3. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Udal ordenantza, Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ekipamenduen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Basaburuko Udalak, 2020ko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ekipamenduen erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Basaburuan, 2020ko azaroaren 30ean.–Alkatea, Esther Lacasta Perez Ilzarbe.

ORDENANTZA, BASABURUKO UDALAREN ERAIKIN, LOKAL, INSTALAZIO ETA EKIPAMENDUEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

ATARIKOA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ekipamenduen erabilera. Erabilera horretan sartzen dira honako hauek:

–Basaburuko udaletxeko hirugarren solairuan dagoen aretoa.

–Apeztegiberria eraikineko lehenengo eta bigarren solairuetan dauden aretoak.

–Aizarozko herriko etxean dauden aretoak.

–Udalaren jabetzapeko beste eraikin batzuk: eskola, haur eskola.

–Kiroldegiak berariazko ordenantza du.

Lehentasuna izanen dute betiere euskaraz egiten diren jarduerek.

Udalaren instalazioak irabazi asmoz erabili nahi badira, parte-hartzaileek diruz ordaindu beharreko ikastaroak, lantegiak edo bestelako jarduerak egiteko, erabileraren titularrak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren erregistroan inskribatuta egon beharko du.

2. artikulua. Oinarria.

Honako ordenantza hau onetsi da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluaren babe-sean.

3. artikulua. Eremu objektiboa.

Ordenantza honen arauak aplikatuko zaizkie partikularrek erabil ditzaketen udal eraikin, lokal, instalazio eta ekipamendu guztiei, ez baldin badute ordenantza berariazkorik, edo kontratu berariazko baten bidez arauturik ez badago udal eraikin, lokal, instalazio edo ekipamenduaren erabilera. Orobat, ordenantza honetatik kanpo geldituko da udal eraikin, lokal edo instalazioaren erabilera baldin hura lege batek arautzen badu.

I. KAPITULUA

Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ekipamenduak erabiltzeko arauak

4. artikulua. Udalaren eraikin, lokal, instalazio eta ekipamenduak erabiltzeko interesa dutenek Udalaren Idazkaritzan egin beharko dute eskaera, alkateari idazkia zuzenduz, gutxienez ere astebete lehenago.

Idazkiak honako hauek jasoko ditu: eskatzailearen datuak, egin nahi den jarduera, iraupena, parte-hartzaile kopurua, jardueraren prezioa, eta eskaera arrazoitzeko egoki jotzen den beste edozein argibide.

Baimena eman aurretik, alkateak eskatu ahalko ditu komenigarri iruditzen zaizkion agiri, txosten eta argigarri guztiak.

Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilera dela-eta izaten diren harremanetan, horrexetarako berariaz izendatzen den lagunarekin ariko da Udala, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenbizikoarekin.

5. artikulua. Erabiltzaileek lokalak zaindu beharko dituzte, baita bertako altzariak ere, eta behar den gizalegez jokatu.

Erabiltzaile batek akats edo hondatzeren bat ikusiz gero, Udalari eman beharko dio haren berri.

Baimenaren titularrak erantzun beharko du lokaletan eta haietan dauden gauzetan egiten diren kalteengatik, eta Udalak haien konponketa eska diezaioke.

6. artikulua. Debeku da baimendu den jarduketaz bestelakoetarako erabiltzea lokalak.

7. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dute garbi eta txukun egon daitezela. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, beste eskatzaile batzuek berehalakoan erabiltzeko moduan.

8. artikulua. Eraikin eta lokaletarako ezarritako ohiko ordutegitik kanpo egitekoa bada jarduera, baimena emanda, lokalak irekitzeko eta ixteko giltzak utziko zaizkie interesdunei. Haien ardura izanen da giltzak gordetzea eta Udalaren bulegoetan edo Udalak izendatutako pertsonari itzultzea, jarduera bukatu eta ahalik eta epe motzenean. Erabileraren eskatzaileak giltza itzultzeko erantzukizuna izanen du, eta ez du inola ere haren kopiarik eginen.

Gainera, baimena ematearekin batera, alkateak bisita egiteko deialdia egin dezake, eskatzaileekin eta zerbitzuaren ardura duen zinegotzi batekin.

9. artikulua. Alkateak kasu bakoitzean bidezko deritzona erabakiko du, irizpide hauei begiraturik:

–Jarduera mota: kultura, kirolak, pribatua, ikasketak...

–Erabilera mota: une jakin baterako edo luzarorako.

–Eskatu direnak bezalako lokalen edo instalazioen eskuragarrita-suna.

–Jarduera zenbat jenderentzat den.

–Helburua: irabazi asmorik gabea, irabazi asmoa duena...

–Interesa: orokorra edo partikularra.

–Lagapenaren iraupena.

10. artikulua. Udalak fidantza jar dadin eska dezake, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantzaren xedea izanen da Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabili eta lagapenaren aurretik zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzutea. Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da delako fidantza; horretaz gain, ordenantza hau aplikatuz zehapenik paratu behar baldin bada, horien ordainketari erantzuteko ere izanen da.

Gisa berean, Udalaren lokal edo instalazioaren erabilera aztertuta, jardueraren arabera, alkateak eska dezake behar adinako erantzukizun zibileko poliza kontratatu dadila.

11. artikulua. Udalaren eraikin, lokal edo ekipamenduaren erabilera bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi hainbat ikuskapen egin dezake, egiaztatzeko ea erabiltzaileek betetzen ote dituzten ordenantza honetan eta indarra duen gainerako legerian ezarritako beharkizunak.

Frogatzen bada bete direla ordenantza honetan ezarritako beharkizunak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik paratu behar, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, fidantza erabiliko da ordaintzeko ordenantza honetan ezarritako beharkizunak ez betetzetik, eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak.

II. KAPITULUA

Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

12. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek maltzurkeriagatik edo axolagabekeriagatik bertan eragiten diren kalte-galerak ordainduko dituzte.

13. artikulua. Honako hauek joko dira arau-haustetzat:

a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

b) Baimena izanik okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea, ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Kalteak eragitea lokaletan, instalazioetan, altzarietan, ekipamen-duetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan. Gainera, halakoetan, kalteak konpontzeko gastuak egotziko zaizkio horiek gertatu diren aretoaren erabiltzaileari.

d) Eraikin edo lokaletan sartzeko giltzen kopiak egitea.

e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

f) Ordutegiak ez betetzea.

g) Lagatako ekipamenduetan kalteak eragitea. Gainera, halakoetan, kalteak konpontzeko gastuak egotziko zaizkio horiek gertatu diren aretoaren erabiltzaileari.

14. artikulua. Goian aipatu arau-hausteak eginez gero, honako zeha-pen hauek ezarriko dira: 30 eta 150 euro arteko isunak eta lokala berriz erabiltzeko debekua, hilabete 1etik 12 hilabetera.

15. artikulua. Kalte eta eskubideengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatuta-koaren ondoriozko zehapenak.

IV. KAPITULUA

Erabiltzeko tasak

16. artikulua.

Jarduera puntualak: 3 ordu baino gutxiago, 10 euro. 3 ordutik gora, 20 euro.

Aldizkako jarduerak: 6 euro saio bakoitzeko, 3 ordu baino gutxiagoko jardueretarako. 3 ordu edo gehiagoko jardueretarako, 12 euro saio bakoitzeko.

Egun osoko jarduerak: 20 euro.

Irabazi asmorik gabe eta ordainik jaso gabe interes orokorreko jarduerak egiten dituzten entitate eta pertsonak tasa ordaintzetik salbuetsita egon daitezke.

Tasak urtero igoko dira, Nafarroako KPIaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako izapideak bete ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2014627