40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Ordenantza fiskala, uraren goi horniduraren zerbitzua emateko tasa arautzen duena. Behin betiko onespena.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean (286 zk., 2020ko abenduaren 11koan) argitaratu zen uraren goi horniduraren zerbitzua emateko tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren behin betiko onespena.

Jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraituz.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, onetsitako ordenantza aldaketaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

ORDENANTZA FISKALA, URAREN GOI-HORNIDURAREN ZERBITZUA EMATEKO TASA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Izaera, xedea eta oinarria

1. artikulua. Izaera, xedea eta oinarria.

Espainiako Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluek, Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 106. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioaren Foru Legearen 262. artikuluaren eta Nafarroako Toki Ogasunen 2/1995 Foru Legearen 13-15 artikuluetan emandako ahalmenak baliatuz, Mairagako Mankomunitateak uraren goi horniduraren zerbitzua emateko tasa arautzen duen ordenantza fiskala onartu du.

Ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala, hortaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren 1., 2., 3. eta 5.t apartatuetan aipatzen dituzten zerbitzuak edo jarduerak egiteko tasena da.

Mairagako Mankomunitateak kudeatzean du zuzenean zerbitzu hori, eta bere gain hartzen du kudeaketa osoa, bere estatutuei jarraikiz, eta ordenantza honetan nahiz gainerako lege aplikagarrietan xedatu arauen arabera.

II. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Mairagako Mankomunitatean sarturik dauden udalerrien mugapeetan aplikatuko da, preseski erregelamendu testu honetan arautzen diren zerbitzuetan.

Mankomunitatearen estatutuen 4. artikuluari jarraikiz, mankomunitateak udal mugartearen zati batean bakarrik emanen balu zerbitzu –kontzeju batean edo zenbaitetan–, zerbitzua egiazki zer kontzejutan egiten den, haiexen mugarteetan soilik da aplikatuko.

III. KAPITULUA

Zerga-egitatea

3. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea sortuko da uraren goi horniduraren zerbitzua erabiltzeko aukera egiazkoa edo balizkoa bada, edo egiatan erabili bada edo erabiltzeko aukera egon bada, horixe eskatu duten Mairaga Mankomunitatearen jardun-eremuaren barneko udalerrietan, eta, salbuespenez, eremutik kanpoko udalerrietan ere bai.

Zehazki, tasaren zerga-egitatea uren goi hornidurako zerbitzua ematea bera da; alegia, edateko ura eramatea Mairagako Mankomunitatearen hodi nagusietatik udal deposituetara.

IV. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Nafarroako Zergei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren arabera, subjektu pasiboak dira zergak ordaintzeko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak, izan zergadun, ordezko, atxikitzaile edo konturako diru sarrera egitera behartu.

Nafarroako Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 22. artikuluaren arabera, tasen subjektu pasiboak dira, alegia, zergadunak, ordenantza honen xedeko zerbitzuen eta jardueren pertsona fisiko eta juridiko onuradun edo erabiltzaileak.

Edonola ere, uren goi hornidurako zerbitzuen erabiltzailetzat hartuko dira hauek:

–Hoditeria nagusietako ura udal deposituetan jasotzen duen udalerria, udal sarearen bidez uren behe hornidura egiteko, toki erakundeak berak kudeatzen badu aipatutako zerbitzua.

–Edateko uren tokiko hornidura zerbitzua edateko uren enpresa hornitzaileek kudeatzen badute, enpresa horiek hartuko dira uren goi hornidurako zerbitzuaren erabiltzailetzat.

–Salbuespenez, eta arrazoi justifikatuak medio, Mairagako Mankomunitateak uren goi horniduraren zerbitzua eman ahalko die bere lurralde eremutik kanpoko udalerri edo enpresa hornitzaileei.

Halaber, zergadunaren subjektu pasibo ordezkotzat hartuko dira Nafarroako Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren 23. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko eta juridikoak eta erakundeak, ordenantzaren xedeko zerbitzuen eta jardueren onuradun diren higiezinen jabeak badira. Kasu horretan, ordaindu beharreko kuotak kasuan kasuko erabiltzaileari ordainarazten ahalko dizkiote.

V. KAPITULUA

Zergagaiak
Zerga-oinarriak, kuotak eta tarifak

5. artikulua. Zerga-oinarriak, kuotak eta tarifak.

1.–Zerga-oinarriak.

Tasaren zerga-oinarria, likidazio-oinarriaren berdina izanen dena, honela kalkulatuko da: neurtu edo zenbatetsi den ur hornidura, metro kubikoetan (kuota aldakorra), artikulu honen 2.1 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

Tafallako La Pedrerako edateko uren araztegia martxan jarri, eta ur hornidura haren bidez jasotzen duten erabiltzaileen kasuan, zerga-oinarria, lehen ezarritakoaz bestelakoa, honela kalkulatuko da: aurreikusitako eskari emaria (kuota finkoa) eta neurtu edo zenbatetsitako ur hornidura, metro kubikoetan (kuota aldakorra), artikulu honen 2.2 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

2.–Zerga-kuotak eta tarifak.

2.1.–Zerga-kuota aldakorra: Erabiltzaileak aldian behin ordaintzen duen kopurua da, fakturazio aldian hornitutako ur metro kubikoen araberakoa. Horrela zehazten da ordaindu beharreko zenbatekoa, tarifa konstantea aplikatuta:

–Mairagako Mankomunitatearen lurralde eremuko erabiltzaileei uren goi horniduragatik aplikatu beharreko kuota aldakorreko tarifa konstantea:

0,2307 euro/m³

2.2.–Tafallako La Pedrerako edateko uren araztegia martxan jarri, eta ur hornidura haren bidez jasotzen duten erabiltzaileen kasuan, zerga-kuotak bi osagai izanen ditu:

–Kuota aldakorra, Mairagako Mankomunitateak emandako uren goi horniduraren zerbitzuaren kostu aldakorra finantzatzen duena, eta erabiltzaileak aldian behin ordaintzen duena, fakturazio aldian hornitutako ur metro kubikoen arabera. Honela zehazten da ordaindu beharreko zenbatekoa, tarifa konstantea aplikatuta:

Mairagako Mankomunitatearen lurralde eremuko erabiltzaileei uren goi horniduragatik aplikatu beharreko kuota aldakorreko tarifa konstantea:

0,2927 euro/m³

–Kuota finkoa, Mairagako Mankomunitateak emandako uren goi horniduraren zerbitzuaren kostu aldakorra finantzatzen duena, eta erabiltzaileak aldian behin ordaintzen duena, aurreikusi duen eskari emariaren arabera.

1.154,76 euro/l/s

3.–Kontsumoaren neurketa edo zenbatespena ordenantza honen 10. artikuluan ezarritako arauetara egokituko da.

4.–Indarrean den balio erantsiaren gaineko zerga aplikatuko zaie artikulu honetan jasotako tarifei.

VI. KAPITULUA

Salbuespenak, murriztapenak eta hobariak

6. artikulua. Salbuespenak, murriztapenak eta hobariak.

Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespen, murriztapen eta hobariak baizik ez dira onartuko, eta indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Gobernuak, Mankomunitatean sarturik dauden toki entitateek edo beste edozein entitate edo erakunde publikok hartutako erabaki edo egindako jarduketa orotatik sortzen diren guztiak.

Ez da doako baimenik emanen harguneetarako edo ur hornidurarako, ezta murriztapen, hobari edo salbuespenik ere, udalaren edo partikularren jabetzako instalazioetako ihesek, matxurek edo eraikuntza edo kontserbazio akatsek eragindako kontsumoetarako.

VII. KAPITULUA

Zergaldia, sortzapena, likidazioa eta bilketa.

7. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.

Zergaldia eta zerbitzua ematen den aldia bat etorriko dira.

Zerga eta hura ordaintzeko obligazioa zerbitzua ematen hasten denean sortuko dira, alegia, Mairagako Mankomunitatearen sare nagusiarekin konexioa egiten den datan.

Zerga sortuko da konexio-baimena jaso ala ez, eta baimena emateko izapidetu behar den espedientea abiaraztearen kalterik gabe.

8. artikulua. Likidazioa.

Zerga hiruhileko amaituarekin ordainarazi eta likidatuko da, eskari emari aurreikusiaren arabera, eta erregistroko edo aurreikusitako ur bolumena kontuan hartuta, ordenantza honetan jasotako tarifei jarraikiz. Tarifa bat baino gehiago indarrean egon den likidazio aldietan, likidazioa hainbanaketa bidez eginen da.

9. artikulua. Diru-bilketa.

Indarrean dagoen legeriari jarraikiz, ordenantza honetan aurreikusitako tasa aplikatzearen ondoriozko zerga-zorrak “jakinarazi gabetzat” hartzen dira.

Zerga-zor ordainaraziak modu orokorrean jakinaraziko dira, dagokien iragarkia edo ediktua Mairagako Mankomunitatearen iragarki-taulan argitaratuz. Argitaratze-datan hasiko da borondatezko epearen barnean ordaintzeko 30 egun balioduneko epea.

Alabaina, ur kontsumoaren ondoriozko likidazioak, Mairagako Mankomunitateak jaulki eta onartu ostean, zergadunari bidali zaizkio faktura eran.

Zerga-zorrak erabiltzaileak horretarako adierazitako banku edo aurrezki kutxaren kontu helbideratuaren bidez ordainduko dira.

Helbideratzea egin, baina edozein kausa dela medio zorra ordaindu ez duten subjektu pasiboek Mairagako Mankomunitatearen Diruzaintzan eginen dute ordainketa, edo hark kobrantzarako gaitutako banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

Borondatezko epean ordaindu ez diren zerga-zorrak premiamendu bidez ordainaraziko dira, salbu eta, zergapekoak aurretiaz hala eskatuta, Mankomunitateak geroratzea edo zatikako ordainketa onartu badu, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 90. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

VIII. KAPITULUA

Kontsumoen zehaztapena

10. artikulua. Kontsumoen zehaztapena.

Ur horniduraren kontrola kontagailu nagusiaren bidez eginen da, eta kontsumoen zehaztapena, aldiz, hurrenez hurreneko bi fakturazio aldiko kontsumoen arteko aldearen arabera.

Kontagailurik gabe, kontagailua matxuratuta edo kontagailua konpontzen ari direla egindako kontsumoa zenbatesteko, datu hauetan handiena hartuko da kontuan: aurreko urteko aldi berdineko kontsumoa edo azken sei hilabeteetako batez besteko aritmetikoa, edo zati proportzionala, kontsumo aldia laburragoa bada. Halakorik ezean, Mairagako Mankomunitateko Zerbitzu Teknikoek finkatuko dute zenbatekoa, zergatia justifikatuta.

IX. KAPITULUA

Hornidura instalazioak:

11. artikulua. Hornidura azpiegitura publikoa.

Uren goi horniduraren zerbitzua (urtegietako ura hartzea, edateko uren araztegiak, hoditerian barrena eramatea, edateko uren araztegietako tratamendua eta, urak sare nagusira bulkatzea eta handik banatzea udalerrietako deposituetara edo xedeko erabiltzailearen hornidura puntuetara) emateko baliatzen den eraikuntza, azpiegitura eta hoditeria multzoa.

12. artikulua. Kontagailuak.

Uren goi hornidurako kontagailuen kontserbazioa, mantentze lanak, konponketak eta birjartzeak, baita ikuskatzea ere, Mairagako Mankomunitateko langileen ardura izanen dira, eta erabiltzaileen kontura izanen dira jarduera horietatik eratorritako gastu guztiak.

Mairagako Mankomunitatearen iritzian aurreko lerrokadan aipatu lanak premiazkoak eta presazkoak badira, horren berri emanen dio interesdunari, lan horien aurrekontua igorrita. Hala, interesdunak 10 egun baliodun izanen ditu egoki deritzen alegazioak aurkezteko (teknikari eskudun batek sinatuta). Epe hori igaro eta alegaziorik aurkeztu ez bada, Mairagako Mankomunitateko Zerbitzu Teknikoek eginen dituzte egin beharreko lanak, erabiltzailearen kontura. Konponketa presaz egitekoa bada, eta ez badago astirik aurreko paragrafoko izapidea egiteko, lanak egin eginen dira, aipatu izapideak aldi berean aurrera egitearen kalterik gabe.

Lanak amaituta, Mairagako Mankomunitateak fakturazioari ekinen dio, interesdunei kobrantza bidea eta epea adierazita, zerga-obligazioei buruzko ordenantza honetan xedatuei jarraikiz.

X. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 93. artikuluan eta ondokoetan arau-hauste eta zehapenen gainean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren hurrengoan hartuko du indarra, eta indarrean egonen da, harik eta berariaz aldatu edo indargabetzen den arte.

Tafallan, 2021eko urtarrilaren 29an.–Mankomunitateko burua, Jorge Bacaicoa Beruete.

Iragarkiaren kodea: L2101600