292. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 29a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

63/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren ondorioz berariazko prebentzio neurri apartekoak ezartzen dituena eta Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Agindua aldatzen duena.

Irailaren 29an Osasuneko kontseilariaren 35/2021 Foru Agindua onetsi zen. Haren bidez bertan behera utzi ziren COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta hartu eta indarrean ziren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak. Foru agindu horren hirugarren xedapen gehigarrian ezarri zen baldin eta, edozein arrazoi tarteko izanik ere, Nafarroako Foru Komunitatean aldatzen badira egoera epidemiologikoa eta pandemia orokorraren egungo joera, osasun agintaritzak egoki irizten dizkion osasun arloko prebentzio neurri berariazkoak ezartzen ahalko dituela osasun publikoa babesteko eta COVID-19agatiko kutsatzeak saihesteko asmoz. Horrelakoetan, bete beharko ditu indarrean diren osasun arloko arauetan ezarritako zuhurtasun eta proportzionaltasun printzipioak.

Geroago, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak ezarri baitziren, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta; bertan prebentziorako osasun gomendio batzuk ezarri ziren, bai eta ziurtagiri bat aurkeztu beharraren neurria ere, 12 urteko eta hortik gorako pertsonak lokal eta establezimendu hauetara sartzeko: diskoteken, dantzalekuen, eta ikuskizunetarako kafetegien lizentzia duten lokal eta establezimenduak, lizentzia berezia duten tabernak, 60 jankidetik gorako edukiera duten jatetxeak (unibertsitateetako jantokiak eta enpresako jantokiak izan ezik) eta 1.000 pertsonatik gorako edukiera izanik barneko guneetan egiten diren kultura arloko ekitaldi jendetsuak, jan-edanak eskaintzen direnean. Aipatutako agiriak, osasun zerbitzu publiko batek edo Osasun Departamentuak baimendutako zentro batek emandakoak, egiaztatu behar du haren titularrari eman zaiola COVID-19aren aurkako txertaketaren pauta osoa, baimendutako txertoren batean oinarritua (txertaketa ziurtagiria), titularrak COVID-19arekin lotutako proba diagnostiko negatibo bat duela, azken 72 orduetan egina RT-PCR proben kasuan eta azken 48 orduetan antigenoen testen kasuan (proba diagnostikoaren ziurtagiria), edo titularra COVID-19tik sendatu dela azken sei hilabeteetan, agintaritza eskudunak baliozkotu duen proba diagnostiko baten bidez lortutako emaitza positibo baten ondoren (sendatze ziurtagiria). Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak azaroaren 25eko 164/2021 Autoaren bidez.

Halaber, Osasuneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 1155/2021 Ebazpenaren bidez, osasun arloko prebentzio gomendio garrantzizkoak eman ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Gomendio horiek orokorrak ziren, sektore espezifikoei eta Eguberrietako ekitaldiei buruzkoak, eta beren helburua zen birus horrek Nafarroan duen transmisio komunitario handia minimizatzea eta osasun sistemaren egoera zaintzea, batez ere oinarrizko laguntza, osasun etxeak eta zainketa intentsiboetako unitateak, bai COVID-19ak dakarren eskaerengatik, bai COVID-19arekin zerikusirik ez duten beharrengatik; eta aldi berean, helburua zen, noski, gizartearen gehiengoak azken hilabeteetan egin duen ahaleginari esker lortutako suspertze sozial, emozional eta ekonomikoa ahalik eta gehien babestea.

Une honetan, Nafarroako eta Laneko Osasun Publikoko Institutuaren txostenaren arabera, abenduaren 24an, 14 eta 7 egunetara metatutako intzidentzia 1.934,67 eta 1.178,57 kasu dira 100.000 biztanleko, orain arteko altuena eta goranzko joerarekin (1,64ko ratioa). 5-14 urte bitarteko biztanleriak jarraitzen du izaten intzidentzia metatu handiena duena, nahiz eta azken aste honetan beherakada nabarmena egon; baina 15-34 urte bitarteko taldean, aldiz, nabarmen handitu da. Era berean, duela hiru astetik hona, transmisioak pixkanaka-pixkanaka gora egin du eremu sozialean, baina nabarmena dena da jatorri ezezaguna duten kasuen kopuruak gora egin duela.

Abenduaren 21era arte, 1.181.866 txerto-dosi eman dira; 544.690 pertsonak (% 82,4) dosiren bat jaso dute; 544.690 pertsonak (% 80,3) pauta osoa jaso dute; eta 158.539 pertsonak (% 24,2) hirugarren dosi gehigarria jaso dute.

Txostenak adierazten du ezen, seigarren olatuko egoera honetan, OMEk eta ECDCk (Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroa) azaroaren 26an deklaratu zutela omikron aldaera kezkagarria dela. Abenduaren 15ean, ECDCk omikron aldaeraren egungo testuinguruan (delta aldaeraren testuinguruan) izandako larrialdiaren eta eragin potentzialaren balorazioari buruzko dokumentu bat argitaratu zuen, Europar Batasuneko herrialdeetarako eta Europako Ekonomia Arlorako. Egiten duen arriskuaren balorazioa da aldaera hori zabaltzeko posibilitatea oso altua dela; era berean, osasun arretan eduki dezakeen inpaktua ere oso altua dela jotzen da, oso kutsakorra delako, nahiz eta gaixotasun larria eragiteko probabilitatea berdina edo txikiagoa izan. Hitz batez, omikron oso arriskutsua da osasun publikorako.

Osasun Ministerioak, abenduaren 21ean, omikron aldaerak Espainiarako zer arrisku ekar dezakeen ebaluatu du, metodologia horrekin berarekin, eta bere ondorioak berdinak dira.

Horri guztiari gehitu behar zaio badaudela arnas bideetatik barna zabaltzen diren beste birus batzuk, sintzitiala batez ere. Azken birus honen urtaro-olatua aurreratu da, eta aste honetara arte ez da bere goranzko joera apaldu. Gainera, gripearen birusa ere hor dago.

Zirkulazio epidemikoaren intentsitatea oso altua da, sekula ezagutu ez den maila batekoa. Abenduaren 9tik 18ra bitartean jaitsiera mailakatu eta geldo bat gertatu zen, baina arrisku-maila oso handia zen oraindik. Ondoren, beste adierazle batzuek erakusten dute birusaren zirkulazioa handitzen ari dela: eguneko kasuen kopuruak gora egin du nabarmen (hiru egunetan hirukoiztu egin da, ia-ia), ratioa 1,51ra igo da eta COVID-19aren IAPDearen (Infekzio Aktiboaren Proba Diagnostikoa) 7 egunetarako positibotasuna % 20,2 emendatu da.

Hori guztia omikron aldaeraren barreiatzearekin batera gertatzen ari da; izan ere, omikron edukitzearen lagin susmagarrien portzentajeak bider hamar egin du aste batean; % 2,5etik % 28ra pasatu da 49. astetik (abenduaren 6tik 12ra) 50. astera (abenduaren 13tik 19ra), eta are altuagoa da oraindik 51. asteko lehen egunetan.

Aldaera hau oso erraz kutsatzen da eta txertoek sortzen duten immunitatea saihesten du, neurri batean. Hori horrela, behar-beharrezkoa da neurriak hartzea jendearen arteko harremanen kopurua eta iraupena murrizteko.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzailearen abenduaren 23ko txostenak adierazten du abenduaren 22an eta 23an, ausaz analizatutako laginen ia-ia % 50ean omikron agertzen dela. Nafarroako Foru Komunitatean birusak izan duen zirkulazioaren tamaina ez da ezagutu azken lau olatuetan. Txertoari esker, oraingo olatuak ez dauka lehen olatuak eduki zuen eragina ospitaleetan. Hala ere, txertatzen den arren, ospitaleratutakoen kopurua dagoeneko handiagoa da bosgarren olatuan izan zirenena baino. Halaber, handiagoa da ZIUetan dagoen presioa.

Txertatzea, bakarrik, ez da aski birusa geldiarazteko. Hortaz, beharrezkoa da osasun sistema indartzea eta komunitatean prebentzio-neurri osagarriak ezartzea; batez ere une honetan, oporraldia dela-eta jendea gehiago mugitzen delako, arnasbideetako birusak barreiatzen ari direlako eta patologia kronikoen deskonpentsazio arriskua handia delako.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren txostenak agerian uzten du kutsadurak gora egiteak osasun etxeen jarduera areagotzea ekarri duela, bai aurrez aurreko kontsultetan, bai aurrez aurrekoak ez direnetan, bai etxeko kontsultetan. Gainera, txertaketan ahalegin handia egiten ari da, eta horrek ere eragina du osasun etxeen jardueran, batez ere landa-eremuan.

Jardueraren igoera honekin batera, osasun etxeetako profesionalen laneko bajak gertatzen ari dira, COVID-19aren infekzioarekin loturikoak batzuk, edo bestela arrazoiengatik beste batzuk.

Laburbilduz, Oinarrizko Osasun Laguntzaren txostenaren azken ondorioa da intzidentzia ikaragarri handitu dela, horrekin batera jardueraren igoera ere handia dela eta laneko bajan dauden profesionalen kopuruak gora egin duela, eta guztiaren ondorioz osasun sistema tenkatua dagoela.

Txosten teknikoen ondorioak ikusita, bidezkoa da aurreko foru aginduetan hartu ziren neurriak indartzea. Beraz, alde batetik, zilegi da COVID-19aren ziurtagiria erakutsi beharra egoitza soziosanitarioetara zabaltzea; izan ere, egoitza horietan jende asko ibili ohi da, eta jende hori, adina dela edo osasun-egoera dela, oso zaurgarria da eta askotan pluripatologiak dauzka; orain arteko esperientziak erakutsi du pertsona horiek, gaixotuz gero, ondorio oso gogorrak pairatzen ahal dituztela. Halaber, beste espazio itxi batzuetara ere zabaltzen da: jatetxeak (jankideen mugarik gabe), joko eta apustu aretoak, jolas-aretoak, funtzio anitzeko espazioetako establezimenduak, aterpetxeak, hotelak, kirol-jarduerak edo gimnasioak, besteak beste, espazio hauek itxiak direlako eta bertan maskararen erabilera ez delako oso zorrotza, dela jarduera bateraezina delako egiten denarekin (jan edo edan, esaterako), dela kirol-jarduera jakin batzuk egiten direlako. Edonola delarik ere, espazio horietan kutsatzeko arriskua handiagoa da.

Era berean, jarduera jakin batzuk 01:00etatik 06:00etara ixtea ezartzen da, ostalaritza eta jatetxeen arloan murrizketak ezartzen dira, hala nola barran kontsumoa debekatzea, 10 jankideko gehieneko mahaiak, kultura, gizarte eta kirol ekitaldietan sukaldaritza debekatzea, eta Gabonetako jardueretarako ekitaldi espezifikoei dagokienez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak nahitaezko txostena egin beharko du, barnean 500 pertsonako muga edo kanpoan 1.000 pertsonako muga gainditzen badira.

Oinarrizko eskubideen murrizketa dakarren premiazko eta beharrezko neurri horiek ezartzeko arau-babesa osasun legeriak ematen du. Zehazki, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak. Auzitegi Gorenaren 2021eko irailaren 14ko 1112/2021 epaiak, Administrazioarekiko Auzien Salaren 4. sekzioarenak, Galiziako Autonomia Erkidegoari buruz dioenaren arabera, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 3. artikuluaren edukia laburra bada ere, nahikoa da oinarrizko eskubideen murrizketaren bat dakarten osasun-neurriak arauen aldetik babesteko, nahiz eta murrizketa hori, kasu honetan den bezala, arina izan.

Foru agindu honetan jasotzen den COVID-19aren ziurtagiria zabaltzeko neurriak oinarrizko eskubideei eragiten ahal die, hala nola berdintasunerako eskubideari, intimitaterako eskubideari, datu pertsonalak babesteko eskubideari eta pertsonen zirkulazio askeari. Auzitegi Gorenak emandako epai horrek dio eskatutako dokumentua erakusteak ez duela berdintasunerako eskubidea urratzen, ez baita diskriminaziorik egiten txertatuta daudenen eta txertatuta ez daudenen artean. Izan ere, neurriak modalitate hirukoitza aurreikusten du: txertaketa ziurtagiria, IAPD proba baten emaitzen ziurtagiria edo antigenoen testa edo sendatze ziurtagiria. Aukera horiek guztiak eskuragarriak dira pertsona guztientzat, eta pertsonen osasuna eta bizitza babesteko helburua dute. Intimitaterako eskubideari dagokionez, Auzitegi Gorenak emandako epai horrek adierazten duen bezala, “ezin da eskubide horren nagusitasuna adierazi bizitzarako eta osasun publikorako eskubidearen aurretik; izan ere, txertoa jaso den ala ez jakiteko datua, pandemia egoeran, oinarrizko eta funtsezko tresna da COVID-19ak eragindako infekzioa zabaltzea eragozteko. Datu hori informazio medikoa da, baina pandemiaren egoerak ezartzen dizkion konnotazioek, txertaketaren izaera masiboak eta guztion artean babesteak eta laguntzeak dakarren elkartasunak, kasu honetan intimitatearen nagusitasuna murrizten dute”. Datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubideari dagokionez, Auzitegi Gorenak ez du eskubide-mugaketarik ikusten “establezimendu jakin baten barruan sartzeko ezartzen dena erakuste hutsa denean ere, hau da, dokumentazioa erakustea edo aurkeztea, eskatutako edozein modalitatetakoa”.

Azkenik, zirkulazio askatasunari ere eragin diezaioke. Hala ere, berdintasunerako eskubidean bezala, eskubide hori ere ez litzateke mugatuta geratuko, hiru modalitate aurreikusten baitira: txertaketa ziurtagiria, proba diagnostikoen emaitzak edo sendatze ziurtagiria; horrela, bide horietako edozeinen bidez, arazorik gabe sartzen ahalko litzateke dokumentazioa eskatzen den lokaletara. Laburbilduz, jokoan dauden oinarrizko eskubideen mugaketa (Espainiako Konstituzioaren 14., 18. eta 15. artikuluak) “leun” gisa kalifikatu da Auzitegi Gorenak 2021eko irailaren 14an emandako epaiaren 8. zuzenbideko oinarrian.

Proposatutako neurri horiek, foru agindu honen euskarri diren txosten teknikoak kontuan hartuta, onak, egokiak eta proportzionatuak dira auzitan jartzen diren ondasun juridikoekin alderatuta: osasun publikoa versus berdintasuna, intimitatea, datu pertsonalen babesa eta zirkulazio-askatasuna; egokiak dira halaber osasun neurrien eta biztanleriaren jarduera ekonomiko eta sozialaren arteko oreka lortzeko ere.

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenik.–Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta.

1.–Honako jarduera hauek ixten dira, 01:00etatik 06:00etara: merkataritza, diskotekak, dantza-aretoak, ikuskizunetako kafetegiak, kontzertu-aretoak, tabernak, taberna bereziak, kafetegiak, jatetxeak, kultura jarduerak, bingoak, joko eta apustu aretoak, jolas-aretoak, bai eta funtzio anitzeko guneetako establezimenduak ere, elkarte gastronomikoak eta peñak, etxabeak, piperoak eta antzekoak.

2.–Ostatuak eta jatetxeak.

Taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduetako barnealdeetan:

a) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko. Zilegi da tabureteak dituzten mahaietan kontsumitzea, barraren ondo-ondoan daudenetan. Mahaiak bi lagunentzat izanen dira gehienez, eta haien artean 1,5 metroko tartea utzi beharko da.

b) Mahaien arteko tartea 1,5 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

c) Mahai bakoitzean edo mahai multzo bakoitzean, ezin da hamar lagun baino gehiago elkartu, eta, betiere, 70 cm-ko segurtasun tartea utzi beharko da pertsonen artean.

d) Establezimenduek kartelak jarri beharko dituzte toki nabarmenetan, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete beharreko neurri orokorrak adierazteko (distantzia, eskuen higienea eta batez ere maskara).

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean.

f) Puntu honetan ostalaritzarako eta jatetxeetarako jarritako neurriak aplikatzekoak izanen dira elkarte gastronomikoetarako eta peñetarako, baita ondoren zerrendatzen diren hauetarako ere: etxabeak, piperoak eta antzekoak, joko aretoak, apustu aretoak, jolas-aretoak eta funtzio anitzeko espazioak, ostalaritzako jarduerak edo jatetxe-jarduerak egiten dituztenean.

3.–Diskoteka, dantzaleku eta ikuskizunetarako kafetegiko lizentziak dituzten establezimenduetako barneko aldeetan, hainbat elkarbizitza-taldetako bezeroen arteko segurtasun-tartea 1,5 m izanen da. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da uneoro, baita dantza egiten denean ere, eta bakarrik kentzen ahalko da kontsumitzeko unean.

4.–Gizarte, kultura eta kirol ekitaldiak.

4.1. Programatutako kultura eta kirol jardueretan, aurrez esleitutako besaulkiarekin, Osasuneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 1155/2021 Ebazpenean jasotako gomendioak beteko dira. Edozein kasutan, debekatuta dago bertan jatea eta edatea.

Edukiera 1.000 pertsonatik gorakoa bada barnealdeetan eta 2.000tik gorakoa kanpoaldean, nahitaezkoa izanen da txostena eskatzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari. Horretarako, ispdirec@navarra.es helbide elektronikora bidaliko dira jardueraren plangintza eta birusaren transmisioa minimizatzeko aurreikusten diren neurriak.

4.2. Eguberrietako jarduera berariazkoetan (kabalgatak, San Silvestre laterketak, segizioak eta antzekoak), beharrezkoa izanen da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena egitea, baldin eta jarduera horietan 500 pertsonatik gora bada barnealdeetan eta 1.000tik gora kanpoaldean. Horretarako, ispdirec@navarra.es helbide elektronikora bidaliko dira jardueraren plangintza eta birusaren transmisioa minimizatzeko aurreikusten diren neurriak.

4.3. Edonola ere, jan-edaneko jarduera debekatuta dago kultura, gizarte, erlijio eta kirol ekitaldietan.

4.4. Zinema aretoetan, salbuespen gisa, elikagaiak eta edariak kontsumitzea baimenduko da. Kontsumo hori baimentzen duten aretoek bizikidetza-unitateen artean besaulki bateko tartea utzi beharko dute, gutxienez.

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Aginduaren bigarren puntua aldatzea (foru agindu horretan COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren ondorioz berariazko prebentzio neurri apartekoak ezartzen ziren). Honela geldituko da idatzita:

“Bigarrena.–Prebentzio neurri sanitarioak hartzea Nafarroako Foru Komunitateko establezimendu eta ekitaldi jakin batzuetan sartzeko:

1. 12 urte eta gehiagoko pertsonak sartzeko diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizunetako kafetegietan, kontzertu-aretoetan, barrualdeko ekitaldi jendetsuetan (salbu eta Osasun Ministerioaren jarduera koordinatuen dokumentuak arautzen dituen kirol-ekitaldiak), bingoetan, joko eta apustu aretoetan, jolas-aretoetan, funtzio anitzeko espazioen establezimenduetan, jatetxeetan (unibertsitateetako eta enpresetako jantokiak izan ezik), aterpetxeetan, hoteletan eta antzeko ostatu turistikoetan, gimnasioetan, instalazioetan non espazio itxietan jarduera fisiko eta kirol-jarduera zuzenduak egiten diren, beharrezkoa da osasuneko zerbitzu publiko batek edo Osasun Departamentuaren baimena duen zentro batek emandako ziurtagiri bat, zeinak ondoan zerrendatzen diren kasuetako bat egiaztatuko baitu:

a) Titularrari eman zaiola COVID-19aren aurkako txertaketaren pauta osoa, baimendutako txertoren batean oinarritua (txertaketa ziurtagiria).

b) Titularrak COVID-19arekin lotutako proba diagnostiko negatibo bat duela, azken 72 orduetan egina RT-PCR proben kasuan eta azken 48 orduetan antigenoen testen kasuan (proba diagnostikoaren ziurtagiria). Autotest bidez edo farmazia bulegoetako profesionalek egindako probak ez dira baliozkoak izanen.

c) Titularra COVID-19tik sendatu dela azken sei hilabeteetan, agintaritza eskudunak baliozkotu duen proba diagnostiko baten bidez lortutako emaitza positibo baten ondoren (sendatze ziurtagiria).

2. Horretarako, establezimendu eta lokal horietan sartu nahi duen pertsonak aurreikusitako ziurtagirietako edozein aurkeztu eta erakutsi beharko die, euskarri digitalean edo paperezko euskarrian, establezimenduko edo lokaleko sarrerak kontrolatzen dituzten pertsonei. Pertsona horiek ziurtagiriak egiaztatuko dituzte, bertan jasotako datuak gorde gabe eta aipatutako sarrera-kontroleko helburua ez den beste ezertarako erabili gabe.

3. Foru agindu honen 1. puntuaren bigarren atalaren b) eta c) letretan jasotako egoerak egiaztatzeko, onartuko da erakustea aurreko 72 orduetan egindako IAPD probaren emaitza negatiboari buruz Osasun Departamentuak bidalitako jakinarazpena edo Osasun Departamentuak baimendutako laborategi pribaturen baten ziurtagiria.

4. Kartel bat jarri beharko da lokal eta establezimenduen sarreran, ikusteko moduko toki batean, establezimenduan edo lokalean sartzeko foru agindu honen bigarren puntuan aipatzen den ziurtagiria eskatuko dela jakinarazteko.

5. Establezimendu horietako aire zabaleko espazioak eta terrazak foru agindu honen bigarren puntuko 1. apartatuan aipatutako lokal eta establezimenduetarako sarrera-kontrolaren betekizun horretatik kanpo daude.”

Hirugarrena.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Aginduari bigarren puntu bis bat gehitzen zaio (foru agindu horretan COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren ondorioz berariazko prebentzio neurri apartekoak ezartzen ziren). Honela geldituko da idatzita:

“Bigarrena bis. Egoitza soziosanitarioak.

1.–Gomendio hauek ematea egoitza soziosanitarioetako egoiliarrei, bertan lan egiten duten profesionalei, egoiliarren senideei eta bisitariei.

1.1. Babesik onena txertatzea da. Egiaztatu da kutsatzen diren txertatutako pertsonek sintoma arinagoak izaten dituztela, eta ospitaleratze eta heriotza kasuak murriztu egiten direla.

1.2. Barrualdeak aireztatzea. Aireztatzeak airea berritzea dakar, hau da, kutsatuta egon daitekeen barruko airea kanpoko airearekin ordeztea. Ahal den guztietan aireztapen naturala eginen da, pareta kontrajarrietako leihoak edo ateak irekiz. Aireztapena behartua bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu behar da eta airearen birzirkulazioa saihestu. Egoitzek protokoloak ezarriko dituzte aireztapena aldian behin egin dadin; CO2 mailak detektatuz eta erregistratuz baloratzen ahalko da.

1.3. Eskuak maiz garbitu behar dira, urez eta xaboiez edo soluzio hidroalkoholikoak erabiliz.

1.4. Ahal den guztietan 1,5 metroko segurtasun-tartea gorde behar da.

1.5. Pertsona kopuru handia biltzen duten bilerak eta jarduerak galarazi behar dira.

1.6. Maskaren erabilera:

a) Ezin zaie egoitza barruan maskara erabiltzeko eskatu egoiliarren % 80tik gora txertatuta dituzten zentro soziosanitarioetako egoiliarrei.

b) Hala ere, txertoa hartu ez duten egoiliarrei maskara erabiltzea gomendatzen zaie.

c) Bisitari guztiek IIR maskara kirurgikoa erabili beharko dute egoitzaren barneko espazioetan egoten diren denbora guztian. Kanpoaldeetan ere maskara erabiliko dute, 1,5 m-ko tartea gorde ezin badute.

d) Profesionalek beren lanaldian maskara erabiltzeko beharra, indarra duen araudiaren araberakoa izanen da. Gaur egun, araudiak agintzen du maskara lanaldi osoan erabili behar dela, eta prebentzio eta lan osasuneko protokoloetan bildutako neurri guztiak aplikatzen segitu behar dela. Azpimarratzen da segurtasun-tartea gorde behar dela maskararik erabiltzen ez den atsedenaldietan. Indarrean jarraitzen du FFP2 maskarak erabiltzeko aginduak, egoitza soziosanitarioetako zuzeneko arretako profesionalentzat, eta jaten edo garbiketa egiten den uneetan begiak babestea.

2.–Prebentzio neurriak hartzea senideak eta bisitariak sartzen direnean egoitza soziosanitarioetan.

2.1. Ezin zaie bisitarik egin kontaktu estua eduki eta COVID-19arengatik bakartuta dauden pertsonei, azken egunetan egon litezkeenei izan ezik. Kasu horretan, bisitak arrisku mailari egokitutako prebentzio neurriekin eginen dira.

2.2. COVID-19ak kutsatu dituen pertsonekin kontaktu estua eduki duten senideek eta bisitariek ezin izanen dute bisitarik egin.

2.3. Egoitza barrura sartzeko, senideek eta bisitariek osasun-zerbitzu publiko batek edo Osasun Departamentuak baimendutako zentro batek emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, inguruabar hauetakoren bat egiaztatzen duena:

a) Titularrari eman zaiola COVID-19aren aurkako txertaketaren pauta osoa, baimendutako txertoren batean oinarritua (txertaketa ziurtagiria).

b) Titularrak COVID-19arekin lotutako proba diagnostiko negatibo bat duela, azken 72 orduetan egina RT-PCR proben kasuan eta azken 48 orduetan antigenoen testen kasuan (proba diagnostikoaren ziurtagiria). Autotest bidez edo farmazia bulegoetako profesionalek egindako probak ez dira baliozkoak izanen.

c) Titularra COVID-19tik sendatu dela azken sei hilabeteetan, agintaritza eskudunak baliozkotu duen proba diagnostiko baten bidez lortutako emaitza positibo baten ondoren (sendatze ziurtagiria).

d) Osasun-egoeraren kontraindikazioagatik txertoa hartu ez badute, bisitariek osasun-zerbitzu batek emandako dokumentu bat aurkeztu beharko dute hori egiaztatzeko. Pertsona horiek FFP2 maskara bat eraman beharko dute.

e) Adinagatik txertoa hartu ezin duten adingabeek FFP2 maskara eraman beharko dute bisitak egiteko.

Bizitzaren amaierako egoeretan, 3. puntuko ziurtagiriak aurkezten ez dituzten senideei edo bisitariei sartzen utziko zaie, dagozkien segurtasun-baldintzekin eta norbera babesteko ekipamenduekin.

2.4. Horretarako, egoitza barrura sartu nahi duen pertsonak aurreikusitako ziurtagirietako edozein aurkeztu eta erakutsi beharko die, euskarri digitalean edo paperezko euskarrian, egoitzako sarrerak kontrolatzen dituzten pertsonei. Pertsona horiek ziurtagiriak egiaztatuko dituzte, bertan jasotako datuak gorde gabe eta aipatutako sarrera-kontroleko helburua ez den beste ezertarako erabili gabe.

2.5. Foru agindu honen 3. puntuan jasotako egoerak egiaztatzeko, onartuko da erakustea aurreko 72 orduetan egindako proba diagnostikoen emaitza negatiboari buruz Osasun Departamentuak bidalitako jakinarazpena edo Osasun Departamentuak baimendutako laborategi pribaturen baten ziurtagiria.

2.6. Egoitzen sarreran kartel bat jarri beharko da, ikusteko moduan, foru agindu honen 2. puntuan aipatzen den ziurtagiriaren eskakizunari buruzko informazioa emateko.

2.7. Ahal dela, bisitetarako kanpoko espazioak erabiltzeko gomendioari eusten zaio.

2.8. Oro har, egoiliarren eta bisitarien edo senideen arteko topaketak egiteko espazio espezifikoak edukitzen ahalko dira, nahiz eta egoitza bakoitzak egoitza barruan bisitarien pilaketa saihesteko beharrezkoak diren antolakuntza-neurriak aplikatuko dituen. Bisitak egoiliarren geletan ere egiten ahalko dira, egoiliarren distantziak, ohiturak eta eguneroko bizitza errespetatuz.

2.9. Bisiten maiztasuna eta iraupena egoiliarrarekin eta senideekin adostuko dira.

2.10. Bisiten erregistroa eduki beharko da egoitzara joan diren bisitariak erraz aurkitu ahal izateko moduan.

2.11. Bisitariek konpromiso bat sinatuko dute, adieraziz egoiliarrari egiten dizkioten bisitetan prebentzio-neurriak beteko dituztela.

2.12. Egoitza batean COVID-19ak jotako pertsona bat dagoenean, edo berrogeialdian dagoena kontaktu estua eduki duelako, bisitak egiteko espazio seguruak prestatuko dira, ukitutako pertsonaren edo pertsonen isolamendua kentzen den arte. Egoitzak isolamendu-eremu berariazkoa duenean, gainerako unitateetako bisitak mantentzen ahalko dira.

2.13. Egoiliarrak edo haren senideek egoitzako zuzendaritzari jakinarazi beharko diote, baldin eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak badituzte, bisitaren ondorengo 14 egunetan.

3.–Egoitzako egoiliarrak bertatik irteerak egiteko prebentzio-neurriak hartzea.

3.1. Irteera guztiak egin beharko dira herritar guztiei eskatzen zaizkien segurtasun neurriak eta une oro Osasun Departamentuak ezar ditzakeen arau orokorrak betez, egoera epidemiologikoaren arabera betiere.

3.2. Ez da inola ere baimenduko zentrotik atera daitezen COVID-19a dutenak edo kontaktu estua izateagatik berrogeialdian eta txertoa hartu gabe daudenak.

3.3. COVID-19a ez dutenen irtenaldiak baimentzen dira, baita txertoa hartuta dauden eta kontaktu estua izateagatik jarraipenean dauden egoiliarrena ere. Horiek NOPLOIren jarraibideei jarraituko diete, hau da, txertatu gabeko pertsona zaurgarriekin kontakturik ez izatea, gizarte-interakzioetan maskara erabiltzea, sintomak zaintzea eta dagozkion proba diagnostikoak egitea. Nolanahi ere, kontaktu estutzat hartzen diren pertsonek NOPLOIk une bakoitzean ezartzen duen araudiari jarraituko diote.

3.4. Irteeren ondorengo proba diagnostikoak egiteari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak unean-unean emanen duenari jarraikiko zaio, egoera epidemiologikoaren arabera.”

Laugarrena.–Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Aginduaren seigarren puntua aldatzea (foru agindu horretan COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren ondorioz berariazko prebentzio neurri apartekoak ezartzen ziren). Honela geldituko da idatzita:

“Seigarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarrean egonen da azaroaren 27ko 00:00etatik 2022ko urtarrilaren 14ra arte, bi egun horiek barne”.

Bosgarrena.–Gogorarazten da indarrean segitzen duela bide publikoan, parke eta plaza publikoetan eta igarobide publikoko beste leku batzuetan alkohol-kontsumoarekin bizikidetzako eta aisialdiko ospakizunak egiteko debekuak, ekainaren 21eko 6/2021 Foru Lege Dekretuaren artikulu bakarraren bigarren puntuarekin bat etorriz (arau hark guztiz edo hein batean indargabetzen zituen koronabirusak –COVID-19– eragindako osasun krisiari aurre egiteko ohiz kanpoko neurri batzuk hartu zituzten zenbait foru lege-dekretu).

Seigarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, eta 2022ko urtarrilaren 14ra arte izanen ditu ondorioak, egun hori barne.

Zazpigarrena.–Osasuneko kontseilariaren irailaren 29ko 35/2021 Foru Aginduak, zeinaren bidez bertan behera uzten baitira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta indarrean diren berariazko neurrien ondoriozko murrizketak, indarrean jarraitzen du, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka ez dagoen guztian.

Iruñean, 2021eko abenduaren 27an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2118151