35. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Biodibertsitatearen Zerbitzu-ko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona «Estazio meteorologikoa (105 m): Tafallako EM» proiektuari, Tafallako udal mugartean. Proiektuaren sustatzailea Nordex Energy Tafalla SL da.

2020ko martxoaren 3an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatuta-ko espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektua baliabide eolikoak neurtzeko estazio meteorologiko bat ezartzean datza, Tafallan, 22. poligonoko 96A lurzatian. Estazio meteorolo-gikoaren oinarria tirantez finkatutako dorre bat izanen da, 105 metrokoa, horrela hainbat mailatako datuak eskuratu ahal izateko, ikerlanaren xede den haize sorgailu motak duen abatzaren altuerako mailakoak barne. Estazioa martxan egonen da haize sorgailu prototipo bat instalatzeko balizko data baino urtebete lehenagotik, eskuratzen diren datuen arabera, eta haize sorgailua ezartzen bada, haren osagai bihurtuko da bizitza baliagarri osorako.

Instalatu nahi den dorrea Ferroval 450 eredua da; hodi sareta dauka, 105 metro garai jotzen du, eta 3 metroko piezen bidez muntatzen da, lotura hariztatuaren bidez, 50 x 50 cm-ko oin plaka baten gainean. Tiranteak 10 mm-ko diametroa duten altzairuzko zirgak dira, eta hiru norabidetan ezarriko dira, elkarren artean 120º utzita. Dorrea ainguratuko dute 6, 15, 24, 33, 42, 51, 60, 66, 75, 84, 93 eta 102 metrora, eta lurzorura, oin plakatik 15, 30, 40, 50 eta 60 metrora. Lurzorura ainguratzeko, 40 mm-ko diametroa eta 120 cm-ko sakonera duten pikak erabiliko dira.

Dorrean sentsoreak paratuko dira. Zehazki, 4 anemometro paratuko dira; bat 40 metrora, bat 80 metrora, eta bi, 100 metrora; 2 haize orratz, 38 eta 97 metrora; termohigrometro bat, 90 metrora, eta presio sentsore bat, 10 metrora.

Dorrearen behealdean jarriko da aire zabaleko armairua, non datuak eskuratzeko sistemak eta datuak igortzeko GSM komunikazio modulua egonen baitira. Elikatze sistema autonomoaren osagaiak 20 W-eko panel fotovoltaiko bat, karga erregulagailua eta 12 Ah-ko bateria izanen dira.

Dorrean, behar diren baliza seinaleak paratuko dira.

Proiektuaren kokalekua nekazaritza lurzati bat da, makineria sartzeko bide egokia duena, eta martxan jartzeko ez da inolako kanalizaziorik aurreikusi.

Espedientean Tafallako Udalaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aurkako txostenak jasotzen dira. Txosten horien arabera, neurketa antena «El Monte» eremuan instalatu nahi da, baina bertan ezin da horrelako instalaziorik jarri, babes bereziko eremua baita ingurumenaren eta ekologiaren aldetik duen balioagatik, bat etorriz Tafallako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorreko erabileren arau orokorraren 61.2 arti-kuluarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea «Estazio meteorolo-gikoa: Tafallako EM» proiektuari, Tafallako udal mugartean. Proiektuaren sustatzailea Nordex Energy Tafalla SL da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Tafallako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 27an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2101380