4. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

Deialdia, administrari lanpostu bat oposizio murriztuaren bidez betetzeko

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, 2020ko urriaren 14an egin bilkuran, C mailako administrari bat sortzea onetsi zuen, plantillan lanpostu kopurua gehitu gabe betetzeko, oposizio murriztuaren bidez.

Hasierako onespenaren erabakia 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 10ean. Iragarki hori jendaurrean jarri zen, halaber, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen iragarki-taulan hamabost egun baliodunean, eta ez zen aldi horretan erreklamaziorik aurkeztu; hala, erabakia behin betiko onetsirik gelditu zen. Deialdi honen oinarriak onetsi ziren abenduaren 18an egin bilkuran, eta argitara ematen dira, bada, lanpostua bete dadin.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari lanpostu bat betetzea oposizio murriztuaren sistema erabiliz. Sistema hori ezarrita dago Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan, eta egiaztatu behar ditu deialdi honetan eskatzen diren baldintzak, urriaren 14an sorturiko C mailako administrari lanposturako. Ez bada lanpostua betetzen, deuseztaturik geldituko da, eta lanpostua D mailan utziko da.

1.2. Izendapenak C mailako administrari bihurtuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko lan-kontratudun finkoei buruzko indarreko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Izendatuak bere zerbitzuengatik jasoko du C mailari dagokion urteko ordainsari gordina, bai eta plantilla organikoko D mailako administrari lanpostuan lehendik ezarrita zeuzkan osagarriak, antzinatasuna eta abar ere.

1.4. Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Halaber, gizarte segurantzaren araubide berari eutsiko dio.

1.5. Urteko lanaldia izanen da udal bulegoetako gainerako langileentzat orain arte ezarrita dagoen bera.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan parte hartzeko, izangaiek honako hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen zerbitzuko langile lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) D mailakoa izatea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan egiazki bost urtez gutxienez zerbitzuak egin izana frogatzea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidea izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke egiaztatzea administrari lanpostuan 8 urteko zerbitzuak egiazki egin izana Nafarroako Administrazio Publikoetan.

g) Dagozkion eginkizunetan jarduteko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen bulegoetan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, hamabost egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari. Eskabide horrekin batera, deialdian parte hartzeko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta honako hauek ere:

–NANaren fotokopia.

–Beharrezkoa bada, Batxilergoko tituluaren, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo baliokide denaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, batzordeburuak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Baztertutakoek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo akatsak zuzendu, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean.

4.2. Erreklamazioetarako epea iragandakoan, eta horiek ebatzita, batzordeburuak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta adierazteko oposizioaren ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia. Orobat, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Gero, epaimahaiak argitaratuko ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduz ezarrita dagoen moduan.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Pedro Mascaray Navarro, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko burua.

Ordezkoa: Batzordeko buruordea.

1. epaimahaikidea: Elena Ayerra Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko kidea.

Ordezkoa: Pío Sarries, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko kidea.

2. epaimahaikidea/ordezkoak: Zaraitzuko toki-erakundeetan administrari diharduten langileak.

Epaimahaikide idazkaria: Zaraitzuko Ibaxaren Batzordekoa.

Ordezkoa: Aezkoako Batzarre Nagusiko idazkaria.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da bertan egotea epaimahaiburu edo idazkari lanak egiten dutenak eta, gutxienez, kideen erdiak.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedaturikoaren arabera.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioak ariketa teoriko bat izanen du. Ariketa horretan idatziz erantzun beharko zaie galdera labur edo test motako galdera batzuei, eta horien gaiak izanen dira legedia, informatika, jendearentzako arreta, eta Udalen Kudeaketa Integraleko kontabilitate programa, Kontabilitate Bakuna.

Ariketagatik gehienez 50 puntu emanen dira, eta gutxienez 25 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

6.2. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Batzordearen iragarki-taulan jarriko du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin batera.

6.3. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek haietara joan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela. Oposiziotik baztertuko dira agertzen ez direnak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren egiaztatzen ez dutenak.

7.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

7.1. Hautapen-prozesua bukatutakoan, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko buruak, ebazpen baten bidez, C mailako administrari izendatuko du hautaproba gainditu duen izangaia.

7.2. Inork ez badu hautaproba gainditzen, sortu den C mailako lanpostua deuseztaturik geldituko da, eta D mailakoa bere horretan utziko da. Inork proba gaindituz gero, D mailako lanpostua amortizatu eginen da.

7.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.4. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz izendatutako izangaiak. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean jabetza hartzen ez badu, Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeko C mailako administrari bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, jartzen ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean jasotzen diren errekurtsoak (berraztertzeko errekurtsoa eta gora jotzeko errekurtsoa hilabeteko epean; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabeteko epean).

9.–Aplikatu beharreko araudia.

251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

15/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzkoa.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

Ezkarozen, 2020ko abenduaren 9an.–Batzordeburua, Pedro Mascaray Navarro.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2016181