35. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

14E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona baliabide eolikoaren neurketa dorrea jartzeko proiektuari, Esteribarko udal mugartean. Proiektuaren sustatzailea Saresun Rosales SL da.

2020ko urriaren 6an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Neurketa anemometrikorako 105 metroko dorre bat jarri nahi da Esteribarko 14. poligonoko 162. lurzatian (ETRS89 UTM30N koordenatuak, X: 621.915, Y: 4.749.429).

Dorrea sekzio triangeluarreko saretazko egitura bat da, altzairuzko tiranteen bidez heldutakoa, hiru planotan kokatuta, elkarren artean 120º-ko angelua utzita. Dorrea lursailari lotuta egonen da 50 x 50 cm-ko metalezko oinarri baten bidez, mastari eusteko 18 mm-ko zuloarekin, eta alboetako hiru tirante lerroekin, horien ainguraketa puntuak dorrearen oinarritik 15, 30, 40, 50 eta 60 metrora.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena dago, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea baliabide eolikoaren neurketa dorre bat instalatzeko proiektuari. Proiektuaren sustatzailea Saresun Rosales SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumenaren arlokoak:

• Abelbideen gaineko ukipen zuzeneko eraginei dagokienez, eta Na-farroako abelbideei buruzko 19/1997 Foru Legeak ezarritakoaren esparruan, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2020ko urriaren 21ean egindako txostenean xeda-tutakoa beteko da. Txosten hori ebazpen honi erantsita doa.

• Obrak egin bitartean zuhaitzak kendu behar badira, ahalik eta gutxien kenduko dira, eta, kasu horretan, baimena eskatu eta jakinarazi beharko zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Aezkoa-Kintoa koordinazio unitatea; helbide elektronikoa: gmaaezkoa@navarra.es; telefono zenbakia: 948184715), Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoaren arabera (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen foru lege hori).

• Azpiegitura egiteko beharrezkoak diren obrak amaitutakoan, okupatutako eremu osoko obra hondarrak garbituko dira, eta ukitutako ere-muak lehengoratu. Obren ondorioz ukitutako lurrazalak lehengoratu eginen dira; horretarako, aldez aurretik kendu eta metatuko den lurra erabiliko da. Soberako lurren eta obra materialen hondakinak kudeatzailearen esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendura eraman beharko dira, izaeraren arabera.

• Dorrearen tentsore soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeki ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Balizen artean gehienez 5 metroko distantzia utziko da.

• Dorrea funtzionamenduan dagoen aldian, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena, antzeko beste instalazio batzuetarako ezarrita dagoen antzera:

  • Hilean hileko bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko eta instalazioak abifaunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik dagoen be-giratuta.
  • Neurketa antena instalatuta dagoen urteetan, lau hilean behingo txostenak, parke eolikoa instalatu aurretik. Txosten horietan, bisita horien emaitzak jasoko dira, hautatutako ikuspena hobetzeko aukeraren egokitasunari eta bertan egindako mantentze ekintzei dagokienez, baita abifaunarekin gertatzen ahal diren gorabeheren erregistroari dagokionez ere: espeziea, kategorizazioa, ezaugarriak (arra/emea/heldua, heldugabea, gaztea, etab.), kopurua, garaia, etab.

• Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

• Jarduketak ezinbestean bete beharko ditu ingurumen organoak ezartzen dituen neurri eta baldintzak, jarduketaren ingurumen balioak (konektibitatea) eta paisaia balioak babesteari dagokionez.

• Dorreko tiranteek P-26 iraganbidea ukitzen ahal dutenez, Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoa eta, hala badagokio, ingurumen izapideen arloan ardura duen organoak egindako balorazioa beteko da.

• Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:

  • Aireko Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena izan beharko du, instalazioak 100 m baino gehiagoko garaiera baitu.
  • Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena lortu beharko du, NA-2337 errepidetik sartzeari dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearekin bat.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

• Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Esteribarko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Aezkoa-Kintoa koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2101408