34. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita hondakin ez-arriskutsuen honda-kindegiaren instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Vianako udal-mugartean dago, eta Dionisio Ruiz SL da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abenduaren 23ko 1454E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2020ko azaroaren 11n, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko teknikariek ikuskapena egin zioten instalazio honi, eta egiaztatu zuten ingurumen baimen integratuak ez dituela zehaztasunez aurreikusten funtzionamenduaren benetako baldintzak; zehazki, hondakinak kudeatzeko baimenak aukera ematen du amianto hondakinak kudeatzeko (LER kodea: 170605*). Ikuskapenaren egunean, halako hondakinen isurketa ontzia beterik zegoen guztiz, eta hondakinen isurketaren 1. ontziaren azpian, zeina eraiki baita amianto hondakinen ontziaren gainean.

Horrenbestez, bidezkoa da instalazioaren ingurumen baimen integratua berrikustea, hondakin hori kentzeko, ez baitago kudeaketa hori egiterik.

Kasu honetan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4. artikuluaren e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta industriako isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz berrikustea Vianako udal-mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazioari ingurumen baimen integratua eguneratzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak, eta, horiez gainera, ebazpen honetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Dionisio Ruiz SL da.

Bigarrena.–Indarrik gabe uztea hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko instalazioari emandako baimena, zeina Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatuta baitago, 15G01251022532008 erregistro zenbakiarekin.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio Eta Kontrol Integratuari buruzko legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argita-ratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Dionisio Ruiz SLra eta Vianako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 31n.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2101616