37. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

8/2021 FORU DEKRETUA, otsailaren 3koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2021eko BERDINNA Saria Nafarroako Landa-inguruneko Familien eta Emakumeen Elkarteari (AFAMMER-NAVARRA) ematen diona.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko BERDINNA Sariaren xedea da nabarmentzea eta publikoki aintzatestea Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera. Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren azaroaren 9ko 129/2020 Foru Aginduaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2021eko BERDINNA Sariaren deialdia egin eta hura emateko oinarriak ezartzen dira.

Epaimahaiak, jasotako hautagaitzen artean, deialdian ageri diren irizpideei jarraikiz azterketa zorrotza egin ondoan, saria AFAMMER-NAVARRA Elkarteari emateko proposamena egin du, ongi merezia duelakoan argi nabarmentzeagatik eta laguntza paregabea emateagatik Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean.

Hautagaitzaren ezin ukatuzko merituetatik, hauek dira nabarmentzekoak:

Bere ibilbide luzea; 1998an sortu zenetik, Nafarroako Landa-inguruneko Familien eta Emakumeen Elkarteak (AFAMMER-NAVARRA) berebiziko lana egin du Nafarroako landa-inguruneko emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzeko, eta landa-inguruneko emakumeen eskubideak zaintzeko. Entitate horrek egiten du, duela hamahiru urte, “Berdintasunaren eta kontziliazioaren aldeko landa-inguruneko topaketa”, bat etorriz “Landa-inguruneko emakumeen nazioarteko eguna” ospakizunarekin, non urtero parte hartzen baitute Estellerriko eta Erdialdeko 300 emakumek baino gehiagok. Ekintza horren helburu nagusia da emakumeen parte-hartze soziala eta asoziazionismoa sustatzea, eta landa-inguruneko emakumeak ikusaraztea. Nabarmentzekoa da topaketa horretan “Nafarroako landa-inguruneko emakumea” izeneko sariak ematen direla, berdintasunaren alde egindako lana aitortzeko. Hiru kategoriatan ematen dira: instituzio publikoa, enpresa, eta bere herrian nabarmentzen den emakumea, berdintasunaren alde egindako lanarengatik edo lorpenengatik.

Saritzen da haien konpromisoa herritarren sentsibilizazioarekin, hitzaldiak eta ekintza berariazkoak antolatzearen bidez, egun jakinetan: M8, Emakumeen nazioarteko eguna, urriaren 15a, Landa-inguruneko emakumeen nazioarteko eguna eta azaroaren 25a, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna.

Elkarteak Nafarroako gizartean daukan eragina eta oihartzunari dagokionez, aipatzekoa da dauzkan bazkide kopurua: AFAMMER-NAVARRA elkarteak 2.150 bazkide dauzka, Nafarroako hainbat herritakoak.

Bere lana deszentralizatua dela nabarmentzekoa da. Bere ekintzak inguru hartako hainbat herritan garatzen dira: Abaigar, Acedo, Eltzagorria, Mendaza, Mirafuentes, Murieta, Ubago, Sartaguda, Muruzabal, Sesma, Cárcar eta Arroitz, besteak beste.

Bere jarduketen garrantziari dagokionez, azpimarratu behar da AFAMMER-NAVARRA elkarteak lan handia egiten duela emakumeak herrien despopulazioa saihesteko funtsezko pieza gisa direla aitortzeko, garapen jasangarri baten bidez, bertan bizitzeko apustua egiten dutenentzat lan egiteko eta bizitzeko aukerak eskainiko dituena. Halaber, ekintzak egiten ditu landa-inguruneak hiri-inguruneak bezainbeste zerbitzu eta erosotasun izan ditzan.

Azpimarratzekoa da, halaber, bere ibilbide luzean egin dituen proiektuen garrantzia eta aniztasuna; baina ez hori bakarrik, baizik eta, baita ere, proiektu horiek genero ikuspegi feministan txertatzeko prozesua, emakumeen ahalduntzea bezalako ikuspegi eta erronka berrien aurrean erakutsitako irekitasuna.

Entitate horren lanaren oinarria da landa-ingurunean bizi eta lan egiten duten emakumeen eta familien bizitza ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzea, hobetzea eta defenditzea, emakumeen protagonismoa erreibindikatuz, beren prestakuntza erraztuz eta lan merkatuan sartzeko aukerak bultzatuz. Horrela, elkartea presente dagoen lurraldeetako pertsonen, familien eta komunitateen ongizatea hobetzen laguntzen du, baina baita lurraldeen garapen sozial eta ekonomikoan ere. Generoaren araberako eten digitala murrizteko ahalegina nabarmentzen da, hainba herritan urtero ematen baitituzte IKTei buruzko ikastaroak.

Aipatzekoa da, halaber, emakumeek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena ikusarazteko lana, eta landa-ingurunean emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko borroka ere; izan ere, landa-ingurunean emakumeak bakartuago daude, eta askotan zailtasun handiagoak dituzte gertatzen zaiena kontatzeko.

Hautagaitzari laguntza emateko, Nafarroako emakumeen zenbait elkartek eskutitzak egin dituzte. Elkarte horiek azpimarratzen dute, lehen aipatu ditugun ekarpenez gain, AFAMMER elkarteak ahizpatasunaren alde egindako lana, Nafarroako landa-inguruneko emakumeen elkarte guztien arteko itun sozial, etiko eta emozionalaren aldekoa, alegia.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko otsailaren hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. 2021eko BERDINNA Saria Nafarroako Landa-inguruneko Familien eta Emakumeen Elkarteari (AFAMMER-NAVARRA) ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2021eko otsailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2101728