291. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARRALDA

Udal ordenantza, lurraren kontribuzioa arautzen duena. Behin betiko onespena

Garraldako Udalak, 2021eko urriaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen lurraren kontribuzioa arautzen duen udal ordenantza (2021eko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 19an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garraldan, 2021eko abenduaren 2an.–Alkatea, Gurutz Gorraiz Armendariz.

UDAL ORDENANTZA, GARRALDAKO UDALEKO LURRAREN KONTRIBUZIOA ARAUTZEN DUENA

Aplikatzekoa den legedia.

–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

1. artikulua. Izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga zuzeneko zerga erreala da, ondasun higiezinen balioaren gainean kargatzen dena, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133tik 158ra bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Zerga-egitatea eta ez ordaintzeko kasuak.

Zerga honen zerga-egitatea izanen da jarraian zerrendatzen diren eskubideen titulartasuna edukitzea landa- eta hiri-lurreko ondasun higiezinen eta ezaugarri berezidun higiezinen gainean:

a) Ondasun higiezinen gaineko edo horiei loturiko zerbitzu publikoen gaineko kontzesio administratiboa.

b) Azalera-eskubide erreala.

c) Gozamenerako eskubide erreala.

d) Herri-ondasunen kontraprestazio bitartezko aprobetxamendu eta gozamenerako eskubidea.

e) Jabetza eskubidea.

Aurreko apartatuan ezarritako zerga-egitate bat gertatuz gero, bertan ezarritako ordenan, kasuko ondasun higiezina ez zaio lotuko hor jasotako gainerako modalitateetako araubideari.

Zerga honen ondorioetarako, ondasun higiezintzat joko dira Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean horrelakotzat jotzen direnak.

Higiezin bera udal-mugarte batean baino gehiagotan kokatzen bada, zerga honen ondorioetarako ulertuko da udal horietako bakoitzari dagokion ordainarazpena honako hau dela: kasuan-kasuan ukitzen duten udalez gaindiko ponentzia edo udaletako balorazio ponentziak aplikatzearen ondorioz ateratzen den balioa.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 34. artikuluari jarraituz, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko balorazio txosten partzial bat onesten ahalko du metodo eta parametroak ezarri eta haien bidez balio bat esleitu ahal izateko bi udal-mugarte edo gehiago ukitzen dituzten azpiegiturei.

Zerga honi lotzetik libre dira:

a) Errepideak, bideak, lur gaineko bestelako bideak eta ur jabari publikoko ondasunak, betiere erabilera edo aprobetxamendu publikoa eta doakoa baldin badute. Itzaleko bidesaria delakoaren menpeko autobiak eta gainerako azpiegiturak zergari lotuta egonen dira.

b) Ondoko ondasun higiezinak, kokatuta dauden lurretako toki-erakundeen jabetzapekoak badira:

a’) Jabari publikokoak izanik, erabilera publikoa dutenak.

b’) Jabari publikokoak izanik, udalak zuzenean kudeatzen duen zerbitzu publiko bati lotuak daudenak, salbu eta hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkien ondasun higiezinak badira.

c’) Ondare ondasunak eta herri-ondasunak, salbu eta hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkienak.

3. artikulua. Salbuespenak.

Ondasun hauek zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

–Foru Erkidegoaren, Estatuaren, autonomia erkidegoen edo toki-erakundeen jabetzakoak direnak, defentsa nazionalari, herritarren segurtasunari edo hezkuntza, osasun edo espetxe zerbitzuei zuzenean atxikita badaude.

–Unibertsitate ikasketak ematen dituzten zentroetarako eraikinak eta lursailak, bai eta araubide orokorreko irakaskuntza ez unibertsitarioa ematen duten itunpeko ikastetxeetarako direnak ere.

–Eliza katolikoarenak eta legez onartutako elkarte konfesional ez-katolikoenak, baldin eta elkarte horiekin badago Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluak aipagai dituen lankidetza-hizarmenetako bat, eta, betiere, hitzarmeneko irizpideekin bat.

–Espainiako Gurutze Gorriarenak.

–Atzerriko gobernuenak, erabiltzen dituztenak ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrerako edo erakunde ofizialak paratzeko, elkarrekikotasunik bada edo halaxe ezarrita badago nazioarteko hitzarmenetan.

–Nazioarteko hitzarmenen arabera salbuespena aplikagarri zaien erakunde edo entitateenak.

–Trenbideek okupatutako lursailak eta lursail horietan dauden eraikinak. Eraikin horiek izan behar dute geltokiak, biltegiak edo trenbideak ustiatzeko nahitaezkoak diren bestelako zerbitzuak. Hortaz, ez dira ordaintzetik salbuetsita egonen ostalaritza, ikuskizun, merkataritza eta aisialdirako establezimenduak, enplegatuen etxebizitzak, zuzendaritzaren bulegoak eta industria instalazioak.

–Urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean berariaz eta banan-banan kultura-intereseko ondasun deklaratutakoak, edo kultura-intereseko monumentu edo lorategi historiko deklaratutakoak, errege-dekretu bidez, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 9. artikuluan ezarritako moduan, eta 12. artikuluan aipatutako Erregistro Orokorrean Espainiako ondare historikoaren osagai gisa inskribatutakoak; bai eta lege horren lehenengo, bigarren eta bosgarren xedapen gehigarrietan jasotakoak ere.

Salbuespen horrek ez ditu bere baitan hartuko eremu arkeologiko, leku eta multzo historikoak mugatzen dituen perimetroaren barruan kokatutako hiri-ondasun guztiak, baizik eta, soil-soilik, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

  • Arkeologia guneetan, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 20. artikuluan aipatutako hirigintza-plangintzako tresnan babes bereziko objektu gisa sartutakoak.
  • Gune edo multzo historikoetatik, berrogeita hamar urteko edo gehiagoko antzinatasuna dutenak eta Hirigintza Plangintzako Erregelamenduaren 86. artikuluan aurreikusitako katalogoan babes integraleko objektu gisa jasota daudenak, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan.

–Subjektu pasibo bakoitzak udalerri batean dituen ondasun guztiak, katastro-balioen batura 1.202,02 eurotik beherakoa denean. Zenbateko hori eguneratzen ahalko da Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan.

–Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoek ez dute zergarik ordainduko erabilera edo zerbitzu publikoko ondasunengatik.

–Plangintza orokorrerako mankomunitateak, eskualdeak eta mankomunitateak, bai eta haiek beren helburuak betetzeko sortutako entitate juridikoak ere, Udala haien parte denean, salbuetsita egonen dira lurraren kontribuzioa ordaintzetik.

–Foru lege bidez ezarritako beste guztiak.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Subjektu pasiboak dira, zergadun gisara, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak eta entitateak, zerga honen ondorioetarako zerga-egitate bat sortzen duen eskubidearen titularrak direnak.

Subjektu pasiboa izanen da, betiere, zerga sortzen den egunean eskubidearen titularra dena. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz titular aldaketa eginez gero, ez da kontuan hartuko horren ondoriozko aldaketa juridikoa zein unetan sartzen den katastroan.

Ondasun higiezin baten gainean kontzesiodun bat baino gehiago baldin badira, kanonik handiena ordaindu behar duena izanen da zergadunaren ordezkoa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da deusetan galarazi gabe subjektu pasiboek jasandako tributu-karga zuzenbide komuneko arauei jarraikiz jasanarazteko duten ahalmena.

Era berean, zergadunaren ordezkoak ahalmena izanen du kuota likidoaren zatia beste kontzesiodunei jasanarazteko, bakoitzak ordaindu beharreko kanonen arabera dagokien neurrian.

Udalek zergaren kuota likido osoa jasanaraziko diete honako hauei: zergaren subjektu pasibo izan gabe haren jabari publikoko ondasunak edo ondare ondasunak kontraprestazio bat tartean dela erabiltzen dituztenei.

5. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga honen zerga-oinarria ondasun higiezinen katastroko balioak finkatuko du. Balio hori kalkulatu, aditzera eman eta aurkaratzeko, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeari segituko zaio, deusetan galarazi gabe Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 143.5 artikuluan xedatua.

Katastro-balioak legez ezarritako kasuetan eta moduan berrikusi, aldatu eta eguneratzen ahalko dira.

6. artikulua. Likidazio-oinarria.

Zerga honen likidazio-oinarria izanen da zerga-oinarrian legez ezarritako murriztapenak –eta bereziki ordenantza fiskal honetako 7. artikuluan aipatzen dena– egitetik lortzen den emaitza.

7. artikulua. Murriztapenak oinarrian.

Balorazio txosten oso bat onesteagatik, katastroko balioen aldaketa kolektiboa egiten bada eta, horren ondorioz, balio guztien batez bestekoa aurreko balioen batez bestekotik % 25 baino gehiago igotzen bada, Udalaren osoko bilkurak ahalmena izanen du zergaren zerga-oinarrian artikulu honetan ezarritakoaren araberako murriztapenak onesteko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 138. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua. Tributu-kuota, karga-tasa eta errekargua.

Zerga honen kuota osoa izanen da zerga-oinarriari hurrengo apartatuan aipatzen den karga-tasa aplikatu ondokoa.

Karga-tasa % 0,25etik 0,50era bitartekoa izanen da.

Deusetan galarazi gabe, dena den, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformari buruzko otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrean eta azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoa.

Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako; 1. eranskinean ageri dena, alegia.

9. artikulua. Hobariak.

1.–Zergaren kuotaren ehuneko 90eko hobaria izanen dute kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren, familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun egoerako familiaren titularrak diren subjektu pasiboentzat. Hobari hori ohiko etxebizitza den hiri-unitateari soilik aplikatuko zaio.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizaziorik gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaile direnei.

Hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena aurreko bost urteko epean egina izatea, gehienez ere.

Edonola ere, subjektu pasiboaren errentak (salbuetsiak bazter utzirik) ez dira izanen lanbide arteko gutxieneko soldataren halako lau baino handiagoak.

2. 1. apartatuan araututako hobariak erreguzkoak dira, eta zerga-hobariaren titularrak higiezin batean bakarrik aplikatzen ahalko ditu. Hobaria zer ekitalditarako eman den, ekitaldi horretan soilik izanen du balioa eta dagokion zergaldiaren martxoaren 1aren aurretik eskatu beharko da, nahitaez aurkeztuta agiri hauek:

2.1. Familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboen ohiko bizilekua den etxebizitzarako hobaria.

a) Eskabide sinatua, ondoko hau adierazten duena: eskatzen ari den hobariaren xedeko etxebizitzaren hiri-unitatea familia-unitatearen ohiko bizilekua dela.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa dela familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titularra edo gurasobakartasun egoeran dagoela.

c) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren edo azken aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agirien bidez frogaturik.

2.2. Kotizaziorik gabeko pentsioak dituzten edo errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaile diren subjektu pasiboen ohiko bizilekua den etxebizitzarako hobaria.

a) Katastroko erreferentzia jasotzen duen eskabidea, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea adierazita.

b) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren edo azken aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agirien bidez frogaturik.

3. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko. Aipatutakoez gain, Udalak beste frogabide batzuk ere eskatzen ahal ditu, eskatzaile bakoitzaren familiaren benetako diru-sarrerak egiaztatzeko beharrezkoa dela uste duenean.

10. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.

Zerga sortuko da zergaldiaren lehen egunean.

Zergaldia urte naturalari dagokio. Dena dela, kuota epe laburragoetan zatikatzen ahalko da.

Kargaturiko ondasunetan gertatzen diren aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak eraginkorrak izanen dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeak aipatzen duen deklaratu beharra sortu eta hurrengo zergaldian.

Balorazio txosten bat onesten bada edo ondasun bat ondasun berezi gisa kalifikatu edo deskalifikatuz gero, aldaketa juridiko horren ondoriozko balioak eraginkorrak izanen dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

11. artikulua. Ordainketarako afekzioa.

Edozein arrazoirengatik 2/1995 Foru Legearen 134. eta 137. artikuluetan aipatzen diren eskubideen titulartasuna aldatzen den kasuetan, eskubide horien xede diren ondasun higiezinengatik ordaintzeke geratu diren zerga-zor eta errekargu guztiak hartuko ditu bere gain titular berriak.

Zerga ekintza atxikitako ondasunen aurka deribatzeko, erregelamenduz jakinarazitako administrazio-egintza beharko da. Eskuratzaileak ordainketa egin ahal izanen du, jarduketak aurrera egin dezala utzi, edo egindako likidazioaren aurka edo deribazio horren bidezkotasunaren aurka erreklamazioa egin.

Deribazioaren muga izanen dira zerga honengatik ordaintzeke dauden zerga-zor eta errekargu guztiak, titulartasunean aldaketa izan duten ondasunei dagokienez.

12. artikulua. Zerga kudeatzea eta berrikustea.

Zerga Udalak kudeatuko du, katastroko datuetatik abiatuta. Katastroa Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 9. eta 21. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz eratuko da, eta bertan ondasun higiezinei buruzko informazio hau bilduko da: ondasunaren identifikazioa eta kokalekua, titularraren identifikazioa eta egoitza fiskala, katastroko balioa eta zerga ordainarazteko behar diren gainerako datuak.

Udalak, 1. apartatuan agertzen diren datuetan oinarrituta, urtero, martxoaren 31 baino lehen, behar diren likidazioak egin eta, tributu-zorrak zein diren zehaztuta, kobrantza-agiriak igorriko ditu, zerga tasa aplikatu zaion ondasunaren katastro-balioa espresuki adieraziz. Ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritakoaren arabera beherapenik aplikatu behar bada zerga-oinarrian, inguruabar hori aipatu eginen da, bai eta beherapen horiek noiz arte aplikatuko diren ere. Kobrantza-agirian adierazita egonen da, halaber, tributu-zorra non, zer epetan eta zer modutan ordaindu behar den, bai eta aurkaratze bideak zeintzuk diren ere.

Katastroan alta eman ondorengo likidazioek ez dute jakinarazpen indibidualik beharko, eta kolektiboki jakinarazten ahalko dira horren berri emanen duten ediktuen bidez, baldin eta aurreko zergaldikoen berdin-berdinak badira edo izan diren aldaketak orokorrak badira. Ediktuetan adierazita egon beharko du zein egunetan amaitzen den aldizkako erreziboa ordaintzeko epea eta zer errekurtso jar daitezkeen likidazioen aurka.

Kasuren batean frogatzen bada, kobrantza-agiriak igorri ondoren, subjektu pasiboa ez dela katastroan titular gisa agertzen zena zergaren sortzapeneko egunean, eginiko likidazioak behin-behinekotzat hartuko dira, eta egin behar ez ziren diru-sarrerak itzuli eginen dira.

Subjektu pasiboek ahalmena izanen dute egin zaien likidazioa aurkaratzeko, eta, horretarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan zehazten diren bideetako edozein erabiltzen ahalko dute.

Zerga-oinarriari dagokionez, eta ez bada ondasunaren balioa errekurritu, zeina Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera adierazi edo jakinaraziko baitzen, likidazioaren aurkako errekurtsoan ere aurkaratzen ahalko da katastro-balioa, baina soilik aldaketaren bat izan bada aurre-aurreko zergaldiko lurraren kontribuzioaren zerga-oinarri gisa hartu zen katastro-balioarekin alderatuta, eta balio-aldaketa hori ez bada izan aldaketa orokorren ondorio.

Apartatu honetan aurreikusitako errekurtsoren bat jartzeak ez du aurkaratutako egintzaren betearazpena etenen.

Udalean zerga-oinarriaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, udalak ondasunaren katastroko balioari buruzko txosten loteslea eskatuko dio Nafarroako Zerga Ogasunari, eta eten eginen da errekurtsoa ebazteko epea, harik eta txosten hori toki entitateari igorri arte. Txostena jasotzen denean berriz irekiko da epea eta, errekurtsoarekin batera, prozeduran sortzen diren auzi guztiak ebatzi beharko dira.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du eskumenik ebazteko toki entitateek lurraren kontribuzioaren zergaren gainean ematen dituzten egintzen aurka jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak, baldin eta zerga-oinarriari buruzko aurkaratzearen xedea Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin horri ezarritako balioa baldin bada.

Zergadunek ez baldin badute betetzen Nafarroako Lurralde Aberastasunari eta Katastroei buruzko Foru Legean ezartzen den katastroko aldaketaren aitorpena egin beharra, egindako aldaketa katastroan jaso ondoren, preskribiturik gabe dauden aurreko zergaldiei dagokien zerga ordainaraziko da.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, subjektu pasibotzat hartu behar ez zenak oker egindako diru-sarreren itzulketa eginen da baina, betiere, preskripzio epea errespetatuko da diru-itzulketa hori egiteko.

Ondasunaren inguruan edo kargapean jarritako eskubidearen titularraren inguruan auzirik baldin badago, zerga administrazioak halakotzat hartu ahalko ditu katastroetan agertzen direnak, eta behin-behineko likidazioak igorri ahalko dira. Gero, epaileek epai irmoa ematen dutenean edo beste edozein moduren bidez auzia bukatutzat jotzen denean, behin-behineko likidazio horiek zuzenduko dira edo behin betiko bihurtuko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean jarraituko dute.

1. ERANSKINA

KARGA-TASA

Karga hau ezartzen da 2021etik aurrera

% 0,155

Iragarkiaren kodea: L2117015