34. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 12a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

364/2018 prozedura arrunta

Virginia Arias López de Lacalle, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 364/2018 prozedura arrunteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoan 220/2019 epaia eman da 2019ko irailaren 30ean eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

“220/2019 epaia.

Lehendakaria: María Jesús Azcona Labiano andrea.–Magistratuak: Raquel Hermela Reyes Martínez andrea.–Ana Irurita Díez de Ulzurrun andrea.

Iruñean, 2019ko irailaren hogeita hamarrean.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, aztertu ditu 364/2018 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren autoak. Errekurtso hori jarri zen Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 7ko 51/2018 Foru Aginduaren aurka, zeinaren bidez arauak onetsi baitziren izangai zerrendak kudeatzeko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin aritzen diren irakasle lanpostuetarako. Honakoek parte hartu dute: batetik, A.A.A.A. andrea, demandatzaile gisa, Jaime Goñi Alegre auzitegietako prokuradoreak ordezkatuta eta Luis Sarrato Martínez letraduak zuzenduta, eta bestetik, Nafarroako Foru Gobernua, demandatu gisa, Foru Komunitateko aholkulari juridikoak eta letraduak ordezkatu eta defendatuta.

EPAITZA:

Baiestea Jaime Goñi Alegre auzitegietako prokuradoreak A.A.A.A. andrearen izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 7ko 51/2018 Foru Aginduaren kontrakoa. Foru agindu horren bidez arauak onetsi ziren, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko. Horrenbestez, 51/2018 Foru Agindua erabat deusez deklaratzen da. Alderdi demandatuak ordaindu behar ditu eragindako kostuak.

Epaia irmoa izanda, Lege jurisdikzionalaren 72.2 artikuluan ezarritakoa betez, behar diren baliabideak jarriko dira epai hau, lehenbailehen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.”

Eta honako hau egin eta sinatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoarekin.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 26an.–Justizia Administrazioaren letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J2101232