41. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

Etxarri Aranazko udalerrian ostalaritzarekin lotutako terrazak eta babes eta haizea kentzeko elementuak jartzea arautzen duen ordenantza behin betiko onartzea

Etxarri Aranazko Udalak, 2020ko urriaren 26an egindako osoko bilkuran, hasierako onarpena eman zion Etxarri Aranatzen terrazak eta ostalaritzarekin lotutako babes- eta haize-babeseko elementuak jartzeko arautzen duen Ordenantzari. Hasierako onarpenaren iragarkia 2020ko abenduaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 294. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen) eta jendaurrean egoteko aldian inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2021eko otsailaren 3an.–Alkatea, Silvia Marañon Chasco.

ETXARRI ARANAZKO UDALERRIAN OSTALARITZAREKIN LOTUTAKO TERRAZAK ETA BABES ETA HAIZEA KENTZEKO ELEMENTUAK JARTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Etxarri Aranazko udal mugapearen barrenean dauden jabari publikoko eta erabilera publikoko lurren aprobetxamendu bereziaren araubide juridikoa ezartzea, lur horiek aldi baterako okupatzen direnean dela terrazekin, dela mahaiekin, dela ostalaritzako establezimenduen jardueren osagarri diren bestelako elementuekin.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honetan adierazitakoaren ondorioetarako, jarraian zehazten diren kontzeptuak definitu behar dira:

Terraza: behar bezala baimenduta, jabari publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan kokatua den espazioari esaten zaio terraza, bertan dituztela, erabilera publikorako, mahai, aulki, eguzki-babes eta bestelakoak, ostalaritzako establezimendu bati erantsita.

Babes eta haizea kentzeko elementuak: Terrazak okupatutako eremua mugatzea eta perimetroan dauden mahaiak babestea eta estaltzea helburu duten elementuak, betiere horiek eramangarriak badira eta Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Altzariak: Mahaiak, aulkiak eta bankuak, upelak eta tabernako aulkiak: kontzeptu horretan sartzen dira establezimenduak, ostalaritzako jardueran diharduela, bezeroen esku uzten dituen elementu eramangarri guztiak, dela esertzeko dela kontsumizioak gainean jartzeko.

3. artikulua. Aplikazio-esparrua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie erabilera publikoko espazio publiko guztiei, kontuan hartu gabe titulartasun publikoa edo pribatua duten. Erabilera publikoa dutela erabakiko da bai izatezko egoerari begira bai indarreko planeamenduko determinazioen aplikazioari begira.

4. artikulua. Baimenak.

2. artikuluan zehaztutako instalazioak ezarri baino lehen udal baimena eskuratu beharko da ordenantza honetan eta sektoreko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz.

Alkatetzari dagokio ordenantza honetan araututako baimenak emateko eskumena, ezertan ukatu gabe indarreko araudiaren arabera hark egin dezakeen delegazioa.

II. TITULUA

Instalazioen baldintzak

I. KAPITULUA

Ohar orokorrak

5. artikulua. Ohar orokorrak.

Eremu publikoan terrazak eta babes eta haizea kentzeko elementuak paratzen direnean, ordenantza honetako baldintzak eta erabilerak errespetatu behar dira.

Erabilera publikoko lurzoruan aprobetxamendu pribatuko espazioa zehazteko, irizpide orokor gisa, mahai bat eta lau aulki paratuko dira terrazako 2x2 metroko (4 m²) modulu bakoitzeko.

Nolanahi ere, Udaleko zerbitzuek markatuko dute terrazaren edo hura osatzen duten elementuen muga.

6. artikulua. Muga orokorrak

Oro har, terrazek eta babes eta haizea kentzeko elementuek erabat libre utzi behar dituzte honako espazio hauek:

–Higiezin eta garajeetarako sarbideak.

–Larrialdietarako irteerak.

–Aparkaleku publikoak.

–Oinezkoentzat pasabideak.

–Hiri-ekipamenduak edo -altzariak erabiltzeko beharrezko espazioa (bankuak, iturriak, hondakinak biltzeko sistemak, besteak beste).

7. artikulua. Segurtasun-baldintzak.

Terraza edo honen babes eta haizea kentzeko elementuak osatzen duten elementuek ez dute arriskurik ekarriko, titularra arriskuak saihesteaz arduratuko baita.

Udalak araudi aplikagarria betetzen dela justifikatzen duen dokumentazio teknikoa aurkezteko eskatu ahal izango du.

8. artikulua. Ibilgailuen eta oinezkoen trafikoa.

Terrazek eta babes eta haizea kentzeko elementuek ez dute oztopatuko herriko bide- segurtasuna eta oinezkoen joan-etorri normala, ezta espazio publikoaren irisgarritasuna eta segurtasuna ere.

Halaber, 2. artikuluan zehaztutako instalazioen kokalekuak ez du inolaz ere trabatuko ondoan diren finketako atarietatik galtzadara ateratzea, ez eta ibilgailuen sar-atereak zaildu ere, legez baimenduak diren pasabideetan barna.

II. KAPITULUA

Terrazak

9. artikulua. Terrazen kokapena eta hartutako espazioa.

9.1. Orokorrean, establezimendu nagusia zer eraikinetan dagoen, harexen fatxada bezainbat izanen da okupazioaren luzera. Nolanahi ere, terrazak beste nonbait kokatzea baimen daiteke, txosten teknikoa egin ondoan, toki horren ezaugarriek horretarako bide ematen badute.

9.2. Terraza paratzeko lekurik egokiena zein den erabakitzea Udalari dagokio. Kokapen hori aldatu ahal izango du interesdunek proposatutako tokira, lehentasuna emanik interes orokorrari interes partikularraren gainetik. Horri lotuta, nahiz eta eremu batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, debekua jaso dezake edo eskatu baino tamaina tikiagokoa paratzeko baimena, lehentasuna emanik interes orokorrari interes partikularraren gainetik.

Bermatu beharko da beti Udalaren zerbitzu eta ekipamenduen sarrera eta zerbitzu konpainietakoa, eta hori egunean 24 orduz.

9.3. Lokalaren jabeak du ardura bezeroek terraza heda ez dezaten muga baimenduetatik at.

10. artikulua. Estetikako baldintzak.

10.1. Terrazan erabili beharreko elementuek bat egin beharko dute haren ingurunearekin.

10.2. Udalak instalazioa paratzeko eskabideari ezetza ematen ahal dio, ingurunearekin egokia ez delarik edo bat etortzen ez delarik, hori guztia hiriaren estetika begiratu beharrez.

10.3. Altzariak metalezkoak baldin badira, gomazko babesgarriak edo neoprenoak beharko dira paratu bai aulkietako hanketan baita mahaietakoetan ere.

III. KAPITULUA

Babes eta haizea kentzeko elementuak

11. artikulua. Okupatzeko moduak.

11.1. Lokal edo establezimendu bakoitzean babes eta haizea kentzeko elementu egonkor bakarra baimenduko da.

11.2. Egituraren kanpoko gehieneko garaiera 2,80 metro izanen da. Itxituraren barnean gutxieneko garaiera 2,5 metro izanen da.

11.3. Arau orokor gisa, establezimendu nagusia zer eraikinetan dagoen, haren fatxadaren luzera okupatuko da gehienez ere. Elementua zer eremu publikotan kokatzen den, horren baldintzetara egokituko da zabalera. Oinezkoentzako eremuetako itxiturak homogeneoak izanen dira, baldintza estetikoak egokiak izan daitezen.

12. artikulua. Kokatu nahi diren espazioaren baldintzak.

12.1. Babes eta haizea kentzeko elementuak plaza eta espazio libreetan ezartzeko baimena emango da, kasu bakoitzaren berezitasunaren arabera, eta betiere 50 m2-ko gehieneko azalerarekin.

12.2. Elementua paratzeko lekurik egokiena zein den erabakitzea Udalari dagokio. Kokapen hori aldatu ahal izanen du interesdunek proposatutako tokitik kanpo, lehentasuna emanik interes orokorrari interes partikularren gainetik. Horri lotuta, nahiz eta eremu batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, debekua jaso dezake edo eskatu baino tamaina txikiagokoa paratzeko baimena, lehentasuna emanik interes orokorrari interes partikularraren gainetik.

Lorategi moduko azaleretan ez da adierazitako elementuak paratzeko baimenik emanen.

Eremu batek babes eta haizea kentzeko elementu bat paratzeko baldintza guztiak beteta ere, neurriek Udalaren txosten teknikoari jarraitu beharko diote. Arrazoiak emanda murritz daitezke neurri horiek, oinezkoen joan-etorria edo hiri-irrisgarritasuna errazteko, edo interes publikoko beste edozein inguruabar gertatzen bada.

12.3. Estrukturaren diseinua bakarra izanen da ingurune berdinetarako (plazak, hiribideak, pasealekuak etab.) eta materialek ongi emanen dute inguruarekin. Ematen den lehenbizikoaren bidetik joanen dira gainerakoak.

12.4. Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen indarreko araudian ezarritakoa errespetatuko da.

13. artikulua. Babes eta haizea kentzeko elementuak instalatzeko baldintzak.

13.1. Adierazitako babes eta haizea kentzeko elementuek egitura autosostengatzaile eta desmuntagarria eduki beharko dute, beren ezaugarri eta neurriekin bat datorrena; ezin izanen da lurrean edo eraikinaren fatxadan lotu, ezta eremu publikoko beste ezein elementutan ere.

13.2. Orokorrean, elementuek ezin izango dute estrukturak okupatutako eremutik irten, ezta arrisku egoerarik sortu oinezkoei (hala nola, behaztopatzea edo erortzea).

13.3. Egituraren egonkortasuna ziurtatzeko, zilegi izanen da beheko aldean kontrapisuak jartzea, landare ontziz edo antzekoz osatuta, elementuaren egonkortasuna ziurtatzeko adinako pisuz.

Itxituren alboko aldeak lurraren gaineko elementuek osatuko dituzte (lore askak edo antzeko zerbaitek). Kasu honetan, elementu mugatzaile hauek 1,60 metroko gehieneko altuera izanen dute eta gardenak izanen dira 90 cm-ko garaieratik gora.

13.4. Alboetako babesak mugigarriak izan beharko dira, baina betiere inguruneari egokituak. Ez dira instalaziorako baimendu baino zabalagoak izanen.

13.5. Salbuespen gisa, Administrazioak baimendu ahal izango du elementu horiek terrazaren espaziotik kanpo instalatzea, baldin eta barne-instalazioa desegokia bada edo hiri-estetika egokiaren ikuspegitik ingurunearekin bat ez badator.

13.6. Oro har, babes elementuen ezaugarriek eta neurriek aukera emanen dute berehala kentzeko, ohiz kanpoko baliabiderik erabili gabe.

II. TITULUA

Udal lizentziaren araubide juridikoa

14. artikulua. Udal lizentzia.

Ordenantzaren 2. artikuluan definitzen diren terrazak eta babes eta haizea kentzeko elementuak paratu baino lehen udal baimena beharko da. Udalaren organo eskudunak emanen du baimen hori, ordenantza honetan araututako baldintzei jarraikiz.

15. artikulua. Terrazaren eskaera egiteko aurkeztu beharreko agiriak.

Interesdunak eskabide bat bete beharko du Udaleko Erregistro Orokorrean, eta bertan honako datu hauek jasoko ditu:

–Eskatzailearen izen-abizenak eta NAN zenbakia.

–Jakinerazpenetarako datuak (helbidea, telefonoa, posta elektronikoa).

–Jardueraren izena, Identifikazio Fiskaleko Kodea eta kokapena.

Etxarri Aranatzeko Udalak ofizioz egiaztatuko du interesduna titularra den jarduera EJZn alta emanda dagoela, irekitzeko lizentzia duela eta administrazio horrekin zerga-zorrik ez duela.

16. artikulua. Babes eta haizea kentzeko elementu baten eskaera egiteko aurkeztu beharreko agiriak.

Interesdunak dagokion eskaera bete beharko du Erregistro Orokorrean, aurreko atalean adierazitako datuak jasoko dituena eta dokumentazio hau erantsita:

–Teknikari eskudun batek sinatutako memoria baloratua, instalazioaren eta kokapenaren planoak dituena. Era berean, lortu nahi den instalazioaren argazki- muntaia deskribatzailea, eraikuntza-xehetasunak (bereziki, zoladuraren gaineko euskarriei dagokienez) eta egonkortasunaren inguruko datuak aurkeztu beharko dira.

Aurreko kasuan bezala, Etxarri Aranazko Udalak ofizioz egiaztatuko du jarduera, interesduna titularra dena, jarduera ekonomikoen zergan (EJZ) alta emanda dagoela, irekitzeko lizentzia duela eta ez duela administrazio horrekin zerga-zorrik.

17. artikulua. Baimenaren ebazpena.

17.1. Behin eskaera eginda, eta dokumentazio osoa ordenantza honetan eskatzen den moduan aurkeztuta, udal-zerbitzu teknikoek instalazioaren kokapen zehatza aztertuko dute.

17.2. Behin kokapena zehaztuta, organo eskudunak baimen-eskaera ebatziko du.

17.3. Lizentziaren agirian instalazioaren baldintzak, okupatu beharreko azalera, mahai eta aulki kopurua eta emakidaren indarraldia zehaztuko dira.

18. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

18.1. Lizentzia behin-behinekoa izanen da beti eta organo eskudunak baimendutako instalazioak eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko bertze edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Gastuak titularraren kontura izanen dira, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

18.2. Lizentziaren titularrak konpondu beharko ditu okupatutako eremuan instalazioaren ondorioz gertatzen diren kalte guztiak, eta ukitutako zoladura lehengoratu beharko du. Bestela, betebehar hori eskatzen ahalko da nahitaezko betearazpeneko prozeduraren bidez, jarritako fidantzaren kargu.

18.3. Lizentzia eskuratuta eta tasa ordainduta, lizentzian zehazturiko espazio publikoko puska erabiltzeko ahalmena izanen du titularrak.

18.4. Baimenek ostalaritzako establezimenduetako titularrei terrazak edo abes eta haizea kentzeko elementuak paratu eta zuzenean ustiatzeko ahalmena ematen diete; ezin dira, hortaz, ez errentan eman ezta hirugarrenei inola ere laga ere.

19. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

19.1. Oro har, baimenak urtekoak izango dira, eta urte naturalarekin bat etorriko dira.

Nolanahi ere, udal-organo eskudunak urte natural baino gutxiagoko aldietarako baimenak eman ahal izango ditu, interes orokorrak hala justifikatzen duenean.

19.2. Babes eta haizea kentzeko elementuak jartzeko baimenak urte-sasoikoak izango dira, eta irailaren 15etik uztailaren 1era bitarteko aldirako emango dira.

19.3. Oro har, baimena automatikoki berrituko da urtero, baldintza berberetan ez badago aldaketarik egiten terrazan edo ordenantzaren 2. artikuluan definitutako gainerako elementuetan, eta baimenerako eskubidea izateko ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen jarraitzen badira.

Hori oinarri hartuta, establezimendu interesdunak terraza edota babes eta haizea kentzeko elementuak berriz instalatu edota baimenen-ebazpenean adierazitako baldintza berdinetan mantendu, berriro baimena eskatu behar izan gabe.

Erakunde eskudunak igorriko du dagokion ordenantza fiskalean urtero zehazten den bide publikoa okupatzeagatiko tasa.

Terrazan edo babes eta haizea kentzeko elementuetan aldaketarik badago, establezimendu interesdunak beste baimen-eskaera bat aurkeztu beharko du.

19.4. Indarraldia bukatutakoan, berritze automatikoaren kasuetan izan ezik, titularrak okupaturiko eremua lehengoratu beharko du, instalazio guztia kenduz.

19.5. Terrazak okupatzen duen eremua zer ostatu jarduerari dagoen loturik, horren negozioaren titulartasuna aldatuz gero baimenaren indarraldiak irauten duen bitartean, kasuan kasuko urtea bukatu arte jarraituko du indarrean baimenak, non ez duen titular berriak bestelakorik adierazten, ezertan ukatu gabe titular berriak lizentzia eskatu behar duela hurrengo urtean terraza paratzeko.

20. artikulua. Baimenak iraungitzea.

20.1. Jabari publikoko eta/edo erabilera publikoko lurrak mahai, aulki, beladore edo ordenantza honetan arautzen diren antzeko instalazioekin okupatzeko baimenak ondoko arrazoiengatik iraungitzen ahal dira:

–Ez berritzea.

–Behin-behineko etenaldia.

–Errebokazioa.

20.2. Udalak kasu hauetan hasiko du baimena errebokatzeko espedientea:

–Atzeman badu baimenaren baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako betebeharrak konplitu ez direla.

–Baimenaren eskubideari eusteko ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez badira.

–Baimena zer baldintzetan eman zen, horiek aldatu badira.

20.3. Udalak kasu hauetan hasiko du baimena behin-behineko eteteko espedientea:

–Ebazpen arrazoitua emanez Udalak atzematen duenean interes orokorra dela bide ezin dela lurzorua baimendutako okupaziorako erabili, hala nola obrengatik, ekitaldi publikoengatik, larrialdi egoerengatik edo behar bezala arrazoituta dagoen interes publikoko beste edozein arrazoirengatik.

–Kasuan kasuko tasa ordaintzen ez den kasuetan.

Halakoetan, baimena etenen da harik eta lurzorua terraza bidez okupatzeko erabilera galarazten duena desagertu arte edo kasuan kasuko tasa ordaindu arte.

20.4. Udalak kasu hauetan hasiko du baimena errebokatzeko espedientea:

–Baimena ematea ekarri duten inguruabarrak desagertzen direnean, edo beste batzuk sortzen direnean, bere garaian lizentzia ukatzea ekarriko zutenak.

–Zer lokalek egiten duen okupazioa terraza bidez, horrexen jardueraren lizentzia iraungitzen denean, edo ondoriorik gabe gelditzen denean, arrazoia edozein dela ere.

20.5. Aurreko hiru arrazoietako edozeinengatik baimena iraungitzeak ez du inolako kalte- ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

IV. TITULUA

Erabilerari buruzko baldintzak

21. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

21.1. Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu.

21.2. Baimenen edo kontzesioen titularrak izanen dira terrazen edo babes eta haizea kentzeko elementuen erabileraren arduradunak, eta eskura dituzten baliabideak erabiliko dituzte establezimenduaren erabiltzaileek bizilagunei eragozpenik ez sortzeko.

21.3. Oro har, debekatuta dago honako elementu hauek instalatzea:

–Ur hornidurak eta saneamenduko harguneak.

–Soinu erreproduzigailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailuak, telebistak eta abar.

–Salmenta makinak eta jolaserakoak.

–Edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak, edo gisako beste edozein.

21.4. Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik gorde edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bestelakoetan.

21.5. Terraza zabalik ez dagoenean, hots, baimendutako ordutegitik kanpo edo edozein arrazoi dela-eta establezimendua itxita dagoenean, titularrak terraza osatzen duten elementu guztiak kendu beharko ditu eremu publikotik, salbu eta beren ezaugarriak direla-eta desmuntatze zaila dutenak edo baliabide arrunten bidez lekualdatzen ahal ez direnak.

22. artikulua. Instalazioak eragindako kalteak.

Oro har, lizentziaren titularrak 3. artikuluan definitutako edozein elementu jartzearen ondorioz bide publikoan sortzen diren kalte eta galera guztiak konpondu beharko ditu.

Era berean, titularrak konpondu beharko ditu Instalazioak eta/edo jarduerak hirugarrenei eragiten dizkien kalte eta galera guztiak.

V. TITULUA

Zehapen-araubidea

23. artikulua. Arau-hausteak.

23.1. Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatuaren aurka doazen eginak eta ez eginak, eta arintzat, larritzat eta oso larritzat hartuko dira.

23.2. Aplikatzen ahal den araudi sektorialaren arabera zehatuko dira ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko legerian nahiz adin txikikoen babesari eta kontsumitzailearen babesari buruzkoan tipifikaturiko arau-hausteak.

24. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

Kasuan kasuko baimenen eta jardueren titular diren pertsona fisiko edo juridikoak dira arau- hausteen erantzuleak.

25. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

25.1. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Terraza edo horren ingurunea garbi edo apaindurik ez edukitzea.

b) Baimenaren xedeko jardueraren ondorioz, establezimenduaren ondoko hiri altzari eta apaingarrietan kalte arina egitea.

c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %25etik behera.

d) Nahitaezko udal-lizentziarik ez duen terraza bat jartzea, legeztatzeko modukoa izanik.

e) Bizilagunei enbarazu egitea.

f) Baimendutakoa ez den beste leku bat okupatzea.

g) Ordenantza honetan zehazten den beste edozein betebehar ez betetzea, arau-hauste larria edo oso larria ez delarik.

25.2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Bi urteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %25 edo gehiago.

c) Nahitaezko udal-lizentziarik ez duen terraza bat jartzea, legeztatzeko modukoa izan gabe.

d) Soinu-erreproduzigailuen tresnak edo ekipoak paratzea, edo bizilagunei eragozpenak sortzen dizkieten bestelako instalazioak.

e) Baimenaren xedeko jardueraren ondorioz, establezimenduaren ondoko hiri altzari eta apaingarriak larriki hondatzea, ez badira arau-hauste arin.

25.3. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Bi urteko epean, hiru arau-hauste larri egitea.

26. artikulua. Zehapenak.

26.1. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ezartzea ekarriko du berarekin:

a) Arau-hauste arinek ohartarazpena edo 150 euroko isuna izanen dute zehapen.

b) Arau-hauste oso larriek 151 eta 300 euro arteko isuna izanen dute zehapen.

c) Arau-hauste oso larriek 301 eta 600 euro arteko isuna izanen dute zehapen.

26.2. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

Deskontuarekin ordainduz gero, prozedura bukatutzat joko da, ebazpen espresik eman beharrik gabe.

27. artikulua. Prozedura zehatzailea.

27.1. Zehapen-prozedura administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian ezarritako izapideei jarraituz garatuko da.

27.2. Alkatetza izanen da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna.

28. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

28.1. Arau-hauste arinak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, larriak bi urteren buruan eta oso larriak hiru urteren buruan.

28.2. Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste larriengatik ezartzen direnak bi urteren buruan eta arau-hauste oso larriengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan.

28.3. Preskripzio epearen kontaketa eta haren etena administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezartzen denari jarraikiz eginen dira.

29. artikulua. Baimenen errebokatzea eta baimen berriak eskuratzeko ezintasuna.

29.1. Organo eskudunak espazio publikoa erabiltzeko baimena baliogabetu ahal izango du, baimenaren titularra arau-hauste larri edo oso larri bat egiteagatik zehatu denean, eta urtebeteko epean, hura irmo egiten denetik, arau-hauste larri edo oso larri bat egiteagatik berriro zehatu denean.

29.2. Komenigarri ikusten bada, errebokatzearen ebazpenak zehaztuko du pertsona berari zenbat denboraz ez zaion emanen espazio publikoa erabiltzeko baimen gehiago.

29.3. Orobat, baimenik ez dutenek arau-hauste oso larriak egiten dituztenerako, zehapenaren ebazpenak zehaztuko du zenbat denboraz ez zaion emanen espazio publikoa erabiltzeko baimenik; epe hori ez da inoiz izanen urtebete baino gutxiago ezta lau urte baino gehiago ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Ordenantza honen garapenean agertu direnez gero indarra duen araudian berariaz tasa gisa aurreikusten ez diren egitatezko kasuak, ordenantza fiskala aldatzea onetsi da (“Herriko jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinaren erabilera pribatiboa eta aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala”), kasu berri horiek zergapeko egintzaren definizioan jarriz eta ondoren zehazten den Tarifen eranskina sartuz:

Tarifen Eranskineko I. epigrafean beste atal bat sartuko da, eta haren tasak gaur egun I. epigrafean jasotakoen osagarri izango da:

“Babes edo haizea kentzeko elementuak: kasu horietan, %50eko igoera aplikatuko zaio mahai batek eta lau aulkik osatutako modulu bakoitza instalatzeko aplikatu beharko litzatekeen tarifari”.

AZKEN XEDAPENAK

Lehen azken xedapena.–Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta bere testu osoa Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratu eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei beren egintza nahiz erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko epea iragaten den arte.

Iragarkiaren kodea: L2101986