4. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko abenduaren 22an hartua, Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta dagokion erregistroan inskribatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Foru lege horretan, prozedura zehatz bat ezartzen da Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak bete beharrekoa, Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko.

Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko idatzoharrak egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako, nahitaezko desjabetzea eta bide-zortasuna barne.

Ondorio horietarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak irailaren 8an eman 3/2020 Ebazpenaren bidez, prozedura abiatu zen Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko. Ebazpen hori 2020ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 18koan, eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian, eta jendaurreko aldia ireki zen.

Aldi berean, Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunearen prebentziozko idatzoharra egin zen, Nafarroako memoria historikoaren toki gisa, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, nomenklatura honekin erregistraturik: Zk.: LM-2020-0001-Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea.

Jendaurreko aldia amaitu da inork alegaziorik aurkeztu gabe.

Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak, deklarazioaren eta inskripzioaren ondorioetarako, aldeko txostena eman zuen 2020ko abenduaren 15ean, eta, hala, irekita utzi zuen bidea Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak proposaturik, erabaki bidez deklaratu eta behin betiko inskribatu dezan Iruñeko Presondegi Probintzialeko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki gisa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzea.

2. Toki hori Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan behin betiko inskribatzea, inskripzio zenbaki hau duela: LM-2020-0001-Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Erabaki hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren Zerbitzuari.

5. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak amaiera ematen diola administrazio bideari eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko abenduaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2015945