34. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko otsailaren 3an hartua, ukatu egiten duena Ollokiko Kontzejua eratzea Esteribarko udal-mugartearen barruan.

2017ko abuztuaren 21ean, Esteribarko Udalak idatzi bat aurkeztu zuen erregistroan, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari Ollokiko Kontzejuaren eraketa eskatzeko, Osoko Bilkurak, horretarako, 2017ko abuztuaren 21ean hartutako erabakiaren ziurtagiria erantsita.

Dokumentazioa behin baino gehiagotan eskatu ondoren, 2020ko abuztuaren 27an Esteribarko Udalak udal idazkaritzak prestatutako justifikazio txostenak igorri zituen, eta, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak errekerimendua egin ostean, zenbait agiri osagarri ere bidali zituen, udalerriak udal-mugartearen barruan Ollokiko Kontzejua eratzeko udal ekimenari buruzkoak.

Espedientea jendaurrean jarri zen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren azaroaren 6ko 610/2020 Ebazpenaren bidez (2020ko azaroaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua), hilabetez, eta ez zen alegaziorik jaso.

Kontzejuak udalerri baten mugartean kokatutako toki entitateak dira, udalerriarenak baino populazio eta lurralde esparru txikiagoak dituztenak, eta ondasun berekiak eta nortasun juridikoa beren interesak kudeatu eta administratzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak emandako eskumenen esparruan.

Kontzejuen sorrera, besteak beste, aipatutako legearen 37. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoak arautzen du.

Zehazki, 42. artikuluak xedatzen duenez, kontzeju berriak eratzen ahalko dira baldintza hauek guztiak betetzen direnean: beren helburuak betetzeko adina baliabide izatea, kontzejua eratzeak ez ekartzea berarekin udalerriko zerbitzu orokorren kalitate galera, eta kontzeju berria era dadin behartzen dituzten inguruabarrak suertatzea, geografia, historia, gizartea, ekonomia edo administrazio eitekoak.

Edozein kasutan ere, ezin izanen da kontzejurik eratu ehun biztanle baino gutxiago direnean, non ez den eratzen lurralde aldaketen ondorioz udalerria desagertu egin delako.

Ondorio horietarako, funtsezkoa da, halaber, 6/1990 Foru Legearen 37.2 artikuluan aurretik xedatu zena, soilik ematen baitu kontzejuak eratzeko baimena baldin eta berezkoak dituen eskumenak baliatzeko adina baliabide baditu, 6/1990 Foru Legearen 39.1 artikuluan zehaztutako eskumenak, hain zuzen ere.

Arauak xedatzen duenez, baliabideak behar adinakoak direla ulertuko da kontzejuak aski sarrera duenean, berekiak nahiz Nafarroako Gobernuak edo kontzejua sartzen deneko udalak bideratutako transferentzia arrunten bidezkoak, eta eransten du ezen “edozein kasutan, Nafarroako Gobernuak baloratuko du baliabideak aski diren edo ez”.

Aipatutako arauaren 44.1 d) artikuluak, berriz, adierazten du kontzejuak toki entitate gisa azkentzeko arrazoia dela agerikoa izatea toki entitateak ez duela bere eskumenak erabiltzeko eta berezko dituen xedeak betetzeko behar adinako baliabide ekonomikorik, materialik edo giza baliabiderik.

Kontzeju bat toki entitate gisa sortzeko beharrezkoa da, beraz, jasangarria dela bermatze aldera, lehen aipatutako baldintza guztiak betetzea, eta nabarmendu behar da baliabide aski izatea egiaztatzeko ez direla soilik kontuan hartzen diru-funts erabilgarriak, baizik eta giza baliabideak eta baliabide materialak ere bai, etorkizunean kontzejuari ahalbidetuko diotenak berezkoak dituen eskumenak erabiltzea eta helburuak betetzea(6/1990 Foru Legearen 39. artikulua).

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak txosten ekonomikoa eman du 2020ko irailaren 28an, eta txosten juridikoa 2020ko irailaren 30ean, eta biak toki entitatea sortzearen kontrakoak dira; horien ondorioa da sortu nahi den Ollokiko Kontzejuak ez lukeela aski baliabiderik izanen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluaren arabera kontzejuek dituzten eskumenen erabilerari aurre egiteko.

Halaber, ez lituzke beteko honakoek ezartzen dituzten printzipioak eta helburuak: Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa eta Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legea, zehazki finantza egonkortasunari eta baliabide publikoen esleipenean eta erabileran izan beharreko erantzukizunari eta efizientziari dagokienez.

Aipatutako txostenetan esaten denez, gainera, ez da frogatu kontzejua sortzeak ekarriko duenik efizientzia handiagoa zerbitzu publikoen kudeaketan.

Aurrekoez gainera, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak txosten tekniko bat eman zuen 2020ko azaroaren 6an, Esteribarko udalerriaren barruan Ollokiko Kontzejua eratzearen kontrakoa. Txosten horren ondorioetako bat da kontzejua eratzeak areagotuko lukeela Iruñeko metropoli-eremuaren zatikatze administratiboa, eta hori lurralde-antolamenduko planean ezarritakoaren kontrakoa dela.

Bestalde, sortu gogo den kontzejuaren eraketarako proposamena Lurralde Mugaketako Batzordearen esku utzita (6/1990 Foru Legearen 43.6 artikulua), kontrako txostena eman zuen 2021eko urtarrilaren 18an.

Aipatutako txosten horietan adierazten denari gehitzen ahalko zaio, orobat, Auzitegi Gorenak berriki, 2020ko uztailaren 16an, emandako epaiak dioena, hau da, 27/2013 Legearen aurreikuspenen aplikazioa ez dagoela baztertuta, orokorrean, inongo autonomia erkidegotan, foru araubidea dutenetan ere ez, horietan berezitasunekin aplikatzen bada ere, baina horrek oztopatu gabe, betiere, legea aplikazio orokorrekoa izatearen bokazioa, oinarrizko araua den aldetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea bezala.

Auzitegi Konstituzionalaren 41/2016 Epaiaren arabera, arrazionaltasun ekonomikoaren irizpideak babestuta daude Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan, 31.2 eta 103.1 artikuluekin lotuta, halako moduan non toki entitate guztiek finantza aldetik jasangarriak izan behar baitute berez, eta bermatuta egon behar baitu, horrenbestez, beren eskumenen erabilera bideragarria izatea, eskakizun hauek bete daitezen: administrazio jarduketaren eraginkortasuna (EKaren 103.1 artikulua), baliabide publikoen erabileraren efizientzia (EKaren 31.2 artikulua) eta aurrekontu egonkortasuna (EKaren 135. artikulua).

Hau da, Konstituzio Auzitegiak ezarri duenez apirilaren 27ko 44/2017 eta uztailaren 6ko 93/2017 epaietan, toki entitate guztietan bermatu beharra dago, administrazio publiko autonomo diren aldetik, Konstituzioaren aginduak betetzen direla, efizientzia, eraginkortasun eta aurrekontu egonkortasunaren gainekoak, zertarako-eta Konstituzioaren 137. artikuluan aurreikusitako tokiko autonomia eta finantza askitasunaren printzipioa betetzen direla ziurtatzeko. Ollokiko bizilagunek ukitzen dituzten tokiko gaien kudeaketan parte har dezaten errazteko, aukera dago Esteribarko Udalak kudeaketa deskontzentraturako lurralde organo bat sortzeko, udalaren iritziz hori lagungarria baldin bada kudeaketa efizienteagoa izateko; izan ere, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 24. artikuluan ezarrita dago aukera hori.

Lurralde organo horri udalak esleitzen ahal dizkio bidezkotzat jotzen dituen eginkizun eta eskumenak, aintzat harturik bizilagunen ezaugarriak; horrekin batera, egokitzat jotzen den antolaketa ere ezartzen ahalko zaio organoari, bere ordezkariekin, horrek galarazi gabe udalerriko gobernu eta kudeaketa batasuna, eta administrazio publiko berri bat sortu beharrik gabe.

Horrenbestez, eta kontuan hartuz espedientean dauden txostenak, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak ez baiestea eskaera, lehenago azaldutako arrazoiengatik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Ukatzea Ollokiko Kontzejua eratzea Esteribarko udal-mugartean, ez baita frogatu kontzejua eratzeak berarekin ekarriko duenik efizientzia handiagoa baliabide publikoen kudeaketan, ez eta egin gogo den kontzejuak aski baliabide izanen dituenik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluaren arabera kontzejuek dituzten eskumenak betetzeko, aipatutako arauaren 37.2 artikuluan eta espedientean dauden txostenetan ezarritakoarekin bat.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Esteribarko Udalari jakinaraztea eta aditzera ematea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela Nafarroako Administrazioarekiko Auzien epaitegi eta auzitegietan, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko otsailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2101729