293. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5533E/EBAZPENA, abenduaren 13koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez arautzen baita dirulaguntzak ematea Nafarroako administrazio publikoetan 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 599438.

Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, nabarmen hartzen dute parte “Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak” izeneko 23. Osagaian. Osagai hori “Zaintzak eta enplegu politiken ekonomia berria” izeneko VIII. arlo politikoan dago kokatua. Osagai horren helburuetako bat da enplegu politika aktiboak erreformatzea eta bultzatzea, Enplegu Sistema Nazionalaren kohesioa hobetuz, pertsonak eta enpresak ardatz hartuta, beroriek emaitza ebaluagarrietara bideratuz, ekoizpenaren berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin eta eraldaketekin koherenteak izanen direnak, gaitasunen hobekuntzan eta enplegu zerbitzu publikoen eraldaketa digitalean bermatuz.

Era berean, Espainiako 2020ko Erreformen Programa Nazionalari buruzko Kontseilu Europarraren Gomendioak enplegua babesteko beharra jasotzen du, baita ikaskuntza digitalerako sarbidearen hobekuntza ere, pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko beharra kontuan hartuta. Halaber, Kontseiluaren 2019ko Erreformen Plan Nazionalari buruzko Gomendioa ere egokia da, non Espainiari gomendatzen baitzitzaion enplegu zerbitzuak laguntza eraginkorra emateko gai izatea.

Bereziki, Europako analisiak azpimarratzen du gazteen langabeziaren erronka, zeina arrisku bat baita belaunaldien arteko orekarako, talde zaurgarrienen lan eta gizarte bazterkeria arriskugarria ekarriz. Iraupen luzeko langabeziaren arriskua azpimarratzen da, baita genero-desberdintasunaren iraupena ere.

Ekimen honek laguntzen du Kontseiluak Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartuz emandako Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision-CID), lehen aipatutakoan, eranskinaren 342. helburua lortzen: 2025 baino lehen 18.300 lagunek izatea 1. inbertsioko programak bukatuta, eta 21.900 pertsonaren parte-hartzea.

Abuztuaren 19ko TES/897/2021 Aginduaren bidez, Berreskuratze eta Erresilientzia Bitartekoarekin finantzatutako kredituak lurraldeka banatu dira, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, lan-eremuan eskumenak berenganatuak dituzten autonomia-erkidegoek kudea ditzaten. Kredituak honako inbertsio proiektu hauek gauzatzera bideratuta daude: “Konpetentzia Digitalen Plan Nazionala” eta “Politika Publiko Berriak lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako”. Proiektuok Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean daude bilduta.

Beste alde batetik, Nafarroako Enplegurako Plana (2021-2024) lerrokatuta dago Enplegua Aktibatzeko Espainiaren Estrategia berriarekin, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3) Nafarroa Suspertu Planarekin eta 2030 Agendarekin, eta horrela lortzen da politika publikoak koordinatzea, Suspertzerako Europako Funtsaren aukerak ahalik eta gehien baliatzea eta Nafarroako arlo estrategikoen erresilientzia eta lehiakortasuna indartzea. Enplegu planak lehentasunezko talde gisa ezartzen du gazteen taldea, Enplegu-politika Aktiboen Planerako. Alde horretatik, 3. helburu estrategikoak (enplegu inklusiboa eta aukera berdintasuna aldeztea) gertaerei aurrea hartuko dien talka-plan bat ezarri nahi du, zailtasunik handienak dituzten pertsonen enplegua suspertzeko, eta enpleguaren kalitatean esku hartzeko arlo espezifiko bat proposatzen du, gazteen enpleguaren kalitatea hobetzeko. Zehatz esanda, onetsi den neurrietako batek proposatzen du gazteen lehen lan-esperientziak kalitatekoak izan daitezela bultzatzea. Gainera, 3. esku-hartze arloak proposatzen du bide bikoitz batetik aurreratzea, batetik eraldaketa digitala, eta bestetik ekonomia zirkular eta berdea bultzatuz.

Ekonomia garatuen zirkunstantziek eta, bereziki, jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren erronka globalei erantzuteko lan-merkatuen ezaugarriek enplegu politika aktiboak indartzea eskatzen dute, eta enplegu zerbitzu publikoak ikuspegi berri bat hartzera behartzen dituzte, politikak sustatzeko garaian. Horrela, eraginkortasunez ezartzen laguntzen da Gizarte Eskubideen Europako Zutabea, bereziki I. kapitulua, eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agenda, batez ere 8. GJHen bidez: hazkunde ekonomiko inklusibo eta jasangarria, enplegua eta lan duina sustatzea guztiontzat.

“Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak” izeneko 23. Osagaiak proposatzen dituen erreformen eta inbertsioen barruan sartzen da 1. Inbertsioa, “Gazteen enplegua”, zeinaren barruan baita jarduera hau: “Lehen lan esperientzia administrazio publikoetan izateko programa”. Jarduera honen helburua da lehen lan esperientzien plan bat garatzea, administrazio publikoek ematen dituzten zerbitzuen arloan.

Programa honen onuradunak 16 eta 30 urteen arteko gazte langabetuak izanen dira, prestakuntzaren aldia osatu dutenak eta ezagutzak egiaztatu dituztenak. Programaren helburua da “soft” gaitasunak eskuratzea erraztea lehen lan kontratu horren bidez, eta aldi berean gaitasun sozialak eta profesionalak eskuratzea.

Lehen lan esperientzia esanguratsua izateko zailtasunak gazte guztiei eragiten die, esperientzia hori izan ezean lan merkatuan sartzea nekeza baita. Hori horrela, gazteen garapen profesionala eta pertsonala galarazten da.

Erakunde publikoek langabetuak kontratatzeko programaren funtzionamenduan eta kudeaketan metatutako esperientziak erakutsi du eraginkorra dela praktika profesionala errazteko eta parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzeko. Sektore publikoa osatzen duten organismo publikoak eta erakundeak, Estatuko merkataritza-erakundeak barne, eremu eta eginkizun ugari dituztenez, lehentasunezko tresna lagungarriak dira lehen lan esperientziaren helburua lortzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, eskatzen baita deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Foru lege horrek xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2021eko abenduaren 1ean egindako bilkuran, erabaki zuen banakako ebaluazioaren araubidea onartzea 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa administrazio publikoetan sustatzeko dirulaguntzetarako. Dirulaguntzaren gertaera eragilea da gazte horiek praktiketan kontratatzea haien enplegagarritasuna hobetzeko eta haien laneratzea errazteko.

Horrenbestez, azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, bere 12. artikuluan ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 30 urtetik beherako gazte langabeen praktiketako kontratazioa administrazio publikoetan sustatzeko dirulaguntzen deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen eranskinean agertzen direnak.

2. 1.569.482 euroko gastua baimentzea, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2021eko gastuen aurrekontuko 950001 96100 4459 241300 MRR partidaren kargura, Entitate publikoek kontratatzeko dirulaguntzak (PEP elementua E-21/000370-01 MRR. P1. LEHEN ESPERIENTZIAK), honela banatuko direnak:

• 470.844,60 euro enplegu berdearen lerroarekin lotutako praktiketako kontratazioak diruz laguntzeko.

• 470.844,60 euro enplegu digitalaren lerroarekin lotutako praktiketako kontratazioak diruz laguntzeko.

• 627.792,80 euro oro har enplegu lerroarekin zerikusia duten praktiketako kontratazioak diruz laguntzeko.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko abenduaren 13an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Oinarri arautzaile hauen helburua da Nafarroako administrazio publikoetan gazte langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko dirulaguntzak ematearen baldintzak eta betebeharrak arautzea, praktiketako kontratazioaren modalitatearen bidez.

1.2. Kontratazioak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2023ko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Dirulaguntzaren onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Sektore Publikoko entitate hauek:

a) Enpresa publikoak.

b) Fundazio publikoak.

c) Unibertsitate publikoak.

d) Toki-korporazioak edo toki administrazio baten menpeko edo toki entitate bati lotutako entitateak.

2.2. Dirulaguntzen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, edo lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

2.3. Betebehar horiek guztiak dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.

3.–Jarduera diruz lagundua.

1. Diruz lagunduko den jarduera izanen da hartzaileen praktiketako kontratua egitea, lanbide-praktika eskuratzeko bitarteko gisa. Kontratatuak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratazioaren xedeko lanpostuek kontratatuaren prestakuntza akademikoarekin eta/edo profesionalarekin bat etorri beharko dute.

b) Kontratuen iraupena 10 hilabete izanen da, gutxienez, eta 12 hilabete, gehienez. Lanaldia osoa izanen da.

d) Entitate onuradunek informazio profesionala, orientazioa edo prestakuntza eman beharko diete hartzaileei diruz lagundutako kontratuak indarrean dauden bitartean, eta dagozkien lan-arriskuen prebentzioko betebehar guztiak bete beharko dituzte. Gainera, ezagutza digitalak eguneratzearekin lotutako neurriak behar bezala garatuko dira.

e) Kontratu horiei urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 11.1 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie.

f) Edonola delarik ere, kontratazio hauek ez dituzte ordezkatuko kontratazioak egiten dituzten administrazioen egiturazko lanpostuak.

2. Eginen diren kontratuak ondoren aipatzen diren eremuetako batean kokatu beharko dira, lerroak egin beharreko lanean daukan garrantzia kontuan hartuta:

a) Enplegu berdeen lerroa, ingurumena babesteko eta lehengoratzeko laguntzen dutenak. Hauek, besteak beste: nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza, ekosistemak lehengoratzera eta animaliak ustiatzeko modelo ekologikoagoak eta jasangarriagoak bideratuta daudenean; energiaren eta lehengaien kontsumoaren eraginkortasuna handiagotzera bideratzen diren jarduerak; berotegi efektuko gasen jaulkipena bideratutakoak; hondakinak eta kutsadura gutxiagotzeko bideratutakoak; ekosistemak babestera eta lehengoratzera bideratutakoak, ingurumena hobetzen duten ondasunak eta zerbitzuak ekoiztera bideratutakoak, eta abar.

b) Gaitasun digitaletako enpleguen lerroa, Europako Batzordeak (DIGCOMP) ezarritako gaitasun digitalen Europako Esparruaren arabera: informazioaren tratamendua eta alfabetatze digitala; komunikazioa eta lankidetza (tresna digitalen bidez komunikatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta trebetasunak garatzea); edukia sortzea (tresna digitalen bidez edukia sortzeko eta zabaltzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta trebetasunak eskuratzea); segurtasunarekin lotutako enpleguak (norberaren segurtasuna eta inguruarena babesteko ezagutzak eta gaitasunak, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiltzean); teknologia berriak erabiltzean sortzen diren arazo teknikoei konponbidea aurkitzeko enpleguak.

c) Enpleguaren lerro orokorra: gainerako kontratuak.

Eskaerarekin batera aurkezten den memoriak justifikatu du hartzen den lerroa aukeratu izana.

4.–Kostu diruz lagungarriak:

1. Kontrataziorako emango diren dirulaguntzak langile gazteen lan-kostuak finantzatzeko erabiliko dira, baldin eta, deialdi honetan ezarritako baldintzak beteta, Nafarroako administrazio publikoek emandako zerbitzuen barruan lan-esperientzia lortzeko kontratatzen badira.

2. Hauek sartuko dira lan-kostuen barruan:

a) Soldataren kostuak, gizarte aseguruenak barne. Urriaren 23ko 20/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 11.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera, praktiketan kontratatutako pertsonaren ordainsaria ez da izanen lanpostu bera betetzen duen langile batentzat hitzarmenean finkatutako soldataren % 60 baino txikiagoa, eta, nolanahi ere, ezin izanen da izan indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa.

b) Norbera babesteko ekipamenduen (NBE) kostuak, 369,07 euro urtean, gehienez, 9.etik 5.erako kotizazio taldeetan kontratatzen diren pertsonentzat, eta 553,60 euro urtean 4.etik 1.erako kotizazio taldeetan kontratatzen diren pertsonentzat.

3. Dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatuko dira, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin bat etorriz. Moduluen araubide hori ezartzeko, agindu honetan honako modulu hauek ezartzen dira, kontuan hartuta Estatuko Kontu-hartzailetza Nagusiak administrazio publikoetan lehen lan-esperientzia izateko programarako baliozkotutako programan parte hartzen duen kontratatutako pertsona bakoitzeko kostu unitarioa:

a) Artikulu honen 2. apartatuaren a) eta b) letretan sartzen diren lan-kostuak konpentsatzeko:

–A modulua: 1.783,83 euro, Gizarte Segurantzaren 9.etik 5.erako kotizazio taldeetan (biak barne) kontratatzen den pertsona bakoitzeko eta hilabete bakoitzeko (21.405,94 euro kontratazio-urte bakoitzeko).

–B modulua: 2.675,74 euro, Gizarte Segurantzaren 4.etik 1.erako kotizazio taldeetan (biak barne) kontratatzen den pertsona bakoitzeko eta hilabete bakoitzeko (32.108,92 euro kontratazio-urte bakoitzeko).

b) Horren arabera, eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuan jasotako aurreikuspenak hartuko dira kontuan, hau da, kontratatu beharreko pertsona-kopurua, horietako bakoitza zer hilabetetan kontratatuko den, eta modulua, berriz, Gizarte Segurantzan lehen aipatutako kotizazio taldearen arabera.

5.–Kontratatutako pertsonak hautatzeko betebehar eta irizpideak.

1. Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:

a) Langabezian egotea eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko edozein enplegu agentziatan inskribaturik egotea.

b) 16 urtez goitikoak eta 30 urtez beheitikoak izatea.

c) Gazteen Bermearen Erregistro Nazionalean inskribaturik egotea.

d) Honako titulu hauetako bat izatea:

–Unibertsitateko titulua.

–Lanbide Heziketako goi mailako heziketa zikloak (LH II) edo erdi mailako heziketa zikloak (LH I); horien baliokide izanen dira teknikari espezialisten titulua (LH II) eta teknikari laguntzailearen titulua (LH I).

–Profesionaltasun ziurtagiria.

2. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu diruz lagunduriko epea bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzekin bat. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

6.–Langileen kontratazioa.

1. Diruz lagun daitezkeen praktiketako kontratuak langilez betetzeko, entitate onuradunek kontratatu beharreko langabeak eskatu beharko dizkiote dagokion enplegu-agentziari, kontratuak hasi baino hamabost egun lehenago, gutxienez.

Hautaketa-sistema edozein dela ere, ez da aplikatuko administrazio publikoetako langileak hautatzeko prozeduretarako ezarritako araudia, nahiz eta entitate onuraduna administrazio publiko bat izan. Azken kasu horretan, hautatzen diren pertsonak ez dira sartuko kasuan kasuko plantilletan edo lanpostu zerrendetan; beraz, ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik lan publikoaren eskaintza egitea.

Era berean, deialdi honen bidez ezin izanen dira bete administrazioko egiturazko lanpostuak.

2. Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko zaizkio dagokion enplegu-bulegoari, kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epean, eta lelo hau edukiko dute: “Administrazio publikoetan lehen lanbide-esperientziaren programa. Suspertze eta erresilientzia bitartekoa”, aipatutako aplikazioan ezartzen den moduan.

3. Kontratazioak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2023ko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira.

4. Ezin izanen da diruz lagundu Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren finantzaketatik kanpo geratzen diren jarduera hauetakoren batekin lotutako lanpostuak betetzea:

1.–Erregai fosilekin zerikusia duten inbertsioak (geroagoko erabilera ere barne).

2.–Berotegi efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritza araubidearen esparruko jarduerak, proiektatutako berotegi-efektuko gasen emisioak doako esleipenerako ezarritako erreferentzia-balioak baino nabarmen txikiagoak ez direnean.

3.–Hondakinen zabortegien instalazioetan, tratamendu biologiko mekanikoko instalazioetan eta hondakinak tratatzeko erraustegietan egindako inbertsioak.

4.–Hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari kalteak eragin diezazkiokeen jarduerak (adibidez, hondakin nuklearrak), “kalte esanguratsurik ez egiteko” printzipioa erabat betetzeko helburuarekin (“do no significant harm-DNSH” printzipioa), eta etiketatze klimatiko eta digitala, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak (Ministroen kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko erabakiaren bidez onetsia) arau hauetan ezartzen duenarekin bat: Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision-CID), 2021eko uztailaren 13koan, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan, proiektuen diseinu eta exekuzioaren aldi guztietan.

7.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

3. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

4. Lerroren batean kreditu erabilgarriaren soberakina dagoela ikusten bada, soberako zenbatekoak gainerakoetan dagoen kopurua handitzeko erabiltzen ahalko da.

9.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

2. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

Dirulaguntza ematen dion ebazpena egin ondoren, onuradunak eskatzen ahalko du berori aldatzeko. Aldaketa hori ebazpenaren ondoren eta diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epean zehar entitate onuradun bakoitzarentzat gerora sortutako zirkunstantzietan oinarritu beharko da, eta hura gertatu bezain laster formalizatu beharko da, eta, nolanahi ere, gauzatzeko epe hori amaitu baino lehen. Deialdi bakoitzak ebazpena aldatzea eragin dezaketen inguruabarrak zehazten ahalko ditu.

Organo eskudunak hilabeteko epea izanen du proposatutako aldaketa onartzeko edo ukatzeko, eskaera organo eskudunaren erregistroan tramitatzeko sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik izan gabe, eskaera ezetsitzat joko da. Ebazpenen atzeraeraginak, gehienez ere, aldaketa-eskaera aurkezten den unera arte iraunen du. Nolanahi ere, aldaketa baimentzen ahalko da, bakarrik, hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez baditu.

11.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea. Hala ere, dirulaguntza hauek bateraezinak dira inbertsio-proiektu berberak gauzatzeko Europar Batasunaren beste funts batzuk jasotzearekin, eta ezin izanen dute finantzaketa bikoitza izan. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Bitartekoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso dezakete, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak artikulu honetan zehaztutakoaren arabera finantzatzen duenaren kostu bera. Onuradunak organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste dirulaguntza edo laguntza batzuk lortu dituela helburu bererako, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik izan gabe, beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, nazionaletik edo nazioartekotik.

12.–Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

1. Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian aurreikusi bezala. Gainera, Nafarroako Atarian argitaratu beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, orobat, egiturazko funtsei buruzko xedapenak ezartzen dituen 1303/2013 EB Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean ezarritakoa betez (“Informazioa eta jakinarazpena”).

2. Era berean, praktiketako kontratuak egiteko ematen diren dirulaguntzei dagokienez, Europako Gizarte Funtsak Nafarroan duen erabilerari gardentasuna eta zabalkundea eman nahian, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak aldian behin argitaratuko du dirulaguntzen zerrenda Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, berriz, UAFSEren web orrian. Honako hauek adieraziko dira: entitate onuraduna, IFZ, jasotako laguntzaren zenbatekoa eta haren helburua.

Laguntza onartzearekin batera, entitate onuradunak berariaz onartzen du bere datuak argitaratzea aipatutako web-orrietan.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzuak-Nafar Lansarek diruz laguntzen dituela, eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa izan dutela. Lan kontratuan berean jasoko dira hala dirulaguntzaren xedea nola Europatik aurreikusten den baterako finantzaketa.

Agindu honen xedea den “Administrazio publikoetan lehen lanbide-esperientziaren Programa” osatzen duten diruz lagundutako jarduerak eta programari buruz egiten den publizitate guztia behar bezala identifikatuta egon beharko dira, barne araudiak eta Europar Batasunekoak Suspertze eta Erresilientzia Bitartekorako ezarritako informazioaren, komunikazioaren eta publizitatearen arloko betebeharrekin bat etorriz. Dirulaguntza hauen onuradun diren entitateek finantzaketa horren jatorria aipatu beharko dute beren publizitatean, eta ikusgarritasuna ematea zainduko dute, barne dela, hala dagokionean, Europar Batasunaren ikurra erabiltzea eta finantzaketaren deklarazio egoki bat, “Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU” adierazten duena. Ikusgarritasun hori agertuko da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanez, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea, oro har, barne.

13.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

3. Kontratua garaia baino lehen bukatzen bada eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarrietan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.

Nolanahi ere, kontratua 4 hilabete igaro aurretik iraungitzen bada, eta entitate onuradunak ordezkorik kontratatzen ez badu, edo bidegabekotzat aitortutako edo deklaratutako kaleratzearen bidez kanporatzen baldin badute, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interes eta guzti.

4. Dirulaguntza hartzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

14.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan-kontratua.

c) Eskaerarekin batera, memoria bat aurkeztuko da, bete beharreko lanpostuen deskribapenarekin, honako hauek zehaztuta: lanpostu horiek enplegu berdetzat edo konpetentzia digitaletako enplegutzat hartzen diren (2.4 artikuluaren arabera), egin beharreko jardueren ezaugarriak eta eskatutako titulazioarekin duten lotura, kontratuaren edo kontratuen iraupena, eta programaren kostuen aurreikuspenak (eskatutako dirulaguntza eta, hala badagokio, entitate onuradunaren ekarpena bereizita).

d) Bigarren oinarrian eskatutako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa.

e) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturiko konpromisoaren adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa.

f) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren jarduketak gauzatzearekin loturiko datuen lagapenaren eta tratamenduaren adierazpena, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa.

g) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

15.–Entitate kontratatzaileen betebeharrak.

Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Gazte langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako araudiaren arabera.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

f) Europako Batzordeak, Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak, Nafarroako Gobernuak edo Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak egiten dituen kontrol lanak onartzea.

g) Finantzaketari dagozkion egiaztagiriak eta gainerako agiriak gordetzea, formatu elektronikoan, eragiketa egin eta 5 urtez, edo hiru urtez, dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan aurreikusitako baldintzetan (“Finantza erregelamendua”).

h) Kontabilitate-sistema bereizi bat edo azpi-kontu bat eramatea Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketaren xedeko eragiketei lotutako transakzio guztietarako, edo, gutxienez, transakzio horiek argi eta garbi identifikatzeko moduko kontabilitate-kodifikazio bat erabiltzea.

16.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

1. Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen den ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako gutxieneko denboran egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran. Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

2. Jarduketak gauzatzean eta haiek eta haien gastuak egin direla justifikatzean, egiturazko funtsei dirulaguntzen, kudeaketaren eta kontrolaren arloetan aplika dakizkiekeen xedapen guztiak errespetatuko dira, batez ere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Egitura eta Inbertsio Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzen dituena.

3. Entitate onuradunek honako hauek bete beharko dituzte: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharreko egiaztapen jarduketak, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiari eta Kontu Auzitegiaren legerian aurreikusitakoei dagozkien finantza-kontroleko jarduketak, eta autonomia-erkidegoek eta haien kontrol organoek beren kudeaketa eremuan eta Europako Erkidegoetako Batzordeak eta Kontuen Auzitegiak egin ditzaketen jarduketak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak, halaber, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egongo dira, bai eta barne araudiak eta Europar Batasuneko araudiak ezarritako informazio eta publizitate, kontrol, egiaztapen, jarraipen, ebaluazio betebehar espezifikoen eta gainerako betebeharren mende ere, baldin eta Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Bitartekorako ezartzen badira eta horien aplikazioa nahitaez bete beharrekoa bada, “kalte nabarmenik ez egiteko printzipioa” barne (“do no significant harm-DNSH” printzipioa).

17.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako hura garatzeko erregelamenduan eta aplikatzekoa den beste araudi batean xedatutakoa beteko da, zehazki, Estatuko edo Europar Batasuneko edozein araudi, besteak beste, irailaren 29ko Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari aplikatzekoa den edozein araudi; hauek, besteak beste: Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema egituratzen duena, eta HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituena, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien aurrekontu eta kontabilitate betearazpenaren eta mugarrien betetzearen jarraipena egiteko.

19.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

20.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2117394