40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren testu bateginean. Behin betiko onespena

Jurramendiko Mankomunitateak, 2020ko azaroaren 25eko batzar orokor arruntean, besteak beste, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren testu bateginean.

Erabaki hori 2020ko 288. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 15ean. Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean entitatearen Idazkaritzan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aldaketa hori behin betiko onetsirik gelditu da eta bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lizarran, 2021eko otsailaren 2an.–Mankomunitateko burua, Emilio Cigudosa García.

Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzaren testu bategina:

HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN TESTU BATEGINA

I. TITULUA

Baldintza orokorrak

1. artikulua. Mankomunitatea.

Jurramendiko Mankomunitatea elkarte gisako toki-erakundea da, eta bere helburuen artean dago hiri-hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak egitea, une bakoitzean zerbitzu horietan sartzen diren toki-erakundeen mugarteetan, behar den garbitasun eta txukuntasun publikoa lortzeko, eta ingurumena babestu eta hondakinak egoki berreskuratzeko.

2. artikulua. Kudeaketa.

Jurramendiko Mankomunitateak berak eratutako merkataritzako sozietate baten bitartez kudeatzen ditu aitzineko artikuluak aipatzen dituen zerbitzuak, toki erakundeen zerbitzuak emateari buruz indarra duen araudiari jarraikiz.

3. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da aipatu lurralde-eremuan etxeko eta merkataritzako hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak kudeatzen dituen entitatearen eta erabiltzaileen arteko harremanak arautzea, eta bi alderdietako bakoitzak dituen eskubide, betebehar eta egitekoak zehaztea.

2. Zerbitzu horien tributu eta diru-bilketa kontuak arautuko ditu toki ogasunei buruz Nafarroan indarra duen araudi berariazkoak eta, batez ere, une bakoitzean indarra duen eta Mankomunitateak onesten duen ordenantza fiskalak.

4. artikulua. Aplikazioa.

1. Ordenantza hau, bere eskumeneko eremuan, etxeko eta merkataritzako hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuetan aplikatuko da oro har, bai eta delako eremutik at ematen direnetan ere, osoki edo partez.

2. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko zaizkie espresuki arautu gabeko kasuei, izatez haren aplikazio esparruan sartzen badira.

3. Jurramendiko Mankomunitateak ordenantza hau aplikatzean sor litezkeen zalantzak argitzeko ahalmena du.

5. artikulua. Salbuespenak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 2. artikuluak kanpo utzitakoez gain, ordenantza hau ez zaie aplikatuko merkataritzako hondakin arriskutsuei eta industria hondakinei, alegia, lege horren 3 d) artikuluan hala definitzen direnei.

6. artikulua. Printzipioak.

Ordenantza honen arauketa egin da bat etorriz Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen printzipioekin eta aplika daitezkeen gainerako xedapenekin.

7. artikulua. Definizioak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearekin bat, definizio hauek ematen dira:

a) “Hondakina”: edukitzaileak bota duen gai edo gauza oro, edo botatzeko asmoa duena edo botatzeko obligazioa duena.

b) “Etxeko hondakinak”: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak. Zerbitzuek eta industriek sortzen dituzten gisakoak ere hartuko dira etxeko hondakintzat.

Kategoria honetan sartzen dira, orobat, aparatu elektriko eta elektronikoetatik nahiz arropa, pila, metagailu, altzari eta etxeko gauzetatik etxeetan sortzen diren hondakinak, bai eta etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak ere.

Honako hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: bide publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.

c) “Merkataritzako hondakinak”: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, bai eta jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.

d) “Industria hondakinak”: industria jarduerak sortzen dituen hondakinak, fabrikazio, eraldaketa, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondorioz, kanpo utzirik atmosferarako isuriak, azaroaren 15eko 34/2007 Legeak arautzen baititu horiek.

e) “Hondakin arriskutsuak”: III. eranskineko zerrendan agertzen diren ezaugarri arriskutsuetarik bat edo gehiago dituzten hondakinak, baita Gobernuak onesten dituenak ere Europako araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz, eta orobat hondakin horien eduki dituzten ontziak.

f) “Olio erabiliak”: olio guztiak, hala mineralak nola sintetikoak, industrialak edo labaingarriak, jatorrian aurreikusitako erabilerarako jadanik balio ez dutenak, hala nola errekuntzako motorretako olio erabiliak eta abiadura-kaxetako olioak, olio lubrifikatzaileak, turbinetarako olioak eta olio hidraulikoak.

g) “Biohondakinak”: lorategi eta parkeetako hondakin biodegradagarriak, eta elikadurako eta sukaldeko hondakinak, heldu direnak etxe, jatetxe, taldeendako jatetxe zerbitzu eta txikizkako salmentan aritzen diren establezimenduetatik, bai eta elikagaiak prozesatzeko plantetatik heldu diren eta horiekin pareka daitezkeen hondakinak ere.

h) “Prebentzioa”: gai, material edo produktu bat asmatu eta diseinatzeko, ekoizteko, banatzeko nahiz kontsumitzeko faseetan honako hauek murrizteko hartzen diren neurriak:

1. Hondakin kantitatea, barne direla produktuak berriz erabiltzeko edo produktuen balio-bizitza luzatzeko neurriak.

2. Sortutako hondakinek ingurumenaren eta giza osasunaren gainean dituzten inpaktu kaltegarriak, barne direla materialak edo energia erabiltzean aurrezteko neurriak.

3. Gai kaltegarrien edukia, material eta produktuetan.

i) “Hondakin-sortzailea”: pertsona fisiko edo juridiko oro, hondakinak sortzen dituzten jarduerak egiten dituena (hasierako hondakin-sortzailea) edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten dituena, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bestelakoak. Mugetako instalazioetan kontrol eta ikuskaritza zerbitzuek kentzen dituzten salgaien kasuan, salgaiaren ordezkaria hartuko da hondakin-sortzailetzat, edo bestela haren inportatzaile edo esportatzailea.

j) “Hondakinen edukitzailea”: hondakinak dauzkana, hori izanik hondakin-sortzailea edo beste pertsona fisiko edo juridiko bat.

k) “Negoziatzailea”: hondakinak erosten eta ondoren saltzen bere kontura aritzen den pertsona fisiko edo juridiko oro, baita hondakinak fisikoki hartzen ez dituzten negoziatzaileak ere.

l) “Agentea”: hondakinen balorizazioa edo ezabaketa hirugarrenen eskariz antolatzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro, baita hondakinak fisikoki hartzen ez dituzten agenteak ere.

m) “Hondakinen kudeaketa”: hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua, lan horien zaintzarekin batera, eta zabortegiak itxi eta geroko mantentze-lana egitea, negoziatzaile edo agente gisa egiten diren jarduketak barne.

n) “Hondakinen kudeatzailea”: pertsona edo entitate bat, publikoa edo pribatua, baimen edo komunikazio bidez erregistratua, egiten duena hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein, haien sortzailea izan zein ez.

ñ) “Bilketa”: hondakinak biltzeko jarduketa, barne direla hasierako sailkapena eta biltegiratzea, horiek tratamendu instalazio batera garraiatzeko.

o) “Gaikako bilketa”: hondakin-korronte baten bilketa bereiz egitea, mota edo izaeraren arabera, berariazko tratamendua errazteko.

p) “Berrerabilera”: hondakin ez diren produktuak edo produktu-osagaiak berriz erabiltzeko jarduketa oro, zertarako sortu ziren eta horrexetarako.

q) “Tratamendua”: balorizazio edo ezabaketa jarduketak, barne dela balorizazioaren edo ezabaketaren aurreko prestaketa.

r) “Balorizazioa”: nagusiki hondakinek xede baliagarria izatea dakarren jarduketa oro, ordezkatzen dituelako eginkizun jakin bat betetzeko bestela erabiliko liratekeen materialak, edo hondakinak prestatzeko jarduketak, eginkizun hori bete dezaten instalazioan bertan edo ekonomian oro har. Eranskinean, jasotzen da balorizazio lanen zerrenda osatu gabea.

s) “Berrerabilerarako prestaketa”: egiaztapena, garbiketa edo konponketa egiteko balorizazio jarduketa, hondakin bilakatu diren produktuak edo produktu-osagaiak prestatzen dituena berriz erabili ahal izateko, aldez aurreko beste inolako eraldaketarik gabe.

t) “Birziklatzea”: hondakinen materialak berriz produktu, material edo gai bilakatzeko balorizazio jarduketa, jatorrizko xederako dela nahiz beste edozein xedetarako dela. Haren barnean sartzen da material organikoaren eraldaketa, baina ez balorizazio energetikoa, ez eta erregaitzat edo betelanetarako erabiliko den material bilakatzea ere.

u) “Olio erabiliak birziklatzea”: erabilitako olioa finduz oinarrizko olioa lortzen duen edozein birziklatze-eragiketa, batez ere olioaren kutsatzaileak, oxidazioaren produktuak eta gehigarriak bereizten dituztenak.

v) “Ezabaketa”: balorizazioa ez den jarduketa oro, nahiz eta jarduketa horren bigarren mailako ondorioa izan gaien edo energiaren aprobetxamendua. I. eranskinean jasotzen da ezabaketa jarduketen zerrenda bat, guztiz osatua ez dena.

w) “Teknika erabilgarri onenak”: teknika erabilgarri onenak, honako honetan jasotako definizioaren arabera: Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2020 Legearen 3. artikuluko ñ) apartatua.

x) “Lurzoru kutsatua”: lurzoru horren ezaugarriak eraldatu dira modu negatiboan osagai kimiko arriskutsuak daudelako, giza jardueratik eratorritakoak. Osagai horien kontzentrazioak arrisku nabaria sortzen du gizakien osasunerako eta/edo ingurumenerako, Gobernuak zehazten dituen irizpide eta estandarrei jarraikiz, eta horrela deklaratua baldin bada ebazpen espresaren bidez.

y) “Konposta”: medeagarri organikoa, lortzen dena bereizita biltzen diren hondakin biodegradagarrien tratamendu biologiko aerobioaren eta termofiloaren bidez. Ez da konpost gisa hartuko hondakin nahasien tratamendu mekaniko biologikoko instalazioetan lortzen den material organikoa, horri material bioegonkortua iritziko baitzaio.

8. artikulua. Hondakinen jabetza.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearekin bat, etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakin arrisku gabeak ordenantza honetan finkatzen diren baldintzetan utzi behar edo ahal dira Jurramendiko Mankomunitatearen eskutan; eskuratzen dituenetik aitzina, horien jabe bilakatuko da.

Hiri hondakinen edukitzaileek erantzunbeharrik ez dute izanen hondakin horiek egin ditzaketen kalteengatik, betiere begiratu badira haiek ematean aipatu ordenantza nahiz aplikatzeko diren gainerako arauak.

II. TITULUA

Etxeko eta merkataritzako hondakinen bilketa

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta hondakin kategoriak

9. artikulua. Baldintza orokorrak.

Titulu honek arautuko du Jurramendiko Mankomunitateak zer baldintzatan emanen dituen eta erabiltzaileak zer baldintzatan jasoko dituen hiri hondakinak biltzeko zerbitzuak.

10. artikulua. Erabiltzaileak.

Zerbitzu hauek emateaz den bezainbatean, erabiltzaileak dira zerbitzu horien eragina edo onura jasotzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, baldin eta bizilekua badute hiri hondakinak biltzeko Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuan une bakoitzean sarturik dauden udalerri eta kontzejuetan.

Araudiarekin bat, zerbitzu hau nahitaez eman eta, hala behar badu, hartu beharrekoa da.

11. artikulua. Hondakinen kategoriak.

Ordenantza honi dagokionez eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legearekin bat, hondakin kategoria desberdinak ezarri dira, aldi berean zerbitzuak egiteko baldintzak definitzen dituztenak:

a) Etxeko hondakinak, etxeetan, saltokietan eta zerbitzuetan sortuak.

b) Merkataritzako hondakin arrisku gabeak.

c) Etxeko hondakinak, industrietan sortuak.

d) Merkataritzako hondakin arriskutsuak.

e) Industria hondakinak.

12. artikulua. Nahitaezko bilketa.

1. Nahitaez bildu behar dira etxeko hondakinak, etxeetan, saltokietan eta zerbitzuetan sortuak:

–Etxebizitzetan, herritarrek elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz sortzen dituzten hondarrak.

–Etxeko banakako berokuntzaren errautsak eta eraikinetako berokuntza zentralaren instalazioan sortu direnak.

–Bide publikoak, berdeguneak eta aisialdiko eremuak garbitzetik heldu diren hondakinak.

–Zuhaitzak kimatzean eta landarezaintzako lanetan sortutako saskara, xehakatua utziz gero.

–Zerbitzu, merkataritza edo industria jardueretatik heldu diren hondakinak, etxeetako hondakinen gisako ezaugarriak dituztenak.

–Etxeko obra txikien ondorioz sortutako hondakinak (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari buruzko Nafarroako araudiarekin bat).

–Etxeko animalia hilak.

–Altzariak, etxeko lanabesak, traste zaharrak eta ehunak.

–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak (AEEH).

–Eta, orokorrean, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legeak kategoria honetan sartzen dituen guztiak.

2. Merkataritzako hondakin arrisku gabeak izan daitezke zabor bilketa zerbitzuaren xede:

–Saltokietako salgaien azalak, ontziak, bildukiak eta gainerako hondakin solidoak.

–Jaki prestatuak edo edozein motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe edo gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.

–Egoitza, hotel, ikastetxe eta beste establezimendu publikoek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.

–Udal azoken jardueretatik heldu direnak.

–Hondakin kliniko kutsatu gabeak.

–Eta, orokorrean, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legeak kategoria honetan sartzen dituen guztiak, “arriskutsuen” sailean sartuta ez badaude.

Ondoko artikuluan esaten denagatik ere, hondakin mota honen ekoizle edo edukitzaileak, Jurramendiko Mankomunitatearen esku uzten ez baditu, agiri bidez frogatu beharko du horiek zuzen kudeatzen dituela.

13. artikulua. Bilketa bereziak.

1. Aitzineko artikuluan esanagatik ere, “arriskutsuen” sailean sartuta dauden etxeko hondakinen edukitzaileek Jurramendiko Mankomunitateak berariaz esaten dituen moduan eta tokian utzi beharko dituzte.

2. Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuen iritziz nahitaezko bilketaren bidez ezin bil daitezkeen etxeko edo merkataritzako hondakinak, haien aurkezpena, bolumena, pisua, egunero ateratzen den kantitatea, hezetasun edukia eta bestelakoak direla-eta. Orokorrean, sail honen barnean daude egunean 50 litrotik gorako bolumena gainditzen duten hondakinak, ezertan ukatu gabe 35. artikuluan ezartzen dena etxean egiten diren eraikuntza edo konponketako obra txikien hondakinetarako. Halakoak bilketa berezien xede izanen dira, ordenantza honen IV. kapituluan arautzen denaren arabera.

3. Orobat, bilketa bereziaren xede izanen dira industriako hondakinak, etxekoekin parekatzen ahal direnean.

14. artikulua. Hartuko ez diren hondakinak.

Ordenantza honen 5. artikuluan aurreikusten diren salbuespenez gain, ez dira inola ere hartuko:

–Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietatik heldu direnak.

–Hondakin arriskutsuak, etxeko jardueratik eratorritakoak izan ezik.

–Industriako edo merkataritzako hondakinak, haien izaera, osaera edo itxura dela-eta ez badira hiri hondakinekin parekatzen ahal.

–Pneumatikoak:

–Hondakin klinikoak, ez badira hiri hondakinekin parekatzen ahal.

–M.A.R. (Arrisku Handiko Materialak) eta M.E.R. (Arriskuko Material Espezifikoak) gisa sailkatutako hondakinak, haragi ustiategi eta harategietatik heldu direnak.

–Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

–Hondakin erradioaktiboak.

–Beren izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta etxeko hondakinekin parekatzen ahal ez direnak.

II. KAPITULUA

Nahitaezko bilketa

1. ATALA

Ematen diren zerbitzuak

15. artikulua. Egiten diren zerbitzuak.

Bilketa honen xede izaten ahalko dira 12. artikuluan definituriko hondakinak; jarduketa hauek sartzen dira haren barnean:

a) Edukiontziak uzteko tokietatik bilketa ibilgailuetara eramatea.

b) Edukiontziak ibilgailu horietako zama-tokietara hustea.

c) Hustu eta gero edukiontziak beren lehen lekuetara itzultzea.

d) Lan horien ondorioz bide publikoan botatako hondakinak garbitzea.

e) Hondakien garraioa eta hustuketa Jurramendiko Mankomunitateak horretarako prestaturiko tratamendu zentroetan.

f) Edukiontzietako garbiketa eta mantentze-lanak.

16. artikulua. Tasak.

Jurramendiko Mankomunitateak urtero ezarriko du behar den tasa nahitaezko zabor bilketaren zerbitzuagatik eta, bidezko denetan, ondoko tratamenduagatik, horri dagokion ordenantza fiskalak zehazten duenaren arabera.

17. artikulua. Programazioa.

1. Jurramendiko Mankomunitateak nahitaezko zabor bilketa eginen du egokiena iruditzen zaion maiztasunarekin, betiere hiri hondakinen zerbitzua osatzen duten entitateen interesei begira.

2. Aitzineko atalean ezarritakoari jarraikiz, Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuek jendaurrera aterako dute urtero (eta aldatzen den guztietan) bilketa zerbitzuetarako aurreikusten den ordutegien programazioa, hura osatzen duten entitateetako bakoitzari dagokion egutegiarekin.

Halako kasu berezietan, batez ere saltokiak badira, haiek ireki eta ixteko ordutegia bat heldu ez bada Jurramendiko Mankomunitateak orokorrean izan ohi duenarekin, eta hondakinak bide publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, ordutegi berezia ezar dezake, egokiagoa, halakoetako zaborrak uzteko.

3. Jurramendiko Mankomunitateak, interes publikoari begira, komenigarritzat jotzen duenean, noiznahi sar ditzake bilketa zerbitzuen programan iruditzen zaizkion aldaketa guztiak. Horretarako, dela ordutegian, dela moduan edo maiztasunean, zerbitzuan aldaketarik balitz argitara emanen luke.

4. Larrialdi egoeran Mankomunitateko buruak emandako xedapenek ez dute aurretiazko publizitaterik beharko.

2. ATALA

Nahitaezko bilketa edukiontzien bidez

18. artikulua. Arau orokorrak.

1. Jurramendiko Mankomunitateak edukiontzi bidezko nahitaezko zabor bilketa zerbitzua antolatua du; erabiltzailea behartua dago hura egokiro erabiltzera.

2. Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek finkatuko dituzte, ukituriko udal eta kontzejuen lankidetzarekin, edukiontzi mota, haien ezaugarrik teknikoak, etxe multzo, industria edo merkataritza gune edo saltoki bakoitzean erabiliko den edukiontzi kopurua, eta haien kokapena; egoera berezia suertatuz gero, zerbitzu horiek kentzen ahalko dituzte.

Mankomunitateak edukiontzien kokalekua halako toki batean finkatuz gero, ez da aldatzen ahalko baldin haren teknikoek espresuki oniritzia ematen ez badute.

Erabiltzaileek ez dituzte edukiontziak haien tokitik mugitzen ahalko, ezta aldi baterako ere.

Arau bereziak: bilketa instalazioak, egun dagoen parkea handitu edo aldaturik.

Jurramendiko Mankomunitatearen eskumen eremuaren barrenean, urbanizazio berriko eremuetan edo egun dauden instalazioak handitzea edo aldatzea eskatzen duten hiriguneetan bilketa puntu berriak instalatzeko, kontuan hartuko da biltzeko modurik ba ote den eta betiere Udalaren hirigintza arauetan ezarritako baldintzei jarraikiko zaie.

Urbanizazio proiektu bat sustatzen duenak bilketa instalaziorik ez dagoen edo behar baino instalazio gutxiago dagoen eremuren batean, bere kontura eta funts galdura ordainduko du instalazioen handitze edo aldatzea, zerbitzu eskari berriari erantzuteko beharrezkoa baldin bada. Eginen diren instalazioen ezaugarriak (aire zabaleko edukiontziak, lurrazpikoak, bilketa pneumatikoa etab.) Udalaren hirigintza arauetan agertzen direnak izanen dira edo, bestela, urbanizazio proiektuaren edo obra lizentziaren gainean egin txostenean Mankomunitateak berak adieraziak.

Instalazioa handitzen edo instalazio berria jartzen denean, enpresa zerbitzu emaileak ezarriko ditu baldintza teknikoak eta kontrolatuko du, obrak gauzatzen direnean, baldintzok betetzen ote diren.

Instalazio hori enpresa zerbitzu emaileak nahi bezala bukatu ondoren, berariazko edo esan gabeko obra-harrera egin eta Udalaren ondasun publiko bihurtuko da instalazioa.

3. Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek berrituko dituzte. Erabilera okerragatik zerbitzurako erabili ezinak suertatu direnetan, erabiltzaileari ordaindu beharra ezarri ahal izanen zaio.

4. Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek beren edukiontzien aldizkako garbiketa eginen dute.

5. Jurramendiko Mankomunitateak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak paratzeko eskatu ahal izanen du, zama-lanetarako eta edukiontziak era egokian mantentzeko gainerakoak egiteko.

6. Barneko karriketan bilketako ibilgailuen joan-etorria debekatua bada edo ezinezkoa bada, finketako jabeen elkarteek edo egoileek eraman beharko dituzte euren hondakinak bertatik hurbilen dauden bilketako kamioiaren geldilekuetara, betiere ordenantza hauetan agindutakoari jarraikiz.

Titularrak eskatuta, edukiontziak jabego pribatuen barnean paratzen ahalko dira, betiere bilketa aldaketarik gabe egiten ahal bada, eta bilketako ibilgailua trabarik gabe ailegatzen ahal bada haietara.

Aitzinekoa deusetan ukatu gabe, Mankomunitateak, bere baliabideak erabiliz edo udalen lankidetzaren bidez, ezar ditzake edukiontziak non eta bilketako kamioiak ailega ez daitezkeen lekuetan, betiere inguruabar bereziengatik hori egitea komenigarria bada.

19. artikulua. Erabiltzailearen betebeharrak.

18. artikuluan eta kapitulu honetako hirugarren sailean ezarritakoez gain, erabiltzaileak, orokorrean, betebehar hauek izanen ditu:

1. Jurramendiko Mankomunitateak hondakinetarako kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen legezko araudiari jarraikiz. Aipatu edukiontziak Jurramendiko Mankomunitatearenak izanen dira, salbu eta zerbitzu teknikoen iritziz eta hondakin produkzio handiarengatik, zentro ekoizleak haiek erostera behartzen badira, halakoetan Mankomunitateak ezarritako edukiontzi motakoak izan eta arau teknikoak bete beharko baitituzte, entitate honek haiek bildu eta garbitzeko dituen bitartekoekin bat etor daitezen. Hondakinak edukiontzien barnean utzi beharko dituzte erabiltzaileek, eta erabili ondoan estalkiak itxi. Debeku da bilketa elementu hauek uzteko dauden eremuen inguruan hondakinik uztea.

2. Hondakinak Mankomunitatearen esku jartzea, zehazten diren zatietan bereizita eta ordenantza honetan ezartzen diren baldintzen ataletan.

3. Hondakinak edukiontzien barnean utzi beharko dituzte erabiltzaileek, eta erabili ondoan estalkiak itxi. Debeku da bilketa elementu hauek uzteko dauden eremuen inguruan hondakinik uztea.

4. Debeku da handizkako hondakin organikoak botatzea. Erabiltzaileak ongi itxitako poltsa hermetikoetan sartu beharko ditu hondakinak, deus zikin ez dezaten. Orobat. debeku da likidoak edo likidotzen ahal diren produktuak edukiontzietara botatzea.

5. Erabiltzaile nahiz zabor biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte zaborrontziak, kalterik jasan ez dezaten.

6. Herritarrek ez dituzte zama-lanak, garraio eta edukiontzien garbiketa lanak eragotziko.

7. Hondakinak tolestea edo zatitzea (kartoizko kutxak, zura, plastikoa etab.), noiz eta horrela.

8. Kalte egin dezaketen hondakinak (beira laua, toska, latorria), kalterik ez egiteko maneran utzi beharko dira.

9. Errautsak aldez aurretik itzalita eta hoztuta botatzea.

Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuek behar bezala eta aurreko zehaztasunekin bat utzi ez diren hondakinak jasotzeari uko egiten ahalko diote.

3. ATALA

Gaikako zabor bilketa

20. artikulua. Helburuak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legeak helburu ditu prebentzioa, berrerabilpena, birziklatzea eta hondakinak balorizatzeko beste modu batzuk, horiek denak ingurumena eta jendearen osasuna zaintzeko. Halaber, beste helburu batzuk dira hondakinak aprobetxatzea eta baliabide energetikoen eta lehengaien optimizazioa.

21. artikulua. Sailkako bilketa sistema.

1. Aitzineko artikuluan aurreikusitakoa bete dadin, Jurramendiko Mankomunitateak gaikako bilketa sistema, sorburuko bereizketarekin, ezarri du, eta erabiltzaile guztiak horretara behartzen ditu. Hona hemen:

–Ontzien eta gainerakoen (ez organikoak) hondakinetarako edukiontziak: mota guztietako ontzi eta bilgarriak, gai plastiko ferrikoak edo bestelako osagai mistokoak, hala nola tetrabrikak, eta bestelakoak. Beste hondakin batzuk, beste bilketa berariazkoa ezarrita ez dutenak. Edukiontzi horrek bereizgarri edo tapa horia dauka.

–Gai organikoendako edukiontzia: biohondakinak (sukaldeetatik eta janari hondarretatik heldu diren gai organikoak, lorezaintzako hondarrak, kimatzeak etab.), kortxoak, infusioak, kafe hondarrak, sukaldeetako paper zikinak, paperezko ezpainzapi edo zapiak, eta oro har, konpostatzen ahal diren produktuak. Edukiontzi horrek bereizgarri edo tapa marroia dauka.

–Paperarendako edukiontzia (urdina): kartoi eta paper garbia horretarako bereizten den edukiontzi urdinean utziko da.

–Beirarendako edukiontzia (“igloo” motakoa): beirazko botilak, poteak eta potoak, gisa horretako ontziak sartuko dira edukiontzi mota hauetan.

2. Debeku da etxeko hondakin arriskutsuak (pilak, olioak, fluoreszenteak, pinturak, disolbatzaileak, bateriak, botikak eta hondakin arriskutsuei buruzko araudiak araututako gainerakoak) edukiontzi mota guztietara botatzea, ezertan ukatu gabe Jurramendiko Mankomunitateak entitate eskudunekin haien kudeaketaz laguntza eskaini ahal izatea indarra duen araudiari jarraikiz.

Hondakin horiek eta haien ontziak Jurramendiko Mankomunitateak horretarako paratzen dituen garbiguneetan utzi beharko dira.

3. Edukiontzietan, hondakinak utziko dira isurkirik ez eragiteko eta edukiontzia edo bide publikoa ez zikintzeko maneran. Horretarako, poltsak erabiliko dira, hondakin organikoen kasuan estankoak izanen direnak eta arrunt itxiak. Hondakinak, gaizki aurkezteagatik, kanpora erortzen badira, hori eragin duen erabiltzailea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea. Ez da inola ere baimenik emanen hondakinak pakete edo kaxa barnean uzteko.

4. Kartoizko ontzi handietako hondakinak tolestu eta hautsi beharko dira utzi aitzin. Plastikorik, zurik, metalik eta abarrik gabe joanen dira papera eta kartoia.

5. Beirazko ontziak poltsarik, taparik edo tapoirik gabe utziko dira.

6. Jurramendiko Mankomunitateak zehapena ezarriko die bere jokabidea dela medio edukiontziak jaso edo bere lekuan paratzeko zerbitzua eragozten dutenei, baita aitzineko artikuluetan ezarritako betebeharretako edozein betetzen ez dutenei ere.

22. artikulua. Atez ateko bilketa.

Jurramendiko Mankomunitateak, orobat, produktu desberdinen atez ateko bilketa ezartzen ahalko du, hala nola trapu, papera eta abarrena. Behar den antzinatasunez adieraziko ditu ordutegia eta bilketaren ezaugarriak.

III. KAPITULUA

Zaborretarako instalazio finkoak erabiltzea

23. artikulua. Debekuak.

Debeku da hondakinak saneamendu edo estolderia sareetara botatzea.

24. artikulua. Instalazioak.

Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuek aldez aurretik emandako baimena beharko da etxeko erraustegiak edo zaborren dentsitatea handiagotzeko instalazioak paratzeko.

IV. KAPITULUA

Bilketa bereziak

1. ATALA

Ezaugarri orokorrak

25. artikulua. Kontzeptua.

13. artikuluan definitu diren kasuetakoa hondakinen bilketa berezitzat hartzen da. Horretarako, Jurramendiko Mankomunitateak bilketa zerbitzu bereziak ezarriko ditu edo, bestela, erabiltzaileek nola egin behar duten esanen du.

Normalean, erabilera esklusiboko edukiontzien bidez eginen da zerbitzu hau. Zerbitzua egiteko modu honen erabiltzaileek edukiontziak zaindu eta mantentzeko ardura izanen dute eta orobat erantzunen dute berei edo hirugarrenei egiten dieten kalteez. Edukiontzi horiek ekoizlearen jabegoan gordeko dira normalean. Salbuespenez bide publikoan paratzen ahalko dira, dagokion udalaren berariazko edo isilbidezko baimenarekin. Orobat, ekoizleari dagokio edukiontziak zerbitzuaren eskura jartzea ohiko bilketa orduetan eta hortik kentzea hura amaitutakoan.

Bilketa berezi horiek edukiontzi trinkotzaileak, kaxak edo zerbitzu honi egokitutako beste sistema berariazkoak erabiliz egiten ahalko dira.

Inondik ere ez dira biltzen ahalko araudi orokorrak hondakin arriskutsutzat hartzen dituenak, edo kudeatzaile baimendu baten aldez aurretiko tratamendua behar dutenak, salbu eta Mankomunitateari horretarako gaitasuna ematen bazaio.

2. ATALA

Hondakin arriskutsuak

26. artikulua. Hondakin arriskutsuen aurreko tratamendua.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak ezartzen duenarekin bat, Jurramendiko Mankomunitateak uste badu halako hondakin bat arriskutsua dela edo, ezaugarri batzuen ondorioz, haren kudeaketa zaila dela, haren edukitzailea behartzen ahalko du behar diren neurriak hartzera ezaugarri horiek deuseztatzeko edo apaltzeko, edo behar den tokian eta moduan uztera.

27. artikulua. Hondakin arriskutsuak.

1. Ordenantza honetatik kanpo geldituko dira artikulu honen bigarren apartatuan aipatzen diren material guztiak, hondakin arriskutsuak baitira, baita Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 3. artikuluan hala definitzen direnak ere.

2. Hondakin hauek arriskutsutzat hartzen dira:

a) Eragile infekziosoen kultiboak eta erreserbak.

b) Dialisirako iragaziak eta hodiak, transmisio parenteraleko eritasun infekziosoak dituzten gaixoenak (GIB, eta B eta C hepatitisak).

c) Infekzio enterikoak (kolera edo disenteria amebianoa) dituzten erien gorozkiekin kutsaturiko hondakinak.

d) Aerosol bidezko transmisioko infekzioak (tuberkulosia edo Q sukarra) dituzten erien arnas jariakinekin kutsaturiko hondakinak.

e) Infekzio oso birulentoak (kanpotik ekarriak edo Espainian gutxitan izaten direnak) dituzten erien hondakinak.

28. artikulua. Informazioa.

Aitzineko artikuluak dioena bermatu beharrez, aitzineko artikuluetan zehaztutako hondakinak sortu, eskuztatu edo garraiatzen dituzten ekoizle, edukitzaile eta baimendutako hirugarrenak beharturik daude hondakinen jatorriari, izaerari, osaketari, ezaugarriei, kopuruari, hustuketa motari, aurretratamendu sistemari eta behin betiko tratamenduari buruzko informazioa ematera Jurramendiko Mankomunitateari.

3. ATALA

Industriako hondakinak bildu eta garraiatzea

29. artikulua. Egiten ahal diren zerbitzuak.

Jurramendiko Mankomunitateak ez du industria jardueraren ondoriozko hondakinik jasoko.

Establezimendu mota honetan sortzen diren etxeko hondakinak bai biltzen ahalko ditu, horrela eskatzen badu jardueraren titularra den pertsona fisiko edo juridikoak.

Bilketa bereziaren bidez eginen da zerbitzu hau.

4. ATALA

Hondakin klinikoen bilketa eta garraioa

30. artikulua. Sailkapena.

Ordenantza honen aplikazioari dagokionez, klinika, ospitale, anbulatorio eta abarretako hondakinak, oro har, honela sailkatuko dira:

a) Kutsatu gabeak: etxekoen gisa sailkatuak, sukaldetik, ostatutik edo antzekoetatik heldu direnak, eta jarduera kliniko edo administratiboak sortuak, “arriskutsuak” ez direnak.

b) Kutsatuak: jarduera klinikoak sortuak, “arriskutsuak” direnean.

31. artikulua. Tratamenduak.

Aitzineko artikuluaren a) apartatuan sailkatu direnak baizik ez dira bilduko, nahiz eta jarduera kliniko edo administratiboak sortuak nahitaezko bilketa zerbitzuaren xede izan ahal izan edo, bestela, entitate baten eskutan utzi, hark tratamendua eman diezaien. Hori guztia agiri bidez frogatu beharko zaio Jurramendiko Mankomunitateari.

32. artikulua. Hondakin erradioaktiboak.

Jurramendiko Mankomunitateak ez du bere gain hartuko inolako hondakin erradiaktiboren bilketa, ez baita bere eskumenekoa; horrenbestez, ospitale, klinika edo anbulatorio bakoitzak horiek deuseztatzeko sistema egokiak prestatu beharko ditu.

5. ATALA

Etxeko animalia hilen bilketa eta garraioa

33. artikulua. Debekuak.

Debeku da animalia hilak abandonatzea, edozein motatakoak direla ere eta edozein lur motatan dela ere, bai eta horiek hondakinen edukiontzietan uztea edo jabetza publikoko lurretan ehorztea ere.

34. artikulua. Egiten diren zerbitzuak.

Etxeko animalia hilak gainetik kendu nahi dituztenek beren kasa eginen dute sektoreko enpresen edo albaitaritzako kliniken bidez. Bestela, Mankomunitateak ezarritako zerbitzuak erabil ditzakete, horiek bildu eta garraiatuko baitituzte, baita deuseztatuko ere legeak onartzen dituen baliabideen bitartez.

Zehatz-mehatz, animalia hilez den bezainbatean, Mankomunitateak zerbitzu hauek egiten ditu:

Bilketa, garraioa eta entrega, behar bezala deuseztatzeko.

Etxeko animalia bakoitza poltsa itxi batean utziko da haren eskutan; poltsa horrek behar bezalako estankotasuna eta sendotasuna izanen ditu, ez hausteko eta likidorik ez jariatzeko.

Ez da animalia hilik bilduko haien deskonposizio egoera aitzinaturik badago.

Animalia hila beren gainetik kenduagatik ere, jabeak haren baja eman eta heriotzaren arrazoiak jakinaraztera beharturik daude, beste araudi batek hala agintzen badu.

Erabiltzaileari fakturatuko zaio zerbitzu hau, ordenantza fiskalean ezarritakoari jarraikiz.

6. ATALA

Etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren obra hondakinak

35. artikulua. Aplikazio eremua:

Honi dagokionez, eta Foru Komunitatean eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei buruzko araudiarekin bat, etxe partikular, saltoki edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldeko garrantzi txikikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik.

Ordenantza hau obra mota hauetatik heldu diren obra-hondakin guztiei aplikatuko zaie.

36. artikulua. Hondakinak botatzeko tokiak.

Jurramendiko Mankomunitateak gisa honetako hondakinak botatzeko toki berariazkoak ezartzen ahal ditu, interesdunek toki horretan berean eta zuzenean bota ditzaten obra hondakinak, behar den tasa aitzinetik ordainduta. Gisa hartara galaraziko da inork kontrolik gabe botatzea, toki baimendu gabeetan, jabari publikoko lurrak behar ez bezala okupaturik, zoladura hondatuz edo eremu publikoa zikinduz.

Obra mota hauetatik hondakin mota hauek onartuko dira Mankomunitateko herrietan dabiltzan garbiguneetan, 300 Kg baino gutxiago badira. Hondakin horiek garbiguneetara ekarriko dira zuretatik, metaletatik eta plastikoetatik bereizirik.

Obra mota honen hondakinek 300 Kg baino gehiago egiten badute, hondakinaren ekoizleek beren kasa kudeatzen ahalko dute sektoreko enpresekin, eskualdean EEHak tratatzeko dabiltzan instalazioetan trata daitezen.

Jurramendiko Mankomunitateak estaldura teknikoa emanen du eta gastuak sortuko ditu kudeaketa, bilketa eta tratamenduagatik, ekoizleak horrela eskatzen duenean.

37. artikulua. Debekuak.

Debeku da lur eta obra hondakinekin nahasita edozein motatako hondakin organikoak botatzea, eta, oro har, hirugarrenei, ingurumenari edo higiene publikoari kalte egin diezaiekeen zernahi botatzea.

38. artikulua. Garraioa.

Lurrak eta obra hondakinak eramaten dituzten ibilgailuek bidean deus ere ez galtzeko maneran garraiatuko dituzte, bide publikoa ez zikintzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz.

Aitzineko atalean aipatzen denari dagokionez, Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek ukitutako eremua garbitu eta bertara eroritako materialak kentzen ahal dituzte. Erantzuleei ordainaraziko zaizkie zerbitzuaren kostuak, legokiekeen zehapena deusetan ukatu gabe.

ZAZPIGARREN ATALA

Altzariak, etxeko lanabesak, traste zaharrak eta arropa eta aparatu elektriko
eta elektronikoen hondakinak (AEEH) biltzea

39. artikulua. Bilketa bereziaren zerbitzua.

Jurramendiko Mankomunitateak zerbitzu berezia ezarriko du altzariak, etxeko tresnak, traste zaharrak eta arropa biltzeko, betiere bere jarduketa eremuan.

AEEHak uzteko prestatzen diren tokiak eskura jartzen ahal badira ere, hondakin mota honetarako zerbitzu berezia ere ezarriko du Jurramendiko Mankomunitateak.

40. artikulua. Salbuespenak.

Zerbitzuak mota orotako altzariak, etxeko tresnak, traste zaharrak, arropak eta AEEHak hartuko ditu bere gain, salbu eta higiarazteko bitarteko mekanikoen erabilpena behar dutenak, hala nola garabiak, poleak etab., edota berehala garraiatuak izateko prest ez daudenak, edo haien kopuru edo bolumenagatik ohikoekin ezin eta baliabide bereziak behar badituzte. Horrelakoetan, horretarako prestaturiko tokietan uzten ahalko ditu edukitzaileak.

III. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

41. artikulua. Arau-hausteak. Arau-hausteak dira ondoko jarduera eta egoerak:

1. Erabiltzaileak berak sortutako hondakin solidoak, arrazoirik gabe, Mankomunitatearen esku uzteari uko egitea.

2. Hondakinak Mankomunitateak ezarritako eremu edota zabortegietatik kanpora botatzea.

3. Edukiontzietako nahitaezko bilketan sarturik ez dauden hondakinak botatzea, zerbitzu hori kontrataturik izan gabe edo Mankomunitateak baimendurik egon gabe.

4. Hondakinak uztean, Mankomunitateak ordenantza honen bidez edo hau garatzeko eman ebazpenen bidez hondakinak biltzeko ezarritako baldintza, leku eta orduei ez lotzea.

5. Edukiontziei kalte egitea.

6. Zama-lanak eta edukiontzien inguruko mantentze eta garbiketa lanak eragotzi edo trabatzea eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan gainerako jarduerak egitea nolanahi trabatzea.

7. Hondakinak estolderia saretik behera botatzea.

8. Jurramendiko Mankomunitatearen baimenik gabe etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak paratzea.

9. Hondakin arriskutsuak uztea eta biltzen direnekin batera nahastea.

10. Arriskutsuak edo toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruz Mankomunitateak eskatutako argibideak ukatzea, eta benetan halakoak direnean, haien jatorriari, ezaugarriei, aurretratamendu motari eta abarri buruzko datuak ez ematea.

11. Jasotzekoak ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek nahastea onartzen diren hondakinekin.

12. Animalia hilak edozein lur motatan abandonatzea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea.

13. Ordenantza hau betetzeko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak eragoztea.

14. Hondakin organikoak lurrekin edo obra-hondakinekin nahastea.

15. Behar bezala utzi diren hondakin solidoak ebastea.

16. Hondakinak ez dagozkion edukiontzira botatzea, Mankomunitateak sailkako bilketa, sorburuko bereizketarekin, egiteko ezarri duen sistemari huts eginez.

17. Zabor organikorako edukiontzietara hondakinak soltean botatzea, esan nahi baita, poltsa, zaku edo bestelako enbalaje estankoetatik kanpora.

18. Mankomunitatearen baimenik gabe edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea.

19. Edukiontzietan pintadak, grafitiak eta halakoak egitea, kartelak edo nolanahiko eranskailuak jartzea, eta iragarkietarako erabiltzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzen edo subsidiarioa.

20. Orokorrean, ordenantza honetan eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezartzen direnei kontra egiten dien egite edo omisio oro.

42. artikulua. Arau-hausteen sailkapena. Aurreko artikuluan jasotako arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke:

a) Arau-hauste oso astunak dira aitzineko artikuluko apartatu hauetan agertzen direnak: 2-3-4-5-7-9-11.

b) Arau-hauste astunak dira aitzineko artikuluko apartatu hauetan agertzen direnak: 1-6-10-12-14-16-17; bai eta oso astunen artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea ere, baldin eta zenbateko edo garrantzi urriagatik oso astunaren kalifikazioa merezi ez badu.

c) Arau-hauste arinak dira aitzineko artikuluko apartatu hauetan sartzen direnak: 8-13-15-18-19-20; bai eta aurreko apartatuetan jasotako arau-hausteetakoren bat egitea ere, baldin eta zenbateko eta garrantzi urriagatik oso astunaren edo astunaren kalifikazioa merezi ez badu.

Arau-hauste arin batean berreroriz gero, astuntzat hartuko da, eta arau-hauste astun batean berreroriz gero, oso astuntzat.

43. artikulua. Zehapenak. Zehapenak aplikatzerakoan kontuan hartuko dira erruduntasun maila, zer nolako falta den, eragindako kalteak, arau-hausteak dakarren arriskua, behin eta berriro egitea, eta gainerako inguruabar aringarriak edo astungarriak.

Erregelamendu honetan aipatzen diren arau-hauste arinek enpresaren ohartarazpena ekarriko dute, eta arau-hauslea beharturik egonen da agindutakoa betetzera, hamabost eguneko epean eta bere gain hartzen dituela horrekin sortzen diren gastu guztiak.

Arau-hauste astunak 60 eurotik 600 eurorainoko isunarekin zehatuko dira.

Arau-hauste oso astunek 601 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen, edo bestela legeria orokorrak alkateei esleitzen dien gehiena.

Hori guztia ukatu gabe, arau-hausleek beren gain hartuko dituzte beren egintzen ondoriozko kostuak, eta beharturik egonen dira arau-haustea egin baino lehenago zegoen egoera lehengoratzera.

Zehapena %25eko murrizketarekin ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ebazpena eman aurretik ordainketa borondatez egiten bada. Era berean, %25eko murrizketa aplikatzen ahalko da arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, eta bi murrizketak metatzen ahalko dira.

44. artikulua. Zehapen prozedura. Zehapen-prozedura legeria orokorrean ezarritakoari lotuko zaio: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Bereziki aplikatuko dira arau horietan ezarritako preskripzio epeak.

IV. TITULUA

Erreklamazioak eta jurisdikzioa

45. artikulua. Erreklamazioak. Hurrengo artikuluan ezartzen dena ukatu gabe, erabiltzaileek zerbitzuen baldintzak direla eta aurkezten dituzten erreklamazio, zalantza eta galderak, kasu bakoitzean eskudun den administrazio publikoko erakundeak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz.

46. artikulua. Errekurtsoak. Entitatearen ebazpenen aurka Toki Administrazioari buruz indarra duen legeriak oro har ezarrita dituen errekurtso eta erreklamazioak ezar daitezke.

47. artikulua. Jurisdikzioa. Honako Erregelamendu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen goiti-beheiti guztiak ebazteko, Nafarroako administrazioarekiko auzitegiak izanen dira eskudun.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, ez baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak izan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2101690