31. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 18koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Ziraukiko udal-mugartean goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2020ko martxoaren 9an, Eduardo Ryan Murúa jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, proiektuaren administrazio baimena eta onespena eskatu zituen honako instalazio elektriko hau jartzeko:

–Eskatzailea: I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11083 (Erref.: 2020-019 Obra 100908476).

–Instalazioaren kokalekua: Ziraukiko udal-mugartea.

–Xedea: inguru horretako horniduraren kalitatea hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: 26. euskarria ordeztea “Allotz-Zirauki-Mañeru” zirkuituko 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoan. Horrek esan nahi du berriz tenkatu behar dela LA-56 eroalea, 27. euskarritik proiektatutako 26. euskarri berriraino (90 metro). Oraingo 26. euskarria, hormigoi dardaratuzkoa, xaflazko euskarri berri batekin ordeztuko da (CH630-11E motakoa, loturan finkatua). 25. euskarritik 26.era dagoen baoko eroalea 47-AL1/8-ST1A (LA 56) eroalearekin ordeztuko da, 97 metroan. 25. euskarrian, oraingo NA11880 ebakigailua SELA U 24/III ebakigailu berri batekin ordeztuko da (LoadBuster ebakigailua), eta oraingo egurrezko gurutzeta, berriz, RH2-15/14 gurutzeta zuzen berri batekin. 27. euskarrian dagoen egurrezko gurutzeta, gainera, RH2-20/14 gurutzeta zuzen berri batekin ordeztuko da.

–Aurrekontua: 7.161,77 euro.

Betetzeko abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa, jendaurrean jarri ziren I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza (2020ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2koan, eta 2020ko uztailaren 3ko Diario de Navarran), eta Ziraukiko Udalari ere bidali zitzaizkion, ikusgai jar zitzan. Ez da alegaziorik jaso.

2020ko ekainaren 29an, Ziraukiko Udalak erantzuna igorri zuen. Hartan, adierazi zuen proiektuaren aurka dagoela eta kexa egin zuen herri-lurzati bat ukitzen delako. Espedientean Herri-lurren Atalak emandako txostena jaso da (Espte.: 204/SCO/20).

Ziraukiko Udalaren erantzuna eta Herri-lurren Atalaren txosten hori I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUra igorrita, enpresa banatzaileak idazki berri bat igorri zuen, non honako hau argitu baitzuen:

–25. euskarritik 26.era arteko eroalea ordezteak ez du zortasun berririk sortuko 7. poligonoko 732. lurzatiaren gainean, zeina Ziraukiko herri-lurra baita.

–Instalazioaren onura publikoa deklaratuta kasuan kasuko ebazpenaren bidez eta hark indarra hartuta, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 21. artikulua aplikatuz, okupatu beharraren erabakiak desjabetze-espedientea hasiko du.

–Eta bukatzeko, 1955/2000 Errege Dekretuaren 151. artikuluan adierazten denez, edozein unetan eta libreki, onura publikoaren deklarazioaren eskatzaileak beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak erostea adostu dezake horien titularrekin. Instalazioaren onura publikoa deklaratzen denean, akordio horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 24. artikuluan aurreikusitako izaera eta ondorioak hartuko ditu, eta, beraz, horrek desjabetze espedientearen amaiera ekarriko du.

Enpresa banatzailearen erantzuna bidali zitzaion Ziraukiko Udalari, eta hark ez du deus adierazi horri buruz.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta betez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa,

EBAZTEN DUT:

1. Administrazio baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aipatutako instalaziorako.

2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Onestea instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Fermín Manrique Larraza bide, ubide eta portuetako ingeniariak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak gauzatzeko.

5. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Herri-lurren Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau Ziraukiko Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 18an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2100835