40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Udal ordenantza, Lagun egiteko animaliak eta animalia potentzialki arriskutsuak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2020ko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lagun egiteko animaliak eta animalia potentzialki arriskutsuak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespen hori 2020ko 291. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 17an, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza.

Horrenbestez, bidezkoa da testua osorik argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Lekunberrin, 2021eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

I. ERANSKINA

Udal ordenantza, Lagun egiteko animaliak eta animalia potentzialki arriskutsuak edukitzea arautzen duena

Atarikoa.

Aintzat harturik gizakien betebehar morala, izaki bizidun guztiak errespetatzeko, eta gogoan izanik zeinen bereziak diren pertsonen eta lagun egiteko animalien arteko harremanak, bai eta pertsonen arteko harremanak ere.

Kontuan harturik zer garrantzitsua den mantentzea eta onik zaintzea ingurumena, higienea eta, bereziki, herria.

Kontuan harturik lagun egiteko animalien ekarpenaren garrantzia bizi-kalitaterako, bai eta, ondorioz, horrek gizarteari dakarkion balioa ere.

Kontuan harturik halako animalien higienerik ezak eta kontrolik ezak zer arrisku dakartzaten izaki bizidun guztientzat, bai eta haien arteko bizikidetzarako ere.

Kontuan harturik animalien gainpopulazioak zer arrisku dakartzan gizakien nahiz gainerako animalien higiene, osasun eta segurtasunerako.

Jakitun lagun egiteko animaliak edukitzen diren egoerek ez dutela beti bide ematen haien osasuna eta ongizatea sustatzeko.

Ikusirik lagun egiteko animalienganako jarrerak askotarikoa direla, batzuetan inkontzientziaren edo ezezagutzaren ondorioz.

Ikusirik jarrera jakin batzuek ez dutela sustatzen izaki bizidunen arteko bizikidetza.

Iritzirik oinarrizko jarrera eta praktika komun batzuk izatea, gizakien jokabide arduratsua zehazteko, helburu nahigarria ez ezik, errealista ere badela.

Kontuan harturik 1987ko Animaliak Babesteari buruzko Europako Hitzarmena, Espainiak 2015ean eman zion berrespena, eta 2017ko berreste tresna.

Kontuan harturik Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legea, Animalia potentzialki arriskutsuen araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta azken hori garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua.

Lekunberriko Udalak honako ordenantza hau prestatzea erabaki du, hiru kapitulutan antolatua:

I. kapitulua.–Lagun egiteko animaliak.

II. kapitulua.–Animalia potentzialki arriskutsuak.

III. kapitulua.–Zehapen prozedura administratiboa.

I. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Lekunberriko udalerrian arautu eta aplikatzea Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legea eta hura garatzeko araudia, eta Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko erregelamendua, martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren bidez emana.

2. artikulua. Definizioak.

Lagun egiteko animaliak: gizakiek edukitzen dituzten animaliak, baldin eta asmoa ez bada animalia horiek kontsumitzea edo horien ekoizpenak aprobetxatzea, edo, oro har, edukitzen ez badira merkataritza-xedeekin edo irabazi-asmoarekin, espeziea edozein dela ere.

Definizio honek barne hartzen ditu, orobat, animalia etxekotuak, basa faunakoak izan ez direnak. Bertan sartzen dira zakur, katu, eta hudo guztiak, eta aisia edo kirolerako erabiltzen diren ekidoak.

Definizioan sartzen dira, halaber, elikagaiak ekoizteko erabiltzen direnez bestelako ugaztunak, ornogabeak (erleak, erlastarrak, moluskuak eta krustazeoak izan ezik), animalia urtar apaingarriak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta beste edozein animalia-espezie, hala nola legezko jatorria duten basa animaliak edo itxian hazitakoak, lagun egiteko animalia gisa edukitzen direnak.

Ez dira definizioan sartuko babes bereziko araubidea duten espezieei, espezie mehatxatuei edo espezie exotiko inbaditzaileei buruz Estatuak edo autonomia erkidegoek egindako zerrenda edo katalogoetan jasota dauden espezieak, baldin eta haien edukitza ez badago legez baimenduta.

Animalia abandonatua: galdu edo desagertu izana agintaritza eskudunari jakinarazi gabeko animaliak, araudiak ezarritako gehieneko epearen barnean. Animalia abandonatutzat joko da, halaber, epe adostuan jabeak edo edukitzaileak hartu ez duena, lagun egiteko animalien zentro batean egon eta gero.

Animalia galdu edo desagertua: kontrolik gabe alderrai dabilen animalia, baldin eta haren jabe edo edukitzaileak galdu edo desagertu izana jakinarazi badio agintaritza eskudunen bati.

Animalia identifikatuak: agintaritza eskudunak aitortutako identifikazio sistemaren bat daramaten animaliak eta alta emanda daudenak, bai udal zentsuan, bai Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan edo beste autonomia erkidego bateko erregistro baliokidean.

Animalia potentzialki arriskutsuak: etxeko animalia gisa edo lagun egiteko animalia gisa erabiltzen diren basa faunako animaliak, haien erasokortasuna gorabehera, pertsonei nahiz beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eragiteko eta gauzetan kalteak sortzeko ahalmena duten espezie edo arrazetakoak direnak.

Horien artean sartzen dira, edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz trebatu edo heziak izan diren animaliak.

Halakoen artean sartzen dira, orobat, edozein espezietakoak izanik, aiurri erasokor nabaria agertzen duten animaliak, edo pertsonei nahiz beste animali batzuei eraso egin dietenak.

Halaber, erregelamenduz zehaztutako etxeko animaliak edo lagun egiteko animaliak, bereziki zakur-espeziekoak, halako arraza-tipologia batekoak non, beren izaera oldarkorragatik, tamainagatik edo masailezurreko potentziagatik, ahalmena badute pertsonei eta animaliei heriotza edo lesioak eragiteko eta gauzetan kalteak sortzeko.

Aintzat hartuko da arauturik dagoena Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzeko 287/2002 Errege Dekretuan (I. eranskina).

Animalia kontrolatuak: jabe edo edukitzailearekin doan animalia, zeinari kasu eman behar baitio jabe edo edukitzaile horrek. Animaliak haren ikuseremuan egon behar du beti.

Animaliak haren deiari erantzun behar dio, harengana joan eskatzen zaionean, eta edukitzailearen ondoan geratu, edo edukitzaileak animaliarengana joan eta eutsi, egoerak hartaratzen duenean. Esaterako, hirugarren batek eusteko eskatzen dioenean.

Animaliak ez du inbaditu behar hirugarren baten espazioa, hau da, ez du joan behar zuzenean harengana. Animaliak errespetuzko portaera izan behar du, eta obeditu berarekin doan edukitzaileari, salbu eta hirugarren horrek kontaktua eskatzen eta/edo baimentzen badu.

Jabea edo titularra: animalia baten zaintzaren erantzukizuna duen pertsona fisiko edo juridikoa, animalia bere jabaripean daukana, eta haren jabe gisa inskribaturik dagoena udal erregistroan eta Animalien Identifikaziorako Erregistroan. Erregistroko inskripziorik ez dagoen kasuetan, jabetzat hartuko da izaera hori froga dezakeen pertsona, zuzenbidean titulartasun eta jabaria frogatzeko onarturiko edozein metodo erabiliz.

Edukitzailea: pertsona fisikoa, aurreko puntuan ezarritakoaren araberako jabea izan gabe, animalia bat daukana edo haren zaintzaz arduratzen dena.

Edukitza arduratsua: jabe eta edukitzaileek beren gain hartu behar dituzten betebehar, baldintza eta konpromisoen multzoa, bermatu eta segurtatzeko 19/2019 Foru Legearen aplikazio eremuan sartuta dauden animalien ongizatea eta haien beharrizan etologiko eta fisiologikoen araberako bizi-kalitatea.

Errespetuzko portaera: animalien, pertsonen eta ingurumenaren eskubideak errespetatzen dituzten ekintzen multzoa.

Tratu txarra: sozialki onartezina den jokabidea, nahita animalia bati beharrik gabeko mina, sufrimendua, ondoeza edo heriotza eragiten diona.

Lagun egiteko animalien zentroak: gune zoologiko gisa erregistratutako establezimenduak, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, haien xedea denean lagun egiteko animaliak mantentzea, kostu bidez edo dohainik, salbu eta albaitaritzako klinika, zentro edo ospitaleak.

Zehazki, honako hauek hartzen dira halakotzat:

–Salmenta-establezimendua: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun pribatukoa, zeinaren helburua baita salmentarako animaliak aldi baterako mantentzea.

–Merkataritza-xedea duten hazkuntza-zentroak edo haztegiak: lagun egiteko animalien titulartasun pribatuko zentroa, animaliak ugalketarako mantentzen dituena eta kumeak salmentara edo geroko lagapenera bideratzen dituena.

–Harrera-zentroa: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun publiko zein pribatukoa, animalien defentsarako elkarteenak barne, animalia abandonatu edo galduen harrera egiten duena.

–Zakur-trebatzailea: lanbide-kualifikazio egokia eta agintaritza eskudunak aitortua duen pertsona, zakurrak hezten eta trebatzen diharduena, izanen dituzten eginkizunak bete ditzaten.

–Albaitari ofiziala: albaitaritzako lizentzia edo gradua duen pertsona, funtzionario- nahiz lan-araubidean administrazio publiko baten zerbitzura diharduena, agintaritza eskudunak horretara jarria.

–Albaitari gaitu eta/edo baimendua: albaitaritzako lizentzia edo gradua duen pertsona, agintaritza eskudunak aitortua erregelamenduz ezartzen diren eginkizunak betetzeko.

–Gune zoologikoak: gune zoologikotzat hartuko dira, 104/2013 Foru Aginduaren ondorioetarako, gizakiek abeltzaintza-espezietakoak ez diren animaliak edukitzeko erabiltzen dituzten gune edo zentroak, honako ezaugarri hauetakoren bat betetzen badute:

a) 3 hilabetetik gorako 6 zakur edo katu baino gehiago dituztenak.

b) 10 hegazti baino gehiago dituztenak.

c) 15 ugaztun baino gehiago dituztenak.

d) Edozein espezietako animaliak dituzten beste establezimendu edo instalazio batzuk, animalion kopuruarengatik edo izaerarengatik, arriskua badakarte beren babes eta ongizaterako edo osasunaren edo ingurumenaren arloko arriskua badakarkiete hirugarrenei, eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko organo eskudunak bilduma edo talde zoologikotzat jotzen baditu.

Adierazitako ezaugarriak betetzen ez direnean, animaliak edukitze horiek lagun egiteko animalien edukitza partikulartzat joko dira, eta ez da erregistratu beharrik egonen gune zoologiko gisa.

Aurrekoa gorabehera, animalien multzo bat ez bada gutxieneko kopuru horietara iristen eta foru agindu horretako baldintzak betetzen baditu, erregistratzen ahalko da, aipatu foru aginduaren 16. artikuluan adierazi betebeharrak borondatez bere gain harturik.

3. artikulua. Bizikidetza arauak.

Izaki bizidunen eskubideak eta herritarren segurtasuna bermatzeko xedez, eta edukitza arduratsua indartu eta sustatzearren, Lekunberriko udalerrian bete beharreko arau hauek ezartzen dira:

1. Animaliak tratatzea beren beharrizan fisiko eta etologikoen arabera, aintzat harturik haien espeziea, arraza eta adina.

2. Animaliak garraiatzea indarreko legedian ezarritakoaren arabera, bide-segurtasuna eta animalien erosotasuna bermaturik.

3. Adinagatik beharturik badaude, animalia guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon beharko dute.

4. Lagun egiteko animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan jasorik, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

5. Animaliak Lekunberriko Udalean zentsaturik egon beharko du. Horretarako, datu hauek eman beharko dira:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikazio zenbakia.

c) Arraza.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua.

g) Jabearen izena, NAN zenbakia, helbidea, eta harremanetarako datuak (telefonoa, helbide elektronikoa).

h) Albaitari ofizial edo gaitu baten azterketak, haietan egiaztatuko baita animaliaren egoera sanitarioa, bai eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik eza ere.

i) Animaliaren xedea (lagun egitekoa, zaintzakoa, lanekoa, etab.).

j) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

k) Osasun-kartilla, indarrean.

Datu horiek guztiak udal erregistroan sartuko dira eta, aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, hamabost eguneko epean, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatzen denetik.

6. Lekunberriko udal-mugartean animalia ez da inoiz bakarrik joanen. Hurrengo puntuan adierazten diren eremuetan izan ezik, kapitulu honetan aipaturiko animalia kontrolatuak libreki egon eta ibiltzen ahalko dira jabea edo edukitzailearekin doazela.

7. Lekunberriko udal-mugartean, animaliek loturik eta kontrolaturik joan beharko dute honako eremu hauetan:

–Eskolaren, kiroldegiaren, futbol zelaiaren eta haur parkeen aurrean.

–Autoek zirkulatzen duten tokietan, bereziki Herriko Plazaren eta honako hauen inguruan: NA-7562, NA-7561, NA-1300, NA-7510.

–Jendetza dagoen tokietan.

8. Animaliak sartzen ahalko dira ikastetxeetara, aisia eta josteta zentroetara, parkeetara nahiz eraikin publikoetara, baldin eta osasun eta gizalege baldintzak betetzen badituzte eta loturik eta kontrolaturik badoaz.

9. Pertsona guztiek izan behar dute errespetuzko portaera animaliekin, pertsonekin nahiz ingurumenarekin:

–Udalerrian higienea mantentze aldera, erabili behar dira hondakinak botatzeko jarritako ontziak. Ez da deus ere lurrera bota behar (zigarro-muturrak, paperak, plastikozko poltsak, txikleak, latak, etab.).

–Animaliek eginkariak egiten badituzte Lekunberriko udalerriko edonon (bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan, etab.), haiek paseoan daramatenen erantzukizuna izanen da berehala garbitzea.

–Errespetuzko portaera izan behar da hirugarrenekin (pertsona zein animalia izan). Ez da inbaditu behar hirugarren baten espazioa, hau da, ez da joan behar zuzenean harengana, salbu eta hirugarren horrek kontaktua eskatzen eta/edo baimentzen badu.

–Ez zaio hirugarren bati eraso, eragotzi edo kalte egin behar (pertsona zein animalia izan).

10. Animalia abandonatu edo galdu bat aurkituz gero, honela jokatuko da:

a) Animalia harrapatu edo hurbil geratu beharko da, eta gero dagokion agintaritzari deituko zaio (Udala, Foruzaingoa eta/edo Guardia Zibila). Handik aurrera, agintaritza horiek eginen dira animaliaren kargu eta/edo laguntza eskatuko diete langile kualifikatuei.

b) Agintaritzek eta/edo langile kualifikatuek animalia toki seguruan atxikiko dute, eta lasaitu eginen dute, ahal den heinean.

c) Galdu izanaren salaketarik baden ikusiko da.

d) Egiaztatuko da ea mikrotxipik eta/edo txaparik daukan, jabea aurkitzeko.

e) Animaliari harrera leku bat bilatuko zaio. Dei eginen zaio animalia abandonatu edo galduak biltzeko zerbitzuari, eta udal zakurtegi edo animaliak babesteko elkarte batera eramanen du hark. Lekunberrin, Foru Komunitateko administrazioarekin hitzartu den harrera-zentroa hau da:

Etxauriko Animaliak Babesteko Zentroa.

Lurgorria kalea, 31174 Etxauri, Nafarroa.

948 32 92 93.

Aldi berean, boluntario zerrenda bat edukiko da, animalia hartzeko edo garraiatzeko, harrera-zentroaren egoeraren arabera.

Harrera-zentroak eta/edo arduradunak animalia bat sartu dela 24 orduko epean jakinarazi dio Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroari, eta izapideak eginen dira jabea aurkitzeko.

Jabeak 10 egun izanen ditu animalia berreskuratzeko, jakinarazpena jasotzen duenetik. Titulartasuna frogatu beharko du, eta gastuak ordaindu animalia biltzeagatik eta egonaldiagatik, bai eta beste gastu batzuk ere, halakorik badago (albaitariarenak, identifikaziokoak, etab.).

Baldin eta 10 egon horiek iragaten badira, inork animalia berreskuratu gabe, animalia abandonatuaren izaera hartuko du, eta adopzioan ematen ahalko da, horretarako baldintzak betetzen baditu, zentroko albaitari arduradunaren arabera.

f) Animaliak ez badu mikrotxipik edo ez bada lortzen jabea aurkitzea, animalia abandonatuaren izaera hartuko du, eta adopzioan ematen ahalko da, horretarako baldintzak betetzen baditu, zentroko albaitari arduradunaren arabera.

II. KAPITULUA

Animalia potentzialki arriskutsuak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Lekunberriko udalerrian arautu eta aplikatzea Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legea eta hura garatzeko araudia, eta Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1993 Legea eta haren garapena, martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren araberakoa.

2. artikulua. Definizioa.

Animalia potentzialki arriskutsutzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain (ikus I. eranskina), hemen zehazten diren hauek:

1. Basa faunakoak izanik, etxeko animalia gisa edo lagun egiteko animalia gisa erabiltzen diren animaliak eta, haien erasokortasuna gorabehera, pertsonei nahiz beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eragiteko eta gauzetan kalteak sortzeko ahalmena duten espezie edo arrazetakoak direnak.

2. Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz trebatu edo heziak izan diren animaliak.

3. Nolanahi ere, I. eranskinean ez sartu arren, animalia potentzialki arriskutsutzat hartuko dira, edozein espezietakoak izanik, aiurri erasokor nabaria agertzen duten animaliak, edo pertsonei nahiz beste animali batzuei eraso egin dietenak.

Aurreko apartatuetan aipatzen diren kasuetan, agintaritza eskudunak erabaki beharko du potentzialki arriskutsuak diren ala ez, irizpide objektiboei jarraikiz, edo ofizioz, edo jakinarazpen edo salaketa bat jaso ondoren; aurretik, txostena eman beharko du erkidegoko edo udaleko agintaritza eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek.

3. artikulua. Lizentzia.

1. Lizentzia berezi bat izan beharko dute animalia baten jabeek, baldin eta ordenantza honen arabera potentzialki arriskutsutzat sailkaturik badago. Animalia eskuratu baino lehen eskatu beharko da lizentzia aurreko artikuluaren 1. eta 2. apartatuetakoen eta I. eranskinean aipatutakoen kasuetan, eta 3. apartatuko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barnean, animaliak pertsonaren bati edo beste animaliaren bati eraso egin dionetik hasita.

2. Lizentzia administratibo hori eskuratu edo berritzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Adinduna izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria izatea.

c) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren bidez.

d) Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste astunengatik zehatua ez izana. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, hirugarrenei eraginiko kalteetarako, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

Frogatzeko apartatu honen b) eta c) paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen direla, ziurtagiri negatiboak baliatuko dira, erregistro egokiek emanak. Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa frogatzeko baliatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren arabera lorturiko ziurtagiriak.

3. Interesdunak eskatuta emanen edo berrituko du Udalak lizentzia administratiboa, 50/1999 Legearen 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, aurreko apartatuko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren betiere.

4. Lizentziak bost urterako balioko du, eta berritzen ahalko da, ondoz ondo, iraupen bereko beste aldi batzuetarako. Hala ere, lizentziak indarra galduko du titularrak aurreko apartatuan eskaturiko baldintzetako edozein betetzen ez duen unetik beretik. Lizentzian dauden datuetan aldaketarik gertatzen bada, titularrak haren berri eman beharko dio lizentzia ematea dagokion udalari, hamabost eguneko epean, aldaketa gertatzen denetik.

5. Indarra duen lizentzia administratiboaren inguruko esku-hartzea, kautela-neurria edo etendura, judizialki edo administratiboki erabakia, arrazoi izanen da beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ez berritzeko, halako neurriak kentzen ez diren bitartean.

4. artikulua. Ahalmen fisikoaren ziurtagiria.

1. Ezin izanen dira animalia potentzialki arriskutsuen titular izan behar den ahalmen fisikoa ez duten pertsonak animalia horiei beharrezko zaintza emateko, eta behar bezala erabili, mantendu eta menderatuko dituztela bermatzeko, 50/1999 Legearen 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Aurreko apartatuan aipatzen den ahalmen fisikoa frogatzeko, animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko ahalmen fisikoaren ziurtagiria baliatuko da. Ziurtagiri hori emanen da, hain zuzen, beharrezko probak gainditu ondoren, egiaztatzeko ez dagoela gaixotasunik edo urritasunik, organikoa zein funtzionala izan, ezintasun fisikoa ekar dezakeenik, honako hauekin loturik:

a) Ikusteko ahalmena.

b) Entzuteko ahalmena.

c) Lokomozio sistema.

d) Sistema neurologikoa.

e) Pertzepziotik mugimendura igarotzeko zailtasuna, erabakiak hartzeko tenorean.

f) Bestelako edozein gaitz, nahasmendu edo arazo, aurreko paragrafoetan aipatu gabea, ezintasun fisikoa dakarrena animalia behar bezala menderatzea bermatu ahal izateko.

5. artikulua. Gaitasun psikologikoaren ziurtagiria.

Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko gaitasun psikologikoaren ziurtagiria, 50/1999 Legearen 3. artikuluan ezarritakoa, emanen da beharrezko probak gainditu ondoren, egiaztatzeko ez dagoela gaixotasunik edo urritasunik, ezintasun psikiko edo psikologikoa ekar dezakeenik, edo bereizmena muga dezakeenik, honako hauekin loturik:

a) Nahasmendu mentala edo jokabidearena.

b) Ebaluatu, hauteman eta erabakiak hartzeko eragozpen psikikoak eta nortasun arazoak.

c) Bestelako edozein gaitz, nahasmendu edo arazo, aurreko paragrafoetan aipatu gabea, animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko behar diren buru-ahalmenak murrizten dituena.

6. artikulua. Erregistroa.

Animalia potentzialki arriskutsuen jabeek, haiek erregistroan sartzeko, honako datu hauek jakinarazi beharko dizkiote Lekunberriko Udalari:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikazio zenbakia.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaioteguna.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera biziko den ala beste xederen bat izanen duen, hala nola zaintza eta babesa, edo aditzera ematen den beste bat.

g) Jabearen izena, NAN zenbakia, helbidea, eta harremanetarako datuak (telefonoa, helbide elektronikoa).

h) Animaliaren haztegiaren edo jatorriaren datuak.

i) Albaitari ofizial edo gaitu baten azterketak, haietan egiaztatuko baita animaliaren egoera sanitarioa, bereziki arriskutsu egiten duen gaixotasun edo nahasmendurik ez izatea, bai eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik eza ere.

j) Hezi duten zentroaren datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

m) Osasun-kartilla, indarrean.

Datu horiek guztiak udal erregistroan sartuko dira eta, aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, hamabost eguneko epean, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatzen denetik, salbu eta eraso kasuetan, horiek berehala jakinarazi beharko baitira.

7. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Animalia potentzialki arriskutsuak toki edo espazio publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da haiek eraman eta kontrolatzen dituztenek aldean izatea kapitulu honen 3. artikuluan aipatu lizentzia administratiboa, bai eta ziurtagiri bat ere, egiaztatzen duena inskribatuak daudela animalia potentzialki arriskutsuen udal erregistroan.

2. Toki eta espazio publikoetan, zakur potentzialki arriskutsuek muturrekoa eramanen dute nahitaez, animalia bakoitzaren arraza ezaugarriei egokitua.

3. Toki eta espazio publikoetan, halaber, jabeek zakur potentzialki arriskutsuak eraman eta kontrolatu beharko dituzte 2 metro baino gutxiagoko uhal batez, eta hura ez da luzagarria izanen. Pertsona batek ezin izanen du eraman horrelako zakur bat baino gehiago.

4. Animalia potentzialki arriskutsuak finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenean, loturik egon beharko dute –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen itxitegi bat izan ezean–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

5. Itxitegirik ez badute, animaliak ateratzea eta hirugarrenei kalteak eragitea eragoztearren eta, horrela, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren, instalazioek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

b) Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek berek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

c) Barrutiak behar bezala seinaleztatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

6. Animalia lapurtu edo galduz gero, gertatutakoaz jabetu eta beranduenez ere berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko zaio animalia potentzialki arriskutsuen udal erregistroaren arduradunari.

8. artikulua. Bizikidetza arauak.

Izaki bizidunen eskubideak eta herritarren segurtasuna bermatzeko xedez, eta edukitza arduratsua indartu eta sustatzearren, Lekunberriko udalerrian bete beharreko arau hauek ezartzen dira:

1. Animaliak tratatzea beren beharrizan fisiko eta etologikoen arabera, aintzat harturik haien espeziea, arraza eta adina.

2. Animaliak garraiatzea indarreko legedian ezarritakoaren arabera, bide-segurtasuna eta animalien erosotasuna bermaturik.

3. Adinagatik beharturik badaude, animalia guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon beharko dute.

4. Animalia potentzialki arriskutsuak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa eta dagokien lizentzia administratiboa izan beharko dituzte, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan jasorik, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

5. Animaliak Lekunberriko Udalean erregistraturik egon beharko du, kapitulu honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6. Lekunberriko udal-mugartean animalia ez da inoiz bakarrik joanen. Aurreko artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan esan bezala, hiri-lurzoruan (ikus II. eranskina), kapitulu honek gaitzat dituen animaliek joan beharko dute loturik, kontrolaturik, muturrekoa jantzirik eta jabearekin batera.

7. Animalia potentzialki arriskutsuek aisia eta jostetarako toki hauek izanen dituzte (III. eranskina); haietan aske uzten ahalko dira, betiere muturrekoa daramatela eta jabeak kontrolaturik.

–Vegako berdegunea eta 13. sektoreko goiko pasealekua.

8. Animalia potentzialki arriskutsuak sartzen ahalko dira ikastetxeetara, aisia eta josteta zentroetara, parkeetara nahiz eraikin publikoetara, baldin eta osasun eta gizalege baldintzak betetzen badituzte eta loturik, muturrekoarekin eta kontrolaturik badoaz.

9. Pertsona guztiek izan behar dute errespetuzko portaera animaliekin, pertsonekin nahiz ingurumenarekin:

–Udalerrian higienea mantentze aldera, erabili behar dira hondakinak botatzeko jarritako ontziak. Ez da deus ere lurrera bota behar (zigarro-muturrak, paperak, plastikozko poltsak, txikleak, latak, etab.).

–Animaliek eginkariak egiten badituzte Lekunberriko udalerriko edonon (bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan, etab.), haiek paseoan daramatenen erantzukizuna izanen da berehala garbitzea.

–Errespetuzko portaera izan behar da hirugarrenekin (pertsona zein animalia izan). Ez da inbaditu behar hirugarren baten espazioa, hau da, ez da joan behar zuzenean harengana, salbu eta hirugarren horrek kontaktua eskatzen eta/edo baimentzen badu.

–Ez zaio hirugarren bati eraso, eragotzi edo kalte egin behar (pertsona zein animalia izan).

10. Animalia abandonatu edo galdu bat aurkituz gero, honela jokatuko da:

a) Animalia harrapatu edo hurbil geratu beharko da, eta gero dagokion agintaritzari deituko zaio (Udala, Foruzaingoa eta/edo Guardia Zibila). Handik aurrera, agintaritza horiek eginen dira animaliaren kargu eta/edo laguntza eskatuko diete langile kualifikatuei.

b) Agintaritzek eta/edo langile kualifikatuek animalia toki seguruan atxikiko dute, eta lasaitu eginen dute, ahal den heinean.

c) Galdu izanaren salaketarik baden ikusiko da.

d) Egiaztatuko da ea mikrotxipik eta/edo txaparik daukan, jabea aurkitzeko.

e) Animalia hartzeko leku bat bilatzea: dei eginen zaio animalia abandonatu edo galduak biltzeko zerbitzuari, eta udal zakurtegi edo animaliak babesteko elkarte batera eramanen du hark. Lekunberrin, Foru Komunitateko administrazioarekin hitzartu den harrera-zentroa hau da:

Etxauriko Animaliak Babesteko Zentroa.

Lurgorria kalea, 31174 Etxauri, Nafarroa.

948 32 92 93.

Aldi berean, boluntario zerrenda bat edukiko da, animalia hartzeko edo garraiatzeko, harrera-zentroaren egoeraren arabera.

Harrera-zentroak eta/edo arduradunak animalia bat sartu dela 24 orduko epean jakinarazi dio Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroari, eta izapideak eginen dira jabea aurkitzeko.

Jabeak 10 egun izanen ditu animalia berreskuratzeko, jakinarazpena jasotzen duenetik. Titulartasuna frogatu beharko du, eta gastuak ordaindu animalia biltzeagatik eta egonaldiagatik, bai eta beste gastu batzuk ere, halakorik badago (albaitariarenak, identifikaziokoak, etab.).

Baldin eta 10 egon horiek iragaten badira, inork animalia berreskuratu gabe, animalia abandonatuaren izaera hartuko du, eta adopzioan ematen ahalko da, horretarako baldintzak betetzen baditu, zentroko albaitari arduradunaren arabera.

f) Animaliak ez badu mikrotxipik edo ez bada lortzen jabea aurkitzea, dei eginen zaio animalia abandonatu edo galduak biltzeko zerbitzuari, eta udal zakurtegi edo animaliak babesteko elkarte batera eramanen du hark.

Animaliak hartuko du animalia abandonatuaren izaera, eta adopzioan ematen ahalko da, horretarako baldintzak betetzen baditu, zentroko albaitari arduradunaren arabera.

III. KAPITULUA

Zehatzeko administrazio-prozedura

Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena honako hauetan xedatuari jarraikiz eginen da: Lagun egiteko animaliak babesteari buruzko 19/2019 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia, eta Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1993 Legea eta araudi osagarria.

1. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteen erantzule izanen dira arau-haustean egitez edo omisioz parte hartu dutenak, animalien jabeak edo edukitzaileak edo, hala behar denean, gertakaria izan den establezimendu, lokal edo garraiobidearen titularra eta, azken kasu horretan, garraioaz arduratu dena ere bai.

Udal ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak edota oso astunak izanen dira.

1. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) 19/2019 Foru Legeak eskatzen dituen erregistroak ez edukitzea, edo haiek osatu gabe nahiz gabeziekin edukitzea.

b) Lagun egiteko animaliak ez edukitzea identifikaturik edo erregistraturik ordenantza honek ezarri bezala.

c) Lagun egiteko animaliak hemezortzi urteko adinaz beherakoei eta ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo zaintza duten pertsonen baimenik gabe.

d) Espezie orotako animaliak erakustea erakusleihoetan, merkataritza-establezimenduetan nahiz aisiarako edo jostetarako lokaletan.

e) Etxebizitza batean edukitzea zakurren, katuen edo erregelamenduz zehazturiko beste edozein espezietako aleen kopuru bat Udalak baimendutakoa gainditzen duena (ikus “gune zoologikoak” definizioa I. kapituluaren 2. artikuluan).

f) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, animaliek kalterik pairatzen ez badute.

g) Espezie orotako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, kasuko baimena eduki gabe.

h) Espezie orotako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.

i) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun- eta heziketa-probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.

j) Lagun egiteko animalia galduak edo abandonatuak biltzeko jarduerak egitea horretarako baimenik ez duten entitate pribatuek.

k) Jabeek egunean ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak udal erregistroan eta Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez jakinaraztea ezarritako epeetan.

l) Bakarrik eta kontrolik gabe uztea ordenantza honek gaitzat dituen animaliak.

m) Lagun egiteko animaliak ez eramatea uhalez edo katez loturik honako eremu hauetan:

–Eskolaren, kiroldegiaren, futbol zelaiaren eta haur parkeen aurrean.

–Autoek zirkulatzen duten tokietan, bereziki Herriko Plazaren eta honako hauen inguruan: NA-7562, NA-7561, NA-1300, NA-7510.

–Jendetza dagoen tokietan.

n) Aske uztea animalia potentzialki arriskutsu bat jostetarako esparrutik kanpora, edo behar diren neurriak hartu ez izana haren ihesa edo galera eragozteko.

o) Hiri eremu publikoak zikintzea eta ez garbitzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin. Hala ere, ordenantza honek xedetzat duenez bizikidetza arautzea eta errespetua sustatzea Lekunberriko biztanleen eta ingurumenaren artean, arau-hauste arintzat hartuko da botatzea eta ez garbitzea ingurumena zikintzen edo kutsatzen duen edozein hondakin (zigarro-muturrak, paperak, plastikozko poltsak, txikleak, latak, etab.).

p) Behar diren neurriak ez hartzea espezie orotako animaliek eta/edo gizakiek eragin ditzaketen kalteak saihesteko.

q) Ordenantza honen manuak ez betetzea dakarren edozein egite edo omisio, ez bada arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat hartzekoa.

r) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste astuntzat hartzea merezi ez duenean.

2. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Espezie orotako animaliak elikatuta edukitzea nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden elikagaiekin.

b) Espezie orotako animaliak toki edo instalazio desegokietan edukitzea, baldintza higieniko eta sanitario onik gabe, dimentsio desegoki batzuen barnean edo, halakoen ezaugarriak, distantzia edo beste edozein arrazoi dela-eta, animaliak egunero egoki kontrolatu eta gainbegiratzeko aukerarik gabe.

c) Espezie orotako animaliak denbora luzez lotuta edo itxita edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragin diezazkieketen baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti bakartuta edukitzea, baldin eta espezie gregarioetakoak badira; eta zakurrak etengabe lotuta edukitzea, 19/2019 Foru Legean araututakoa urratuz.

d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintaritza eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, 19/2019 Foru Legean ezarritako konpromisoa urratuz, edo agintaritza eskudunek erabakitzen dutenean.

e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizazioak, txertaketak, tratamenduak edo denetariko ebakuntza kirurgikoak, edo halakoak 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka egitea.

f) Lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea, 19/2019 Foru Legearen arabera hala ezarrita dagoenean edo agintaritza eskudunak agintzen duenean.

g) Ez betetzea lagun egiteko animalien zentroetarako, gune zoologikoak diren aldetik, ezarritako baldintzak eta betekizunak, arau-hauste arin gisa tipifikatuta ez badago.

h) Zakur potentzialki arriskutsua muturrekorik gabe egotea toki publikoetan, edo muturrekoa egokia ez izatea animaliaren arraza ezaugarrietarako.

i) Animalia potentzialki arriskutsuak ez edukitzea identifikaturik edo erregistraturik ordenantza honetan xedatzen den bezala.

j) Animalia potentzialki arriskutsuak garraiatzea 50/1999 Legearen 10. artikuluan xedatutakoa urratuz.

k) Ezezkoa ematea 50/1999 Foru Legean ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunek edo haien agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari, edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

l) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea 19/2019 Foru Legean ezarritakoa urratuz.

m) Lagun egiteko animaliak laborategi edo klinikei eskualdatzea bete gabe indarreko araudian ezarritako betekizunak.

n) Espezie orotako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo saritzat ematea; edo publizitate-erakargarri moduan, sari moduan edo opari moduan ematea, animalia horien kostu bidezko transakzioak ez diren beste eskuratze batzuen ondorioz.

ñ) Lagun egiteko animaliak parasitoekin edo gaixorik saltzea, edo albaitariaren ziurtagiria eduki gabe, gaixotasunik ez dutela egiaztatzeko.

o) Albaitaritza zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.

p) Animaliak erabiltzea, edozein espezietakoak, ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkuetan.

q) Animaliak, edozein espezietakoak, modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako edukitzea ibilgailuetan aireztapenik edo tenperatura egokirik gabe.

r) Animaliak, edozein espezietakoak, abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.

s) Urkatze-lepokoak, ziridunak edo elektrikoak, erabili eta saltzea, baldin eta lagun egiteko animalientzat kaltegarriak badira, edo haiek erabiltzea 19/2019 Foru Legean ezarritakoa urratuz.

t) Espezie orotako animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitaritza tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio tratamenduak edo behar dituzten funtsezko tratamendu sendagarriak.

u) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.

v) Uztea edo ez eragoztea animaliak, edozein espezietakoak, arrisku bat izan daitezen pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaieten.

w) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.

x) Laguntzarik ez ematea istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozein espezietako animalia bati, laguntza hori norberarentzat edo hirugarrenentzat arriskurik gabe ematen ahal denean.

y) Albaitari batek eginkizun jakin batzuk betetzea haietarako gaikuntzarik eduki gabe, edo gaituta egonda ere, gaikuntzan ezarritakoa ez betetzea.

z) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, animaliek kalterik pairatzen ez badute.

1.–Hiru urteko epean hiru arau-hauste arin egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

2.–Hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste oso astuntzat hartzea merezi ez duenean.

3. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Espezie orotako animaliei tratu txarrak ematea.

b) Espezie orotako animalien arteko borrokak antolatzea, haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek gauzatzea.

c) Animalia potentzialki arriskutsuen lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, helburu badute animalien oldarkortasuna erakustea.

d) Espezie orotako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatu gabeko eszenen filmaketan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamenduak edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragiten ahal dizkieten jardueretan, 19/2019 Foru Legearen arabera.

e) Espezie orotako animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea, edo lan eginaraztea haien osasuna edo ongizatea kaltetzen duen modu batez.

f) Animalia potentzialki arriskutsuak heztea horretarako gaikuntza-ziurtagiria ez duenak.

g) Espezie orotako animaliak abandonatzea.

h) Animalia potentzialki arriskutsuak lizentziarik gabe edukitzea.

i) Animalia potentzialki arriskutsu bat saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

j) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea horretarako ezarritako epean.

k) Lagun egiteko animalia bat hiltzea 19/2019 Foru Legearen 12. artikuluan eutanasiarako edo heriotza emateko araututakoa urratuz.

l) Lagun egiteko animaliei ebakuntza kirurgiko debekatuak egitea, Animaliak babesteari buruzko Foru Legean aurreikusitako salbuespenekin.

m) Espeziea edozein dela ere, animaliaren sufrimendua edo heriotza eragiten duten edo eragin dezaketen hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da ugalketarako erabiltzea gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak, heriotza behar baino lehenago eragin dezaketenak edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak behar dituztenak.

n) Espezie orotako animaliei nahita tiro egitea, indarreko foru legean jasotako kasuetan izan ezik eta baimendutako ehiza jardueretan espezie zinegetikoei izan ezik.

ñ) Espezie orotako animaliei ematea alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak.

o) Espainiako Estatuan indarrean diren nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez babestutzat edo desagertzeko arriskuan deklaratutako espezieen kasuan, bai eta aipatu foru legean berariaz debekatutako animalien kasuan edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzea baimendutakoen zerrendetan ez daudenen kasuan, debeku da haien espezimen, kume, arrautza edo beste edozein atal edo produktu merkaturatzea, saltzea, edukitzea, erakustea eta naturalizatzea.

p) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinekoz immobilizaturik dauden animaliak garraiatzea, edozein espezietakoak.

q) Lagun egiteko animalia baten osasun kontrolerako neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari gaixotasun transmitigarri baten kasuak ez jakinaraztea, halakoak susmatzen edo diagnostikatzen direnean, osasun alerta bat deklaratu denean.

r) Ezezkoa ematea 19/2019 Foru Legean ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari, edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

s) Oztopatzea bete dadin 19/2019 Foru Legearen behin-behineko neurrietatik edozein.

t) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

2. artikulua. Zehapenak.

Honako hauek dira ordenantza honetan ezarritako arau-hausteengatik aplikatuko diren zehapenak:

a) Arau-hauste arinengatik, 50 eurotik 300 eurora bitarteko isuna. Arau-hauslearengan intentzionalitaterik aurkitzen ez den arau-hauste arinen kasuan, baldin eta arau-hausle horri bide administratiboan aurreko hiru urteetan ordenantza honetan ezarritakoetatik beste zehapenik ezarri ez bazaio, zehapena ohartarazpen bat izan daiteke, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera ezar daitezkeen zehapen osagarriak ezertan baztertu gabe.

b) Arau-hauste astunengatik, 301 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

3. artikulua. Zehapen osagarriak.

Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan kendu gabe, zehapen-espedientea ebaztea dagokion organoak honako zehapen osagarri hauek erabakitzen ahalko ditu:

a) Trebakuntza ikastaroetara joateko beharra, arau-hauste arinak portaeraren ingurukoak direnean.

b) Garbiketa eta/edo mantentze lanak egitea 6 hilabetez, arau-hauste arinak ingurumenaren higiene eta garbitasunaren ingurukoak edo altzari publikoen kalteekin lotutakoak direnean.

c) Instalazio, lokal edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea, arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau oso astunen kasuan.

d) Aldi baterako debekua edo desgaikuntza foru lege honek araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

e) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.

f) Animaliak edukitzeko debekua, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, edo betiko, arau-hauste oso astunen kasuan, animaliari eragindako minaren krudelkeria eta nahitakotasuna norainokoak diren.

g) Albaitari gaitu edo baimenduari aitorpen hori kentzea.

4. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

1. Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasun errealaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

a) Nahitakotasuna.

b) Inplikatuek gertakarian izaniko jokabidea, hau da:

–Arau-haustearen erantzule diren animalien kasuan:

1. Desobedientzia: jabearen edo edukitzailearen dei eta aginduei entzungor egiten dieten animaliak, ordenantza honetan ezarritako bizikidetza arauak errespetatzen ez dituztenak.

2. Deskontrola: desobedientziazko jokabidea duten animaliak, modu arinean erasotzen diotenak beste animalia bati, gizaki bati edo inguruneari (bulkadak, harramazkadak, nahi gabeko kalte materialak, etab.).

3. Erasokortasuna: kontrolik gabeko animaliak, modu larrian eraso egiten diotenak beste animalia bati, gizaki bati edo inguruneari (hozkadak, nahitako kalte materialak, etab.).

–Kalteturiko animaliaren edo pertsonaren kasuan:

1. Pasiboa: arau-haustearen gertakarian parte hartu ez duten animaliak edo pertsonak, hau da, ez dute egin inolako ekintzarik ordenantza honen aurkako arau-haustea eragiteko.

2. Aktiboa: ekintza desegokia eragin duten animaliak edo pertsonak, ordenantza hau urratzea eraginik ondorioz.

–Animaliarekin doan pertsonaren kasuan:

1. Pasiboa: animaliaren arduradunak ez du parte hartu arau-haustearen gertakarian.

2. Aktiboa: animaliaren arduradunak ahal eta behar diren baliabide guztiak erabili ditu ahalik eta gehiena txikitzeko egoeraren larritasuna.

3. Erasokorra: animaliaren arduradunak arau-haustea gertatzea eragin du.

c) Animalien babesari, animalien osasunari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo sortutako arriskua, edo ukitutako animalia-kopurua.

d) Berrerortzea, urtebetean animalien babesari buruzko araudia behin baino gehiagotan hausteagatik, bide administratiboan ebazpen irmoz hala deklaratu denean.

e) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezaguera-maila handiagoa izatea, bere lanbideagatik eta ikasketengatik.

f) Arau-hausleak agintaritza eskudunari laguntza eman izana ala ez, gertaerak argitzeko eta babespeko ondasuna lehengoratzeko.

g) Jokabide berean arau-hausteak pilatu izana.

2. Bi urteko epean berrerortze edo errepikatze soila gertatzen bada, zehapenaren zenbatekoa %50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz edo gehiagoz berreroriz edo errepikatuz gero, gehitzea %100ekoa izanen da. Gainera, organo zehatzaile eskudunak ahala izanen du zer zehapen osagarri gehitu, berrerortzeagatik.

3. Egitate berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste larrienari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.

5. artikulua. Zehapen prozedura.

Arau-hauste bati dagokion zehapen prozedura hasiko da salaketa baten bidez. Salaketa hori aztertuko da Animaliak edukitzea arautzen duen Lekunberriko udal ordenantzaren zehapen batzordean. Batzorde horrek zehapen-espediente bat aurkeztuko du, Alkatetzaren bermea izanen duena, eta hor jasoko dira salaketaren eta bete beharreko zehapenaren oinarria; azkenik, prozedura ebatziko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez.

1. Salaketa. Edonork aurkezten ahalko du salaketa bat ordenantza honetan ezarritakoa hausten duen edozein gertakariri buruz. Salaketa jartzen ahalko da animalien aurka, pertsonen aurka eta/edo hirugarren batzuen aurka. Salaketa hori aurkezteko, txantiloi bat beteko da (ikus IV. eranskina), eta behar diren datuak emanen dira salatzen diren gertakarien egiazkotasuna frogatzeko. Udalean aurkeztuko da salaketa, eta horretarako bi bide daude:

a) Gutun-azal itxi baten bidez, zehapen batzordearen postontzian. Sarrera izanen du Lekunberriko Udalaren erregistroan.

b) Zehapen batzordearen helbide elektronikoan: bulegoak@lekunberri.eus.

Salaketa faltsuak edo oinarrigabeak egiten direnean, salatzaileei zehapen prozedura bat aplikatuko zaie. Hona hemen ezarriko diren zehapenak, gertakarien larritasunaren arabera:

–Salaketa faltsu edo oinarrigabe arina: arintzat tipifikaturiko arau-hauste bat salatu da modu okerrean.

–Salaketa faltsu edo oinarrigabe astuna: astuntzat tipifikaturiko arau-hauste bat salatu da modu okerrean. Halaber, baldin urtebetean hiru salaketa faltsu arin aurkezten badira, salaketa faltsu astun gisa hartzen hasiko da.

–Salaketa faltsu edo oinarrigabe oso astuna: oso astuntzat tipifikaturiko arau-hauste bat salatu da modu okerrean.

Salaketa faltsu edo oinarrigabeei dagokienez, ezarriko diren zehapenak izanen dira zehapen batzordearen erabakitakoak III. kapituluaren 2., 3., eta 4. artikuluak aintzat hartuz.

2. Zehapen batzordea. Salaketa aurkezturik, zehapen batzordeari deituko zaio, gehienez ere astebetera. Kide hauek izanen ditu batzordeak:

1.–Batzordeburua: alkatea.

2.–Idazkaria: Udalbatzaren 1. ordezkaria.

3.–Batzordekidea: Udalbatzaren 2. ordezkaria.

4.–Aditua: animaliak edukitzea arautzen duen Lekunberriko ordenantza hau ezagutzen duen pertsona bat.

Bateraezintasunen bat baldin badago, batzordekide horrek jakinarazi egin beharko du, beste pertsona bat izendatzeko. Bateraezintasunak:

–Harremana izatea salatzailearekin.

–Salaketan inplikaturik egotea.

–Salatutako gertakarien lekukoa izatea.

3. Zehapen-espedientea. Zehapen-espedientea hasiko da bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 63. eta 64. artikuluan ezarrita dagoen prozedurarekin. Lehenik, batzordeak harremanetan jarri beharko du inplikaturik dauden alderdiekin, aurkeztu den salaketa dela kausa zehapen prozedura hasi dela jakinarazteko. Hurren, talde horrek modu objektiboan aztertuko beharko du salaketa, udal ordenantzan xedaturikoa oinarri hartuz, arau-haustea baiesteko, halakorik izan bada, eta ezarri beharreko zehapena zehazteko. Prozesu horretan ahal diren baliabide guztiak erabiliko dira, eta informazio osagarria eskatzen ahalko zaie inplikaturiko alderdiei, prozesuan egiazkotasun handiagoa izate aldera.

Gero, lortu eta aztertu den informazio guztia zehapen-espediente batean jasoko da, eta hari amaiera emanen zaie salaketa onartzeko edo ukatzeko proposamen batekin, arau-hauste mota eta ezarri beharreko zehapena zehazturik. Halaber, batzordeak harturiko erabakiek justifikaturik egon beharko dute espediente horren arabera, oinarri hartuz ordenantza honetan arautzen diren oinarrizko bizikidetza arauak. Zehapen batzordeak gehienez ere 30 egun izanen ditu espediente hori osatzeko.

4. Prozesua ebaztea. Zehapen-espedientea Alkatetzak ebatziko du, zeina zehapen batzordeko buru izendatua baita, bere zehapen-ahala betetzeko, bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 139. artikuluarekin eta hurrengoekin.

Zehapen-espedientea itxitakoan, gehienez ere 3 egunera, Udalak prozesuaren bukaera jakinaraziko die inplikaturiko alderdiei, bai eta, zehapen-espedientean jasotakoaren arabera, salaketaren gaineko ebazpena eta ezarritako zehapena ere.

5. Alegazioak. Egoki irudituz gero, inplikaturiko alderdiek 15 egun izanen dituzte. Alegazio horiek 15 eguneko epean onartu edo ukatu egin beharko dira, zehapen batzordearen txosten baten bidez, Alkatetzaren bermearekin.

6. Zehapena betetzea. Alegazioen aldia bukatutakoan, gehienez ere 3 egunera, Udalak zehapen prozesuaren bukaera jakinaraziko die inplikaturiko alderdiei, bai eta, zehapen-espedientean jasotakoaren arabera, salaketaren gaineko ebazpena, alegazioak (halakorik aurkeztu bada) eta ezarritako zehapena ere.

6. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Animalien babesaren arloko arau-hauste arinek urtebeteko epean preskribatuko dute; astunek, bi urteko epean; eta oso astunek, hiru urteko epean.

2. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek urtebeteko epean preskribatuko dute; larrien ondoriozkoek, bi urteko epean; eta oso larrien ondoriozkoek, hiru urteko epean. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea kontatzen.

3. Arau-hausleen Erregistroa sortuko da, eta hartan jasoko da animaliak edukitzeko edo animaliekin jarduerak egiteko desgaikuntza. Erregistro hori kontsultatuko da animalia baten salmenta edo adopzioa baino lehen. Erregistro horrek izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko araudian xedatutakoa beteko du.

7. artikulua. Erantzukizun penala.

1. Foru lege honetan araututakoaren aurkako arau-hauste administratiboa delitua izan badaiteke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, espedientea irekita, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dizkio egitate horiek.

2. Prozedura penal bat hasita, zehapen prozedura administratiboa bertan behera utziko da, bestearen gaineko ebazpen irmorik ez dagoen bitartean.

3. Ezin ezarriko da behin ere zehapen administratiborik prozesu penal batean kondena eragin duten gertaerengatik; bai, ordea, kondena eragin ez duten beste gertaera batzuengatik.

8. artikulua. Zehatzeko eskumena eta prozedura ebazteko epea.

1. Arau-haustea gertatzen den udalei dagokie lagun egiteko animaliekin eginiko arau-hausteen gaineko zehapen prozedurak abiatzeko eta ebazteko eskumena. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek subsidiarioki baliatzen ahalko dute zehatzeko ahalmena artikulu honetan ezarritako moduan.

2. Udalak, udalez gaindiko entitateak edo eskualdeak zehatzeko bere ahalmena baliatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak falta baditu, Nafarroako Gobernuko organo eskudunak baliatzen ahalko du ahalmen hori, hala berariaz onartuta, horri buruzko eskaera arrazoidunaren ondoren.

3. Nafarroako Gobernuko arloko departamentu eskudunak arau-hauste bat egin dela jakiten duenean, toki erakunde eskudunari emanen dio horren berri, kasuko zehapen-espedientea hasteko borondatea berariaz adieraz dezan. Hilabeteko epean erantzuten ez badu edo aukera horri berariaz uko egiten badio, zehatzeko eskumena departamentu horrek baliatuko du.

4. Zehapen-ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.

9. artikulua. Zehapenetatik datozen diru-sarreren zertarakoa.

Toki administrazioek eta administrazio autonomokoak foru lege honetan bildutako arau-hausteengatik zehapenetatik datozen diru-sarrerak baliatuko dituzte animalien babesa sustatzeko xedea duten jarduketetarako, erregelamenduz garatzen den moduan.

XEDAPEN OROKORRAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Animalia potentzialki arriskutsuak.

Indarrik gabe uzten da Animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen ordenantza, 2004ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 1ean.

Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan honako hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea, eta Animalia potentzialki arriskutsuak edukitzeko araudi juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Foru Legea, bai eta alor honetan aplikatzekoak diren arau guztiak ere.

Bigarren xedapen gehigarria.–Laguntza-zakurrak.

Laguntza-zakurrei, foru lege honetan xedatutakoaz gainera, haiei buruzko araudi berariazkoa aplikatuko zaie, gaur egun Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-zakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duen otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean jasota dagoena, edo hura ordezten duen arauan jasotakoa.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Animalia debekatuak edukitzea.

1. Debekatuta dago honako animalia hauek parke zoologiko erregistratuetatik edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako gune zoologikoetatik kanpo edukitzea:

a) Artropodoak, arrainak eta urlehortarrak: Haien hozkada edo pozoia pertsonen eta animalien integritate fisikorako edo osasunerako arrisku larria denean.

b) Narrastiak: Espezie pozoitsu guztiak, krokodiloak eta kaimanak, bai eta helduaroan bi kilogramoko edo hortik gorako pisua duten espezie guztiak ere, kelonioak izan ezik.

c) Ugaztunak: Primate guztiak, bai eta helduaroan hamar kilogramoko edo hortik gorako pisua duten basa espezie guztiak ere, espezie haragijaleen kasuan izan ezik, horietan muga bost kilogramokoa izanen baita.

d) Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan jasotako animaliak.

2. Animalia potentzialki arriskutsuei buruz ezarritakoa gorabehera, aurreko puntuan aipatutako animalia-espezieak ez dira inolaz ere pertsonekin batera biziko lagun egiteko animalia moduan.

3. Jabeek eutsi ahalko diete 1. apartatuan jasotako animalia-espezieetako aleei –foru lege honek indarra hartu aurretik lagun egiteko animalia moduan erositakoei–, baina edukitze horri buruz informatu beharko diote animalien ongizatearen arloko departamentu eskudunari, gehienez ere foru lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean. Animaliek zuzen identifikaturik egon beharko dute, eta jabeak animaliak segurtasunaren, babesaren eta animalien sanitatearen arloko baldintza egokietan edukitzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du. Halakoak nahigabe aske geratuz gero, berehala informatu beharko dute horri buruz, eta ezin izanen dituzte ale horiek ez merkaturatu, ez ugaldu ez eta beste partikular bati laga ere.

4. Lagun egiteko animalia moduan edukitzea baimenduta dauden espezieak aipatzen dituzten animalien zerrenda positiboei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatean edo nazio mailan arautzen dena aplikatuko da.

Laugarren xedapen gehigarria.–Basa animalia autoktonoak edukitzea.

1. Agintaritza eskudunaren berariazko baimenik eduki gabe, debekatuta dago espezie autoktonoetako animaliak edukitzea, ehiza espezieetakoak barne, bai gune zoologikoetan, bai eremu partikularrean ere.

2. Basa animaliak itxian edukitzeko, haien legezko jatorria frogatu beharko da; horretarako, jarraikiko zaio araudi sanitarioan, merkataritzakoan zein naturaren kontserbazioari buruzkoan eta kasuaren arabera aplikatzekoa den gainerakoan ezarritakoari.

3. Nahitaezkoa izanen da animalia horiek banaka identifikatzea mikrotxip batez, identifikazio-uztai batez edo beste edozein sistema erabiliz, erregelamenduz ezartzen den prozedurari jarraikiz.

4. Ez da baimenduko gizakiak edukitako animaliak natur ingurunean askatzea, non ez duen agintaritza eskudunak berariaz baimentzen.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Hiri-hegaztien populazioen gaineko kontrola.

Udalek, udalez gaindiko entitateek edo eskualdeek hiri-hegaztiak kontrolatzeko programak egiten ahalko dituzte, animaliei sufrimendurik edo kalterik eragiten ez dieten metodoak erabiliz. Erregelamenduz ezarriko dira baimendutako metodo edo prozedurak.

Seigarren xedapen gehigarria.–Lagun egiteko animaliak titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuetan.

Nafarroako Gobernuak sustatuko du titulartasun publikoko egoitza-zerbitzu guztietan, beren ezaugarriengatik zerbitzu horiek horretarako bidea ematen badute, pixkanaka berma dadila lagun egiteko animalia bat daukaten pertsona guztiak beren animaliekin egon ahal daitezela egoitza horietan.

Lehendabiziko xedapen iragankorra.–Lagun egiteko animaliak identifikatzea eta txertatzea.

Lagun egiteko animalien identifikazioarekin eta txertatzearekin zerikusia duten alderdien erregelamenduzko garapena egin bitartean, indarrean mantenduko dira alderdi horiek arautzen dituzten arauak; hau da, Nafarroako Foru Komunitatean txakurren identifikazioa arautzen duen azaroaren 9ko 370/1992 Foru Dekretua eta Osasuneko kontseilariaren 1994ko irailaren 19ko Foru Agindua, errabiaren aurkako txertatzea arautzen duena eta Nafarroako Foru Komunitatean zakurren identifikazioa arautzen duen azaroaren 9ko 370/1992 Foru Dekretua garatzen duena. Aipatutako lege eta dekretuetan sartzen ez diren lagun egiteko animaliak 19/2019 Legean ezarritakoari jarraikiko zaizkie.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Lagun egiteko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza hau indarrean sartuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

I. ERANSKINA

50/1999 Legearen 2.2 artikuluan eta 287/2002 Errege Dekretuan xedaturiko ondorioetarako, honako hauek dira zakur potentzialki arriskutsuak:

1. Hurrengo zerrendan ageri diren zakur-arrazakoak, eta arraza horien ondorengoak diren animalia guztiak, arraza horien nahiz haien gurutzaketaren ezaugarri etnikoak dituztenak.

a) Pit bull terrierra.

b) Staffordshire bull terrierra.

c) American staffordshire terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

2. Hurrengo zerrendan ageri diren ezaugarri guztiak edo gehienak dituztenak:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handikoa eta adoretsua.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetro arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik gorako pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu ez oso handia egiten dutenak.

II. ERANSKINA

Lekunberriko mapa, hirialdea adierazirik (PDFa).

III. ERANSKINA

Lekunberriko hirialdeko mapa, Vegako berdegunea eta 13. sektoreko goiko pasealekua adierazirik (PDFa).

IV. ERANSKINA

Salaketa Aurkeztea

Nola:

–Idatziz. Paperean zein formatu elektronikoan.

Non:

–Gutun-azal itxi baten bidez, zehapen batzordearen postontzian. Sarrera izanen du Lekunberriko Udalaren erregistroan.

–Zehapen batzordearen helbide elektronikoan: bulegoak@lekunberri.eus.

Baldintzak:

Bete agiriaren bukaerako txantiloia, honako jarraibide hauen arabera:

–Eman aditzera nor zaren, idazkian zeure datu pertsonalak adieraziz eta nortasun agiriaren, pasaportearen, gidabaimenaren edo antzeko agiri baten kopia erantsiz.

Salaketa beste pertsona baten izenean aurkeztuz gero, erantsi orobat haren nortasun agiriaren, pasaportearen, gidabaimenaren edo antzeko agiri baten kopia.

–Azaldu zure ustez delituzkoak diren egitateak, bai eta dituzun datu guztiak ere, bai salaturiko gertakariari buruzkoak, bai parte hartu duten pertsonei buruzkoak ere.

–Egitate horiek frogatzeko behar diren frogak eman. Paperezko idazkia bada, sartu beharko dira batzordearen postontzian utziko den gutun-azalean berean; formatu elektronikoan, idazkiarekin batera fitxategi erantsiak bidaliko dira.

Hauek hartzen dira frogatzat: argazkiak, bideoak, objektuak, parte medikoak, lekukoen zerrendak, edo dituzun beste froga batzuk.

–Sinatu salaketa. Zuk ezin baduzu, beste pertsona batek sinatu behar du, zure eskabidez.

Gainera:

–Gordekina eskatzen ahalko duzu, salaketa egin izana egiaztatzeko.

Salaketa-inprimakia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2101561