36. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Dirulaguntzak Baztan aztergai duten ikasketen amaierako lan edo proiektuentzako. Laburpena

Dirulaguntza orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Horren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (Identif.): 546939.

Baztan ikergai duten ikasketen amaierako proiektu edo lanak egiteko 2021. urteko dirulaguntzaren oinarriak.

Lehendabizikoa.–Dirulaguntzaren xedea.

Baztango udalak Baztan ikergai duten ikasketen amaierako proiektu edo lanak egiteko dirulaguntza proposatzen du. Master amaierako lanak ere onartzen dira.

Bigarrena.–Kopurua.

Deialdi honi 2.000 euro esleituko zaizkio, gehienez ere, Udalaren 2021. urteko aurrekontuko “1-3269-48000.02 Dirulag. Baztan Ikasketa Amaiera Lanak” partidaren kargura esleitu ere (2020ko aurrekontutik luzatutakoa). Dirulaguntzaren partida agortzearekin ez dira proiektu gehiago diruz lagunduko. Horretarako, balorazio batzordeak aurkeztutako proiektuen artean puntuazio gehien jaso duten 4 proiektuei diruz laguntzeko proposatuko du.

Hautatutako proiektu edo lan bakoitzari dagokion dirulaguntza 500 eurokoa izanen da.

Hirugarrena.–Eskatzaileen baldintzak.

–Baztango udalerrian errolda izatea edo eta beste udalerri batean koiunturalki erroldatua egon baina horren arrazoia kanpoan ikasketak burutzea dela justifikatzea, baldin eta aurreko errolda Baztanen izan bada.

–2020/21 ikasturtean azkeneko kurtsoan matrikulaturik egotea.

–Baztango udalarekin zorrik ez izatea.

Laugarrena.–Argitalpena.

Deialdi hau iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean, udaletxeko iragarki-taulan eta eskualdeko komunikabideetan.

Bosgarrena.–Aurkezteko epea eta lekua.

Aitzineko ataletan heldu diren baldintzak betetzen dituzten eta beren burua deialdira aurkeztu nahi duten ikasleek, Eranskinean heldu den bezala, eskaria egin beharko dute hilabeteko epean deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina Baztango udaleko erregistroan.

Seigarrena.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera, ikasleek eginen duten proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztuko dute, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia… zehaztu daitezke. Memoria hori ikasketen amaierako proiektu eta lanaren tutoreak ontzat emana izanen da.

Nortasun Agiri Nazionala.

Zinpeko aitorpena, Baztandik kanpo koiunturalki erroldatua dagoela ikasketak Nafarroatik kanpo egiten dituelako.

Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

–Aipatu agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, kopia konpultsatuak.

Aurkezturiko dokumentazioa osaturik ez badago, interesdunari dagokion dokumentazio osagarria hamar eguneko epean aurkeztea galdeginen zaio.

Zazpigarrena.–Lan edo proiektuaren aurkezpena.

Eskatzaileak ikasketen amaierako proiektua edo lana memoriaren arabera egin beharko du eta laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean; betiere, tutorearen ongi ikusiarekin. Epea gainditurik ez da lanik onartuko eta udalak emandako dirulaguntza erreklamatzen ahalko du.

Lana edozein hizkuntzatan burutzen ahal da.

Zortzigarrena.–Balorazio, kudeaketa eta ebazpen organoak.

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko du. Bertan Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko institutuko zuzendaria, Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak arloko adituekin kontsultak egiten ahalko ditu.

Ebaluazio batzordea izanen da bekaren inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta proposamena eginen dio Tokiko Gobernu Batzordeari, ebazteko eskumena duen organoa baita.

Nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdietsi.

Bederatzigarrena.–Balorazio irizpideak.

Ebaluazio batzordeak memoriak hautatuko ditu gaien interes soziala, bailarako erronkak lantzeko duen ahalmena, originaltasuna, erabilitako metodologia, proposaturiko arazoak konpontzeko gaitasuna, hizkuntza, hizkuntzaren kalitatea eta sintesi ahalmena kontuan hartuz.

Hamargarrena.–Esleipena ezeztatzea, betebeharrak ez betetzeagatik.

Baldin eta esleipendunak ez baditu errespetatzen oinarri hauek ezarritako epeak, lana aurkeztekoak edo epaimahaiari lanaren egoeraren berri ematekoak, edo eskatutako agiriak ez badira aurkezten, edo lanak ez baditu proiektuan ezarritako ezaugarriak bete, edo proposatutako lana baino aise ere kalitate gutxiagokoa bada, balorazio batzordeak Udalaren organo eskudunari eskatzen ahalko dio laguntzaren esleipena ezeztatzeko. Kasu honetan, ez da dirulaguntzarik jasoko.

Hamaikagarrena.–Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa deialdi honetan eskatutako dokumentazio-agiri guztiak aurkeztu eta balorazio batzordeak aurkeztutako lanei bere oniritzia eman eta ondoren gauzatuko da.

Hamabigarrena.–Lanaren argitalpena.

Lana argitaratzen bada, Udalari 10 ale dohainik eman beharko zaio.

Deialdian parte hartzen dutenek horri buruzko arauak oro onartuko dituzte eta men eginen diete Baztango Udalak hartzen ahal dituen erabakiei; epaia apelaezina izanen da. Lehiaketaren oinarriak ez betetzeak lehiakidea kanporatzea ekarriko du berekin.

Hamahirugarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, xedatutakoak aginduko du.

Hamalaugarrena.–Datuen babesa.

Eskatzaileen datuak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

Hamabosgarrena.–Aplikatuko den araudia.

Deialdi honetan jasotzen ez den orotarako Toki-Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Foru Legea, azaroaren 17koa, aplikatuko dira.

Hamaseigarrena.–Ebazpena eta helegiteak.

Deialdi honek administrazio-izaera dauka, eta, horrenbestez, Udalak du ahalmena hala hori lehenik interpretatzeko nola haren aplikazioan eta ebazpenean sor daitezkeen gora-beherak oro ebazteko. Emanen diren administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Baztan, 2021eko urtarrilaren 25ean.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

ERANSKINA I

Parte hartzeko eskaria (PDF).

Iragarkiaren kodea: L2101618