39. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Zuntz optikoaren erabilera sustatzeko dirulaguntzak ematea. Laburpena

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/548309). DDBN identifikazioa: 548309.

Helburua eta xedea: deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea zuntz optikoko sareen hedapena eta erabilera sustatzeko; horrela, Eguesibarko bizilagunak hobeto konektatzen ahalko dira Eguesibarko Udalarekin beren udal-egoitza elektronikoaren bidez, eta, era berean, interkonexio hobea ahalbidetuko zaie, oro har.

Laguntza ekonomikoa emanen zaie Eguesibarko biztanleguneetan erroldatu diren eta 2020ko abenduaren batean zuntz optikoaren zerbitzua hedatuta ez duten eta 2021eko ekainaren 1a baino lehen kontratatzen duten herritarrei, oinarri hauetan ezartzen diren zehaztapenekin eta betekizunekin bat etorriz.

Laguntza bakarra emanen da etxebizitza bakoitzeko.

Eskatzaileen betebeharrak. Deialdi honen xede diren laguntzak jaso ahal izateko, nahitaezko baldintzak izanen dira honako hauek:

a) Oinarri hauek onetsi aurreko sei hilabeteetan benetako bizilekua izatea eta etenik gabe erroldatuta egotea Eguesibarko biztanlegune batean, zeinetan 2020ko abenduaren batean zuntz optikoaren zerbitzua hedatuta ez baitago eta 2021eko ekainaren 1a baino lehen kontratatzen den.

b) Zuntz optikoaren zerbitzua 2021eko ekainaren 1a baino lehen kontratatzea eta gutxienez sei hilabetez etenik gabe mantentzea.

c) Zuntz optikoaren zerbitzua eskatzen den etxebizitzaren titularra nahiz errentaria izatea.

d) Ezarritako epeetan aurkeztea deialdi honetan eskatzen diren eskabidea eta dokumentazioa.

e) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta Eguesibarreko Udalarekikoak ere, bai laguntza eskatzen den egunean, bai zuntz optikoaren zerbitzua kontratatzen den egunean.

f) Eguesibarrean erroldatuta egotea, gutxienez, zuntz optikoaren zerbitzua kontratatu eta hurrengo sei hilabeteetan.

Eskabideak aurkezteko epea: laguntzak 2021eko martxoaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dira.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2021eko otsailaren 4an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2102177