34. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36E/2021 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Untzueko Udal Planaren aldaketa puntual bati buruz (AR.1-SR.1. eremua berriz mugatzea. UE-6 unitatea berriz mugatzea eta unitateko lerrokadurak aldatzea). Aldaketaren sustatzaileak Francisco Javier Marco Irisarri, María Nieves Villarroel, Eduardo, Iñaki eta Alberto Pérez de Ciriza dira.

Planaren aldaketaren helburua da eraikuntza jarduketa gehiago ahalbidetzea 44A eta 44B lurzatietan, zeinak hiri-lurzoru finkatuan eta hiri-lurzoru finkatu gabean baitaude. Horretarako, honako hauek egin nahi dira:

–44A lurzatiari, ekialdeko eta hegoaldeko orientazioetan, hiri-lurzoru finkatu nahikoa ematea, argi-bisten zortasun egokia izan dezan. Horrek berekin dakar UE-6 eta AR1-SR1 unitateek hartzen duten eremua murriztea: 44A lurzatiari atxikitako 3 metroko zerrenda izan beharrean, hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatzera igaroko da.

–UE-6 unitatearen iparraldeko orientazioa berriz mugatzea eta hango lerrokadurak doitzea, familia bakarreko etxebizitza bakartu bat ezartzeko.

Aldaketaren eremua herrigunearen ipar-ekialdean kokatzen da, eta lurzati hauei eragiten die: 44A lurzatiari, non aurri egoeran dagoen eraikin bat eta eraiki gabeko zona bat dauden; 44B lurzatiari, non nekazaritzako gaiak biltegiratzeko zona bat eta zenbait zuhaitz dauden; eta 43 lurzatiari, laborantzarako erabiltzen dena. Indarreko planeamenduaren arabera, lurzati horiek guztiak hiri lurzoruak dira, dela finkatua (44A lurzatia), dela finkatu gabea (44B lurzatia, UE-6 unitatea), dela lurzoru urbanizagarria (43. lurzatiaren zati bat, AR1-SR1). Eta “etxebizitzetarako” erabilera dute esleitua.

Aldaketak, zehazki, honako hau ekarriko du:

–64,6 m²-ko lur zerrenda bat (43. lurzatia) lurzoru urbanizagarria izatetik hiri-lurzoru finkatua izatera igarotzea.

–32,8 m²-ko lur zerrenda bat (44B lurzatia) hiri-lurzoru finkatugabea izatetik hiri-lurzoru finkatua izatera igarotzea.

–Udal planean UE6 unitateak aurreikusiak dituen lerrokadurak aldatzea, eremuaren muga berrietara egokitzeko. Horrela, lurzatian sartzeko irisgarritasuna hobetuko da, eta solairu bakarreko etxebizitza eraikitzen ahalko da.

–AR1-SR1 eta UE6 eremuetan sartzeko bihurdura aldatzea, zabalagoa izan dadin, eta egun dagoen bidearen zati bat mantenduz, eta La Peña kalea eginez 7,7 metroko zabalerarekin.

AR-1-SR1 eremuaren aldaketak 177,3 m²-ko azalerari eragiten dio, eta hango lurzoruaren sailkapena aldatzen da (lurzoru urbanizagarritik hiri-lurzorura igarotzea), berdegune pribatuaren erabilera xehatua mantenduz. Eta UE6 unitatearen aldaketak 79,9 m²-ko azalerari eragiten dio, eta hiri-lurzoru finkatugabea izatetik hiri-lurzoru finkatua izatera igaroko da.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik eta jarduketaren eremua azterturik, ondorioztatu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea, aldekoa, Untzueko Udal Planaren aldaketa puntual bati buruz (AR.1-SR.1 eremua berriz mugatzea. UE-6 unitatea berriz mugatzea eta unitateko lerrokadurak aldatzea), ez baitu ingurumen eragin nabarmenik sortzen. Aldaketaren sustatzaileak Francisco Javier Marco Irisarri, María Nieves Villarroel, Eduardo, Iñaki eta Alberto Pérez de Ciriza dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Untzueko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2101591