31. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19E/2021 FORU AGINDUA, urtarrilaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Diabetearen Aholku Batzorde Teknikoaren osaera eta eginkizunak aldatzen dituena (Osasuneko kontseilariaren otsailaren 22ko 17/2016 Foru Aginduan ezarritakoak).

2006ko urrian, Osasun Sistema Nazionaleko Kalitate Planaren barrenean, “Osasun Sistema Nazionalaren Diabetesaren Estrategia” onetsi zen. Lortu beharreko helburu batzuk finkatu ziren esku-hartzeen kalitatea eta emaitzak hobetzeko diabetes mellitusari dagokionez. Estrategia hori abian jartzeak Diabetesaren Batzorde Teknikoa egokitzea ekarri zuen, informazioaren bilketan eta osasun laguntzan premia berriei erantzuteko estrategiaren ebaluazioan eta jarraipenean. Horregatik, Osasuneko kontseilariaren ekainaren 10eko 68/2008 Foru Aginduaren bidez, Diabetesaren Aholku Batzorde Teknikoaren osaera eta eginkizunak aldatu ziren. Batzordea Osasuneko kontseilariaren 1992ko azaroaren 16ko Foru Aginduaren bidez sortu zen, zeina aurretik 284/1996 Foru Aginduaren bidez aldatu baitzen.

2012ko ekainean, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak “OSNan eritasun kronikoak tratatzeko Estrategia” onetsi zuen. Dokumentu horretan aholkatzen da eredu integrala erabiltzea eri horiei laguntzeko, zainketen jarraitutasuna bermatuz eta eritasunaren bilakaerara egokituz. Hori lortzeko, laguntza berrantolatu behar da.

Egungo osasun antolaketa eri kronikoen laguntza premietara egokitzeko, 2013ko uztailean Osasun Departamentuak “Paziente kronikoari eta pluripatologikoari arreta emateko Nafarroako estrategia” garatu zuen. Linea estrategiko bat da hautatzen diren eri kronikoentzako laguntza plan eragileak garatzea, eredu integralak erabiliz eta larritasun mailaren araberako modalitate ezberdinak ezarriz. Berariazko laguntza behar duten lehentasunezko erien artean diabetikoak daude.

Horregatik, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 5eko 27/2015 Foru Aginduaren bidez, Diabetesaren Aholku Batzorde Teknikoaren osaera eta eginkizunak aldatu ziren, halako moduz non Osasun Sistema Nazionalaren Diabetesaren Estrategia ezartzeko zituen eginkizunei “OSNan eritasun kronikoak tratatzeko Estrategiari” eta “Paziente kronikoari eta pluripatologikoari arreta emateko Nafarroako estrategiari” lotutakoak gehitu zitzaizkion.

Beste alde batetik, Osasuneko kontseilariaren otsailaren 22ko 17/2016 Foru Aginduak haren osaera aldatu zuen, Osasun Departamentuaren egitura organikoan izandako aldaketengatik, eta Osasun Planean ezarritakoarekin bat etorriz, erien elkarteen ordezkari bat gehitu zuen.

Gaur egun, Osasun Departamentuaren egitura organikoan izan diren aldaketak gertatu eta gero, beharrezkoa da, berriz ere, Diabetesaren Aholku Batzorde Teknikoaren osaera egokitzea. Halaber, beharrezkoa da haren funtzioak berraztertzea, diabetesaren kasuan aipatzen diren estrategien testuinguruan egokitzeko.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Osasuneko Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Diabetesaren Aholku Batzorde Teknikoaren osaera aldatzea (Osasuneko kontseilariaren otsailaren 22ko 17/2016 Foru Aginduak ezarri zuen). Hauek dira kideak:

–Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko Diabetesaren Ataleko burua, batzordeburua ere izanen dena.

–Nafarroako Diabetes Elkarteko burua.

–Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko burua.

–Nafarroako Ospitaleguneko Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko ordezkari bat, zerbitzu hartako buruak proposaturikoa.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko burua.

–Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko diabetes taldeko BFE bat (barrutiko fakultatibo espezialista), Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko buruak izendatua.

–Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko erizain hezitzaile bat, diabetesean aditua, Kontsultetako Zainketen Erizaintza Arloko buruak izendatua.

–Nafarroako Ospitaleguneko Pediatria Zerbitzuko BFEa bat, Diabetes Unitatekoa, Nafarroako Ospitaleguneko Pediatria Zerbitzuko buruak izendatua.

–Nafarroako Ospitaleguneko Pediatria Zerbitzuko Diabetes Unitateko erizain hezitzaile bat, diabetesean aditua, Emakumeak, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Erizaintza Arloko buruak izendatua.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko erizain bat, zerbitzu hartako buruak izendatua.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako talde bateko familia mediku bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko buruak izendatua.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako talde bateko erizain bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko buruak izendatua.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako talde bateko gizarte langile bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko buruak izendatua.

–Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko teknikari bat, zerbitzu horretako buruak izendatua.

–Diabetesaren Aholku Batzorde Teknikoko idazkaria batzordeak bere kideen artean aukeratzen duen pertsona izanen da.

2. Diabetesaren Aholku Batzorde Teknikoaren funtzioak aldatzea (Osasuneko kontseilariaren otsailaren 22ko 17/2016 Foru Aginduak ezarri zituen). Funtzioak hauek izanen dira:

1.–“Osasun Sistema Nazionalaren Diabetesaren Estrategia”ren ezarpena eta jarraipena sustatzea.

2.–Irizpideak ezartzea pazienteak egoki identifikatu eta lehentasunaren arabera sailkatzeko, arriskua edo larritasuna kontuan hartuta, Osasun Departamentuko Paziente kronikoari arreta emateko estrategiaren barruan (diabetesari aplikatua).

3.–Diziplina anitzeko eta kategoria-mailen arteko protokoloak eta adostasun teknikoak prestatzea, diabetesa daukaten pazienteen arreta hobetzeko.

4.–Diabetesa daukaten pazienteen arreta-mota berriak sartzea, asistentzia-emaitza hobeak lortzeko beharrezkoak direnak.

5.–Oinarrizko osasun-laguntzako, osasun-laguntza espezializatuko eta osasun publikoko informazio-sistemak egokitzea, diabetesa daukaten pazienteen arretaren kalitatea etengabe hobetzeko beharrezkoak diren datuak eskuratzeko.

6.–Beste gizarte sektore batzuekiko harremana kontuan hartzea (diabetesa daukaten pazienteen elkarteak, boluntarioak...).

7.–Organo eskudunak esleitzen dizkion gainerakoak.

3. Foru agindu hau Osasuneko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzea, eta interesdun guztiei jakinaraztea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2101214