36. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

430E/2020 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Orange Espagne SAUk Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 5. espedientea.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari komunikatu beharko diote planaren edukiaren edozein aldaketa, planean beharrezko eguneraketak eginez.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiaren urriaren 2ko 291E/2020 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Orange Espagne SAUk Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Plana aldatu eta eguneratzeko 5. espedientearen tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzeko, interesdunek bidezko alegazioak aurkez zitzaten.

Orobat, ebazpen horretan errekerimendua egin zitzaien Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari txostena egin zezaten, nork bere eskumenen esparruan, azpiegituren lurralde planaren aldaketa horiei buruz. Aipatu unitateek eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak txosten horiek egin dituzte, dagozkien determinazioekin, eta ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.

Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian jendaurrean egon den bitartean, ez da alegaziorik aurkeztu.

2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planak, 10/2002 Foru Legean arautzen diren horiek.

Horrenbestez, indarreko legedian ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Orange Espagne SAUk Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 5. espedientea onestea, barne direla ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren kokapenak eta II. eranskinean agertzen diren determinazioak, ukitutako instalazioek bete beharko dituztenak.

2. Ebazpen hau igortzea Biodibertsitatearen Zerbitzura, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzura.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Orange Espagne SAUri jakinaraztea, eta aditzera ematea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 16an.–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, Guzmán Miguel Garmendia Pérez.

I. ERANSKINA

ESTAZIOAREN KODEA

UDALERRIA

UTMx

UTMy

ESPEDIENTEA

NAV0008

Iruña

610.758,23

4.741.437,51

5. aldaketa

NAV0009

Iruña

608.891,80

4.740.515,2

5. aldaketa

NAV0011

Iruña

611.583,64

4.629.522,38

5. aldaketa

NAV0021

Iruña

611.914,56

4.742.965,15

5. aldaketa

NAV0029

Barañain

607.268,69

4.740.023,85

5. aldaketa

–Koordenatuak Datum sisteman (ETRS-89, 30. EREMUA) eman dira.

II. ERANSKINA

Determinazio orokorrak:

–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagozkion udaletan. Txosten horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den tokian eginen dira (bertaratzerik bada), barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Ondare historikoaren arloan indarra duen legedian ezarritakoarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak), ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada aurreikusitako lanak egin bitartean, lanak gelditu eta horren berri eman beharko zaio, berehala, Arkeologia Atalari. Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz, ohartarazpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat hartuko da.

–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Operadoreak abenduaren 31n martxan dauden estazioen zerrenda aurkeztu beharko du egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMX eta UTMY koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta adieraztea ez duela aldaketarik izan.

–Biodibertsitatearen Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko dela obretako udal lizentziak eman baino lehen, baldin eta instalazioa lurzoru urbanizaezinean kokatzen bada eta aldez aurretik baimen hori ez badu.

–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Informazio orokor gisa, adierazten da ezen lurzoru urbanizaezineko kokapen guztiek, lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrientzako baimena behar badute, instalatu baino lehen tramitatu beharko dutela baimena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Orobat, aditzera ematen da baimen horiek eskatzeko behar den dokumentazio teknikoa aipatu uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan zehaztuta dagoela, horren bidez onetsi baitzen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina, eta ohartarazten da ezen, egin gogo diren instalazioak nahi diren tokietan gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta/edo zortasunei dagokienez, operadoreek, obrak gauzatu baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratu beharko dituztela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Iragarkiaren kodea: F2101867