taldeei.

Debeku da lagatzeko erabakien bidez jasotzen diren lokalak elkartearen estatutuetan ageri ez diren jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

Ezin izanen da pilatu ez paperik, ez kartoirik, ez eta instalazioen eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jar lezakeen material sukoirik ere.

9. artikulua. Erantzukizun zibila.

1. Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako espazioetan entitateko kideek nahiz erabiltzaileek egitez, omisioz, edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte-galerengatik. Halakoetan, Fiteroko Udala izanen da hirugarrena.

2. Elkarte edo taldeek lokaletan uzten dituzten materialak galdu, ebatsi edo hondatzen badira, Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen.

III. TITULUA

Udalaren lokalak erabiltzen dituzten elkarte, entitate eta taldeen betebeharrak. Betetzearen kontrola

10. artikulua. Betebeharrak.

Herritarren entitate eta elkarte guztiek ondotik ematen diren arau orokorrak bete beharko dituzte, eta zehazki:

a) Lagapen erabakian ezarritako ordutegiak edo Fiteroko Udalak baimentzen dizkienak errespetatu behar dituzte.

b) Lagatako tokia beren xedeetarako erabili behar dute eta, beraz, beren jarduera programa betetzeko, eta lagapen erabakian ezartzen edo Udalak baimentzen dituen helburuetarako.

c) Lokalean ez egitea hirugarrenen inolako publizitate komertzialik, Udalaren baimena izan ezean. Publizitatetzat joko da zerbitzu eta/edo ondasun higigarri nahiz higiezinen salerosketa edo kontratazioa zuzenean edo zeharka eragin edo sustatzea xede duen komunikazio mota oro.

d) Lokala erabiltzen duten bertze entitate edo elkarteei esleitutako tokiak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.

e) Erabilera erkideko espazioen xedea eta helburua errespetatzea.

f) Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarra duen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.

g) Erabiltzeko lagatako tokiak egoerarik hoberenetan atxiki beharko dituzte osasungarritasunaren eta garbitasunaren aldetik. Horretarako, entitate batek beren jardueretan erabiltzen dituen materialak handi-handiak edo hauskorrak baldin badira, tokia partekatu behar izanez gero, bertan biltegiratzen ahalko ditu material guztiak, modu ordenatuan, bere jardueretarako erabiltzeko maneran.

h) Lokaleko giltzak zainduko dituzte eta zentroa itxiko dute, erabiltzen azkenak badira, salbu eta lagapen erabakian bertzerik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

i) Ez lagatzea hirugarrenei esleituriko espazioaren erabilera, ez osorik ez zati batean, hirugarren horiek elkarteko kide izan zein ez.

j) Jendearendako zabalik dauden lokaletan, funtzionamendu orduetan, inori sartzea ez galaraztea bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu orientazioagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

k) Gertatzen diren goitibeheiti edo arazoen berri emanen diote Fiteroko Udalari, eta larrialdiak berehala jakinaraziko dizkiote.

l) Lagapena iraungi edo ezeztatu ondotik, Fiteroko Udalari itzultzea lagatako espazio eta ondasunen erabilera, lehengo egoera berean, erabileraren ondoriozko higadura salbu.

m) Udalari une oro uztea jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen, arauak betetzen diren begira dezan.

11. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Lokalak erabiltzen dituzten entitateen arau-haustetzat joko dira honako hauek:

a) Udal lokalak Udalaren baimenik gabe okupatzea.

b) Laga den lokal edo gela egunero garbi ez edukitzea ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Kalteak eragitea lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan.

d) Erabiltzen diren eraikin edo lokaletako giltzen kopiak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

e) Erabilitako lokaletako giltzak ez itzultzea jarduera edo lagapena bukatu eta berehala.

f) Lokalean sartzen uztea 16 urtetik beherako norbaiti eskola ordutegian.

g) Edari alkoholdunak, drogak edo gisakoak sartu eta kontsumitzea.

h) Eragozpenak jartzea lokalaren erabilera beste entitate, talde edo jarduera batekin partekatzeari, Udaleko Kultur Zinegotzitzak hala eskatzen duenean.

i) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen kontra.

IV. TITULUA

Udalaren ahalmenak

12. artikulua.

Lagatako lokalak noiznahi ikuskatzeko ahalmena izanen du Fiteroko Udalak. Ikuskapenaren ondorioz, entitate onuradunaren ez-betetze larri edo oso larriren bat agerian gelditzen bada, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo lokalak erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.

Fiteron, 2021eko otsailaren 1ean.–Alkatea, Miguel Aguirre Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L2101602