40. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARATZURI

Herri-lurretako baratzeak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Akatsak atzeman direnez Herri-lurretako baratzeak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespenaren iragarkian, (2021eko 25. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 3koa), zuzendu egin dira. Ordenantza jarraian azaltzen den bezala gelditu da.

Aratzurin, 2021eko otsailaren 3an.–Kontzejuko burua, M.ª Alicia García Esparza.

ARATZURIKO HERRI-LURRETAKO BARATZEAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Printzipio orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da arautzea nola erabili, gozatu eta aprobetxatu behar diren Aratzuriko herri-lurretako baratzeak, bai eta baratze horiek adjudikatzeko prozedura, baratzeetako laborantza eta adjudikaziodunen erantzukizunak ere.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantzaren aplikazio-eremuaren barruan Aratzuriko Kontzejuaren herri-lurretako baratzeetako lur guztiak daude.

3. artikulua. Definizioak.

a) Erabiltzailea: Baratzea erabiltzeko eta aprobetxatzeko eskubidea ematen duen lizentzia adjudikatzen zaion pertsona fisikoa.

b) Fruituak: Baratzeko lurraren laborantzatik lortutako produktuak, hain zuzen ere frutak, barazkiak edo ortuariak eta abar.

c) Baratzea: Ureztalurra, lizentzia daukan erabiltzaileak erabil dezakeena barazkiak, lekadunak eta fruta-arbolak lantzeko.

d) Familia-unitatea: Etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiak.

e) “Prekarioan” ematea: Pertsona bati baratze bat erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea ematea horretarako legezkoa den titulurik baliatu gabe.

4. artikulua. Lagapenaren iraupena.

4.1.–Baratzeen aprobetxamendua edota erabilera 8 urterako emanen da. Zortzi urteko aldia igarotakoan pertsona erabiltzaile berriak izendatuko dira aldi horretan jasotako eskaeren arabera.

4.2.–Lizentziaren indarraldiko azken hilean erabiltzaileek baratzea garbi utzi behar dute, eta hurrengo adjudikaziodunak laborantzarako erabiltzeko moduan.

5. artikulua. Printzipio orokorrak.

5.1.–Xedea: herri-lurretako baratzea.

Onuradunek ezin dituzte erabili herri-lurrak adjudikazioan ezarritakoak ez beste erabilera, aprobetxamendu eta laborantza batzuetarako, Aratzuriko Kontzejuak berariazko baimenik eman ezean.

5.2.–Laborantza zuzeneko eta pertsonala.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako baratzeak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

5.3.–Zaintze eta mantentze lanak.

Baratzeen erabiltzaileen betebehar nagusia izanen da lagatako lursaila behar bezala zaintzea eta mantentzea. Horretarako, baratzea arduraz erabili behar dute, osasungarritasuna bermatu behar dute, lursaila apain eduki behar dute eta lurra landu behar dute. Gainera, herri-lurretako baratzeetako eremu komunak ondo zaindu eta mantendu behar dira.

5.4.–Erabiltzaileekiko eta beren baratzeekiko begirunea.

Herri-lurretako baratzeen erabiltzaileek ezin diete eragozpenik sortu gainerako adjudikaziodunei, eta beste lurzatietan ezin dute gaitzik ez kalterik egin.

5.5.–Debekatuta dago baratzeak lantzea produktuak saltzeko asmoarekin.

Erabiltzaileek ezin dute erabili adjudikatutalo baratzea saltzeko produktuak lantzeko, eta ustiapen ekonomikorako ere ez.

5.6.–Norberaren hornidura.

Baratzeetan ereiten diren laboreak erabiltzaileak eta beraren familia-unitateak kontsumitzeko izanen dira.

5.7.–Kutsaduraren prebentzioa.

Adjudikaziodunek ezin dute erabili lurra edo bertako akuiferoak kutsatzen eta kalte handia eragiten ahal duten ongarririk ez produktu fitosanitariorik.

6. artikulua. Emakidaren titulua.

Lizentziak baratzea erabiltzeko eskubidea ematen du. Erabilera hori pertsonala eta besterenezina da, eta ordenantzan ezartzen diren baldintzak betetzen diren bitartean baizik ez du ondoriorik izanen.

Erabiltzaileak ezin du laga, zergapetu edo kostu bidez edo doan baliatu baratzearen aprobetxamenduaren ondoriozko eskubiderik. Beraz, lizentzia eta hark berekin dakartzan eskubideak ezin zaizkie inolaz ere hirugarrenei eskualdatu.

Lizentzia “prekarioan” ematen da; horrenbestez, Kontzejuak noiznahi deuseztatzen ahalko du erabiltzaile bati emandako lizentzia, bidezko arrazoia dagoela frogatuz gero; horrelakoetan erabiltzaileak ez du edukiko kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.

II. TITULUA

Adjudikatzeko prozedura

7. artikulua. Onuraduna izateko baldintzak.

Herri-lurretako baratzeen aprobetxamendurako lizentzia eskuratu nahi duenak honako baldintza hauek bete behar ditu:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Aratzurin erroldatuta egotea.

c) Aratzurin, urtean 9 hilabetez bederen egiazki bizitzea.

d) Aratzuriko Kontzejuarekin eta Oltza Zendeako Udalarekin dauzkan zerga-betebeharrak eta gainerako betebehar guztiak egunean izatea.

e) Familia-unitateko inor ez izatea beste baratze baten adjudikazioduna.

f) Pertsona erabiltzaileak gaitasun fisikoa izatea baratzean nekazaritzako lanetan eta laborantzan aritzeko.

g) Aldez aurretik zehatua ez izatea, ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeagatik.

8. artikulua. Lizentzia eskaera.

8.1.–Baratze bat adjudikatzea nahi duten pertsonek eskaera aurkeztu behar dute, eta harekin batera honako agiri hauek:

a) NANaren fotokopia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena (1. eranskina).

Oharra: Kontzejuak ofizioz egiaztatuko du eskatzailea Aratzuriko Kontzejuan erroldatuta dagoela, arau-hausterik ez duela egin eta egunean dituela kontzeju honekiko zerga-betebeharrak eta gainerako betebehar guztiak.

c) Kanona ordaindu duelako frogagiria (adjudikazioa egin ondoren).

8.2.–Interesdunek 10 egun baliodun edukiko dituzte goian azaldutako agiriak aurkezteko, kanonaren ordainketaren frogagiria izan ezik, hori baratzea adjudikatu ondoren aurkeztu beharko baita.

9. artikulua. Eskumena eta prozedura.

9.1.–Baratzeak adjudikatzeko eta ordenantza interpretatzeko eskumena Aratzuriko Kontzejuaren Batzarrak dauka.

9.2.–Adjudikatzeko prozedura:

9.2.1. Adjudikatzeko prozedura hasteko, ediktua argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarkia, Kontzejuaren iragarki-taulan.

9.2.2. Horiek argitaratzen direnetik 10 egun balioduneko epea egonen da eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko Aratzuriko Kontzejuari. Epe horretan aurkezten ez badira, eskatzaileak lizentzia adjudikatzeko prozeduran atzera egin duela ulertuko da.

9.2.3. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan prozedurarako onartu direnen eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda onetsiko da eta iragarki-taulan plazaratuko da. Ordutik aurrera 5 egun balioduneko epea egonen da alegazioak aurkezteko.

Epe horretan alegaziorik aurkeztu ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da eta Aratzuriko Kontzejuaren iragarki-taulan plazaratuko da.

9.2.4. Kontzejuak dei eginen die behin betiko zerrendako pertsonei lurzatien zozketa publikora joan daitezen. Zozketa-eguna 3 egun baliodun lehenago jakinaraziko da bitarteko telematikoen bidez (eskatzen dutenei) eta Kontzejuaren iragarki-taulan.

9.2.5. Zozketa hasi aurretik Kontzejuak zenbaki bat ezarriko dio baratze bakoitzari. Zozketa egin ondoko bi egun baliodunetan adjudikaziodunen zerrenda Kontzejuaren iragarki-taulan paratuko da.

9.2.6. Adjudikaziodunek kanonaren ordainagiria aurkeztu beharko dute Kontzejuan, dagokien lizentzia eman diezaieten.

10. artikulua. Lizentzien edukia. Ordezkoen eta erreserbakoen zerrenda.

10.1.–Adjudikaziodunei ematen zaien lizentzian zehaztuko dira baratzearen kokalekua, haren zenbakia eta lizentziaren indarraldia.

10.2.–8. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete arren lurzatirik adjudikatu ez zaien pertsonak ordezkoen zerrendan sartuko dira. Zerrenda horrek lehentasuna izanen du beste batzuen aldean, bajarik gertatuz gero, lizentziari uko eginez gero edo lizentziak ematen duen eskubidea norberaren borondatez edo nahitaez galduz gero. Horrelakoetan, zerrendako ordenaren arabera deituko zaie ordezkoei eta lizentziaren indarraldia amaitu artekoa izanen da.

10.3.–Honako bi kasu hauetan (hauexetan soilik) familia-unitate batek bi baratze izaten ahalko ditu, kanona ordainduz gero (40 euro urtean): erroldatutako eskatzaileak gaitutako lurzatiak baino gutxiago badira edo, denborak aurrera egin ahala, lurzatiren bat adjudikatu gabe gelditzen bada eta ezin bada adjudikatu ordezkoen zerrendaren bitartez.

10.4.–Hala ere baratzeren bat adjudikatu gabe gelditzen bada, Kontzejuak zerrenda bat egiten ahalko du ordenantza honen 8. artikuluaren b) edo c) apartatuetan ezartzen diren baldintzak betetzen ez dituzten pertsonekin, eta “erreserban” edukiko ditu. Erreserba zerrenda horretako pertsonen kanona honako hau izanen da: 150,00 euro urtean.

11. artikulua. Lizentziak azkentzea.

Lizentziak honako kasu hauetan azkenduko dira:

A) Epea bukatzen denean.

B) Bi alderdiek erabakita.

C) Kontzejuak bere kabuz erabakita (arrazoiak eman behar ditu).

D) Emakidadunak uko egiteagatik.

E) Aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpeneko daturen bat okerrekoa edo faltsua denean edo zerbait falta denean.

F) Erabiltzaile izaera galduz gero (16. artikulua).

G) 13. artikuluan ezartzen diren betebehar edo xedapenetako bat ez betetzea arau-hauste oso astuntzat jotzen denean.

H) Segurtasun, higiene eta apaindura irizpideen araberako jarraibideak behin eta berriz ez betetzeagatik (14. artikulua).

III. TITULUA

Erabileraren eta aprobetxamenduaren baldintzak

12. artikulua. Erabileraren baldintza orokorrak.

12.1.–Herri-lurretako baratzeen adjudikaziodunak berak erabili beharko du baratzea edota, bestela, bere familia-unitateko kideek, eta honako betebehar hauek edukiko ditu:

a) Inguruko berezko baratze-landareak baino ezin dituzte laboratu: letxuga, tomateak, tipulak, porruak, kalabazinak, babak eta abar, bai eta loreak edo landare apaingarriak eta usain-belarrak edo sendabelarrak ere.

b) Erabiltzeko lagatako instalazioak arretaz zaindu behar dira eta jaso direnean egon diren bezala mantendu behar dira. Lursaila garbi eduki behar da beti, landatzen diren landareak alde batera utzita.

c) Jasotzen diren ondasunak gorde eta zaindu behar dira. Baratzea Kontzejuari itzultzen zaionean, beste pertsona bati adjudikatzeko moduan egon behar da.

d) Lizentziaren titularraren baimenik eduki ezean, ezin diote utzi inori baratzean sartzen. Horren inguruan gertatzen diren gorabehera guztiak Kontzejuari jakinarazi beharko dizkiote.

e) Lagatzen den lurzatiaren egitura eta azalera ezin dira aldatu. Kontzejuak ezarritako lurzatien mugak ezin dira aldatu.

f) Ezin da hesirik paratu lurzatia ixteko, mugatzeko, markatzeko edo seinaleztatzeko, ez harrizkorik, ez zurezkorik, ez adreiluzkorik, ez blokezkorik, ez bestelakorik. Kontzejuak ezarritako mugak edo ertzak ezin dira aldatu.

g) Lurzatian ezin da ezer eraiki; gainera, ezin da paratu aterperik, ez esekilekurik, ez ingurua aldatzen ahal duen deus. Orobat, adjudikaziodunak ezin du instalatu berariaz lurra lantzeko ez den elementurik: barbakoak, estalpeak, etxolak eta abar.

h) Gainerako baratzeetako erabiltzaileei ez zaie eragozpenik sortu behar; ezin da erabili gainerakoei kalteak edo lesioak eragiten ahal dizkien gailurik, tresnarik ez sistemarik. Ezin da hondakinik bota baratzera, eta belar-sastrakak garbitzearen hondarrak eta garbiketa-hondarrak ere ez.

i) Debekatuta dago paisaia narriatzen duten edo dauden instalazioak aldatzen dituzten elementuak jartzea.

j) Laborantzan, garbiketan eta baratzeko gainerako zereginetan ezin da erabili lurra larriki kutsatzen ahal duen sustantziarik.

k) Debekatuta dago lurra, lurzorua edo lurpea hondatzen duten landareak landatzea. Gainera, ezin da landatu espezie exotikorik, ez espezie inbaditzailerik, ez legez laboratu edo erein ezin den espezierik.

l) Baratzean ezin da eduki animaliarik. Ezin da erabili zeporik, tranparik, lakiorik, perdigoi edo balinezko eskopetarik, tiragomarik ez bestelako tresnarik (ez mekanikorik, ez naturalik) eragozteko baratzean sartzea, lurrez edo airez, animaliak, hegaztiak nahiz pertsonak. Nolanahi ere, sareak paratzen ahal dira hegaztiak ez sartzeko.

m) Debekatuta dago baratzeko laborantza edo haren erabilera bertan behera uztea; batez ere, fruituak ezin dira bildu gabe utzi, kiratsa sortu, lurra zikindu edo inguruari edo paisaiaren ikuspegiari kalte egiten diotelako, lurzoruan egon zein ez.

n) Debekatuta dago sasoikoak ez diren espezieak landatzea, baldin eta fruituak ezin badira bildu ereintzatik zortzi hilabete pasatu baino lehen; gainera, ezin da landatu zuhaitz-espezierik, fruta-arbolak barne.

ñ) Baratzeko laborantza-lanetan trakzio mekanikodun ibilgailuak erabiltzen ahalko dira: traktoreak, motokultoreak, motozerrak eta abar.

o) Baratzean ez dira pilatu behar laborantzako tresnak.

p) Laborantzako uztondoak erre daitezke, udaldian izan ezik (ekainetik irailera, biak barne).

q) Adjudikazioduna sasoi onean egon behar da, baratzean laborantzan aritzeko moduan, hain zuzen. Hori dela eta, gaixotasun edo patologia larri batek jotzen badu erabiltzailea eta ondorioz ez bada gauza baratzean lan egiteko hilabete baino aldi luzeagoan, horren berri eman beharko dio Kontzejuari idatziz.

r) Ezin da erabili musika-ekiporik baratzeko egonaldiak alaitzeko, baldin eta musikaren bolumenak beste erabiltzaileen edo herritarren lasaitasuna eragozten badu.

12.2.–Aurreko baldintzetako bat ez betetzea arau-haustea izanen da, eta gerta liteke arau-hausleak Kontzejuak emandako lizentzia galtzea.

13. artikulua. Baratzeetan paratzen ahal diren elementuak.

Kasu guztietan, eta segurtasun, higiene eta apaindura irizpideak aplikatuz, Kontzejuak eskubidea dauka eskatzeko honako elementu hauek aldatzeko eta are kentzeko ere:

13.1.–Baratzean ur-biltegia eduki daiteke, gehienez 2 metro kubikokoa, plastikozkoa zein txapazkoa. Modu seguruan ainguratu behar da eta itxura onean artatu behar da.

13.2.–Etxola bat egon daiteke laborantza-lanetarako tresnak eta materialak gordetzeko, gehienez 2 x 3 m-koa. Zurezkoa izan behar da; teilatua txapazkoa izan daiteke. Osorik desmuntatzeko modukoa izan behar da; beraz, ezin du eduki eraikuntza-elementu finkorik: hormigoia, zementua eta abar.

13.3.–Baratze bakoitzean txorimalo bat paratzen ahalko da.

14. artikulua. Lizentziaren adjudikazioaren berezko gastuak.

14.1.–Baratzearen adjudikaziodunek lizentzia indarrean dagoen artean laborantzak eragiten dituen banakako gastuak ordaindu beharko dituzte (ongarriak, ereindako landareak eta abar), lursaila laborantzarako prest eta ongi zainduta edukitzeko.

14.2.–Erabiltzaileek nahitaez ordaindu behar dituzte baratzeen erabilpenak eragiten dituen kostuak ordaintzeko Aratzuriko Kontzejuak, Zuzenbidearekin bat etorriz eta arrazoiak azalduta, ezartzen dituen karga guztiak.

14.3.–Herri-lurretako baratzeetan laborantzan aritzeko ordaindu beharreko kanona 8 euro urtean izanen da. Kanona lizentzien indarraldia amaitzen den bakoitzean eguneratuko da nekazariek jaso beharreko prezio-indizeak aplikatuz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak finkatzen baititu.

14.4.–Oro har, lehen urtean kanona herri-lurretako baratzea adjudikatzen den unean bertan sortzen da. Hurrengo urteetan, aurreko urtea amaitu baino lehen ordaindu beharko da.

15. artikulua. Erabiltzaile izaera galtzea.

15.1.–Erabiltzaile izaera galduko da honako kasu hauetan:

a) Baratzearen erabileraren onuradunak eskubidean atzera egin edo hari uko egiteagatik Kontzejuaren aurrean.

b) Erabiltzailearen heriotzagatik edo baratzeko lanak egitea eragozten dion gaixotasunagatik.

c) Lizentziaren indarraldian zehar Aratzurin erroldatuta egoteari utziz gero, salbu eta adjudikazioa egin bada ordenantza honen 11.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

d) Hilabete baino aldi luzeagoan baratzaren erabilera edo laborantza bertan behera utziz gero.

e) Baratzea adjudikatzeko kontuan edukitako inguruabarretako bat desagertuz gero.

f) Ordenantza honetan zehazten diren bateraezintasunetako bat gertatu edo debekuetako bat hautsiz gero.

g) Baratzea erabiltzen bada ordenantza honetan zehazten ez den erabilera edo helburu baterako.

h) Ez badira betetzen oinarrizko arauak bizikidetzari eta auzo-harremanei dagokienez, edo gizabidez jokatzen ez bada gainerako erabiltzaileekin.

15.2.–Erabiltzailea izateari uzteak inolaz ere ez du eskubiderik emanen Kontzejuari ordaindutako kanona itzultzeko, ez eta kalte-ordain ekonomikorik jasotzeko ere.

IV. TITULUA

Diziplina araubidea

16. artikulua. Diziplina-araubidea.

16.1.–Herri-lurretako baratzeen erabiltzaileek ordenantza honetan ezartzen den guztia bete behar dute.

16.2.–Ordenantzan xedatzen denaren aurkako jokabideak arau-haustetzat jotzen dira, eta Kontzejuak zehatu eginen ditu.

16.3.–Baldin eta erabiltzaile batek doloz, erruz, zabarkeriaz edo are ez betetze hutsez kalterik egiten badio herri-lurretako baratzea dagoen lurzatiari, edo baratzearen berezko xedea ez beste baterako erabiltzen badu edo bertako arauetako bat betetzen ez badu, zehapena ezarriko zaio: lizentzia kenduko zaio, ordenantza honetan arautzen den gisan.

16.4.–Adjudikaziodunen erantzukizuna honelakoa izan daiteke: nagusia edo zuzena, urratzea erabiltzaileak berak egin badu; subsidiarioa, urratzea baratzea erabiltzen ez duen pertsona batek egin badu, erabiltzailea jakitun dela edo haren zabarkeriaren erruz, hots, baratzean sartu ezin ziren pertsonei sartzen utzita.

17. artikulua. Ikuskapena.

17.1.–Kontzejuak izendatutako langileek lagatako instalazioak ikuskatzen ahalko dituzte. Langile horiek agintaritzat hartu behar dira beren ikuskapen-ahalmenetan ari direnean.

17.2.–Erabiltzaileek baratzean sartzen utzi behar diete aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsonei, eta eskatzen duten informazioa eman behar diete, ezinbestekoa baita herri-lurretako baratzeen kudeaketaren eta laborantza eta aprobetxamenduen jarraipena egiteko.

V. TITULUA

Erantzukizunen araubidea

18. artikulua. Erantzukizuna.

18.1.–Adjudikazioduna izanen da baratzeak edo hirugarrenek jasan ditzaketen kalteen erantzulea.

18.2.–Erabiltzaile batek baino gehiagok eragin badute kaltea, erantzule solidarioak izanen dira.

19. artikulua. Arau-hauste administratiboak:

19.1.–Arau-hausteen mailak honako irizpide hauen arabera ezarriko dira:

a) Arau-hauslearen erruduntasun-maila edo araua hausteko asmoa edukitzea.

b) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.

c) Kalteak nolakoak diren.

d) Arau-hauste bat egin eta urtebete igaro aurretik eite bereko beste arau-hauste bat egitea, Aratzuriko Kontzejuak halakotzat deklaratzen badu.

19.2.–Ordenantza honetan ezarritakoaren urratze oro arau-haustetzat joko da. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

–Arau-hauste arina: Astunen artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, baldin eta zenbatekoa edo intentsitatea txikia izateagatik astunaren kalifikazioa merezi ez badu. Arau-hauste arina egiten duten pertsonei kargu hartuko zaie idatziz. Hiru idatzizko kargu-hartze arin eginez gero, arau-hauste astuntzat joko da.

–Arau-hauste astuna: Arau-hauste astuntzat joko da erabiltzaileak egitez edo omisioz ordenantza honen 13. artikuluaren apartatuetako bat urratzea. Hiru arau-hauste arin eginez gero, arau-hauste astuna gertatuko da.

–Arau-hauste oso astuna: “Astuntzat” jotako arau-hausteren bat egitea, baina egitateetan duen garrantziagatik oso astuntzat jotzen denean. Halaber, bi arau-hauste astun egitea arau-hauste oso astuntzat jotzen ahalko da. Arau-hauste bat oso astuntzat jotzea aski izanen da arau-hausleari lizentzia automatikoki errebokatzeko.

20. artikulua. Zehapenak.

20.1.–Arau-hauste astun eta oso astun guztiei zehapena ezarriko zaie. Ordenantza honen arau-hausteak honako zenbateko hauekin zehatuko dira:

–Arau-hauste astunak: 100,00 euroko isuna.

–Arau-hauste oso astunak: 300,00 euroko isuna.

20.2.–Hertsapen-isuna ez ezik, arau-hausleak kaltetutako ondasuna lehengoratzeak edo ordezteak eragiten dituen gastu guztiak ere ordaindu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 117.3. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

20.3.–Premiamendu-bidea. Nork bere borondatez ordaindu ezean, isunak premiamendu-bidez kobratuko dira, administrazio-bide egokiak erabiliz.

Zehapen-prozedura ofizioz hasiko da beti, Kontzejuaren Batzarraren erabaki baten bidez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 58. artikuluarekin eta horrekin bat datozenekin.

21. artikulua. Azken xedapenak.

Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantzaren edukiaren interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Kontzejuko Batzarrak argituko ditu.

Ordenantza arautzaile honek indarra hartuko du eta ondorio juridikoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Foru Komunitateak toki-erakundeen egintza edo erabakiak deuseztatzeko daukan eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2101899