38. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ematen baitira energia elektrikoa ekoizteko Linte Parke Eolikoa- I. Fasea izeneko instalazioa eta energia ateratzeko azpiegiturak eraikitzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena, Larragan, Berbintzanan eta Miranda Argan.

1.- Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatzea.

Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa dela bide, 2020ko maiatzaren 25ean Agrowind Navarra 2013 SL enpresak eskaera aurkeztu zuen Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian Linte Parke Eolikoa - I. Fasea eta energia ateratzeko azpiegiturak eraikitzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatzeko.

Horretarako, Agrowind Navarra 2013 SL enpresak Linte Parke Eolikoaren Proiektua - I. Fasea eta Linte Azpiestazio Elektrikoaren Proiektua izeneko proiektuak aurkeztu zituen, Francisco Javier Gala Lupiani industria ingeniariak sinatuak.

Dokumentazioaren arabera, 23,1 MW-eko parke eolikoa 3,3 MW-eko potentzia unitarioko zazpi haize sorgailuk osatzen dute, Larraga, Berbintzana eta Miranda Argako udal mugarteetan. Parkea ustiatuko den tartean baliabide eolikoa behar bezala ebaluatzeko, neurketa dorre bat instalatzeko aukera aztertu da.

Egitasmo horrek barne hartuko luke haize sorgailuak, behar diren bideak, drainatzeak eta sare elektrikoak ezartzea, lurrak mugitzea eta, oro har, parke eolikoa erabat instalatzeko behar diren sistema guztiak jartzea.

30/132 kV-eko azpiestazio jasotzailea ere sartu da; parkeko energia ateratzeko elementu zentralizatzailea izanen da. Parke eolikoak energia lur azpiko 30 kV-eko zirkuituetatik entregatuko du, 132 kV-eko ebakuazio linearen tentsiora aldatzeko.

132 kV-eko ebakuazio lineak aurretik aipatutako parketik iritsitako energia garraiatuko du, zenbait konexio puntu eta azpiestazio elektriko zeharkatuz lehendik baden Olite azpiestazioraino; azken hori Red Eléctrica de España SAUrena da. Azpiegitura horiek beste proiektu batzuetan landu dira.

Parkea Jenariz parke eolikotik ipar-ekialdera dago eta San Marcos II parke eolikotik hego-mendebaldera; haize sorgailuek kokaleku hauek izanen dituzte:

HAIZE SORGAILUA

UTM KOORDENATUAK ERS89 (30. EREMUA)

X

Y

Potentzia (MW)

LI-01

598.400

4.710.188

3,3

LI-02

599.231

4.709.660

3,3

LI-03

599.963

4.709.274

3,3

LI-04

600.297

4.709.336

3,3

LI-08

597.361

4.708.373

3,3

LI-09

597.125

4.708.214

3,3

LI-10

596.906

4.708.067

3,3

Haize sorgailuaren modeloari dagokionez, dokumentazioan GE fabrikatzailearen makina bat jaso da; turbinaren diametroa 140-116 mHH izanen da eta errotorearen diametroa, berriz, 140 metro.

Dokumentazio teknikoak aurreikusten du gauzatzeko aurrekontua 16.509.141,99 eurokoa izanen dela parke eolikoaren kasuan, eta 1.877.986,17 eurokoa azpiestazioaren kasuan.

2.–Aurrekariak: Ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunek izapidetzea.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Plan Eolikoaren udalez gaindiko plan sektorialaren ingurumen eraginaren adierazpena egin da, Agrowind Navarra 2013 SLk sustaturik. Hona hemen edukia:

–Linte parke eolikoaren aldeko txostena ematen da LI-1 zenbakitik LI-11 zenbakira bitarteko haize sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera, betiere LI-05, LI-06 eta LI-07 haize sorgailuak bateragarriak baldin badira hirigintza aldetik.

–San Marcos I parke eolikoaren aldeko txostena ematen da SM1-01 zenbakitik SM1-8 zenbakira bitarteko haize sorgailuentzat, eta San Marcos II parke eolikoaren SM2-03 zenbakitik SM2-10 zenbakira bitarteko haize sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera; SM1-9 eta SM1-10 eta SM2-01 eta SM2-02 haize sorgailuentzat kontrako txostena ematen da, azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik.

–Corraliza Paulino parke eolikoaren kontrako txostena ematen da, arrazoi hauengatik: inguruan abifauna mehatxatua dagoelako, instalazioekin talka egiteko arrisku handia dagoelako, hegazti horiei beren ziklo biologikoaren fase batzuetan eragiten ahal zaizkien eragozpenengatik, estepako abifaunaren eta hegazti urtarren joan-etorrietarako izan dezakeen hesi-efektuagatik, energia garraiatu eta banatzeko hurbil dauden beste instalazio eoliko batzuekin batera sor dezakeen eragin metatuagatik, paisaiaren gaineko ukipenengatik eta Monte Plano lekunearen apartekotasun ekologikoagatik.

–Tres Hermanos parke eolikoaren kontrako txostena ematen da, arrazoi hauengatik: estepako abifaunaren kontserbaziorako interesekoak diren guneen artean kokatzen delako, inguruan dagoen abifauna mehatxatuarentzat hesi-efektua sortzen duelako, hegaztiek instalazioarekin talka egiteko arrisku handia dagoelako, hegazti horiei beren ziklo biologikoaren fase batzuetan eragiten ahal zaizkien eragozpenengatik eta paisaiaren gainean ukipen nabarmena eraginen duelako parke eolikoen aprobetxamendu handia dagoen eremu batean.

–Jenariz parke eolikoaren aldeko txostena ematen da, 2018ko ekainaren 1ean aurkeztutako dokumentazioaren arabera, JE-07 zenbakitik JE-12 zenbakira bitarteko haize sorgailuei dagokienez, lerrokadura bakarrean jarriz gero, eta kontrako txostena, berriz, JE-01 zenbakitik JE-06 zenbakira bitarteko haize sorgailuentzat, faunaren gain eraginen lukeen ukipen kritikoagatik, hesi-efektua sortuko lukeelako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzitsuak diren eremuen artean kokatzen den alde batean.

Ebazpen horretan ezarri zen espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen dela jarduera, eta gainera, zuzenketa neurri eta ingurumen jarraipena egiteko neurri jakin batzuk beteko direla.

2018ko abuztuaren 24an, Agrowind Navarra 2013 SL enpresak proiektuaren testu bategina aurkeztu zuen, zeinean, beste puntu batzuen artean, ingurumen eraginaren adierazpenak (IEA) ezarritako baldintza bat argitzea eskatzen baitu, abifaunaren jarraipenari buruzkoa, zehatz esateko. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpenaren bidez, aurreko 400E/2018 Ebazpena, ekainaren 14koa, partez aldatu zen.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Proiektu Eolikoa udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zen, determinazio hauekin:

a) Linte Parke Eolikoko LI07, LI06 eta LI05 haize sorgailuak ukatzea, Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikuluan adierazitakoa oinarri hartuta eta artikulu horren ondorioetarako.

b) San Marcos I, San Marcos II, Linte eta Jenariz parke eolikoak eta horiei lotutako instalazioak espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzen arabera eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenean ezarritakoaren arabera garatuko dira, San Marcos I, San Marcos II, Linte, Jenariz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena eman zuena.

c) Mugaketa grafikoak UPSaren araudira egokitu beharko du, bereziki “UPSaren eremua” izeneko 1. artikulura. Linte Parke Eolikoko LI05 haize sorgailuaren inguruan mugatutako eremuak ez du kontuan hartu behar haizeak neurtzeko proposatzen den estazioa.

3.– Garraio sarera konexioa eta sarbidea izateko baimena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen du “ezin izanen dela sorkuntzarako instalazioetako administrazio baimenik eman titularrak aldez aurretik ez baditu lortu banaketa edo garraio sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak”.

2020ko urtarrilaren 21ean Red Eléctrica de España SAUk dokumentu hau argitaratu zuen: “Erantzun eguneratua, gaur egungo OLITE 220 kV azpiestazioan garraio sarera sarbide koordinatua izateari dagokionez, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak CFT/DE/051/18 sarbide-gatazkaren ebazpenean jasotakoaz bestelako edukiera-banaketa egiten duena”.

2020ko azaroaren 10ean Red Eléctrica de España, SAUk dokumentu bat eman zuen, “Konexioa egin eta IVCTCra igortzeko erantzuna, garraio sareari lotzeko OLITE 220 kV azpiestazioan”. Dokumentu horretan konexio baimena eman zitzaien honako instalazio hauei, zeinek jada bazeukaten aurretiazko sarbide baimena:

–Linte parke eolikoa: 33 MW-eko potentzia instalatua / potentzia izendatua.

–Jenariz parke eolikoa: 24 MW-eko potentzia instalatua / potentzia izendatua.

–San Marcos II parke eolikoa: 6 MW-eko potentzia instalatua / potentzia izendatua.

4.– Dokumentazioa ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei igortzea.

Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa ikusita, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazioaren kopia igorri zien ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei, egiazta zezaten proiektuak betetzen zituela ingurumen arloko izapideen eta hirigintza baimenen ebazpenak.

2020ko uztailaren 21ean Lurraldearen Antolamenduaren Ataleko Landa-lurzoruaren Bulegoak 0003-OT12-2020-000071 txostena eman zuen; bertan adierazi zenez, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, ez zen beharrezkotzat jo lurzoru urbanizaezineko baimen berria izapidetzea.

Hala ere, neurketa dorrea LI-05, LI-06 eta LI-07 haize sorgailuak dauden kokaleku berean daude; haize sorgailu horiek ukatu egin ziren UPSa behin betiko onartzea ekarri zuen Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren arabera. Ezin da ulertu kokapen hori parkearen baimenean jasota dagoenik. Horregatik, neurketa dorreak hirigintza baimen berria behar du.

2020ko uztailaren 29an Ingurumen Eraginaren Atalak 0003-0215-2020-000171 txostena eman zuen, eta bertan zenbait baldintza eta gomendio jaso zituen. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txosten horren kopia bat igorri zion Agrowind Navarra 2013 SL enpresari, eta hark erantzuna eman zuen 2020ko irailaren 17an.

Erantzuna eta espedientean bildutako dokumentazio guztia ikusita, Ingurumen Eraginaren Atalak 0002-0106-2020-000083 txostena eman zuen 2021eko urtarrilaren 19an.

5.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei, erakundeei eta enpresei.

Era berean, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa ikusita, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proiektuaren separatak igorriko dizkie bere ardurapean ondasunak eta eskubideak dituzten edo zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde, enpresa edo administrazio publikoei, ezar ditzaten bidezkoak diren baldintza teknikoak.

Zehazki, separatak honako hauei igorri zaizkie:

1. Miranda Argako Udala.

2. Larragako Udala

3. Berbintzanako Udala.

4. Aire Segurtasuneko Espainiako Agentzia

5. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

6. Sociedad Concesionaria Aguas de Navarra SA

7. Nafarroako Ubidea SA (CANASA).

8. Nedgia Navarra SA.

9. Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

10. Telefónica de España SA

Honako hauen erantzunak jaso dira:

1. Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia. 2020ko ekainaren 29ko 2020/373759 txostenean adierazi zenez, proiektatutako jarduketak eragina izanen du Nafarroako Errepideen Sarean, NA-6100 errepidean (Carrascal-Martzilla II) dauden bi sarbide egokituko baitira, eta lur azpiko bi gurutzagune eginen baitira kanalizazioekin, bata NA-6100 errepidean eta bestea NA-6120 errepidean (Lerin-Berbintzana). Sustatzaileari adierazi zaio lanak gauzatu aurretik Zainketa Zerbitzuaren nahitaezko baimena lortu behar duela.

2. Telefónica de España SA. 2020ko uztailaren 30eko TP164-WF-SEPARATA TELEFONICA-LINTEFI REV00-200420 txostenean adierazi du ez duela inolako eragozpenik aipatutako proiektua egiteko, baldin eta indarreko araudia betetzen bada.

3. Berbintzanako Udala. 2020ko uztailaren 22ko BER-20/0463 txostenean proiektuaren alde egin zuen.

4. Larragako Udala Larragako Udalak txostenak modu bateratuan eman zituen instalazio hauei dagokienez: Linte parke eolikoa, San Marcos II parke eolikoa eta San Marcos SET eta 132 kV-eko linea elektrikoa, San Marcos-Erriberri; izan ere, proiektuek lotura dute elkarrekin eta enpresa berak sustatu ditu.

Jarraian, aipatutako txostenen edukia laburbiltzen da, baita Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren erantzuna ere.

4.1. Larragako Udalak txostena eman zuen 2020ko abuztuaren 10ean:

–Lehenik eta behin, azaldu zuen Udalak berak administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu zuela Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren aurka, zeinaren bitartez “Nafarroako Proiektu Eolikoa” UPSa onartu baitzen (463/2018 prozedura).

Erantzuna: Prozedura hori oraindik ez da bukatu; horrenbestez, auzi horiek ez dira aztertuko.

–Bigarrenik, alegatzen du lau proiektuetan aipatzen dela Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua betetzea; dekretu hori indarrik gabe utzi zuen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuak.

Erantzuna: Txostena Agrowind Navarra 2013 SL enpresari igorri zaio, eta berak aitortu du forma akats bat egin zuela “Separataren xedea eta justifikazioa” atalean; akatsaren izaera formala egiaztatu da, administrazio baimenaren eskaera indarrean dagoen arau aplikagarrian (maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita parke eolikoetarako baimena Nafarroan) ezarritako prozeduraren barruan baitago.

Bidenabar, aurkeztutako dokumentazio guztia eta proiektuen edukia 56/2019 Foru Dekretuak ezarritako eskakizun eta baldintzetara egokituta dago.

–Hirugarrenik, argudiatu du igorritako lau espedienteek ez dutela betetzen 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa; izan ere, ez dute eskatutako agiri teknikoetako bat ere ez.

Erantzuna: Aipatutako foru dekretuaren 14. artikuluko 1.a) apartatuak ezartzen duenez, zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak ematen dituzten beste administrazio publiko, organismo edo enpresa baten mendeko zona edo zentro, obra edo zerbitzu, ondasun edo instalazioei erasaten dieten proiektuen atalak modu bereizian jasoko dira; dokumentazioa igorri zaie kasuan kasuko organismo eta erakundeei, besteak beste, Larragako Udalari. Gainerako dokumentazioa proiektuan jasota dago.

–Udalak argudiatu du proiektuak ez direla jendaurrean jarri.

Erantzuna: Horri dagokionez, 56/2019 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aurreikusitakoa aipatu behar da; honako hau dio: “Parke eolikoak ezartzeko udalez gaindiko proiektu sektorialen eskaerak, foru dekretu honek indarra hartzean tramitazioan daudenak, besterik gabe aldatu, eta lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimen eskaera bihurtuko dira foru dekretuak indarra hartzen duenetik aurrera, eta lurraldearen antolamenduaren arloko eskumena duen departamentuak ofizioz egokituko ditu foru dekretu honetan dauden aurreikuspenetara. Era berean, dagoeneko eginik dauden tramiteak baliozkotu eginen dira.”

Baliozkotutako izapideen artean dago, besteak beste, UPSaren esparruan egindako jendaurreko informazioarena.

–Linte eta San Marcos II parke eolikoen espedienteei dagokienez, argudiatu du proiektuan jasotako haize sorgailuan ez dela fabrikatzailea aipatu; bidenabar, proiektuetan ez dago ez eskala handiagoko planorik, ez koordenatuak dituen planorik, ezta xehetasunak eta eraginak biltzen dituen katastro planorik ere.

Erantzuna: Horri dagokionez, aipatu behar da espedienteetan aski xehetasunez jaso direla instalatuko diren makinen ezaugarri teknikoak, eta gainerako informazioa eraikuntza proiektuan jaso dela.

–Udalak azpiestazioa eraikitzearen inguruko zenbait inguruabar aipatu ditu, Oteitzako eta Larragako udal mugarteen artean.

Erantzuna: Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren aurrean SAT11109 espedientea izapidetzen ari da, 132/220 kV-eko “SET Olite” Azpiestazio Transformatzaileari dagokionez.

–Udalak Af Aries Energía SL enpresari aurkeztutako proiektuetan egindako erreferentzia aipatu du. Udalak azaldu du inguruabar hori ere jasota dagoela Udalak berak aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoan (463/2018 prozedura).

Erantzuna: Agrowind Navarra 2013 SL enpresak azaldu du horixe dela proiektua idatzi duenaren ohiko erreferentzia propioa.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzutik azaldu dutenez, 463/2018 prozeduraren testuinguruan ebazteke dauden gaiak ez dituzte aztertuko.

–Udalak azaldu duenez, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko urtarrilaren 22ko Irismen Txostenean eskatu zen proiektuaren eraginpean egonen zen faunaren inguruko txosten bat jasotzea, bereziki abifaunari eta kiropteroei dagokienez.

Erantzuna: Proiektuek dagoeneko badaukate ingurumen eraginaren adierazpena, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenaren bidez emana, zeina irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpenak aldatu baitzuen.

Espedientean 0003-0215-2020-000171 eta 0002-0106-2020-000083 txostenak daude, Ingurumen Eraginaren Atalak emanak, ingurumenaren arloko organo eskuduna baita.

–Azkenik, Udalak azaldu du Olite 220 MW azpiestazioan gatazka bat dagoela, auzitegietan dagoela, eta Red Eléctrica de España SAU tartean dela; dirudienez, Agrowind Navarra 2013 SL enpresak 63 MW baino ez ditu adjudikatuta.

Erantzuna: 2020ko azaroaren 10ean Red Eléctrica de España SAUk dokumentu bat eman zuen, “Konexioa egin eta IVCTCra igortzeko erantzuna, garraio sareari lotzeko OLITE 220 kV azpiestazioan”. Dokumentu horretan konexio baimena eman zitzaien Linte, Jenariz eta San Marcos II parke eolikoei; horiek aurretiazko sarbide baimena zeukaten.

Horrenbestez, sustatzaileak aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu du orain arte eman zaion sarera sarbidea izateko baimenaren irismenarekin, baimen hori baldintzetako bat baita eskatutako administrazio baimena lortzeko.

4.2. Larragako Udalak txostena eman zuen 2020ko urriaren 1ean:

–Udalak berriz ere egin zituen 463/2018 prozeduran administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren edukiaren parte diren alegazioak.

Erantzuna: Prozedura hori oraindik ez da bukatu; horrenbestez, auzi horiek ez dira aztertuko.

–Agrowind Navarra 2013 SL enpresak 2020ko irailaren 10ean aurkeztutako idatziaren sinatzailearen gaitasunaren edo gaitasunik ezaren inguruan mintzatu zen, administratzaile mankomunatua baita, eta idatzian ez baita beste administratzailearen sinadurarik agertzen.

Erantzuna: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau xedatzen da: “Beste pertsona baten izenean eskaerak egiteko, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko, akzioetan atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko, ordezkaritza egiaztatu beharko da. Izapide huts diren egintza eta kudeaketak, berriz, inolako egiaztapenik gabe egin ditzake ordezkariak.” Horrenbestez, aipatutako agiria aurkezteko ordezkaritza baduela uste da.

4.3. 2020/1085369 eta 2020/1085417 eskabideen bidez (biak 2020ko azaroaren 27koak dira) Larragako Udalak azaldu zuen 2020ko urriaren 1eko Udalaren txostenaren aurrean Agrowind Navarra 2013 SL enpresak aurkeztutako alegazioak ezarritako epetik kanpo egin zirela. Horrez gain, garraio sarera sarbidea izateko gatazkaren ebazpen espedientea aurkeztu zuen, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarena.

Erantzuna: Horren haritik azaldu zuen Agrowind Navarra 2013 SL enpresak erantzuna emateko epea luzatzeko eskatu zuela 2020ko urriaren 28an; eskaera onartu egin zen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren ofizio baten bidez, 2020ko urriaren 30eko datarekin, eta egun berean jakinarazi zen.

Bestalde, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren ebazpena atxiki zaio espedienteari. Argitu behar da ebazpen horretan oinarrituz, 2020ko urtarrilaren 21ean Red Eléctrica de España SAUk dokumentu bat eman zuela, “Erantzun eguneratua, gaur egungo Olite 220 kV azpiestazioan garraio sarera sarbide koordinatu izateari dagokionez”, ebazpen honen hirugarren atalean adierazi bezala.

6.– Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena proposatzea.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz, espedientean Agrowind Navarra 2013 SL enpresaren gaitasun tekniko, ekonomiko eta juridikoaren ziurtagiria ageri da.

Halaber, erantzukizun sozial korporatiboen jarduketen agiria ere ageri da, maiatzaren 8ko Foru Dekretuaren 14. artikuluarekin bat etorriz.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoari erreparatuz, zeinaren bidez arautzen baita parke eolikoetarako baimena Nafarroan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzutik proposatzen da Agrowind Navarra 2013 SL enpresak eskatutakoa onartzea, kontuan hartuz ingurumenaren arloko eta lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunek ezarritako baldintzak eta espedientean jasotako txostenak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1 Agrowind Navarra 2013 SLri aurretiazko administrazio baimena ematea Linte Parke Eolikoa - I. Faseari (23,1 MW-ekoa) eta azpiestazio jasotzaileari (30/132 kV-ekoa) dagokienez. Neurketa dorrea administrazio baimen honetatik kanpo geratzen da.

2. Agrowind Navarra 2013 SLri eraikitzeko administrazio baimena ematea, Francisco Javier Gala Lupiani ingeniari industrial jaunak sinatutako proiektuen arabera, eta honako hauek ezarritako baldintzak zainduz:

–400E/2018 Ebazpena, ekainaren 14koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana.

–698E/2018 Ebazpena, irailaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana.

–0003-0215-2020-000171 eta 0002-0106-2020-000083 txostenak, Ingurumen Eraginaren Atalarena.

–Nafarroako Gobernuaren Erabakia, 2018ko urriaren 3an hartua.

–0003-OT12-2020-000071 txostena, Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena.

–2020/373759 txostena, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarena.

3. Hogeita lau hilabeteko epea ematen da obrak egiteko.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.

6. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurralde Antolamenduaren Atalari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Agrowind Navarra 2013 SLri, Nedgia Navarra SAri, Nafarroako Ubidea SAri (CANASA), Sociedad Concesionaria Aguas de Navarra SAri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Aire Segurtasuneko Espainiako Agentziari eta Telefónica de España SAri eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Miranda Argako Udalari, Berbintzanako Udalari eta Larragako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 19an.– Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F2101374