40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Udalaren Erregelamendu Organikoaren aldaketak. Onespena

Orkoiengo Udalak, 2021eko urtarrilaren 21ean egin bilkuran, Udalaren Erregelamendu Organikoa aldatzea onetsi du. Aldaketa horrek artikulu askori eragiten die. Erregelamendua eskuragarri egon dadin eta edukia ezagutaraz dadin, jarraian eransten da haren testu bategina, zeinak behin betiko testua jasotzen duen onetsitako aldaketak sartuta.

Orkoienen, 2021eko otsailaren 2an.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.

ORKOIENGO UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da arautzea Orkoiengo Udalaren antolamendu eta funtzionamenduko araubidea, bai eta antolatzea ere legediak Udalbatzako kideei ematen dizkien eskubide eta betebeharrak eta, orobat, udalerriko auzotarrek eta herritarren erakundeek dituzten informazio eta partaidetza eskubideak ere. Hori guztia, bat etorriz honako hauetan ezarritakoarekin: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 73.2 artikulua eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1a), 5, 20.1c), 24, 62 bigarren paragrafoa, 69.2 eta 72 artikuluak.

2. artikulua. Erregelamendu honetako manuak lehentasunez aplikatuko dira, Estatuko oinarrizko legedia errespetatuz. Erregelamendu honek arautzen ez duen orotan, Foru Komunitateko edo Estatuko toki araubidearen legedia aplikatuko da, Konstituzioaren arabera eskumenak bien artean nola banatuta dauden ikusita.

3. artikulua. 1. Udaleko organo nahitaezkoak dira:

–Alkatea.

–Alkateordea.

–Osoko Bilkura.

–Kontuen Batzorde Berezia.

2. Udalean organo osagarri hauek ere egon daitezke:

–Informazio batzordeak.

–Zinegotzi ordezkariak.

–Zinegotzi arduradunak.

–Zerbitzuak kudeatzeko organo deskontzentratuak eta deszentralizatuak.

–Tokiko Gobernu Batzarra.

4. artikulua. Hauteskundeen legediaren arabera eratzen da Udala.

LEHEN TITULUA

Zinegotziak

5. artikulua. Zinegotzien kopuruaren zehaztapena, horiek hautatzeko prozedura, agintaldiaren iraupena eta hautaezintasun eta bateraezintasun kasuak hauteskundeen legedia orokorrean araututakoak dira.

I. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

6. artikulua. Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak dira apirilaren 2ko 7/1985 Legean azaltzen direnak, eta lege hori garatuz eta aplikatuz, Estatuko xedapenek arautzen dituztenak: apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua, Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretua, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Gobernuak ematen dituen beste batzuk eta Erregelamendu honetan agertzen direnak. Legedi horretan eta erregelamendu honetan xedatutakoaren bidez arautuko da horien erabilera.

7. artikulua. 1. Zinegotzien eskubidea eta betebeharra da Udalaren Osoko Bilkuretara joatea, bai eta dagokien kide anitzeko organoen bilkuretara ere, bidezko arrazoiren bat izan ezik; halakoetan, Udalbatzako buruari jakinarazi beharko baitzaio behar besteko aurrerapenarekin.

2. Udalerritik kanpo zortzi egun baino gehiago egon behar izanez gero, alkateari jakinarazi beharko zaio idatziz, dela norberak zuzenean dela talde politikoko bozeramailearen bidez. Zehaztuko da kanpoan zenbat egun egoteko asmoa dagoen.

3. Zinegotzi orok modu telematikoan parte hartzen ahalko du Udalbatzaren osoko bilkuretan, batzordeetan edo bestelako bilkura ofizialetan, baldin eta osasun arrazoiak direla-eta aurrez aurre joaterik ez badu. Modu telematikoan parte hartzeko beste arrazoi bat izanen da kontziliazio familiarra, zinegotziaren erantzukizunpean dauden pertsonen osasunarekin lotuta dagoenean.

Bilerara joateko ezintasuna Udal Idazkaritzan justifikatu beharko da, deitutako bilera egin aurretik justifikatu ere. Justifikatzeko modua txosten medikoa izanen da.

Ezinbesteko kasuetan, arrisku kolektibo larriko egoeretan edo hondamendi publikoetan, neurriz kanpo eragozten edo zailtzen denean toki-erakundeetako kide anitzeko organoen bilkuretako araubide presentzialaren funtzionamendu normala, organo horiek, alkateak edo batzordeburuak edo, indarrean dagoen araudiaren arabera, deialdiaren ondorioetarako behar bezala ordezten dituenak deskribatutako egoera gertatzen dela ikusi ondoren, urrutiko bilkurak eratu, egin eta erabakiak hartzen ahalko dituzte bitarteko elektroniko eta telematikoen bidez, baldin eta parte-hartzaileak Espainiako lurraldean badaude eta bere nortasuna egiaztatzeko modua badute. Bilkuran zehar parte-hartzaileen arteko komunikazioa denbora errealean bermatu beharko da; hala, bilkuren izaera publiko edo sekretua bermatzeko beharrezko baliabideak bideratu beharko dira, kasu bakoitzean legez dagokion gisan.

Ondorio horietarako, bada, baliabide elektroniko baliozkotzat hartuko dira audiokonferentziak, bideokonferentziak edo honako alderdi hauek egokiro bermatzen dituzten bestelako sistema teknologikoak edo ikus-entzunezkoak: segurtasun teknologikoa, kideen benetako parte-hartze politiko, debatearen baliozkotasuna eta hartutako erabakien bozketa.”

8. artikulua. 1. Zinegotziek eskubidea izanen dute dagozkien ordainsariak eta kalte-ordainak jasotzeko, Udalaren aurrekontuen kargura, Oinarriei buruzko 7/1985 Legean, 2568/1986 Errege Dekretuan, 6/1990 Foru Legean eta Udalaren aurrekontuan xedatutakoarekin bat.

2. Udalbatzako kideek kilometrajearen eta dieten ordainak jasoko dituzte, hain zuzen ere Nafarroako Gobernuak bere kideentzat ezartzen dituen kopuru berak eta haien baldintza beretan.

3. 7/1985 Legearen 75.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, ordainsariak jasotzeko eskubidea izanen dute, baita Gizarte Segurantzan alta emateko ere, udal ardurak dedikazio esklusiboaren araubidean betetzen dituzten zinegotziek. Ordainsari hori jasotzea ez da bateragarria izanen beste ordainsari batzuekin, baldin administrazio publikoen eta haien menpeko ente, erakunde eta enpresen aurrekontuen kargura badira, ezta beste jarduera batzuekin ere, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak dioenaren ildotik. Zinegotzi bati dedikazio esklusiboa onartzeak berarekin ekarriko du udaleko zereginetan lehentasunez aritzea, bigarren mailako beste zeregin batzuk galarazi gabe, nahiz eta horiek ez dioten kalterik egin beharko Udaleko dedikazioari. Zeregin horiek ordainduak badira, Udalaren Osoko Bilkurak bateragarritasunari buruz egindako adierazpen formala beharko da.

4. Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren araberako kontsignazio orokorraren barnean zehaztuko du Udalbatzako zein karguk izan dezaketen dedikazio esklusiboa eta, beraz, ordainsaria jasotzeko eskubidea, bai eta ardura mailaren arabera bakoitzari dagozkionak ere. Zinegotzi bat kargu horietako baterako izendatzen denean dedikazio esklusiboaren araubidea aplikatuko zaio bakarrik hark berariaz onartzen badu; hala bada, horren berri emanen zaio Osoko Bilkurari, hurrengo bilkura arruntean.

5. Dedikazio esklusiborik ez duten eta eskuordetza orokorrak dituzten zinegotziek, kalte-ordain gisa, beren lanpostuetan Udalbatzako zereginen denboragatik jaso gabe gelditzen zaien zatia jasoko dute, betiere astean lau ordu gehienez.

Soilik dedikazio esklusiborik ez duten Udalbatzako kideek jasoko dituzte laguntzak kide anitzeko organoen bilkuretara joaten direnean, baldin eta haietako partaide badira. Osoko Bilkurak erabakiko du bilkurako zenbatekoa. Halaber, dedikazio esklusiborik ez duten zinegotziek hartzen ahalko dute kalte-ordain mota hori, erakunde hauen zuzendaritza organoak direnean: Udalaren mendekoak diren eta nortasun juridiko independentea duten erakundeen zuzendaritza organoak, Udalaren kapitala edo kontrola duten enpresen Administrazio Kontseiluak edo langileak hautatzeko proben epaimahaiak. Zinegotzi batek ez du inoiz bilkura-sari bat baino gehiago jasoko egunean, bertaratu den bilkuren kopurua edozein delarik ere.

Atal honetan aipatu kontzeptuei dagozkien aurrekontuko kontsignazioek ez dituzte gaindituko foru legedian arlo horretarako oro har ezartzen diren gehienekoak.

9. artikulua. 1. Zinegotzi guztiek eskubidea dute lortzeko beren eginkizunak betetzeko behar dituzten eta udal zerbitzuen esku dauden aurrekariak, datuak edo informazioak, alkatearen edo Tokiko Gobernu Batzarraren eskutik.

2. Eskubide hori kasu hauetan soilik mugatzen ahalko da, hein batean edo osorik:

a) Delako agiriak edo aurrekariak jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola, ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

b) Herritarren segurtasunarekin ikusteko duten gaiak badira, haien publizitateak kalte egiten badio.

c) Sekretu Ofizialei buruzko apirilaren 5eko 9/1986 Legean (urriaren 7ko 48/1978 Legeak aldatuan) ezarritakoaren arabera sailkatutako gaiak badira.

d) Sekretu estatistikoak babesturiko gaiak baldin badira, edo datu informatikoen bankuetarako sarbidea mugatzen duen legediak babesturiko esparruetakoak.

e) Prozesu judizial penal batera ekarritako aurrekariak badira, sumarioaren sekretupean dauden bitartean.

3. Informazioak eskuratzeko eskaria, idatziz egin beharko baita, administrazioaren isiltasunaren bidez emantzat joko da, baldin eta alkateak edo Gobernu Batzarrak ukatzeko ebazpenik edo erabakirik ematen ez badu, eskaria egiten denetik bost egun balioduneko epean.

4. Nolanahi ere, informazioa edo dokumentazioa ukatzen bada, ebazpen arrazoituaren bidez egin beharko da betiere.

10. artikulua. Aurreko artikuluko 1. zenbakian xedatutakoa gorabehera, Udaleko administrazio zerbitzuak edo kasuan kasuko funtzionarioak behartuta daude informazioa ematera zinegotziak horretarako baimena duela frogatu beharrik izan gabe, honako kasu hauetan:

a) Kudeaketako erantzukizunak edo eskuordetzak beren gain dituzten zinegotziek beren erantzukizun horiei dagokien informazioa eskatzen dutenean.

b) Zinegotziek, kide anitzeko organo bateko kide izanik, organo horietan landuko diren gaiei buruzko informazioa eta agiriak eskuratu nahi dituztenean, baita edozein udal organok harturiko erabaki edo ebazpenak eskuratu nahi dituztenean ere.

Kide anitzeko organoek landu beharreko gaiei buruzko informazioa eta dokumentazioa zuzenean eskuratzeko aukera egon behar da informazio eta dokumentazio hori Udaleko idazkariaren esku dagoen unetik, Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat, nahiz ez den hedatu behar gaien edo espedienteen lehenagoko tramitazio faseetara.

c) Zinegotziek herritarren eskura dagoen informazioa edo dokumentazioa eskuratu nahi dutenean.

11. artikulua. 1. Espedienteak, liburuak eta dokumentazio orokorra aztertzeko ondoko arau hauei jarraituko zaie:

a) Oro har, espedienteak edo dokumentu aurrekariak artxibo orokorrean aztertuko dira, edo zer egoitzatan dauden, hantxe bertan. Zinegotzi interesdunari jatorrizkoa edo kopia emanen zaio, hark bere bulegoan edo zinegotziendako erreserbatutako aretoetan azter dezan (espedienteak paperean badaude). Kopiak emanen dira soilik zinegotziek informazioa libreki eskura dezaketen kasuetan eta alkateak edo Tokiko Gobernu Batzarrak baimen espresa ematen duenean. Espedientea elektronikoa bada, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez ikusten edo eskuratzen ahalko da.

b) Espedienteak edo agiriak ezin izanen dira inolaz ere atera ez Udaletxetik ez tokian tokiko udal egoitza edo bulegoetatik.

c) Akta-liburuak eta ebazpen-liburuak artxiboan edo Idazkaritza Nagusian kontsultatu beharko dira, edo, jada elektronikoak badira, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez ikusten edo eskuratzen ahalko dira.

d) Bilkuretan erabili beharreko espedienteak, deialdia egiten den unetik ikusgai jartzen diren tokietan baizik ezin dira aztertu.

2. Aurreko zenbakiko a) apartatuan ezarri bezala ematen denean informazioa, eta administrazio-kontrolaren ondorioetarako, interesdunak hartu-agiria sinatu beharko du, eta espedientea edo dokumentazioa itzuli beharko du 48 orduko gehieneko epean, edo lehenago, kasuan kasuko espedientearen izapidearen beharren arabera.

3. Zinegotziek isilpean gorde behar dituzte beren eginkizunetan jardun ahal izateko ematen zaizkien informazioak, bereziki oraindik hartu gabe dauden erabakien aurrekari diren horiek. Halaber, ez dute zabalduko aztertzera ematen zaien dokumentazioa, ez jatorrizko agiririk ez kopiarik.

4. Neurriak hartuko dira zinegotzi guztiek barneko gutun ofizialetarako eta kanpotik iristen direnetarako buzoi bat izan dezaten Udaletxean.

5. Barneko informaziotzat joko dira udal langileek egindako txosten guztiak, eta ezin izanen dira inolaz ere argitaratu, non ez diren Osoko Bilkurak edo Gobernu Batzarrak aztertu beharreko erabaki proposamenaren zati, kasu horretan aktan jaso eta publikoak izanen baitira.

6. Bulego bakoitzeko arduradun ofiziala izanen da zinegotziek eskatutako informazioa emateaz arduratuko den pertsona bakarra, eta fotokopiak kontrolatu eta emanen dizkiena udalbatzako kideei, edo informaziorako sarbidea gaituko duena egoitza elektronikoaren bidez.

12. artikulua. 7/1985 Legearen 78.4 artikuluarekin bat, Udalbatzako buruak bertako kideei ezar dakizkiekeen zehapenek (bilkuretara joan ez izana ez justifikatzeagatik edo betebeharrak behin eta berriz ez betetzeagatik) ez dute banaka 50 euroko zenbatekoa gaindituko.

II. KAPITULUA

Udal taldeak

13. artikulua. 1. Zinegotziek, Udalbatzan jarduteko, taldeak osatuko dituzte, bat etorriko direnak Udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin.

2. Hautagaien zerrenda beretik hautatuak izan diren zinegotziek ez dute inolaz ere talde bereizirik osatzen ahalko.

3. Zinegotzi bakarra lortzen duen zerrendak talde mistoa sortu beharko du edo talde mistoan sartu.

4. Zinegotziak ez dira aldi berean talde batean baino gehiagotan egoten ahal.

14. artikulua. 1. Beren hauteskundeetako zerrendari dagokion taldean sartzen ez diren zinegotziek eta agintaldian zehar hasierako taldea uzten dutenek Talde Mistoa osatuko dute.

2. Udalbatzaren agintaldian zinegotziak ez dira sartzen ahalko hasierako taldean ez beste inon, Talde Mistoan ez bada.

15. artikulua. 1. Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, Udala osatu ondoko bost egun balioduneko epean Udalbatzaren Idazkaritza Orokorrean aurkeztuko dena.

2. Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke.

3. Artikulu honen 1. zenbakian finkaturiko epea bete ondoko lehen bilkuran, alkateak Osoko Bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.

16. artikulua. Udalbatza eratzeko bilkuraren ondotik zinegotzi bilakatzen direnek, zer zerrendatan hautatu diren, harexeri dagokion taldean sartu beharko dute edo, bestela, Talde Mistoan. Lehen kasuan bost egun balioduneko epea izanen dute, karguaren jabetza hartzen dutenetik, kasuan kasuko taldean sartu direla egiaztatzeko; horretarako erabiliko den idatzia alkateari zuzenduko zaio eta bozeramaileak sinatuko du.

Aurreko paragrafoan aurreikusten den taldean sartzen ez badira, besterik gabe Talde Mistoan sartuko dira.

17. artikulua. Udalaren antolaketa administratiboaren ahalbide funtzionalen neurrian, udal taldeek langela edo lokal bat izanen dute Udaletxean beren bilerak egiteko eta herritarrak hartzeko, eta alkateak baliabideen gutxieneko azpiegitura jarriko du beren eskura.

Talde politikoek Udalbatzaren lokalak erabiltzen ahalko dituzte bilerak edo lan bilkurak egiteko elkarteekin, herritarren interes kolektiboak, orokorrak edo sektorialak defendatzeko.

Alkateak edo antolaketaren eta barne araubidearen zinegotzi arduradunak udal taldeek lokalak erabiltzeko araubide zehatza ezarriko du, kontuan harturik beharrezkoa den koordinazio funtzionala eta talde bakoitzaren ordezkaritza politikoaren mailak.

Halako bilerak ezin izanen dira egin osoko bilkurak edo Gobernu Batzarraren bilkurak egiten direnean.

18. artikulua. Udal taldeek, bozeramaileak alkateari zuzenduko dion idazkiaren bidez eta erregelamendu honek kasuan-kasuan ezartzen dituen moduetan, beren ordezkariak izendatuko dituzte, udal taldeetako zinegotziek osatu beharreko kide anitzeko organo guztietarako.

III. KAPITULUA

Interesen erregistroa

19. artikulua. 1. Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoarekin bat, Udalbatzako Idazkaritza Nagusian eratzen da bertako Kideen Interesen Erregistroa.

Idazkaritza Nagusiari dagokio erregistroaren zainketa eta zuzendaritza lana.

2. Zinegotzi guztien betebeharra da legeak aipatzen dituen inguruabarren adierazpena egitea erregistroan:

a) Zinegotzi karguaren jabe egin aurretik.

b) Agintaldian aldaketak izaten direnean. Kasu horretan, aldaketa izan eta hilabeteko epean eman beharko da aldaketa horren berri.

20. artikulua. 1. Interesen adierazpena gauzatzen ahalko da dataren eta adierazlearen nortasunaren fede ematen duen edozein dokumentu motaren bidez eta, betiere, datu hauek jaso beharko dira:

a) Norberaren ondareko ondasun higigarri eta higiezinen identifikazioa, eta, hala dagokionean, horiek erregistroan duten inskripzioa eta horietako bakoitza zein egunetan eskuratu zen.

b) Merkataritzako edo industriako jarduera eta lan profesionalak, besteren konturako lanak eta diru-sarrera pribatuen beste iturri batzuk, horien esparrua eta izaera zehaztuta, baita entitate pribatuetan dituzten lanpostu edo karguak eta horien izena edo sozietate-izena ere.

c) Beste interes edo jarduera pribatu batzuk, diru-sarrerak ematerik ez badute ere, Udalbatzaren eskumenen esparrua ukitzen dutenak edo horrekin lotura dutenak.

2. Adierazpena Udalaren Osoko Bilkurak onetsitako formatu normalizatuan egiten bada, adierazleak eta idazkariak sinatuko dute, azken horrek Udaleko fede-emaile publikoa den aldetik.

21. artikulua. 1. Interesen erregistroan jasotako datuetarako sarbidea erregelamendu honen 2. artikuluan aipatzen den legediak arautzen du.

2. Nolanahi ere, interesen adierazpenak idazkariak zainduko ditu, erregelamendu honen 11.1.b) artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

3. Datuetan sartzeko nahitaezkoa izanen da legearen araberako interesdun zuzena dela frogatzea.

II. TITULUA

Udaleko organoak, osaera eta eskudantziak

I. KAPITULUA

Alkatea (Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren 40 art. eta hurr.)

22. artikulua. Alkatearen hautapena eta kargugabetzea hauteskundeen legedian xedatutakoaren arabera egiten dira, nahiz eta horrek ez duen galarazten Udalaren osoko bilkuren araubideari lotutako arauak aplikatzea.

23. artikulua. 1. Alkatea da Udalbatzaren burua, eta eskudantzia hauek ditu:

–Udalaren ordezkari izatea eta udalerrian egiten diren egintza publiko guztien buru izatea, protokoloaren erregelamenduan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

–Udal gobernua eta administrazioak zuzentzea eta, Erregelamendu Organikoaren esparruan, Udalbatzako administrazio zerbitzuak antolatzea.

–Alkateordeak izendatzea eta kargutik kentzea.

–Osoko bilkurak eta beste udal organoen bilkurak deitu eta horien buru izatea, eta berdinketak kalitateko botoarekin erabakitzea.

–Udal ordenantzak eta erregelamenduak betearaztea.

–Obrak eta zerbitzuak zuzendu, bultzatu eta ikuskatzea, horiek gauzatzeko erabakia hartua dagoenean, eta beharrezkoak diren aholku teknikoak jasotzea.

–Zerbitzu edo karga publikoak zuzen eta zorrotz bete ditzatela eskatzea horretara behartuta dauden guztiei, esate baterako estatistikak, erroldak, zentsuak, bagajeak, ostatuak eta prestazio pertsonalak eta garraiokoak.

–Hiri polizia, landakoa, osasun arlokoa, iraupenekoa, segurtasunekoa, zirkulaziokoa eta ohituren arlokoa zuzentzea, eta horretarako bandoak, aginduak edo jarraibideen zirkularrak argitaratzea.

–Fabrikak, industriak edo saltokiak eta beste era bateko establezimenduak irekitzeko lizentziak eta obra lizentziak oro har ematea, ordenantzek edo lege sektorialek eginkizun hori espresuki Osoko Bilkurari esleitzen diotenean izan ezik.

–Salmenta, errentamendu, obra, zerbitzu eta horniduretarako enkante eta lehiaketetan buru izatea, eta haiek behin betiko esleitzea, legeei jarraituz, bere eskumenen arabera.

–Eskriturak, dokumentuak eta polizak sinatzea.

–Bandoak ematea.

–Udalbatzako langile guztien goi burutza gauzatzea eta, buru zuzena den aldetik, langileriaren arloan Osoko Bilkuraren eta Estatuko Administrazioaren eskumenekoak ez diren eskudantzia guztiak eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu publikoaren urteko eskaintzaren ondoriozko deialdiak egitea Udalbatzaren Osoko Bilkurak onetsitako oinarriei jarraikiz, eta Udalbatzako karrerako funtzionario izendatzea, epaimahaiak proposaturik, probak gainditzen dituztenak.

b) Izendapen libreko lanpostuak betetzeko deialdiak eta lehiaketak ebaztea.

c) Udalbatzako lan-kontratudunak kontratatu eta lanpostutik kentzea, eta Udalbatzak lan arloko legediaren arabera onetsitako zerrendetan aurreikusi diren lan-kontratuko lanpostuak esleitzea langile horiei.

d) Bitarteko eta behin-behineko langileak izendatu eta lanpostutik kentzea, indarra duen legediak ezarritako moduan.

e) Diziplina espedienteen instrukzioa agintzea, eta langile mota guztiei ohartarazpenak egin eta prebentziozko etetea ezartzea.

f) Udalbatzako langile guztiei sariak eta zehapenak ezartzea, salbu zehapena denean zerbitzutik kentzea edo lan-kontratudunak lanpostutik kentzea.

g) Langile guztien administrazio egoeren deklarazioa egitea, baita erretiroarena ere.

–Udaltzaingoaren zuzeneko buru izatea, baita armak erabiltzen dituzten funtzionarioak izendatu eta zehatzea ere.

–Aurrekontuen proiektuak prestatzea, garaiz, Udalak ezarri den epean onetsi ahal izateko.

–Gastuak xedatzea bere eskumenaren mugen barnean eta aurrekontua gauzatzeko oinarrietan espresuki aurreikusiak, udal funtsekin egiten diren ordainketa guztiak agintzea eta diruzaintzan diru-sarrerak formalizatzea dakarten dokumentuak baimentzea.

–Udalaren kudeaketa ekonomikoa garatzea onetsitako aurrekontuaren arabera, eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egindako eragiketen kontuak ematea Udalbatzari.

–Diru-bilketako eta Diruzaintzako zerbitzuak antolatzea, Osoko Bilkurak zerbitzu horien kudeaketa moduak onesteko duen ahalmena galarazi gabe.

–Aurrekontuaren ohiko garapenari dagozkion fakturak, Kontu-hartzailetza Zerbitzuek jasotakoak, onestea.

–Presazko kasuetan ekintza judizial eta administratiboak gauzatzea, eta Osoko Bilkurari horren berri ematea egiten den lehen bilkuran.

–Agintariei eginiko desobeditzeak edo udal ordenantzei eginiko arau-hausteak zehatzea, beste organo batzuen eskudantzia denean salbu.

–Hondamendiak edo ezbehar publikoak izaten direnean edo horrelakoak gertatzeko arrisku larria dagoenean, berak hartzea behar diren neurri egokiak, eta Osoko Bilkurari berehala horren berri ematea.

–Udalaren erabakiak argitaratzea, gauzatzea eta betearaztea.

–Udalaren herri-galdeketetarako deialdia egitea, 7/1985 Legearen 71. artikuluan ezarritako moduan.

–Legeek espresuki ematen dizkioten gainerakoak eta Estatuaren edo autonomia erkidegoen legediak Udalaren beste organo batzuen eskuetan uzten ez dituenak.

2. Alkateak eskuordetu egin ditzake bere eskudantziak, 7/1985 Legearen 21.3 eta 71. artikuluetan aipatuak izan ezik, artikulu honen 1. zenbakiko 2, 4, 13, 14, 22 eta 25 zenbakietan aipatu eskudantziei baitagozkie.

3. Alkateak Udalaren zenbait jarduera alorretan aritzeko eskuordetza orokorrak egiten ahal ditu edozein zinegotziren alde, bai eta berariazko eskuordetzak ere, alor horien barreneko zenbait gai zuzendu eta kudeatzeko. Kasu horretan, eskuordetza orokorra jaso duen zinegotziak izanen du eskuordetza bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratzeko ahalmena, haren alorreko eginbeharretan ari direnean.

4. Eskuordetza orokorrak alor batekoak edo batzuetakoak edo gai zehatzetakoak izanen dira, eta bertan biltzen ahalko dira bai kasuan kasuko zerbitzuak zuzentzeko ahalmena bai oro har kudeatzekoak, hirugarrenak ukitzen dituzten administrazio egintzen bidez ebazteko ahalmena barne.

5. Eskuordetza bereziak hauek izaten ahal dira:

a) Proiektu zehatz bati buruzkoak. Kasu horretan, proiektua kudeatu edo gauzatzeko denborara mugatuko da eskuordetzaren eraginkortasuna, zeinak barne hartzen ahalko baititu alkateak eskuordetu ditzakeen ahalmen guztiak, hirugarrenak ukitzen dituzten egintzak egitekoa barne.

b) Zerbitzu zehatz bati buruzkoak, denbora mugarik gabe. Kasu horretan, eskuordetutako ahalmenetan sartzen dira kasuan kasuko zerbitzuen barne zuzendaritza eta kudeaketa.

Dena dela, hirugarrenak ukitzen dituzten administrazio egintzak egiteko ahalmena alkateari edo kasuan kasuko alorreko zinegotzi eskuordetuari dagokio soilik.

24. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aipatu eskuordetza guztiak alkatearen dekretu edo ebazpen baten bidez eginen dira, eta horrek zehaztuko ditu eskuordetzaren esparrua, eskuordetzen diren ahalmenak eta jarduteko berariazko baldintzak.

2. Alkatearen eskudantzien eskuordetzak ondorioak sortuko ditu dekretuaren dataren biharamunetik, besterik ezartzen ez bada behintzat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

3. Aurreko ataletako arauak eskuordetzen ondorengo aldaketei aplikatzekoak izanen dira.

4. Eskuordetzen eta haien aldaketen berri Osoko Bilkurari emanen zaio, horiek gertatu ondoren egiten duen lehenbiziko bilkura arruntean.

25. artikulua. 23. artikuluko 5. zenbakian xedatutakoaren arabera, alkateak eman ditzakeen eskuordetzak egokitu egin beharko dira legegintzaldi bakoitzean Udalak bere antolamenduan dituen zinegotzitzetara.

II. KAPITULUA

Alkateordeak

26. artikulua. Alkateak libreki izendatu eta kargutik kenduko ditu alkateordeak.

Alkatearen ebazpen baten bidez eginen dira izendapenak eta kargu-uzteak, eta horren berri Osoko Bilkurari emanen zaio egiten duen lehenbiziko bilkuran; gainera, izendatuei pertsonalki jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta alkateak ebazpena sinatu eta biharamunetik hasita izanen du indarra, besterik ezartzen ez bada.

Alkateordeen kopurua ez da izanen Udalbatzako legezko kide-kopuruaren herena baino handiagoa.

Alkateordearen izaera galduko da, kargutik kentzeaz gain, idatziz berariaz uko egiten bazaio.

27. artikulua. Alkateordeei dagokie alkatea haren egiteko guztietan ordezkatzea, izendapenaren araberako hurrenkeran, hura kanpoan, eri edo bere eginkizunetan aritzeko ezindua dagoenean, edo Alkatetza hutsik gelditzen denean, harik eta alkate berria bere karguaz jabetzen den arte. Halaber, alkatea ordezten ahalko dute organo deskontzentratuen burutzan, arauek edo estatutuek horixe jasotzen dutenean.

Kanpoan, eri edo bere eginkizunetan aritzeko ezindua dagoenean, alkatearen eginkizunak ezin izanen ditu hartu dagokion alkateordeak eskuordetza espresurik gabe. Eskuordetza horrek 24. artikuluaren 1. eta 2. baldintzak bete beharko ditu.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Alkatea udal mugapetik kanpora 24 ordu baino gehiago badago eskuordetzarik egin gabe, edo ustekabeko arrazoiren batengatik ezin izan badu eman, dagokion alkateordeak ordezkatuko du eginkizun guztietan, eta horren berri eman behar zaio Udalbatzaren gainerakoari.

Era berean, bilkuretako aztergairen bati buruz esku hartu behar ez duenean, dagokion alkateordeak zuzenean ordeztuko du bilkurako burutzan.

28. artikulua. Alkatea kanpoan edo eri dagoelako ordeztu behar denean, haren eginkizunak hartzen dituen alkateordeak ezin izanen ditu ezeztatu alkateak erregelamendu honen 23. artikuluan ezarritakoaren arabera emandako eskuordetzak.

III. KAPITULUA

Osoko Bilkura

29. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute eta bertan alkateak egiten du buru.

30. artikulua. Osoko Bilkurari eskudantzia hauek dagozkio:

1. Alkatea hautatu eta kargutik kentzea, hauteskundeen legedian ezarritako arauei jarraikiz.

2. Udalaren gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzea.

3. Erregelamendu organikoa, ordenantzak eta gainerako xedapen orokorrak, Udalaren eskumenekoak, onestea.

4. Udalez gaindiko erakundeetan parte hartzeari buruzko erabakiak; udal-mugartearen aldaketak; udalerrien sorrera eta ezabaketa; organo deskontzentratuak sortzea; Udalerriko hiriburutza aldatzea, eta horren edo entitate haien izena aldatzea, eta bandera, bereizgarria edo armarria hartu edo aldatzea.

5. Erakundeko lanpostuen zerrenda eta plantilla organikoa onestea, Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen arauei jarraikiz, eta behin-behineko langileen kopurua eta ezaugarriak zehaztea, bai eta enplegu publikoaren urteko eskaintza onestea ere.

6. Ordainsari osagarrien zenbateko orokorra finkatzea, gehieneko eta gutxieneko mugen barnean eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 93. artikulua garatzen duten Estatuko arauetan ezarritako gainerako manuen arabera.

7. Langileak hautatzeko proben oinarriak onestea, Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen erregelamenduzko arauei jarraikiz.

8. Lanpostuak betetzeko lehiaketen oinarriak onestea, Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen oinarrizko arauei jarraikiz.

9. Toki-erakundearen zerbitzuko langileek sektore publikoko bigarren lanpostu edo jarduera baterako izan dezaketen bateragarritasuna baimendu edo ukatzea, eta ebazpen arrazoitua ematea, bateragarritasuna onartuz edo langile horiek toki-erakundeko jardueretan aritzeko bateraezintasuna dutela deklaratuz, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 28ko 53/1984 Legearen 9. eta 14. artikuluekin bat.

10. Nafarroan indarra duen araudiak diziplina araubidearen arloan ematen dizkion eskumenak.

11. Zerga arloko baliabideak zehaztea, aurrekontuak onetsi eta aldatzea, bere eskumeneko gaietako gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

12. Kreditu edo bermeko eragiketak erabakitzea eta kitak zein itxaronaldiak ematea, baita kredituak judizioz kanpo onartzea ere.

13. Udalerriko ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzea, horren bidezkotasuna eta legezkotasuna frogatzen dituen espedientea izan ondoren.

14. Ondasunak eskuratzea eta horien gaineko transakzioa, baita besterentzea edo xedapeneko beste edozein egintza ere, barnean direla beste administrazio edo erakunde publiko batzuei eta irabazi asmorik gabeko interes publikoko erakunde pribatuei egiten zaien doaneko lagapena.

15. Ondasunen erabilera eman, errentan eman edo lagatzea bost urterako baina denbora gehiagorako, betiere horren zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10etik gorakoa bada.

16. Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua eta ondasun horien aprobetxamenduaren lagapena arautzea.

17. Egintza administratibo eta judizialak eta defentsa gauzatzea Udalaren kontra irekitako prozeduretan.

18. Eskumen-gatazka planteatzea beste toki entitate batzuei eta gainerako administrazio publikoei dagokienez.

19. Beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen eskuordetza onartzea.

20. Hirigintzako legedian aurreikusitako planak eta antolamendu eta kudeaketako gainerako tresnak onestea.

21. Udalekotzeko espedienteak eta zerbitzuak kudeatzeko modua onestea.

22. Obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzea, horien iraupena urtebetetik gorakoa denean edo erakundearen urteko aurrekontuan esleitutako kredituak baino handiagoak eskatzen dituztenean, eta Udalbatzaren kontratuek bete beharreko baldintza orokorren agiriak onestea.

23. Alkatearen zentsura mozioari buruzko bozketa, hauteskundeen legedia orokorrean xedatutakoaren araberakoa.

24. Obra proiektuak onestea, horren exekuzioaren kontratazioa bere eskumenekoa denean, aurreko atalean xedatutakoaren arabera.

25. Dominak, ikurrak, kondekorazioak edo ohorezko beste bereizgarri batzuk ematea, eta seme edo alaba kutunen edo ohorezkoen tituluak edo Udalbatzako ohorezko kideen tituluak ematea.

26. Osoko Bilkurari dagozkion beste batzuk, gehiengo berezia behar delako onespena emateko, 7/1985 Legearen 47. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta legeek berariaz esleitutako gainerakoak.

31. artikulua. 1. Osoko Bilkurak bere eskudantzietako edozein utz dezake alkatearen esku, osorik edo hein batean, 7/1985 Legearen 23.2.b) artikuluan aipatutakoak izan ezik.

2. Osoko Bilkurak eskuordetza egiteko hartzen duen erabakia gehiengo soilaren bidezkoa izanen da, Foru Komunitateko toki araubideari buruzko legeek bestelakorik ez badiote, eta erabaki egunaren ondorengoan hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea galarazi gabe. Erabaki horien ondorengo aldaketei ere aplikatuko zaizkie arau hauek.

3. Eskuordetzarako erabakian honako xehetasun hauek agertuko dira: zer gairi buruzkoa den, eskuordetzen diren ahalmen zehatzak eta horiek gauzatzeko berariazko baldintzak.

4. Osoko Bilkurak finantzen kudeaketaren arloan egiten dituen eskuordetzak aurrekontua gauzatzeko oinarrien bidez ere egiten ahalko dira.

Osoko Bilkurak beste organo batzuk kontrolatu eta fiskalizatzea

32. artikulua. Osoko Bilkurak kide anitzeko gainerako organoen jarduketa kontrolatu eta fiskalizatu behar duenean, baliabide hauek erabiliko ditu:

a) Eskuordetza duten udalkideak agertzeko eta informazio emateko eskatzea.

b) Alkatearen aurkako zentsura mozioa

IV. KAPITULUA

Informazio batzordeak

33. artikulua. Informazio Batzordeak, zinegotziez soilik osatuak, ebazpenak emateko eskudantziarik gabeko organoak dira, eta beren eginkizuna da Osoko Bilkuraren mende jartzen diren gaiak aztertzea, kontsultatzea edo horien gaineko txostena egitea, premiazkotzat jotzen diren erabakiak hartu behar direnean izan ezik.

Kasuan kasuko Informazio Batzordearen irizpena aginduzkoa da, premiazko kasuetan izan ezik, erregelamendu honetan xedatutakoari jarraituko baitzaio horrelakoetan.

34. artikulua. Informazio Batzordeak iraunkorrak edo bereziak izan daitezke.

Informazio Batzorde iraunkorrak dira izaera orokorrez eratzen direnak, beren artean banatuz Osoko Bilkuraren mende jarri beharreko gaiak. Osoko bilkuran erabakiko da, alkateak proposaturik, horien hasierako izena eta kopurua, bai eta Udalbatzaren agintaldian haietan izandako edozein aldaketa ere.

Informazio Batzorde bereziak dira Osoko Bilkuraren erabakiz gai zehatz baterako eratzen direnak, gaiaren edozein motatako ezaugarri bereziak kontuan harturik.

Delako gaiari buruzko irizpena eta txostena eman ondoren automatikoki desegiten dira batzorde horiek, Osoko Bilkurak horiek sortzeko hartutako erabakian bestelakorik ezarri ezean.

35. artikulua. Informazio Batzordeak sortzeko erabakian zehaztuko da haien osaera zehatza, honako arau hauek kontuan harturik:

a) Alkatea da batzorde guztien berezko burua; dena den, edozein zinegotziri eskuordetzen ahal dio benetako burutza.

b) Batzorde bakoitzaren osaera bat etorriko da Udalean ordezkariak dituzten talde politikoen arteko proportzionaltasunarekin. Talde guztiek eskubidea izanen dute batzorde bakoitzean ordezkatuak egoteko, erregelamendu honen I. tituluko II. kapituluan xedatutakoarekin bat.

c) Talde bakoitza ordezkatuz Batzordean parte hartu behar duten zinegotzien atxikipen zehatza taldearen bozeramailearen idazki baten bidez eginen da; idazki hori alkateari igorriko zaio eta Osoko Bilkurari ere emanen zaio horren berri. Titular bakoitzeko ordezko bat ere izendatzen ahal da.

36. artikulua. Informazio Batzordeen irizpenak aginduzkoak dira baina ez lotesleak.

Presazko kasuetan, Osoko Bilkurak zilegi izanen du kasuan kasuko Informazio Batzordearen irizpenik ez duten gaiei buruzko erabakiak hartzea, baina, kasu horietan, hartutako erabakiaren berri eman beharko zaio Informazio Batzordeari egiten duen lehen bilkuran. Informazio Batzordeko kideetako edozeinek proposaturik, hurrengo Osoko Bilkurako gai-zerrendan sartu beharko da delako gaia, erabakitako presari buruz eztabaidatzeko, kontrolerako eta fiskalizaziorako dituen eskundatziak erabiliz.

V. KAPITULUA

Zinegotzi ordezkariak

37. artikulua. Zinegotzi ordezkariak dira alkatearen eskudantzietakoren bat eskuordetuta dutenak, erregelamendu honen 23. artikuluko 4., 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako moduan.

38. artikulua. Zinegotzi ordezkariek eskuordetzeko dekretuan zehazten diren eskudantziak izanen dituzte, eta horretan aurreikusitakoari jarraikiz gauzatuko dira, 23. artikuluan eta han bildutako arauen esparruan ageri diren kasuen arabera.

Eskuordetzeko erabakia edo ebazpena jarduerako gai edo sektore bati buruzkoa bada oro har, ahalmenak zehaztu gabe, ulertuko da barnean sartzen direla eskuordetutako gaiari buruzko ahalmen, eskubide eta betebehar guztiak, eskudantziak jatorriz esleituak dituen organoari dagozkionak; salbuespen bakarra, 7/1985 Legearen arabera eskuordetu ezin direnak.

39. artikulua. Arrazoi hauek direla medio utziko zaio zinegotzi ordezkari izateari:

a) Espresuki uko egiteagatik; uko hori alkatearen aurrean formalizatuko da idatziz, eta ez du ondoriorik izanen alkateak onartu arte.

b) Alkateak onartutako eskuordetza ezeztatzeagatik, hura emateko aurreikusitako formalitate berberekin.

VI. KAPITULUA

Zinegotzi arduradunak

40. artikulua. Zinegotzi arduradunak dira Udaleko nahitaezko organoen erabakien mende jarri behar diren gaiak ezagutzeko, aztertzeko eta informatzeko ardura dutenak, Alkatetzak hala esleituta.

Horien kopurua eta ardura zehatza, baita Udalbatzaren agintaldian izaten dituzten aldaketak ere, erabakiko dira alkatearen ebazpen bidez, eta ahalegindu beharko da, ahal den neurrian, Udalbatzako zerbitzuen barreneko alorren kopuruarekin eta izenarekin bat etortzen.

Zinegotzi arduradunak izendatuko dira kontuan hartuz erregelamendu honetako I. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituz eratutako talde guztien parte-hartzea, eta Udaleko taldeen arteko proportzionaltasunari jarraituko zaio.

Udaleko Osoko Bilkurari horren guztiaren berri eman beharko zaio.

VII. KAPITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

41. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia, nahitaez izan beharrekoa 7/1985 Legearen 116. artikuluaren arabera, Informazio Batzorde berezi bat da, eta erregelamendu honen 35. artikuluko arauei jarraikiz osatzen da. Batzorde horren eraketa eta funtzionamendua bat etorriko dira gainerako Informazio Batzordeentzat ezarritakoarekin.

42. artikulua. Kontuen azterketa, ikerketa eta txostena egitea dagokio Kontuen Batzorde Bereziari.

VIII. KAPITULUA

Kontseilu Sektorialak

43. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak erabaki dezake kontseilu sektorialak ezartzea, herritarrek udal gaietan izan beharreko parte-hartzea bideratu ahal izateko. Kontseilu sektorialen eginkizuna soil-soilik txosten lanak egitea da eta, hala behar bada, proposamenak aurkeztea, betiere kontseilu bakoitzari dagokion jarduera sektoreari buruzko udal ekimenen inguruan.

44. artikulua. 1. Kontseilu sektorialen osaera, antolaketa eta jarduketa esparrua eta funtzionamendu araubidea Osoko Bilkuraren kasuan kasuko erabakian ezarriko dira.

2. Edonola ere, kontseilu bakoitzak zinegotzi bat izanen du buru, alkateak askatasun osoz izendatu eta kargutik kenduko duena, eta kontseiluaren eta Udalaren arteko lotura lana eginen du.

IX. KAPITULUA

Kudeaketa deskontzentratu eta deszentralizatuko beste organo batzuk

45. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak organo deskontzentratuak eta entitate deszentralizatuak, berezko nortasun juridikodunak, ezar ditzake, komenigarria denean arrazoi hauengatik: kudeaketa eraginkorragoa izan beharra, haren konplexutasuna, prozedurak arintzea, finantziazioa handitu edo hobetzeko aukera izatea edo zerbitzuak emateko jardueran herritarren parte-hartze handiagoa lortzeko komenigarritasuna.

46. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu organoen eta entitateen ezarpena izanen da toki araubideko legedian zerbitzuak kudeatzeko moduari buruz xedatutakoaren araberakoa eta, betiere, antolaketa-ekonomiaren printzipioan oinarrituko da, zerbitzuak ongi emateko behar den kopururik txikiena ezarri ahal izateko.

X. KAPITULUA

Tokiko Gobernu Batzarra

47. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren sorrera eta funtzionamendua izanen da indarrean dagoen legediaren eta Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren araberakoa.

III. TITULUA

Udal organoen funtzionamendu araubidea

I. KAPITULUA

Osoko Bilkuraren funtzionamendua

LEHEN ATALA

Bilkurak

48. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak Udaletxean eginen ditu bilkurak, ezinbesteko kasuetan izan ezik, zeren halakoetan beste eraikin edo lokal bat gaitzen ahalko baita bilkura egiteko, alkateak aurretiaz eman eta zinegotzi guztiei jakinaraziko zaien ebazpen baten edo deialdiaren bidez.

Gorabehera hori gertatuz gero, aktan jasoko da.

49. artikulua. Osoko bilkurak hiru motatakoak izan daitezke:

a) Ohikoak.

b) Bereziak.

c) Berezi eta presakoak.

50. artikulua. 1. Ohiko bilkurak dira aldizkakotasuna ezarria dutenak. Aldizkakotasun hori Osoko Bilkurak bilkura berezian hartutako erabakiaren bidez finkatuko da. Bilkura berezi horretarako deia alkateak eginen du, Udala eratzeko bilkura egin eta hogeita hamar eguneko epean, eta ezin izanen du gainditu 7/1985 Legearen 46.2.a) artikuluak aipatzen duen hiruhileko muga.

2. Bilkura bereziak dira alkateak halakotzat deitzen dituenak bere ekimenez edo Udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskaturik. Eskaera hori idatziz egin beharko da, gaia edo gaiak arrazoiturik, eta bultzatzen duten zinegotzi guztiek pertsonalki sinaturik. Idazkian sartutako gaien zerrendak ez du ezerezean uzten alkateak gai-zerrendako puntuak zehazteko duen ahalmena, nahiz eta proposatutako gaietakoren bat ateraz gero arrazoiak eman beharko diren.

Udalbatzako kideek eskaturik egiten denean bilkura berezirako deialdia, eskaeraren ondoko lau eguneko epean egin beharko da deialdi hori, eta idazkia Erregistro Orokorrean sartzen denetik gehienez ere bi hilabeteko epearen barnean eginen da bilkura.

Berariazko edo ustezko ezetzaren aurka errekurtsoak aurkezten ahalko dituzte interesdunek.

3. Bilkura berezi eta presazkoak dira alkateak deitzen dituenak, gaiaren edo gaien presa dela-eta ezin denean bilkura berezirako deia egin gutxienez bi egun baliodun lehenago, 7/1985 Legeak eskatzen duen moduan.

Kasu horretan, gai-zerrendako lehen puntua izanen da Osoko Bilkurak presari buruz hartzen duen erabakia. Osoko Bilkurak presarik ikusten ez badu, amaitu eginen da bilera jarraian.

51. artikulua. Bilkura oro, ohikoa nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko. Gai-zerrendako gai guztiak eztabaidatu eta ebatzi gabe bukatzen bada, buruak zilegi izanen du bilkura amaitzea. Halakoetan, eztabaidatu gabeko gaiak hurrengo bilkurako gai-zerrendan sartu beharko dira.

52. artikulua. Zinegotzi guztiek osoko bilkura guztietara joateko betebeharra dute. Bilkuretara joan ez eta behar bezala arrazoitzen ez bada, erregelamendu honen 12. artikuluan aurreikusitako zehapenak ezartzen ahalko ditu alkateak, 7/1985 Legearen 78.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

53. artikulua. 1. Osoko Bilkuraren eraketak balioa izan dezan, Udalbatzako kideen legezko kopuruaren herenak bertan egon behar du. Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori. Edonola ere, nahitaez agertu beharko dute Udalbatzako buruak eta idazkariak, edo haiek legez ordezten dituztenek.

2. Lehen deialdian behar den quorumik ez badago, aurreko zenbakian xedatutako moduan, besterik gabe deialdia egintzat joko da, bilkura bi egunen buruan ordu berean egiteko. Orduan ere quorumik lortzen ez bada, buruak deialdia indarrik gabe utziko du eta gai-zerrendako aztergaiak hurrengo bilkurarako utziko ditu, hura ohikoa edo berezia izan.

54. artikulua. Osoko bilkurak jendaurrekoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea uki dezaketen gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.

BIGARREN ATALA

Deialdia eta gai-zerrenda

55. artikulua. Alkateari dagokio, Osoko Bilkurako buru den aldetik, bilkura horietarako guztietarako dei egitea. Bilkura berezietarako deialdiak arrazoitua izan behar du.

Deialdiaren eta bilkuraren artean gutxienez bi egun baliodun utzi beharko dira, bilkura berezi presazkoen kasuan izan ezik.

Zinegotziei jakinaraziko zaizkie, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, deialdia, gai-zerrenda eta aurreko bilkuretako behin-behineko aktak, bilkuran onetsi beharrekoak.

56. artikulua. Bilkuretako gai-zerrenda alkateak finkatuko du eta, horretarako, idazkariaren eta Gobernu Batzarreko kideen laguntza eska dezake, eta, bidezkoa iruditzen bazaio, taldeetako bozeramaileei kontsultatu. Gai-zerrendan soil-soilik sar daitezke aldez aurretik kasuan kasuko batzordearen irizpena, txostena edo kontsulta duten gaiak, eta presagatik buruak agintzen dituenak, bai bere ekimenez bai bozeramaileren batek proposaturik, nahiz eta aldez aurretik batzorde baten irizpenik ez izan. Kasu horietan ezin izanen da erabakirik hartu Osoko Bilkurak ez badu berresten delako gaia gai-zerrendan sartzea.

Ohiko bilkuretako gai-zerrendan galderen eta eskaeren atala sartuko da beti, eta jorratu eginen da, deialdian alboratu arren.

Baliogabeak izanen dira deialdian sartu gabeko gaiei buruz bilkura berezietan hartutako erabakiak, bai eta gai-zerrendan sartu gabeko gaiei buruz ohiko bilkuretan hartzen direnak ere, non ez duen kasuan kasuko organoak presakotzat jotzen aldez aurretik, 7/1985 Legearen 47.3 artikuluan aurreikusitako gehiengoaren aldeko botoarekin.

57. artikulua. Gai-zerrendan sartutako gaien dokumentu guztiak, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarri izan behar dutenez, zinegotzien eskura egonen dira, deialdiaren egun beretik, horretarako gaitutako plataforma elektronikoaren bidez.

HIRUGARREN ATALA

Eztabaidak

58. artikulua. Zinegotziak udal taldeen atxikipenaren arabera eseriko dira bilkura aretoan. Alkateak zehaztuko du taldeak non kokatuko diren, bozeramaileei entzun ondoren, eta lehentasuna izanen du boto gehien lortu dituen zerrendako zinegotziek osatzen duten taldeak. Betiere, boto ematea eta bilketa erraz egiteko moduan kokatuko dira kideak.

59. artikulua. Bilkurei hasiera emateko, buruak galdetuko du ea zinegotziren batek oharren bat egin behar dien aurreko bilkuretako aktei, hots, deialdiarekin batera banatuei. Oharrik egiten ez bada, onetsitzat joko dira. Oharrik bada, eztabaidatu eta bidezkoak diren zuzenketak eginen dira.

Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitatezko hutsak baino ezin izanen dira zuzendu.

Akta bakoitzean aurrekoaren irakurketa eta onespena aipatzean, egindako ohar eta zuzenketak agerraraziko dira.

Gai-zerrendako hurrenkeraren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira gaiak.

Hori hala izanik ere, buruak gaien hurrenkera aldatzen ahalko du, edo gai bat kendu onespenerako gehiengo berezia behar denean eta gehiengo hori ezin denean lortu gai-zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean.

60. artikulua. 1. Edozein zinegotzik eztabaida aldian eska dezake gai-zerrendako espedienteren bat kentzeko, dokumentuak edo txostenak gehi dakizkion, bai eta espedientea mahai gainean geldi dadila ere, horren gaineko eztabaida hurrengo bilkuran egiteko. Bi kasuetan, eskaerari buruzko bozketa eginen da, eztabaida bukatu eta gaiaren funtsari buruzko bozketa egin aurretik. Gehiengo soilak eskaeraren aldeko botoa ematen badu, ez da erabaki proposamenaren gaineko bozketa egin beharko.

2. Deialdiko zerrendan sartu gabeko gaiak direnean eta horiek Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren aginduzko txostena behar dutenean, eta horiek berehala ematerik ez dagoenean, buruari eskatu beharko zaio azterketa geroratu eta mahaian utz dezala hurrengo bilkurara arte.

Eskaera hori aintzat hartzen ez denean, idazkariak espresuki agerraraziko du aktan.

61. artikulua. Ohiko bilkuretan, gai-zerrendako gaien azterketa bukatu eta galderen eta erantzunen txandara pasatu aurretik, buruak galdetuko du ea talde politikoren batek nahi duen Osoko Bilkurak aztertzea presa dela-eta deialdiko gai-zerrendan sartuta ez dagoen gairen bat, galderen eta eskaeren atalean sartzen ez dena.

Hala bada, talde proposatzaileko bozeramaileak soil-soilik mozioaren presa justifikatuko du, eztabaidatu beharreko testua irakurri gabe eta gaiaren funtsa aztertu gabe. Bozeramaileak minutu 1 izanen du justifikazio horretarako. Ondoren, Osoko Bilkurak horren gaineko eztabaidaren bidezkotasunari buruzko bozketa eginen du.

Bozketaren emaitza aldekoa bada, prozedura honi jarraituko zaio:

–Proposamena egin duen taldeko bozeramaileak, txanda bakar batean, mozioa irakurriko du eta haren funtsa azalduko du, gehienez ere 2 minutuz.

–Gainerako taldeek, egoki baderitzote, ordezkaritza txikienetik handienera parte hartuko dute, gehienez 2 minutuz.

–Parte-hartzeak bukatu ondoren, proposatutako mozioa bozkatuko da.

Atal honetan xedatutakoa ez zaio zentsura mozioari aplikatuko, hauteskundeen legedian xedatutakoari jarraituko baitio.

62. artikulua. Gai-zerrendako puntu bakoitzari dagokionez, lehenik kasuan kasuko Batzordeak emandako irizpena irakurriko du idazkariak, osorik edo zati bat, edo, batzorde horren irizpena ez duen presako gai bat bada, Osoko Bilkuraren mende jartzen den proposamena irakurriko du. Edozein talderen eskariz, Batzordearen txosten edo irizpeneko edo espedienteko hainbat zati osorik irakurriko dira, hobeki ulertzeko komenigarria dela uste bada.

Irakurri ondoren inork hitza eskatzen ez badu, bertaratuen aho bateko adostasunez onetsiko da gaia.

63. artikulua. Eztabaida bultzatzen bada, buruak antolatuko ditu parte-hartzeak, arau hauei jarraikiz:

a) Buruak baimentzen duenean soilik hartzen ahalko da hitza.

b) Eztabaida hasteko, gaia ezagutzeko ardura duen zinegotziak proposamena azaldu eta justifikatuko du.

c) Horren ondoren, taldeak, ordezkaritza txikienetik handienera bitarte, lehen txandaz baliatzen ahal dira, gehienez ere hiru minutuz. Parte-hartze guztiek ezarritako iraupena izan dezatela zainduko du buruak.

d) Parte-hartzeren batean bera aipatzen dutela uste duenak aipamenen txanda eska diezaioke buruari; txanda hori laburra eta zehatza izanen da, gehienez ere bi minutukoa.

e) Talderen batek eskatzen badu, bigarren txanda bat ezarriko da, talde bakoitzeko minutu batekoa, talde txikienetik handienera. Txanda hori agortutakoan amaitutzat jotzen ahal du eztabaida buruak, eta zinegotzi txostengilearen parte-hartzearekin itxiko da, non bere proposamena berretsi edo aldatuko duen, laburki.

f) Onartuko diren parte-hartze bakarrak izanen dira buruak egiten dituenak ordena ezartzeko edo eztabaidako gaiari lotzeko.

64. artikulua. 1. Zinegotziek eztabaidaren edozein unetan eska dezakete hitza, zerrendako gai bat planteatzeko, aplikatu nahi duten araua argudiatuz horretarako. Buruak bidezkoa dena ebatziko du, eta arrazoi horrengatik ez da eztabaidarik sortuko.

2. Idazkariak buruak eskatzen dionean esku hartzen ahalko du, aholku teknikoak emateko edo kontzeptuak argitzeko. Idazkariak uste badu eztabaidako gairen batean legezkotasunari buruzko zalantzak daudela edo aurrekontuko ondorioak dituela eztabaidatutako gaiak, hitza eskatzen ahalko dio buruari, Udalbatzari aholku emateko.

65. artikulua. Bilkuran zehar, buruak etenak erabakitzen ahal ditu zentzuzko erabakimenez, taldeek bereizirik egin ditzaten gaiari buruzko eztabaidak edo eztabaidetan atseden hartzeko.

66. artikulua. 1. Buruak ohartarazpena egin diezaioke zinegotziari, honelakoetan:

a) Baldin eta Udalbatzaren, bertako kideen edo beste edozein pertsona edo entitateren izen onarentzat iraingarriak diren hitzak esaten baditu edo iritziak adierazten baditu.

b) Bilkuretako ordena hausten badu, etenaldiak eraginez edo beste edozein modutara.

c) Hitza erabili nahi izanez gero, hura eman ez zaionean edo kendu ondoren.

Bilkura batean hiru ohartarazpen eginik, eta bigarrenean adierazten bazaio hirugarrenak zer ondorio izanen duen, buruak zinegotziari agintzen ahal dio bilkuren aretotik irten dadila, eta kanporatzea gauzatzeko bidezkoak iruditzen zaizkion neurriak hartzen ahal ditu.

2. Buruak, Udalaren jendaurreko bilkuretan, zainduko du jendartean ordena izan dadila, eta zilegi izanen du kanporatzea ordena nahasten dutenak, behar den jendetasunik ez dutenak edo adostasuna zein desadostasuna adierazten dutenak.

67. artikulua. 7/1985 Legearen 76. artikuluan ezarritakoarekin bat, Udalbatzako kideren batek ez badu parte hartu behar eztabaidan eta bozketan, aretotik irten beharko du gaia eztabaidatzen eta bozkatzen denean, Udalbatzako kide gisa duen jarduketa eztabaidatzen denean izan ezik, orduan bertan egoteko eta bere burua defendatzeko eskubidea izanen baitu.

68. artikulua. Bilkurak egiteari begira eta Udalbatzako kideen parte-hartzeak definitzeko, hona hemen zehaztasun batzuk:

1. Irizpena: Osoko Bilkurari aurkezten zaion proposamena, dagokion informazio batzordeak espedientea aztertu ondoren. Azalpen zati bat du eta hartu beharreko erabakia.

2. Proposamena: Gai-zerrendan sartutako gai bati buruzko proposamena, Osoko Bilkurari aurkezten zaiona, erregelamendu honen artikuluan xedatutakoaren arabera. Azalpen zati bat edo justifikazioa izanen du eta hartu beharreko erabakia. Ez da bidezkoa proposamen bat eztabaidatu edo bozkatzea, aldez aurretik berretsi ez bada hura gai-zerrendan sartzea, 56. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Mozioa Osoko Bilkurari zuzenean ezagutarazten zaion proposamena, erregelamendu honen 61. artikuluan ezarritakoarekin bat. Idatziz edo ahoz egin daiteke.

4. Boto partikularra: Irizpen bat aldatzeko proposamena, Informazio Batzordeko kide batek aurkeztua. Irizpenarekin batera joan behar du, Batzordeak onetsi eta biharamunetik.

5. Zuzenketa: Irizpen edo proposamen bat aldatzeko proposamena, edozein kidek aurkeztua, buruari aurkeztutako idazki baten bidez egina, gaiaren eztabaida hasi aurretik.

6. Eskaera: Jarduketa proposamen bat egitea, Udaleko gobernu organoetako bati zuzendua. Osoko Bilkuraren barnean egiten diren eskaerak eztabaida daitezke, baina ez da inolaz ere horiei buruzko bozketarik eginen. Eskaerak egin ditzakete Udalbatzako kide guztiek, edo udal talde guztiek, beren bozeramaileen bitartez. Eskaerak ahoz edo idatziz egin daitezke, eta normalean hurrengo bilkuran eztabaidatuko dira, nahiz eta aurkezten diren bilkura berean ere eztabaidatzen ahalko diren, alkateak egoki ikusten badu.

7. Galdera: Osoko Bilkuraren barnean gobernu organoei planteatutako edozein gai. Galderak egin ditzakete Udalbatzako kide guztiek, edo udal talde guztiek, beren bozeramaileen bitartez.

Bilkura batean ahoz egiten diren galderak oro har hurrengo bilkuran erantzunen ditu hartzaileak, nahiz eta zilegi izanen den galdera hartu duenak berehala erantzutea.

Hogeita lau ordu lehenago egiten diren idatzizko galderei oro har bilkuran emanen zaie erantzuna, edo hurrengo bilkuran, berriz, behar bezala frogatutako arrazoiak izaten direnean.

LAUGARREN ATALA

Bozketak

69. artikulua. Gai bati buruzko eztabaida bukatutakoan, bozketa eginen da. Bozketa hasi baino lehen, buruak argi eta zehatz adieraziko ditu bozketaren baldintzak eta botoa emateko modua.

70. artikulua. Bozketak arruntak, izendunak eta isilpekoak izan daitezke.

Bozketa arruntak baiezko, ezezko edo abstentzioko zeinu konbentzionalen bidez egiten direnak dira.

Bozketa izendunak, berriz, deituren alfabetozko hurrenkeran deituta egiten dira, eta azkena burua izan ohi da beti; zinegotzi bakoitzak, deitzen dutenean, ozenki esaten du bai, ez edo abstenitu egiten naiz.

Isilpekoak boto-paperez egiten dira, eta Udalbatzako kide bakoitzak hautetsontzi edo poltsa batean uzten ditu; pertsonak hautatzeko edo kargutik kentzeko soilik erabiltzen ahal da modu hau.

71. artikulua. Zinegotziek botoa eskuordetzeko kasuak.

Orkoiengo Udaleko zinegotziek honako kasu hauetan eskuordetzen ahal dute beren botoa:

a) Bere amatasunaren kariaz bilkuretara joan ezin den zinegotziak bere botoa beste zinegotzi baten esku utz dezake, amatasun bajak iraun bitartean. Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen botoa eskuordetzeko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak behar bezala ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaterik ez duen zinegotziak bere botoa beste zinegotzi baten esku uzten ahalko du.

c) Baja medikoa frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasota.

d) Osoko bilkuretan baizik ez da posible izanen botoa eskuordetzea, inoiz ez batzordeetan, lan bileretan edo bozketa behar duten bestelako egoeretan.

e) Zinegotzi batek ez du inoiz izanen boto bat baino gehiago bere esku utzia.

f) Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

g) Botoa eskuordetzeko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

72. artikulua. Bozketa hasitakoan ezin izanen da eten, arrazoia edozein delarik ere. Bozketa egiten ari dela, buruak ez du hitza emanen eta Udalbatzako inor ezin izanen da sartu edo irten bilkuren aretotik.

73. artikulua. 1. Bozketa arrunta izanen da ohiko bozketa sistema.

2. Bozketa izenduna egiteko, udal talde batek eskaera egin beharko du eta Osoko Bilkurak gehiengo soilez onetsi bozketa arruntaren bidez.

3. Isilpeko bozketa soilik erabiliko da pertsonak hautatzeko eta kargutik kentzeko.

4. Bozketa arrunta eginez gero, edozein zinegotzik eskatzen ahal du aktan jaso dadila zer nolako botoa eman duen, hartutako erabakiak inpugnatzeko legitimazioaren ondorioetarako.

5. Bozketa arrunta amaitutakoan, buruak adieraziko du zer erabaki den.

6. Bozketa izenduna bukatu eta berehala, idazkariak eman diren botoak zenbatuko ditu eta ozenki adieraziko du emaitza; hori ikusirik, hartutako erabakia aldarrikatuko du buruak.

7. Botoa baiezkoa edo ezezkoa izan daiteke, eta Udalbatzako kideek zilegi dute abstenitzea ere. Bozketaren ondorioetarako, ulertuko da abstenitu egin direla gaiaren eztabaida hasi ondoren bilkura aretotik irten diren Udalbatzako kideak, bozketaren unean bertan ez badaude. Bilkura aretora bozketa egin baino lehen itzultzen badira, bozketan parte hartzen ahalko dute, noski.

74. artikulua. Onetsitzat joko da bertaratuen gehiengo soilak bozkatzen duena, legeak gehiengo berezia eskatzen duenean izan ezik, halakoetan eskatu den gehiengoa lortzen bada soilik onetsiko baita proposamena, eta baztertu eginen baita lortu ezean.

Gehiengo soila dago bertaratutako Udalbatzako kideen boto gehiago dagoenean, alde batean edo bestean.

Berdinketa izanez gero beste bozketa bat eginen da eta, berdinduta jarraituz gero, buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

75. artikulua. Erabakia aldarrikaturik, eztabaidan esku hartu ez duten taldeek edo eztabaidaren ondoren botoa aldatu dutenek zilegi izanen dute botoa azaltzeko txanda eskatzea buruari. Horretarako, talde bakoitzak minutu bat izanen du gehienez.

76. artikulua. Alkatearen aurkako zentsura mozioa hauteskundeen legedi orokorrean xedatutakoarekin bat etorriko da.

Eztabaida eta prozedurako gainerako alderdiak erregelamendu honen bidez arautzen dira.

Zentsura mozioen eztabaidak eta bozketak arau hauek beteko dituzte:

1. Zentsura mozioari buruzko eztabaida eta bozketa berariaz deitutako bilkura berezi batean eginen dira.

Mozioa aurkezten denetik bilkura berezia egin bitarte zazpi egun utziko dira gutxienez. Deialdiari ezetza ematen bazaio arrazoitu egin beharko da, eta horren oinarri bakarra izanen da mozioak ez betetzea Hauteskundeen Araubideari buruzko 5/1985 Lege Organikoan ezarritako baldintzak.

Sustatzaileen idazki baten bidez formalizatuko da mozioa, Idazkaritza Nagusian edo Alkatetzan aurkeztuta.

Bilkura berezirako deialdia egin eta ondoko bi egunetan beste zentsura mozio batzuk aurkezten ahal dira entitatearen erregistro orokorrean, eta Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko 5/1985 Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Bilkura berezia hasteko, formalizazio idazkia irakurriko du idazkariak.

Horren ondoren, mozioa sinatu duten zinegotzietako batek hartuko du hitza, hamabost minutuz gehienez. Gero, mozioan alkate kargurako proposatutako hautagaiak hitz eginen du denbora mugarik gabe, gauzatu nahi den udal jarduketako programa azaltzeko. Jarraian, mozioa talde gisa sinatu ez duten udal taldeek, baita alkateari dagokionak ere, hamabost minutuko lehen txanda bana izanen dute.

Hurrengo parte-hartzeak hamar minutukoak izanen dira gehienez.

Alkateak denbora mugarik gabe erantzuten ahal dio talde bakoitzari, banan-banan, parte-hartze bakoitzaren ondoren, edo orokorrean txanda bakoitza bukatutakoan.

Hori hala izanik ere, alkateak eztabaida itxiko du hamabost minutu bitarteko parte-hartzearekin. Horren ondoren bozketa eginen da, hau da, bozketa izenduna.

II. KAPITULUA

Informazio Batzordeen funtzionamendurako arau bereziak.

77. artikulua. 1. Informazio Batzordeek bilkura arruntak eginen dituzte, Osoko Bilkurak horiek eratzean ezartzen duen aldizkakotasunarekin, alkateak edo kasuan kasuko buruak ezartzen dituen egun eta orduetan; horiek, halaber, bilkura berezi edo presakoetarako dei egiten ahalko dute. Alkateak edo buruak bilkura berezirako dei egin beharko du batzordeko kideen herenak gutxienez eskatzen duenean. Halakoetan, eta gai-zerrendari dagokionez, erregelamendu honen 49. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

2. Bilkurak Udaletxean edo Udalaren beste egoitza batzuetan egin daitezke.

3. Deialdiak egitea alkateari edo batzordeburuari dagokio, eta batzordeko kideei jakinarazi beharko zaizkie edo, bestela, udal taldeei, bi egun baliodun lehenago, presakoen kasuan izan ezik. Deialdiari gai-zerrenda gehituko zaio.

78. artikulua. 1. Bilkurak baliozkoak izan daitezen, kideetako hiruk bertan egon behar dute.

2. Buruak zentzuzko erabakimenez zuzendu eta antolatuko ditu Batzordeko eztabaidak, Osoko Bilkurako eztabaidak arautzeko printzipio orokorrei men eginez.

3. Irizpenak bertaratuen gehiengo soilez onetsiko dira beti, eta berdinketak buruak hautsiko ditu kalitatezko botoarekin.

79. artikulua. 1. Batzorde batek ezin izanen ditu beste baten eskumeneko gaiak eztabaidatu, arazo komunak ez badira behintzat, zeren, halakoetan, bilkura bateratu baterako dei egiten ahalko baitu alkateak, bi batzordeburuen proposamenez.

2. Batzordearen irizpena mugatzen ahal da administrazio zerbitzu eskudunek bere esku jartzen duten proposamenari adostasuna ematera, edo, hala ez bada, beste aukera bat azal dezake.

3. Batzordeak onetsitako irizpenarekin ados ez dauden zinegotzi batzordekideek kontrako beren botoa jaso dadila eskatzen ahalko dute edo boto partikularra azaldu, Osoko Bilkuran defendatzeko.

80. artikulua. 1. Idazkaritzako eginkizunak batzorde bakoitzeko kide batek eginen ditu.

2. Batzorde bakoitzeko buruak eska dezake Udalbatzako kideak edo langileak izatea bilkuretan, informazioa eman dezaten.

Ogasun Batzordeko bilkuretan kontu-hartzailea egonen da beti.

81. artikulua. Kapitulu honetan aurreikusi ez den orotan, titulu honen I. kapituluko xedapenak aplikatuko dira.

III. KAPITULUA

Kide anitzeko gainerako organoen funtzionamendurako arau bereziak

82. artikulua. Kontseilu Sektorialen funtzionamendua arautuko da Osoko Bilkurek horiek ezartzean hartzen dituzten erabakiei jarraikiz, eta erregelamendu honetan xedatutakoa osagarri izanen da.

Kudeaketarako entitate deszentralizatuetako kide anitzeko organoen funtzionamendua arautuko da zerbitzuak kudeatzeko moduen arloan legediak xedatzen duenari jarraikiz, haren berariazko izaeraren arabera, bai eta arau berekiei jarraikiz ere.

IV. KAPITULUA

Eskuordetutako eskudantziak erabiltzeko araubide orokorra

83. artikulua. Kapitulu honetako manuak aplikatuko zaizkio Udalaren gobernu organoek eskuordetutako eskudantzien erabilerari, betiere eskuordetzeko ebazpenean edo erabakian berariazko baldintzak ezarri ezean.

Eskudantzien eskuordetza, eraginkorra izateko, eskuordeak onartu beharko du. Eskuordetza hori onartutzat joko da baldin eta hiru egun balioduneko epean, erabakia jakinarazten denetik, eskuordetzaren organo eta kide hartzaileak ez badio organo emaileari berariaz adierazten ezen ez duela eskuordetza onartzen.

Osoko Bilkurak alkateari egiten dizkion eskuordetzak ez dira baliogabetuko Alkatetzako titulartasuna aldatze hutsagatik.

84. artikulua. Eskuordetzeko erabakia edo ebazpena jarduerako gai edo sektore bati buruzkoa bada oro har, ahalmenak zehaztu gabe, ulertuko da barnean sartzen direla eskuordetutako gaiari buruzko ahalmen, eskubide eta betebehar guztiak, eskudantziak jatorriz esleituak dituen organoari dagozkionak; salbuespen bakarra, 7/1985 Legearen arabera eskuordetu ezin direnak.

Udal organo bakar batek ere ezin izanen dizkio hirugarren bati eskuordetu beste udal organo batek eskuordeturik jaso dituen eskudantziak edo ahalmenak.

85. artikulua. Nolanahi ere, eta galarazi gabe eskuordetzaz baliaturik aritzen den organoaren jarduera fiskalizatzeko ahalmenak, organo eskuordetzaileak beretzat gorde ditzakeenak eskuordetzeko ebazpenean edo erabakian, azken horrek beretzat gordeko du lehenaren kudeaketari buruzko informazio xehakatua jasotzeko ahalmena, eta erabaki garrantzitsuak hartu aurretik informatua izatekoa.

86. artikulua. Eskudantzien eskuordetza denbora mugagaberako dela ulertuko da, non ez duen eskuordetzaren ebazpenak edo erabakiak bestelakorik ezartzen edo non ez den denborazkotasuna eskuordetzaren izaeraren beraren ondorio.

87. artikulua. Organo eskuordetzaileak edozein unetan bereganatu, ezeztatu edo aldatzen ahal du eskuordetza, ematerakoan ezarritako baldintzak besterik behar izan gabe. Horrelakoetan, organo eskuordetuak emandako egintzak berrikus ditzake, legediak administrazio egintzak ofizioz berrikusteko ezarritako kasu eta baldintzetan.

V. KAPITULUA

Fede publikoa

88. artikulua. Kide anitzeko organoen erabaki guztiak, baita kide bakarreko organoen ebazpenak ere, kasuan kasuko akten eta ebazpenen liburuetan bildu beharko dira.

Honako hauek biltzeko liburu bereiziak sortuko dira:

1.–Osoko Bilkuraren aktak.

2.–Alkatetzaren ebazpenak eta dekretuak.

3.–Zinegotzi eskuordeek emandako ebazpenak.

89. artikulua. Akten eta ebazpenen liburu guztiak Udal Idazkaritzan gordeko dira, zeregin hori duen funtzionarioaren erantzukizunpean. Administrazio elektronikoa ezarritakoan, liburuak elektronikoak izanen dira, Osoko Bilkuren liburu-aktak paperean betetzen jarraitu behar bada ere.

Liburu horiek ez dira inolaz ere aterako Udaletxetik. Liburuen edukia ikusi nahi bada, gordeta dauden tokian bertan kontsultatuko dira, edo ziurtagiriak eta lekukotzak emanez.

IV. TITULUA

Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea

90. artikulua. 1. Osoko Bilkuraren saioak jendaurrekoak dira, 7/1985 Legearen 70.1 artikuluan ageri diren kasuetan izan ezik.

2. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrekoak, ezta informazio batzordeenak ere. Hala ere, azken horien bilkuretara deitzen ahalko dira aipatu legearen 72. artikuluak aipatu elkarte edo entitateen ordezkariak, gai bati buruz duten iritzia entzuteko eta haien txostena jasotzeko besterik ez bada ere.

91. artikulua. 1. Osoko Bilkuraren saioetarako deialdiak eta gai-zerrendak Udaletxeko iragarki-taulan azalduko dira.

2. 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, Udalak laburturik emanen du argitara Osoko Bilkuraren edukia eta alkatearen eta zinegotzi ordezkarien ebazpenena.

3. Udalaren erabakien edo horien aurrekarien kopiak eta egiaztagiriak lortu nahi badira, baita artxiboak eta erregistroak kontsultatu ere, Alkatetzan eginen da eskaera.

4. Informazio eskaerak arrazoituak izanen dira, erabakien edo ebazpenen ziurtagiriak lortu nahi direnean izan ezik, tasa bat ordainduta eskuratzen ahalko baitira.

92. artikulua. 1. Herritarrek, argibideak edo udal jarduketak eskatuz, Udaleko edozein organori egiten dizkioten eskaerak nahitaez udal erregistroan aurkeztuko dira idatziz, eta administrazio prozedurari buruzko legedian ezarritako moduan emanen zaie erantzuna.

2. Eskaeran aipatzen diren gaiak beste administrazio batzuen eskumenekoak badira edo beste organo bati esleituak, horien hartzaileak dagokionari bidaliko dio, eta horren berri emanen dio eskatzaileari.

3. Eskaeran udal jarduketako proposamen bat agertzen denean, eskaera horrek izanen duen tramitearen berri emanen dio hartzaileak eskatzaileari. Udaleko kide anitzeko organoren batean aztertzen bada proposamena, hartzen den erabakia hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio proposatzaileari.

93. artikulua. Elkarteek Udaleko baliabide publikoak erabiltzen ahalko dituzte, bereziki lokalak, baina zenbait elkartek edo Udalak berak aldi berean erabili nahiz izanez gero behar diren mugak ezarriz, eta instalazioei ematen zaien tratuaren erantzuleak izanen dira.

94. artikulua. Elkarte orokorrek edo sektorialek herritarren parte-hartzea bideratuko dute Kontseilu Sektorialetan, udal zerbitzuen kudeaketa deszentralizatuaren entitateetako kide anitzeko organoetan, parte-hartze hori erregelamenduetan edo udal erabakietan aurreikusia dagoenean eta, betiere, aplikatu beharreko legediak ahalbidetzen duen neurrian, eta horietan ezarritako baldintzen eta helmenaren arabera.

Hasiera batean, elkarte horien parte-hartzea eztabaida edo kontsulta organoei dagokienez soilik onartuko da, salbu eta legeak elkarteen ordezkariak erabakitze organoetan sartzea onartzen duen kasuetan.

95. artikulua. 1. Elkarteei herritarren interes orokorrak edo sektorialak defendatzeko onartzen zaizkien eskubideak, erregelamendu honen araberakoak eta onartzen ahal diren beste batzuk, soilik gauzatzen ahalko dira Herritarren Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuta egonez gero.

2. Erregistroaren helburua da Udalak jakin ahal izatea udalerrian zenbat entitate dauden, zer helburu dituzten eta zein den beren ordezkagarritasuna, horrela herritarren elkarteak bultzatzeko udal politika egokia bidera dadin.

3. Herritarren Elkarteen Udal Erregistroan inskribatzen ahal dira herritarren interes orokor edo sektorialak defendatu, sustatu edo hobetzeko xedea dutenak eta, bereziki, auzo elkarteak, ikasleen gurasoenak, kultur entitateak, kirolekoak, aisiakoak, gazteria arlokoak, feministak, sindikalak, enpresetakoak, profesionalak eta antzeko beste edozein.

4. Erregistroa Udalbatzako Idazkaritzan gauzatuko da eta datuak publikoak izanen dira. Erregistroan sartzeko, elkarte interesdunek eskabidea egin eta datu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Elkartearen estatutuak

b) Zuzendaritza karguak dituzten pertsonen izena.

c) Egoitza soziala.

d) Urteko aurrekontua.

e) Urte horretako jardueren egitaraua.

f) Bazkide kopuruaren ziurtagiria.

Inskribatzeko eskabidea aurkeztu eta 15 eguneko epean, eta epea hasiera batean sartu gabeko agiriak aurkeztu behar izateagatik eteten denean izan ezik, Udalak inskripzio zenbakia jakinaraziko dio elkarteari eta, une horretatik aurrera, alta emanda egonen da ondorio guztietarako.

Inskribatutako elkarteek, datu aldaketak izanez gero, Erregistroari jakinarazi behar dizkiote, horiek izan eta hilabeteko epean. Aurrekontua eta jardueren urteko egitaraua urte bakoitzeko urtarrilean aurkeztu beharko dira.

Beharkizun horiek betetzen ez badira, Udalak erregistrotik ken dezake elkartea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Udaleko administrazio zerbitzuen egitura eta antolaketa, oro har, alkateari dagozkio.

Dena den, Osoko Bilkurak 7/1985 Legearen 22. eta 47. artikuluek ematen dizkioten eskudantziak izanen ditu, organo deskontzentratuak sortzeko, zerbitzuak kudeatzeko moduak onesteko eta horietako bakoitzaren ordenantza arautzaileak onesteko, bai eta plantilla organikoari dagozkionak ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira udal ordenantza eta erregelamenduetan egonik haren kontra egiten duten xedapen guztiak.

Orobat, indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honetan xedatuarekin bateraezinak diren erabaki guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek indarra hartuko du Osoko Bilkurak berori behin betiko onesteko hartzen duen erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egun baliodunean.

Iragarkiaren kodea: L2101763