34. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

7/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki erakundeek izenpetzen dituzten kreditu eragiketetan eta finantza-aktiboekin lotutako eragiketetan eta abalak edo bestelako berme publikoak ematean finantza zuhurtasunaz bete beharreko baldintzak onartzen dituena.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko Lege Organikoak (apirilaren 27ko 2/2012) 4. artikuluko 3. apartatuan adierazten duenaren arabera, «finantza jasangarritasunaren printzipioa betetzeko, finantza eragiketek finantza zuhurtasunaren printzipioari jarraituko diote».

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzen duen Foru Legeak (abenduaren 29ko 22/2020 Foru Legea) finantza zuhurtasunaren printzipioa txertatu du Nafarroako ordenamendu juridikoan. Hala, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen (martxoaren 10eko 2/1995 Legea) 125. artikuluko 2. apartatuak zera ezartzen du: «Toki entitateek izenpetzen dituzten kreditu eragiketa guztiak, bai eta abalak edo bestelako berme publikoak ematea ere, finantza zuhurtasunaren printzipioari loturik egonen dira. Finantza zuhurtasuntzat jotzen da finantza eragiketek beren arriskua eta kostua minimizatzeko bete behar duten baldintza multzoa».

Artikulu horrek gaineratzen du «eragiketek bete behar dituzten baldintzak tutoretza finantzarioaren arloko organo eskudunaren ebazpen bidez ezarriko direla».

Ebazpen honetan finantza zuhurtasunaren printzipioa zehazten da, eta Nafarroako toki entitateek eta haren mendeko erakundeek izenpetzen dituzten zorpetze eragiketei eta finantza-aktiboekin lotutako eragiketei eta abalen edo bestelako berme publikoen emakidei aplikatu behar zaie. Printzipio hori zehazteko, kontuan hartu da 2/2012 Lege Organikoaren 4. artikuluan ezarrita dagoen finantza publikoen jasangarritasunaren printzipioa. Printzipioak, hain zuzen ere, bermatu egiten du administrazio publikoek defizitaren, zor publikoaren eta zor komertzialeko berankortasunaren mugen barruan oraingo eta etorkizuneko gastu konpromisoak finantzatzeko ahalmena dutela.

Horrenbestez, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 125.3. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak aitortutako eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeek izenpetzen dituzten kreditu eragiketetan eta finantza-aktiboekin lotutako eragiketetan eta abalak edo bestelako berme publikoak ematean finantza zuhurtasunaz bete beharreko baldintzak onartzea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira baldintzak.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 28an.–Toki Administrazioaren eta Despo-pulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

ERANSKINA

I. KAPITULUA

Xedapen komunak

Lehena.–Irismena eta finantza zuhurtasunaren printzipioa.

1. Nafarroako toki erakundeek finantza zuhurtasunaren printzipioa bete beharko dute, hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera, zorpetze eragiketetan, bai eta finantza-aktiboekin lotutako eragiketetan eta abalak edo bestelako berme publikoak ematean ere.

2. Eragin horietarako, toki-erakundetzat hartuko dira toki-erakundearen administrazio orokorra eta haren mendeko gainerako erakunde eta organismoak, Administrazio Publikoen sektoreko tokiko korporazioen azpisektorean sartuta baldin badaude, Europar Batasuneko Nazio eta Eskualde Kontuen Europako Sistemaren definizioaren eta mugaketen arabera.

II. KAPITULUA

Zorpetze eragiketak

Bigarrena.–Zorpetze eragiketen finantza baldintzak.

1. Balioen bidez gauzatzen ez diren zorpetze eragiketen gehieneko kostuak, komisioak eta bestelako gastuak barne direla, ezin izanen du gainditu Estatuak eragiketaren batez besteko eperako ezarritako finantzaketa kostua. Honako diferentzial hau gehituko zaio:

a) Oinarrizko 50 puntu, toki erakundeen eragiketetarako, baldin eta:

i. aurreko ekitaldian aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak betetzen badituzte,

ii. eta hogeita hamar egun baino gehiagoz ez badute gainditzen berankortasunari buruzko araudian hornitzaileei ordaintzeko aurreikusitako gehieneko epea, eragiketa itundu aurreko hiruhilekoan.

b) Gainerako toki erakundeek itundutako eragiketak: oinarrizko 75 puntu.

Estatuak batez besteko epe bakoitzerako zer finantzaketa kostu duen jakiteko, Altxorraren Zuzendaritza Nagusiak hilero ebazpen bidez argitaratzen duen erreferentzia bakoitzari aplikatzen ahal zaizkion tasa finkoen edo gehieneko diferentzialen taula erabiliko da. Argitaratzen diren gehieneko kostuek indarrean jarraituko dute kostu berriak argitaratzen diren arte.

Lehiaketa publikoen kasuan, lizitazio prozesua irekitzen denean aplikatuko da gehieneko kostuaren baldintza, edo, aldebiko negoziazioaren bidez finantzatuz gero, finantza entitateek eskaintza irmoak aurkezten dituztenean.

2. Balioen bidez gauzatzen ez diren eta batez besteko aldia 10 urte baino gehiago duten zorpetze eragiketen kasuan, aurreko a) eta b) puntuetan ezarritako gehieneko diferentzialei urte gehigarri bakoitzeko oinarrizko puntu bat gehitu ahal izanen zaie, eta, gehienez ere, oinarrizko 15 puntu.

3. Aurreko 1. eta 2. puntuetan azaldutako gehieneko tasei, ba-kar-bakarrik ondoko komisio hauek gehitu ahal izanen zaizkie:

a) Prestasunik ezaren komisioa kreditu polizetan, gehienez ere ehuneko 0,10ekoa urtean.

b) Agentziaren komisioa eragiketa sindikatuetarako, gehienez ere 50.000 eurokoa urtean.

4. Berandutze interesek ezin izanen dute gainditu eragiketaren interes tasa gehi urteko ehuneko 2ko errekargua.

5. Toki erakunde batek eta haren menpeko sektore publikoko erakundeen artean edota toki erakunde beraren menpeko bi erakunderen artean itundutako zorpetze eragiketek ez diote ebazpen honi jarraituko, bat etorriz Europar Batasuneko Nazio eta Eskualde Kontuen Europako Sistemaren definizioarekin eta mugaketarekin.

6. Behar diren gainerako baimenen kalterik gabe, balioen bidez gauzatzen diren eragiketen kasuan, onartutako gehieneko diferentziala finantza babesaren arloan eskumena duen organoaren txosten baten bidez ezarriko da eragiketa bakoitzean, kontuan hartuta merkatuaren egoera eta eragiketaren berezitasunak.

Hirugarrena.–Finantza eratorrien eragiketak.

1. Interes tasen eta kanbio tasen trukeak, aukerak eta gerokoak kontratatu ahal izanen dira merkatuko baldintza estandarren arabera, toki erakundeak kontrataturiko azpiko zorpetze eragiketen interes edo kanbio tasen arriskua erabat edo partez estaltzeko helburuarekin.

2. Zorpetze eragiketa bat euroa ez den dibisa batean egitekotan, kanbio arriskua truke finantzarioko kontratu batez estali beharko da, berezko estaldura izan ezean. Truke finantzario horren kostua kontuan hartuko da eragiketaren guztirako kostua kalkulatzerakoan, eta azken honek ezin izanen ditu gainditu bigarren apartatuan xedatutakoaren arabera ezarritako mugak.

3. Finantza tresna konplexuagoak, arrisku handia bereganatzea dakartenak, hala nola palanka efektudun arriskua duten aukerak, interes tasen kurben malda-aldaketaren erreferentzia duten eratorriak, hainbat dibisaren interes tasak lotzen dituztenak, burtsako indizeen bilakaeraren erreferentzia dutenak, dibisen arteko aldakuntzarekin lotutakoak eta horien konbinazioak erabili ahal izateko, finantza babesaren arloan eskumena duen organoari memoria bat aurkeztu beharko zaio, eratorriaren funtzionamendua, lortu nahi den helburua eta eragiketaren komenigarritasun finantzarioa jasotzen dituena, frogatuta hark ez duela arriskuan jartzen erakundearen finantza kaudimena. Finantza babesaren arloan eskumena duen organoak salbuespen gisa baimentzen ahalko ditu eragiketa horiek.

4. Inola ere ezin izanen dira kontratatu honako hauek:

a. Aurreko 3. puntuan zehaztutako finantza eratorriak, gehieneko kosturik gabeak, salbu eta interes tasen finantza trukeak edo zigor diferentzialik gabe tasa aldakor bat bereganatzeko arriskua duten interes tasen aukerak badira.

b. Prezioen edozein indizeren arriskua bereganatzea dakarten finantza eratorriak, salbu eta eratorriaren helburua arrisku hori deuseztatzea bada.

c. Finantza kargaren geroratzea edo finantzaketaren gehikuntza berekin dakarten finantza eratorriak. Finantza kargaren geroratzea ondoko honi deritzo: eragiketaren denboraren parte batean merkatuko kostuaren azpiko kostu bat finkatzea, baina gainerako denboraz interes tasa handiagoak ezarrita.

Dagokion administrazioak ordaindu beharreko etendura kosturik sortzen baldin bada finantza eratorri bat berregituratzearen ondorioz edo interes tasa aldakorreko finantzaketatik eta interes tasa aldakor-finkoaren truke inplizitutik abiatuta eratutako tasa finkoko mailegu baten ondorioz, kostu hori jasanarazi ahal izanen da berregituratutako eratorriaren tasa finko berrian edo tasa finkoko maileguaren tasa finko berrian, dagokionaren arabera. Hori ez da finantza kargaren geroratzetzat edo finantzaketaren gehikuntzatzat hartuko. Tasa berriak etendura kostuari dagokion partean bakarrik gainditu ahal izanen ditu bigarren apartatuan ezarritakoaren araberako mugak.

d. Merkatuko arrazoizko prezioetatik kanpo kontratatutako finantza eratorriak. Zirkunstantzia hau ebaluatzeko, toki erakundeak bere balioes-pen tresnak eduki beharko ditu, edo kanpoko finantza aholkularitza indepen-dentea.

e. Kreditu kalifikazioa beheratzearen ondorioz aurretik suntsitzeko klausulak dauzkaten finantza eratorriak.

5. Finantza eratorriak formalizatzeko, esparru kontratu estandar bat sinatu beharko da, eragiketa horietako eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituena. Halaber, merkatuan estandarra den kolateralizazio kontra-tu bat ere sinatu ahal izanen du.

Laugarrena.–Debekuak.

Debekatuta egonen dira balioen bidez gauzatzen ez diren zorpetze eragiketa hauek:

a. Kontratuetan eratorri inplizituak jasotzen dituztenak, finantza hartzekodunak eskaturik aurretik amortizatzeko aukerak barne.

b. Beren finantza egituran finantza kargaren geroratzea berekin dakartenak. Finantza kargaren geroratzea ondoko honi deritzo: eragiketaren denboraren parte batean merkatuko kostuaren azpiko kostu bat finkatzea, baina gainerako denboraz interes tasa handiagoak ezarrita.

c. Toki erakundearen administrazio orokorra bere organismoen eta erakunde publikoen finantza kontratuetan subrogatzetik eratorritakoak, toki erakundeak berak aldez aurretik bermatutako zorrak bereganatzea badakarte, eta subrogazio horrek aurreko eragiketaren kostuaren gehikuntza sortzen badu.

Baita ere, debekatuta egonen da eragiketa horietan bereganatze edo subrogazio komisioak ezartzea.

d. Toki erakundearen administrazio orokorra edo bere erakundeetako bat finantza izaerakoak ez diren edo dagokien toki erakundearen abal espliziturik ez daukaten beste zor batzuetan subrogatzetik eratorritakoak, baldin eta haien kostua jatorriko eragiketa itundu zen egunean toki erakundeak zeukan batez besteko epearen baliokiderako zorpetzearen kostua baino handiagoa bada.

Baita ere, debekatuta egonen da eragiketa horietan bereganatze edo subrogazio komisioak ezartzea.

e. Toki erakundearen finantza izaerarik gabeko zorrak finantza izaerako zor bihurtzetik eratorritakoak, baldin eta haien kostua jatorriko eragiketa itundu zen egunean toki erakundeak zeukan batez besteko epearen baliokiderako zorpetzearen kostua baino handiagoa bada.

f. Toki erakundeak berak aurretik sinatutako kontratu baten aldaketatik eratorritakoak, baldin eta eragiketaren kostua finantza aldetik aurreko eragiketaren kostua gainditzen badu.

g. Zordunak eskaturik aurretik amortizatzeko aukerarik jasotzen ez dutenak. Interes tasa aldakorreko eragiketek ezin dute etendura kosturik eduki interesak ordaintzeko egunetan aurretik amortizatzeagatik. Amortizazio aurreratua interesak ordaintzeko datak ez diren egunetan eginez gero, onartzen da etendura kostu bat sartzea, baldin eta kostu hori merkatuko ohiko jardunari jarraituz kalkulatzen bada.

Interes finkoko finantzatze eragiketek alde jakin baten edo aldeetako edozeinen aldeko etendura kostuak edukitzen ahal dituzte, amortizazio aurreratua interesak ordaintzeko egunetan egin nahiz ez. Edonola ere, etendura kostu horiek bakar-bakarrik islatu ahal izanen dute eragiketa ezerezteak dakarren kalte ekonomikoa mailegua formalizatu edo ordaintzen denetik amortizatzen den unera arte interes tasen swap-en baldintzak aldatzearen ondorioz (edo, gauza bera dena, interes tasa aldakor-finkoaren truke finantzario inplizitua ezereztearen ondorioz). Ezin izanen da jaso eragiketaren arrisku prima, mailegua tasa aldakorrekoa izatekotan horri legokiokeen arrisku primaren baliokidea, amortizazio aurreratuaren datatik hasiera batean kontratuan jasotako amortizazio datara arte geratzen den batez besteko epeaz.

h. Aplikatzekoa den erreferentziari loturiko zoru klausulak dauzkaten interes tasa aldakorreko eragiketak, toki erakundea konpentsatu ezean zoru aukera hori merkatuko prezioetan saltzeagatik eragiketari aplikatzekoa zaion diferentzialean. Debeku honen barruan ez dira sartzen aplikatzeko erreferentzia negatiboa izatekotan zero balioa hartuko dela ezartzen duten klausulak.

i. Interes tasa aldakorreko eragiketak, baldin eta erabilitako errefe-rentziako Euribor tasa ez badator bat interesen likidazio aldiarekin, salbu eta kontratuan adierazten bada erabilitako erreferentziaren eta interesen likidazio aldirako egokia den erreferentziaren arteko marjinaren merkatu doikuntza.

Bosgarrena.–Informazioa ematea.

Toki erakundeen finantza babesaren arloan eskumena duen organoak erakunde horiei eskatu ahal izanen die finantza entitateak baimendu ditzatela organo horri informazioa emateko entitate bakoitzak delako toki erakundearekin daukan arriskuari buruz, baita aipatutako eragiketen ezaugarri nagusiei buruz ere.

Seigarrena.–Epe luzerako maileguen finantza baldintzen aldaketa.

Toki erakundearen beraren aurretiazko kontratu batetik eratorri diren eta balioen bidez gauzatzen ez diren zorpetze eragiketak berritzeko, berregituratzeko edo birfinantzatzeko, ebazpen honetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio, eta gehieneko finantza kostua bigarren apartatuan ezarritakoa izanen da. Edonola ere, debekatuta egonen dira aurreko eragiketaren finantza kostua gainditzen duten eragiketak.

Toki erakundearen beraren aldez aurreko kontratu bat aldatzea baimenduko da, eragiketaren ondoriozko kostuak ebazpen honen bigarren apartatuaren arabera baimendutako gehieneko finantza kostua gainditzen duenean, finantza aurrezpena sortzen bada eta, aldi berean, honako baldintza hauek betetzen baditu:

i. Eragiketak gutxienez urtebeteko batez besteko hondar bizitza iza-tea.

ii. Eragiketaren epea ez aldatzea.

iii. Kontratuaren aldaketak eragiketaren interes tasa jaistea eragi-tea.

iv. Kontratu berriaren klausulek ebazpen honetan ezarritakoa errespe-tatzea.

Jatorrizko hartzekoduna ez den edozein finantza entitatek eragiketa bat formalizatu ahal izanen du irizpide horien arabera, toki erakundeak aurretiazko eragiketaren amortizazio aurreratua egin dezan.

Zazpigarrena.–Salbuespenezko kasuak.

Salbuespen gisa, finantza babesaren arloan eskumena duen organoak ebazpen honetako baldintzekin bat ez datozen zorpetze eragiketak eta eratorriak baimendu ahal izanen ditu. Horretarako, toki erakundeak memo-ria bat aurkeztu beharko du, eragiketaren finantza egokitasuna, baldintza berezi horiek justifikatuko lituzketen arrazoiak eta kaudimenari nola eragiten dion zehaztuta.

Horrez gain, finantza eratorrien kasuan, eratorriaren funtzionamendua eta haren bidez lortu nahi den helburua azalduko du memoriak. Ez da eratorririk baimenduko, baldin eta horien funtzionamenduaren ezagutza edo lortu nahi den helbururako egokitasuna behar bezala justifikatzen ez bada.

III. KAPITULUA

Abalak edo bestelako berme publikoak

Zortzigarrena.–Irismena eta finantza zuhurtasunaren printzipioa abalen eta bestelako berme publikoen eremuan.

1. Kapitulu hau toki erakundeek pertsona fisiko edo juridikoei eman-dako abal eragiketei edo bestelako berme publikoei aplikatuko zaie, baldin eta pertsona horiek administrazio publikoen sektorekoak ez badira, Europar Batasuneko Nazio eta Eskualde Kontuen Europako Sistemaren definizioaren eta mugaketaren arabera.

2. Kapitulu honetan ezarritakoa aplikagarria izanen zaie fidantza, abal, berrabal edo beste edozein motatako berme eragiketei (toki erakundeek emandako konpromiso gutunak barne).

Bederatzigarrena.–Abalen edo bestelako bermeen muga orokorraren zenbatekoa eta zenbaketa.

1. Toki erakunde bakoitzak baimendutako abalen edo bestelako bermeen zenbateko osoa ezin izanen da aurreko ekitaldian likidatutako diru sarrera arrunten ehuneko 30 baino handiagoa izan, eragiketa ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazioa egin aurretik egin behar denean izan ezik; kasu horretan, azken horren aurreko ekitaldiko likidazioa hartuko da kontuan, toki erakundearen kontabilitate egoera bateratuetatik kendutako zifren arabera.

2. Muga hau zenbatzeko, kontuan hartuko da urte bakoitzeko aben-duaren 31n dauden abalen eta gainerako bermeen zenbateko nominala gehi hurrengo ekitaldirako aurreikusitako abal baimenak.

3. Aurreko 1. puntuan aurreikusitako mugaren ondorioetarako, ez dira abalen edo bermeen ondoriozko fidantzamenduak kontuan hartuko, baldin eta horien arrisku bizia estalita badago toki erakundearen gastu aurrekontuetan emandako bermeak eta abalak gauzatzeagatik ordaintzera atxikitako funts baten zuzkidura bereiziarekin. Funts hori handitu ahal izanen da ekitaldiko kontingentzietara egokitzeko, eta ezin izanen da erabili abalak edo bermeak gauzatzeagatiko ordainketei erantzuteko ez bada (zuzkidurarako oinarri gisa erabili ez direnak barne).

Funts hori emanez gero, toki erakundearen aurrekontua gauzatzeko oinarrietan ezarriko dira zuzkidura bereiziaren eta erabilezintasunaren ezaugarriak, abalen muga orokorrari dagokionez aurreikusitako ondorioe-tarako egokia izan dadin. Gainera, estalitako berme eragiketen zerrenda zehaztu beharko da, formalizatutako zenbateko nominala eta berme bakoitzerako ordaintzeke dagoen arrisku bizia adierazita.

Hamargarrena.–Abalen edo bestelako bermeen banakako mugaren zenbatekoa.

1. Aurreko bederatzigarren apartatuan aurreikusitakoa gorabehera, toki erakundeek ezin izanen dute abal edo bestelako berme eragiketarik itundu horren hedadura, edozein kontzepturengatik, aurreko apartatuko 1. puntuaren arabera ezarritako diru sarrera korronteen ehuneko 15 baino gehiago baldin bada.

2. Esandako muga eragiketaz eragiketa zenbatuko da. Hala ere, pertsona fisiko edo juridiko berari edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideen arabera sozietate talde bera osatzen duten erakundeetako edozeini toki erakundeak urte naturalean ematen dizkion bermeak eragiketa bakartzat hartuko dira muga hau zenbatzeari begira. Kautela bera aplikatuko zaie sektore publikoaren eremuan talde bera osatzen duten erakundeak onuradun dituzten bermeei.

3. Halaber, kontuan hartu beharko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak ezartzen dituen mugak.

Hamaikagarrena.–Aurretiazko administrazio baimena.

1. Formalizatu nahi den abal eragiketa batek kapitulu honetan ezarritako finantza zuhurtasunaren mugak gainditzen baditu, finantza babesaren arloan eskumena duen organoaren baimena beharko da.

2. Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko Lege Organikoaren (apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa) 20.2 artikuluan aurreikusitako abal eragiketek ere organo horren baimena beharko dute, eta nahitaezkoa izanen da aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoaren helburua bete dela egiaztatu arte.

Hamabigarrena.–Eskaerak izapidetzea.

1. Bai kapitulu honen bederatzigarren apartatuan aurreikusitako muga orokorra ez betetzeagatiko baimenen kasuan bai hamaikagarren apartatuko 2. puntuan aipatzen diren baimenen kasuan, toki erakundeak baimen eskaera igorri beharko dio finantza babesaren arloan eskumena duen organoari. Eskabide horretan, baimena eskatzen den bermeen zerrenda jaso beharko da, honako alderdi hauek adierazita:

a) Bermea ematen duen toki erakundearen KES erakundea.

b) Bermearen onuraduna.

c) Bermatutako edo fidantzatutako kreditu eragiketaren ezaugarriak: mota, kostua eta epea.

d) Zenbatekoaren kalkulua, kapitulu honetako bederatzigarren apartatuan aipatzen den mugaren ondorioetarako.

2. Eragiketa indibidualak baimentzeko eskaerak (hamargarren apartatuan dago aurreikusita), aurreko 1. puntuan adierazitakoez gain, honako hauek barne hartuko ditu:

a) Bermatutako edo fidantzatutako kreditu eragiketaren ezaugarriak: Bermatutako kreditu eragiketa mota, zenbateko osoa, kostua, epea eta helburu edo xede espezifikoa.

b) Kontrabermeak, hala badagokio.

c) Berme kontratuaren alderdi garrantzitsuak, hala nola bermearen hedadura, eskusio onurari buruzko itunak, bermatutako betebeharraren aurrean fidatzaileak edo abal emaileak duen posizioari buruzko akordioak, eta eragiketaren arriskuari eragiten dion beste edozein alderdi.

d) Baimena eman edo ukatu behar duen organoak kreditu eragiketa bermatuaren bidez finantzatutako eragiketaren bideragarritasun txostena eskatu ahal izanen du, bere gain hartutako arriskuak eta espero den galera zehaztuta.

3. Finantza babesaren arloan eskumena duen organoak espedientea izapidetzeko egokitzat jotzen duen informazioa edo dokumentazioa eskatu ahal izanen du, aurreko zenbakietan aurreikusitakoaz gain.

4. Baimen erabakia onartzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe horren zenbaketa eten eginen da erakundeari eskaera zuzentzeko eskatzen bazaio edota eskatzaileari egozten ahal zaizkion beste luzapen batzuengatik.

5. Baimen hori emateko, kontuan hartuko dira, besteak beste, abalatu beharreko kreditu eragiketen izaera, ezaugarriak eta helburua, bai eta toki erakundearen egoera ekonomiko finantzarioa ere. Horrez gain, aintzat hartuko da aurrekontu egonkortasunaren, zor publikoaren eta gastu arauaren helburuak betetzen direla eta, hala badagokio, plan ekonomi-finantzarioetan edo doikuntza planean aurreikusitako neurriak betetzen direla. Kontuan hartuko dira, halaber, bermeak formalizatzeko baldintzak, eta, bereziki, eragiketaren arriskua areagotzen dutenak eta, hala badagokio, fidantzatutako zordunaren kaudimen inguruabarrei buruzkoak.

IV. KAPITULUA

Finantza-aktiboei dagozkien finantza zuhurtasuneko baldintzak

Hamahirugarrena.–Aplikazio eremua.

Baldintzak hirugarrenen aldeko maileguei, beste erakunde batzuen kapital tresna edo ondare garbiko tresnei edo zorra adierazten duten balioei dagozkie, baldin eta horien titularra toki erakunde bat bada eta haien kontrapartida pasibo bat edo pertsona fisiko edo juridikoen ondare garbiaren kontu bat bada, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 2.1.c) artikuluaren aplikazio eremuan jasotakoez bestelakoa.

Hamalaugarrena.–Finantza-aktiboei dagozkien mugak.

1. Urte bakoitzeko abenduaren 31n –aurreko ekitaldia erreferentziatzat hartuta–, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 130. artikuluan ezarritako zorpetzea lortzeko mugak betetzen ez dituzten toki erakundeek ezin izanen dute finantza-aktiboen aldaketa garbirik aurkeztu aurrekontu ekitaldia ixtean, baldin eta ez-betetze horrek ekitaldian zehar irauten badu, toki erakundeko organo kontu hartzailearen txostenaren arabera. Ondorio horietarako, finantza magnitudeei dagokienez, manu hartan jasotako irizpideak hartuko dira kontuan.

2. Apartatu honetan aurreikusitako mugak gainditzeko arriskua ba-dago, finantza babesaren arloan eskumena duen organoak baimena eman ahal izanen du enpresen edo zorra adierazten duten balioen kapitalean partaidetza duten finantza-aktiboak eskuratzeko. Ondorio horietarako, organo horrek eragiketaren xedea baloratu, eta egonkortasunarekin, zor publikoarekin, gastu arauarekin eta hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epearekin lotutako helburuak betetzen diren egiaztatuko du.

Hamabosgarrena.–Jarraipen eta kontrol jarduketak.

Toki erakundeko organo kontu hartzaileak finantza babesaren arloan eskumena duen organoari ziurtatu eta jakinarazi beharko dio, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen, aurreko ekitaldiaren itxieran finantza-aktiboetan izandako aldaketa garbia, kontabilitate nazionalaren terminoetan.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2101382