36. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIRAUKI

Aldaketa, Udalaren bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ziraukiko Udalak, 2020ko urriaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea honako ordenantza honetan:

–Ziraukiko Udalaren bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespen hori 2020ko 262. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 9an. Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta haren testua osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.

Ziraukin, 2021eko otsailaren 1ean.–Alkatea, Julio Laita Zabalza.

ORDENANTZA, ZIRAUKIKO UDALAREN BAZKALEKUETAKO LARREEN ADJUDIKAZIOA ETA APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da udal-mugartean dauden bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, betiere jarraikiz xedaturik dagoenari Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 158. artikuluan eta Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 186. artikuluan eta hurrengoetan.

2. artikulua. Herri-larreen adjudikazioa egin daiteke herriko bizilagunen artean zuzenean, enkante publikoaren bidez edota antzinako ohiturari jarraikiz.

3. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduen onuradun izan daitezke pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua, edota legez eratutako pertsona juridikoa izatea.

b) Udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bat lehenagotik.

c) Ziraukin bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea urtean.

d) Abeltzaintzan jardutea; Udal honen iritziz nahikoa den moduan frogatu beharko da hori.

e) Ziraukiko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

4. artikulua. Kanon bat ezartzen da, urtean 0,30 eurokoa, ardi-buru edo ahuntz-buru bakoitzeko, eta 1,50 eurokoa behi-buru edo zaldi-buru bakoitzeko, Udalaren bazkalekuetan larratzeagatik. Adjudikazioaren laugarren urtetik aurrera eguneratuko da kanon hori: 0,50 euro ardi aziendarako eta 1,80 euro behi edo zaldi aziendarako.

5. artikulua. Adjudikatuko diren bazkalekuak, honako hauek izanen dira:

–Behi edo zaldi azienda:

1.–Del Monte bazkalekua.

2.–Sanbil-Burgario bazkalekua.

–Ardi azienda:

1.–Erdialdeko bazkalekua (Dehesa-herria).

2.–Hegoaldeko bazkalekua (Campo abajo).

–Behi, zaldi edo ardi azienda:

1.–Iparraldeko bazkalekua (Iguste).

Bazkalekuren bat adjudikatu gabe gelditzen bada bizilagunen arteko zuzeneko adjudikazio-prozeduraren ondoren eta geroko enkanteak egin ondoren, salbuespenez, Udalak eskumena izanen du erabakitzeko, osoko bilkuran harturiko erabaki baten bidez, bazkaleku bakoitzerako ezarritako azienda-mota ez diren beste batzuk larratu ahal izatea, tipologia aldatzeko behar diren neurriak harturik (itxitura berriak jartzea, dauden itxiturak egokitzea, etab.). Arrazoi beragatik, bazkalekuen azalerak eta mugak aldatzea erabakitzen ahalko da, egoki jotzen denean. Neurri horiek lehengoratu egin beharko dira adjudikazio aldia bukatzen denean, edo udal ordenantzan jaso beharko dira, baldin jarraipena ematen bazaie larre guztien etorkizuneko adjudikazio-prozeduretan.

6. artikulua. 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluaren 2. paragrafoan xedaturikoari jarraikiz, belarren tasazioa egin da haien balio errealaren %90 hartuta; hala, urtean honako zenbateko hauek izanen dira bakoitzerako:

–Behi edo zaldi azienda:

1.–Del Monte bazkalekua: 12.708,00 euro.

2.–Sanbil-Burgario bazkalekua: 2.520,00 euro.

–Ardi azienda:

1.–Erdialdeko bazkalekua (Dehesa-herria): 8.550,00 euro.

2.–Hegoaldeko bazkalekua (Campo abajo): 6.300,00 euro.

–Behi, zaldi edo ardi azienda:

1.–Iparraldeko bazkalekua (Iguste): 5.220,00 euro.

7. artikulua. Udalak hamabost eguneko epea emanen du, ordenantza honen 3. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituztenek bazkaleku baten edo gehiagoren adjudikazioa eska dezaten; adjudikazioaren prezioa ordenantzan bertan ezarritakoa da, aprobetxamenduaren balio errealaren %90 hartuz kalkulatua.

Eskabidearekin batera, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazteko.

Abeltzainen artean akordiorik ez badago norberaren aziendaren arabera bazkalekuak modu proportzionalean banatzeko, batek baino gehiagok bazkaleku bera eskatzeagatik, interesdunei entzun ondoren, Udala ados jartzen ahaleginduko da. Hori ezinezkoa bada, zozketaren bidez adjudikatuko da, tasazio berari eutsiz.

8. artikulua. Bizilagunen arteko zuzeneko adjudikazio-prozedura bukatuta, eta bazkalekuren bat oraindik adjudikatu ez bada, enkante publikoa eginen da, prozedura hartan ezarritako epe bererako, eta indizetzat hartuta bazkalekuen balio errealaren %100.

9. artikulua. Bazkaleku guztiak adjudikatzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Adjudikazioa bukatzeko epea baino lehen aprobetxamenduaren titularrak abeltzaintzako jarduera uzten badu, abeltzainak Udalari jakinarazi beharko dio hori jarduera utzi baino hiru hilabete lehenago, gutxienez. Horrelakorik gertatzen bada, Udalak erabakiko du belar horiek nola aprobetxatuko diren epea bukatu arte.

10. artikulua. Udalaren eskorta duten bazkalekuen adjudikaziodunek beren gain hartuko dute eraginiko hondatze edo kalteen erantzukizuna, eskorta oker edo gehiegikeriaz erabiltzen badute, salbuetsirik erabilera normal edo arruntagatik eta denboraren ondorioz sortzen diren narriadurak.

Eskorta horiek onik zaintzea eta mantentzea adjudikaziodunaren kontura izanen dira, bai eta behar diren hobekuntza arruntak ere, baina betiere Udalak aldez aurretik baimena emanda.

11. artikulua. Errespetatu egin beharko da euriondoko araubidea, 3 egunekoa neguan eta egun batekoa udan, inoiz sartu gabe ura jariatzen zaien lurretan.

12. artikulua. Laboreetarako diren herri-lurretako lurzatiak ezin izanen dira landu irailaren 25a baino lehenago, bertako belarrak aprobetxatzeko aukera egon dadin.

13. artikulua. Adjudikaziodunak hartuko du bere gain beraren aziendak sortzen dituen kalteen erantzukizuna.

14. artikulua. Bazkalekuko abeltzain adjudikaziodunek ezin izanen dute inolako kalte-ordainik eskatu, bertako idoiak idortzen badira, eta haien kontura izanen da aziendarendako behar den ur hornidura.

15. artikulua. Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 204. artikuluari jarraikiz, herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria beharko du izan, erakusteko betetzen dituela Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluko baldintzak.

16. artikulua. Larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko, 6/1990 Foru Legearen 161. artikuluari jarraikiz. Halakorik gertatu dela frogatuz gero, adjudikazioa deuseztatuko da, fidantza galduko da eta arau-hausleak izan ditzakeen bestelako erantzukizunak eskatuko dira. Ziraukiko Udalak, noiznahi, nahi adina egiaztapen egin ditzake, larreak zuzenean aprobetxatzen direla egiaztatzeko, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 195. artikuluari jarraikiz.

17. artikulua. Udalak eskubidea izanen du egun landu gabe dauden herri-lurrak berriz hartzeko, nekazaritzarako erabiltzeko, larre berriak sortzeko edo basoberritzeko, betiere adjudikaziodunari kalte-ordaina emanez okupatutako azaleraren arabera, adjudikazioaren prezioa kontuan hartuta, bai eta larreen aprobetxamendutik zenbat denbora kentzen zaion ere.

18. artikulua. Ez da mugarik jarriko bazkaleku bakoitzean une jakin batean bazkatzen ahal den gehieneko azienda kopuruaren aldetik, garbi ikusten baita adjudikazioduna dela interesik handiena duena larreak arrazoizko eran aprobetxatzeko, azienda gutxi sartzeagatik belarrak galtzen utzi gabe edo sobera ustiatzeagatik larreak ahitu edo pobretu gabe.

19. artikulua. Udalaren jabetzako eskortetan sortzen den gorotza adjudikaziodunarena izanen da adjudikazioaren azkeneko eguna bitarte; egun horretatik aurrera, Udalaren jabetzakoa izanen da.

20. artikulua. Landatzaileek nahi ez badute azienda sartzea zuhaitzen sailetan, mahastietan eta zainzurien sailetan, belarren zati proportzionala ordaindu beharko dute okupatutako lurrengatik.

21. artikulua. Egun ezarrita dauden zergak ordaindu beharko ditu adjudikaziodunak, bai eta belarrak aprobetxatzeko epean ezartzen direnak ere, halakorik ezarriz gero, eta iragarkiak edo sortzen diren gainerako gastuak.

22. artikulua. Adjudikaziodunek Udal Diruzaintzan ordainduko dute adjudikazioaren urteko zenbatekoa, hiruhilekotan ordaindu ere, hiruhileko bakoitza amaitu baino hamar egun lehenago, gutxienez. Hiruhilekoa iraganik zenbatekoa ordaindu ez bada, %10 garestiagoa izanen da, eta 5 egun igaroz gero ordaindu gabe, Derrigorrezko Diru-bilketa Agentziaren bitartez ordainaraziko da.

23. artikulua. Bazkaleku bakoitzaren adjudikazioaren prezioa urtero eguneratuko da nekazariek eta abeltzainek jasotzen dituzten prezioen aldakuntzaren arabera, erakunde eskudun ofizialak onetsitako indizeei jarraikiz, betiere Toki Ogasunen arauei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluak ezarritakoarekin bat. Erakunde ofizial eskudunak aipatutako indizeak onetsi arte, eguneratzea kontura eginen da, azkeneko urteko Nafarroarako kontsumoko prezioen igoeraren arabera, horiek ere erakunde ofizial eskudunak onetsiak.

24. artikulua. Sanbilgo behi edo zaldi aziendarendako bazkalekuaren adjudikaziodunak hango lepoetatik pasatzen utzi beharko dio Udalaren Sanbilgo eskortan ukuiluratzen den ardi aziendari.

25. artikulua. Del Monte bazkalekuaren adjudikaziodunak egoera onean mantendu eta kontserbatu beharko ditu larreak, behar den bezala ongarrituz, bai eta larreetako instalazioak, bideak, atakak, ur puntuak eta abar ere, eta haren kontura izanen da sorturiko kalteen konponketa. Izan ere, errentamendua bukatzen denean, larreek eta azpiegiturek erabiltzeko egoera ezin hobean egon beharko dute; bestela, adjudikaziodunaren kontura izanen da kalteen balioa. Betebehar bera izanen dute, itxituren eta putzuen zainketari dagokionez, Sanbilgo eta Igusteko bazkalekuen adjudikaziodunek. Kontratua hutsaltzeko arrazoia izanen da larreak eta instalazioak bertan behera utzita daudelako zantzuak egotea.

26. artikulua. Del Monte, Sanbil eta Igusteko behi edo zaldi aziendarendako bazkalekuen adjudikaziodunek Mendien Zerbitzuko langile teknikoen oharrei jarraikiko zaizkie beti, larreen eta azpiegituren mantentze-lanei, ebaketa-errotazioari, larratzeari eta berrereintzari dagokienez, bai eta larreen eboluzioan eragina izan dezaketen inguruabar teknikoei dagokienez ere.

27. artikulua. Zuzenean adjudikatzen ez diren bazkalekuetan, horiek enkantearen bidez adjudikatu behar direnean, lizitatzaileek proposamenari 150 euro erantsi beharko dizkiote, behin-behineko fidantza gisa. Adjudikaziodunak behin betiko fidantza jarri beharko du behin-behineko horren ordez, 8 urteko adjudikazioaren prezioaren %4koa. Hogeita hamar egun izanen ditu jartzeko, behin betiko adjudikazioaren egunetik hasita. Behin betiko fidantza hori eskudirutan edo banku-abalaren bidez eratzen ahalko da. Aipatu fidantza ordaindu edo banku-abala aurkeztutakoan, adjudikaziodunari itzuli eginen zaio enkantean parte hartu ahal izateko eman zuen behin-behineko fidantza.

28. artikulua. Zuzenean adjudikatzen ez diren bazkalekuen enkanteak arautuko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen Kontratuei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

29. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

b) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

c) Aziendak sartzea adjudikatu ez zaizkion bazkalekuetan.

d) Azienda larratzea edo iraganaraztea ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta tenoreetan.

e) Adjudikaturiko bazkalekua azpierrentamenduan ematea edo eskualdatzea.

f) Adjudikaziodunaren jabetzakoa ez den aziendak bazkalekuaren aprobetxamendua egitea.

g) Ordenantza honetako 3. artikuluko baldintzetakoren bat ez betetzea.

h) Udalari ez jakinaraztea, hiru hilabete lehenagotik, abeltzaintzako jarduera utzi izana.

i) Adjudikaziodunak edo haien edozein enplegatuk su ematea edo nahita suteak eragitea egokitu zaion lotean, horretarako baimenik izan gabe.

30. artikulua. Aipatutako arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–29. artikuluko a, e, f, g, e eta i apartatuetakoengatik, emakida azkentzea.

–29. artikuluko b, c, d eta h apartatuetakoengatik, 300 euroko isuna, gehienez.

Hori guztia, ezertan ukatu gabe ondasun publikoetan edo hirugarren batzuenetan eragindako kalteen ordainketa, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

31. artikulua. Udalaren eskorta zaharren bat ezin bada erabili, egoera txarrean dagoelako, adjudikaziodunak ez du eskubiderik izanen bazkalekuaren zenbatekoan deskontua izateko.

32. artikulua. Ordenantza hau interpretatzean eta Udaleko osoko bilkurak hura aplikatuz gauzatu egintzen edo hartu erabakien ondorioz sortzen diren gorabehera guztiak errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Auzitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L2101627