36. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTSOAIN

Deialdia, Antsoaingo Udalerako polizia-agentearen plaza bat eta Berriozarko Udalerako bi plaza oposizio-leihaketa bidez betetzeko

Antsoaingo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2021eko urtarrilaren 27an egindako bilkuran, onetsi zituen deialdiaren oinarriak Antsoaingo Udalerako polizia-agentearen plaza bat eta Berriozarko Udalerako bi plaza oposizio-leihaketa bidez betetzeko, jarraian transkribatzen dira:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Antsoaingo Udalerako polizia-agentearen plaza bat eta Berriozarko Udalerako bi plaza oposizio-leihaketa prozeduraren bidez betetzea, 2020ko abenduaren 29an sinatutako langileen deialdien arloko udalen arteko kudeaketa-hitzarmenean oinarrituta. Lanpostu horien identifikazioak jarraian zerrendatzen dira, eta txanda hauetan banatuko dira:

TXANDA
LIBREA

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO LANGILEENTZAKO IGOERA TXANDA

Berriozarko Udala

plaza 1

plaza 1

Antsoaingo Udala

plaza 1

-

Udal bakoitzerako deialdiko lanpostuak:

UDALA

PLAZA

HIZKUNTZA PROFILA

Berriozar

121

Euskara %5eko merezimendua

Berriozar

122

C1 euskara

Antsoain

4011

C1 euskera

Udal bateko igoera txandako plazaren bat hutsik geratzen bada izangaiek ez dutelako lortu hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa, udal horretako txanda librekoei gehituko zaie.

Era berean, udal bateko igoera txandan lanpostu hutsen kopurua baino gainditutako hautagai gehiago badaude, txanda horretan plazarik gabe gainditutakoek txanda libreko lanpostu hutsak betetzeko aukera izanen dute, txanda horretako hautagaiekin lehia hertsian jardunez, guztira lortutako puntuazioaren arabera; gehitu eginen dira ezagutza probaren, proba fisikoen eta proba psikoteknikoen puntuazioak, eta, hala badagokio, euskararen eta/edo hizkuntza komunitarioen ezagutzari dagozkion balorazioak.

Izendatzen diren hautagaiek Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritako polizia eginkizunak beteko dituzte, eta foru lege horretan ezarritako C mailan kokatuko dira. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau honako lege eta arauen xedapenei jarraikiz gauzatuko da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena; gainerako arau aplikagarriak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Izangaien betekizunak.

3.1. Txanda librea.

Oposizio-leihaketa honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditu ez izana.

c) Batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide-heziketako titulua edo baliokidea izatea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki beharko da.

d) Deialdiaren xede den lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko baldintza fisiko eta psikiko egokiak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean jasotako baztertze medikorik ez izatea.

e) Dolozko delituagatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta funtzio publikoak betetzeko ezgaituta edo baztertua ez egotea, birgaitzearen onura aplikatzeari kalterik egin gabe, arau penalen eta administratiboen arabera.

f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa, eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez emanen dena.

h) Nahitaezko euskara-eskakizuna duten plazen kasuan, hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako C1 mailaren baliokidea den euskararen ezagutza izatea.

Ezagutza-maila hori honako ziurtagiri hauetako edozeinen bidez egiaztatu ahal izanen da:

–Nafarroako Herri Arduralaritzaren Institutuko Euskararen eta Komunitate Hizkuntzen Zerbitzuak emandako ziurtagiria, balio-data indarrean duena (4 urte, ematen denetik).

–Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetako C1 mailako azterketa gainditu izanaren ziurtagiria.

–Edozein Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako ziurtagiria, C1 mailako azterketa gainditu duela egiaztatzen duena.

–Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzak C1 mailaren baliokidea den balio ofiziala aitortuta duten ziurtagiriak.

–Nafarroako Euskarabidea Institutuak 2017ko azaroaren 15etik 2019ra bitartean egindako ziurtagiria, C1 mailako azterketa gainditu duela egiaztatzen duena.

Aurreko ziurtagiririk ez duten izangaiek euskararen ezagutza-maila egiaztatu ahal izanen dute, Euskarabideak eginen duen proba baten bidez. Proba teorikoaren aurretik eginen da. Hori egin nahi duten hautagaiek deialdian parte hartzeko eskabide-orri orokorrean adierazi beharko dute, horretarako ezarritako tokian.

3.2. Txanda murriztua.

Txanda libreko izangaiek bete beharreko baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta administrazio publikoetan aitortutako bost urteko antzinatasuna egiaztatzea, Nafarroako polizia-kidegoetako kideak izan ezik, horiek kidego horietan zortzi urtez zerbitzuak eman izana egiaztatu beharko baitute.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete sustapen-txandan, baldin eta txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

b) Sustatu nahi den lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea.

c) Deialdiko lanpostu hutsak baino maila berekoak edo beheragokoak izatea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Aipatu eskabideak aurkeztu beharko dira Antsoaingo Udaleko erregistro orokorrean (Udaletxe plaza, 1, Antsoain), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetakoren bat erabiliz; administrazio kontratatzaileari eskabidea igorri dela jakinaraziko zaio telex bidez edo fax bidez (948132200 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (ansoain@ansoain.es), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.

c) Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Antsoaingo Udaleko erregistro orokorrera igorri baino lehen. Haietan, izangaiek adierazi beharko dute oposizio-leihaketan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

d) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.ansoain.es helbidean, edo deialdia argitaratzen deneko Nafarroako Aldizkari Ofizialetik abiatuta.

4.2. Izangaiek aurkeztu beharreko beste dokumentuak.

1. Osasun ziurtagiri ofiziala, izangaiak III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

2. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

3. Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

4. Euskara mailaren ziurtagiria, lanpostua bete nahi bada 3.1 idatz-zatian aipaturiko proba egin gabe.

5. Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela erregistro horretan izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

6. Erantzukizunpeko adierazpena, armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa hartzen duena.

7. 10,35 euro sartu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak ordaintzeko. Langabeek ez dute ordainduko, baldin eta frogagiri baten bidez langabezian daudela frogatzen badute.

Tasa hori eskudirutan ordain daiteke eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo La Caixako ES 51 2100 5198 04 2200091055 kontuan dirua sartuz edo transferentzia eginez, eta kasu horretan datu hauek jarri behar dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NAN/IFZ.

–Kontzeptua: Udaltzainerako oposizio-leihaketa, 2021.

4.3. Baldin eta aurreko idatz-zatietan ezarritakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak Ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzea aginduko du.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko. Zerrendak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalaren webgunean argitaratuko dira.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Burua: Iñigo Anaut Peña, Lan eta Giza Baliabideen Arloko aholkularia Antsoaingo Udalean.

–Ordezkoa: Aritz Ayesa Blanco, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.

–Kidea: Mikel del Molino Cruchaga, Antsoaingo Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Soledad Mateos Trujillano, Antsoaingo Udaltzaingoko udaltzaina.

–Kidea: Juan Ceballos Itoiz, Berriozarko Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: César Hernández Díez de Ulzurrun, Antsoaingo GGBBetako eta Prebentzioko teknikaria.

–Kidea: parte hartzen duten udaletako langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

–Ordezkoa: parte hartzen duten udaletako langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

–Idazkaria: Ainara Armendariz Castién, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Kalifikazio epaimahaia izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoko bost eguneko epearen barruan eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizio-leihaketaren garapena.

7.1. Oposizio-leihaketak hautaketa aldia izanen du lehenik, eta horretan probak baztergarriak izanen dira euskararen ezagutza neurtzeko borondatezko proba bat, deialdian eskatzen den maila ziurtagiri bidez frogatzerik ez dutenentzat, 3.1.h) idatz-zatian ezarritakoarekin bat, II. eranskineko gaien inguruan, egoera fisikoaren inguruan, proba psikoteknikoen eta osasun proben inguruan; eta bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da.

7.2. Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Orokorrean, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; kasuen arabera, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Oposizio aldian proba hauek izanen dira:

a) Euskarazko proba: proba bat eginen da euskararen ezagutza maila frogatzeko. Ez dute proba hori egin beharko baldintza hori betetzen dutela frogatu dutenek, 3.1.h.) idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

b) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa; 70 galdera teoriko-praktikoko sorta bati idatziz erantzun beharko zaio. Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun zuzen bakoitzak 1,00 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balorazio negatiboa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Izangaiek gehienez bi ordu izanen dituzte ariketa egiteko. Proba honetan 70 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Hartan 35 puntu eskuratzen ez duena kanporatua izanen da.

c) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba. Deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Ariketa bakoitzaren puntuazioa GAI edo EZ GAI izanen da. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei EZ GAI kalifikazioa emanen zaie, eta, orobat, dopinaren kontrako kontrolean positiboa ematen dutenei.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. “Estatuko Aldizkari Ofizialean”, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. Eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

d) Gaitasun psikoteknikoaren proba: hainbat proba eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen ditu, edota erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoa 0 eta 30 puntu artean baloratuko da. Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

Proba fisikoak gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

e) Osasun probak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 ataleko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Osasun azterketa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak eginen du edo, hala behar bada, behar bezala onetsitako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Osasun azterketetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Baztertu eginen dira “Gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

f) Euskararen ezagutzagatik gehitzen diren puntuak: 5.

Berriozarko Udaleko 121 zenbakiko plazari bakarrik gehituko zaizkio gehienez beste 5 puntu, dagozkion gehieneko 100 puntuei erantsiz, ofizialki gaitutako erakundeek emandako euskararen ezagutzaren ziurtagiria edo titulua izateagatik, Europako erreferentzia-esparruarekin bat eta baremo honen arabera:

A1 maila: 1,00 puntu.

A2 maila: 2,00 puntu.

B1 maila: 3,00 puntu.

B2 maila: 4,00 puntu.

C1 maila: 5,00 puntu.

7.3.2. Lanpostuak hautatzea.

a) Hautaketa eginen da prestakuntza ikastaroaren aurretik, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

b) Egintza horren helburua da azkenik dagoen lanpostua betetzea, oposizio-leihaketaldian lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda argitaratuko ditu, txanda libreko izangai bakoitzari udal bakoitzerako dagokion puntuazio osoa eta Berriozarko Udalaren igoera-txandarako beste batzuk.

Zerrenda bakoitza puntuazio handienetik txikienera ordenatuko da, lehiaketako elementu bakoitzean lortutako baturaren arabera. Hurrenkera berean eginen dira plazei dagozkien hautaketa-ekitaldiak.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duen izangaien zerrendan agertzen dena behin-behineko proposatua izanen da oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izanen deitutako lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 ataleko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Antsoaingo Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua izan, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe delitu-aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, izangaiaren zigor-aurrekaririk ez dagoela edo aurrekari horiek ezereztu direla egiaztatzen duena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala izanez gero, deialdiaren 8.2 atalean aipatzen den aukeraz baliatu dela adierazten duen agiria.

Aurreko tramiteak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako izangaiak zein diren adierazita. Udaltzainetarako oinarrizko prestakuntza ikastarora behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, edo ez badu osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituen puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan.

7.3.4. Praktiketako funtzionarioen izendapena.

Polizia izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Antsoaingo Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkateak emanen duen Ebazpenaren bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.3.5. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, hautapen prozesuaren parte izanen da eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei jarraikiz garatuko da.

Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 29.3 eta 43.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Eskolak berak lehenago emanak direnean, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kalifikazioa ere emanen du, hala badagokio.

Ikastaroan, izangaiek C mailaren hasierako soldatari dagozkion ordainsariak jasoko dituzte eta, hala bada, familia laguntza ere bai.

Era berean, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenen kasuan, bertan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizio-leihaketan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartuak izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan, izangaiek agintzen zaizkien osasun proba guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) atalean aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak oposiziotik bazterturik geldituko dira. Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

7.3.6. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautaketa prozesu osoan lortutako puntuazioak batuko dira.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Oinarrizko Prestakuntzako ikastaroa amaitutakoan, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta, eta gainditutako izangaiak izendatzeko proposamena eginen du.

Oinarrizko Prestakuntzako Ikastaroa amaitzean, ikastaroko hautagaiek zin egin beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.

Eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu ondoren, dagokion udaleko organo eskudunaren erabaki baten bidez, oposizio-leihaketa gainditu duten izangaiak izendatuko dira funtzionario eta udaltzain, txanda-ordenaren eta lortutako azken puntuazioaren arabera, betiere aurreko atalean xedatutakoa bete badute.

Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Prestakuntza-ikastaroa amaitu ondoren, eta ikastaroa baliozkotu zaien izangaiek aukeratzen duten polizia-laneratzea gertatu ondoren, lanpostuaz jabetuz gero, berariaz uko eginen zaio ordura arte zuten lanpostuari, eta borondatezko eszedentzia-egoeran geratuko da lanpostua gorde gabe.

8.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izendatutako izangaiek izendapenaren ebazpenean adierazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Antsoaingo Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan gertatu denean izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondotik, udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu eta jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea hautatzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 112. artikuluan jasotako kalifikazio epaimahaiaren erabakien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Antsoainen, 2021eko urtarrilaren 23an.–Alkatea Ander Andoni Oroz Casimiro.

I. ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDF).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gaitegia (teorikoa)

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. XI. titulua: zenbait gairi buruzko arau-hausteak eta zehapenak toki-erakundeek tipifikatzea.

3.–Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Tokiko Administrazioari buruzkoa. I. titulua, I. kapitulua: udalerriak; III. titulua. I. kapitulua, II. atala: Udalen funtzionamendua.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: Administrazio errekurtsoak.

5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

6.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa. II. titulua: Datu babesaren printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: Titulartasun publikoko fitxategiak.

7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun indarrek eta kidegoek leku publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzkoa.

8.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera hartu eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

9.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

10.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. eta VII. titulua. Polizia-arreta eta benetako babesa.

11.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalari buruzko Legea onesten duena: II. liburua. I. titulua: Salaketa: III. titulua: Polizia Judiziala. VI. titulua. II. kapitulua: Atxiloketa. IV. kapitulua: Defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea. II. kapitulua. Liburu eta paperak miatzea. III. kapitulua: Posta idatzia eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

12.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, “Habeas Corpus” prozedura arautzen duena.

13.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa. I. kapitulua. Xedapen orokorrak II. kapitulua. Segurtasun sistemaren antolaketa. IV. kapitulua. Segurtasun arloko plangintza V. kapitulua. Administrazio publikoen arteko harremana. VI. kapitulua. Herritarrekiko harremanak.

14.–Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

15.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa.

16.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

17.– 1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, zirkulazio-araudi orokorra onesten duena, betiere, trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legearen testu artikulatua, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onetsia, aplikatu eta garatzearren.

18.–Antsoain eta Berriozarko geografia eta kale izendegia.

19.–Espainieraren ortografia.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1.–Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 20 kiloko pisua goratu behar du 60 segundotan ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba hau egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantzia, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Galtzaren barrenetik sartu beharko da, eta kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian oinak lurzorua ukitzen egon beharko dira.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean jarriz.

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK/PUNTUAK

EZ GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

EMAKUMEAK

20 baino gutxiago

2.–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba (50 metro estilo librean).

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.

Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik, ezta urpean igeri egiteko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Nahitaezkoa da igeriketa-txanoa erabiltzea.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo bulkada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi ateraldi egiten baditu.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

ERREPIKAPENAK/PUNTUAK

EZ GAI

GIZONAK

40” edo gehiago

EMAKUMEAK

45” edo gehiago

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik, zutoinaren ondoan, eta irteera-marraren atzean.

Gauzatzeko modua: probaren helburua da “zortzi” itxurako ibilbide bat ahalik eta azkarren osatzea. Zirkuitua bost zutoinek mugatuko dute: horietatik lau erabiliko dira 8,66 x 5 metroko laukizuzen baten erpinak adierazteko, eta bosgarrena erdian kokatuko da (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, batean alde batera, eta bestean beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

L2101586_0.pdf

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

c) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbidetan egindako denbora batuko da (A + B), kontuan izanik ibilbideak bukatuko direla izangaiak berriz irteera marra gurutzatzen duenean. Ondoko eskalari jarraituko zaio (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko):

ERREPIKAPENAK/PUNTUAK

EZ GAI

GIZONAK

23”8 baino gehiago

EMAKUMEAK

26”8 baino gehiago

4.–Erresistentzia proba (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba hau egiteko.

Testaren helburua da ezartzen den erritmoari eustea, eskatzen diren epeak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada eta metro bateko tartetik haratago joan bada, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Izangai bakoitzaren proba bukatuta, ordura arte lortutako tarteak kontatutako dira.

Saiakera baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide bat bukatutzat ematea muturreko marra edo haratago zapaldu gabe.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaiak hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera, edo haratago, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barruan egonda, izangaiak ez badu marra zapaltzen seinale akustikoak jo baino lehen, izangaiari abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; bestela, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat hartuko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK/PUNTUAK

EZ GAI

GIZONAK

10,5 baino gutxiago

EMAKUMEAK

8,5 baino gutxiago

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

• 4/10 bi begietan, edo

• 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo

• 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean, edo

–Ikus-eremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikus-eremuaren ezein meridianotan.

–Diplopiak.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Mintzamena.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, ondorio funtzionalen arabera.

–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (ondorio funtzionalen arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak (ondorio funtzionalen arabera).

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Sistema kardiobaskularra.

–Bihotz gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, edo estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako aurikula-bentrikuloaren blokeoa, eskuineko adarraren blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TASa >140 eta TADa >90).

–Arterietako hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikariak.

–Berezko pneumotorax errepikaria.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, ondorio funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak, ondorio funtzionalen arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Buruko alterazio organikoak, alde batera utzita prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresio-aldi larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Ugaltze eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisario ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Arau orokorrak.

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L2101586