34. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita zerri gizendegi baten instalazioan aldaketa nabarmena egiteko baimena. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago, eta Fuente Malo Francisco Javier eta Pascual Sesma Elisa dira titularrak.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 31ko 670/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 13ko 513E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta helburua da produkziorako nabe berri baterako proiektua gauzatzea, 1.600 toki gehitzeko instalazioari.

2019ko uztailaren 17an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, produkziorako nabe berri bat jartzeko (1.600 toki gehitzeko). Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2019ko abuztuaren 5ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez-funtsezkoa” da, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketa horiek ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu. Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratuaren aldaketarako administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, prozedura hori abiatu zen.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2020ko urriaren 8an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jarduera horren kontrako txostena eman zuen, Caparrosoko Udal Planaren Hirigintza Araudi Partikularra ez betetzeagatik, zehazki arrazoi honengatik:

–Ustiategiak betetzen ditu ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen baldintzak, zehazki abeltzaintzako instalazioek Traibuenas eta Caparrosoko herriguneetatik gorde beharreko gutxieneko distantziak.

–Abeltzaintza Zerbitzuaren 2019ko azaroaren 22ko txostenaren arabera, ordea, jarduketak ez ditu betetzen abeltzaintzako ustiategiek elkarren artean gorde beharreko gutxieneko distantziak, martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren araberakoak. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak. Zehazki, ez dira betetzen distantzia hauek:

  • Oilaskoak gizentzeko ustiategi bat dago (ES310650000114) 32 metroko distantziara; edukiera txikikoa da (20.000 toki). 31/2019 Foru Dekretuak ezartzen duenez, 100 metroko gutxieneko distantzia egon behar du hegaztien eta zerrien ustiategien artean (700 metrokoa, edukiera handiko ustiategiak badira).
  • Edukiera handiko (3. taldekoa) zerri ustiategi bat (ES310650000003) dago 523 metroko distantziara. 31/2019 Foru Dekretuak ezartzen duenez, 1.500 metroko gutxieneko distantzia egon behar du edukiera handiko zerri ustiategien artean.

–Horregatik, lurraldeari dagozkion ondorioetarako soilik, Caparrosoko 4. poligonoko 258. lurzatian dagoen zerri ustiategia, Francisco Javier Fuente Malok eta Elisa Pascual Sesmak sustatua, hirigintzaren ikuspuntutik bateraezina da Caparrosoko Udal Planaren Hirigintza Araudi Partikularrarekin, hau ezartzen baitu (28.6 artikulua): “Gai honetan arau izanen da indarreko legeria sektoriala, hau da, gaur egun, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena”.

Horrenbestez, bidezkoa da ukatzea eskatutako aldaketa nabarmena egiteko baimena.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ukatzea Caparrosoko udal-mugarteko zerri gizendegi batean aldaketa nabarmena egiteko baimena, zeinaren helburua baita produkziorako nabe berri baterako proiektua gauzatzea, 1.600 toki gehitzeko instalazioari. Fuente Malo Francisco Javier eta Pascual Sesma Elisa dira instalazioaren titularrak.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Fuente Malo Francisco Javierri eta Pascual Sesma Elisari, Caparrosoko Udalari, Greenpeace erakundeari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Basozainen Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2100747