29. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELGORRIAGA

Auzolanaren ordenantza. Behin betiko onespena

Elgorriagako Udalak, 2020ko urriaren 21ean egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Auzolanaren ordenantza.

Erabaki hori 2020ko 283. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 4an, bai eta Elgorriagako Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan eman manuei jarraikiz.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu manua bete beharrez, eta ohartarazten da ezen erabaki honen aurka –administrazio-xedapena baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Hortaz, behin betiko onespen honen aurka bide hauetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Elgorriagan, 2021eko urtarrilaren 25ean.–Alkate udalburua, Ane Otxandorena Juanena.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, Elgorriagako Udalaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, Elgorriagako auzolanaren ohitura historikoaren bidez arautzen da; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53., 54. eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Elgorriagan bizi eta bertako erroldan eta zentsuan sartuta daudenek dute auzolana egin beharra.

Herrian bizi den norbaitek baja hartzen badu Udalaren erroldatik auzolana ez egiteko asmotan, auzolanetarako deituko zaio bertan bizi dela egiaztatzen bada.

Elgorriagako usadio-ohiturei jarraikiz, aski izanen da etxebizitza berean bizi den familia unitateko kide batek egitea auzolana.

Bizileku iraunkorra beste herri batean izanik, baina Elgorriagan bere jabetzako etxebizitza izateagatik Elgorriagan urteko zenbait alditan bizi diren familiek ere badute auzolana egin beharra.

Familia bateko kideak Elgorriagako etxebizitza baten baino gehiagoren titularrak badira, betiere norbait haietan etenik gabe edo noizean behin bizi bada, etxebizitza bakoitzagatik auzolana egin beharra izanen du familiak.

Salbuetsitako pertsona baten jabetzako etxebizitzek, errentamenduan badaude, badute auzolana egin beharra.

4. artikulua. Salbuespenak.

Lan pertsonala edo auzolana egitetik salbuetsita egonen dira honako pertsona hauek:

a) 18 urtetik beherakoak eta 55etik gorakoak.

b) Urritu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak, %25etik gorako ezintasuna aitorturik badute.

c) Lanerako 4 hilabetetik gorako aldi baterako ezintasuna dutenak, behar bezala frogaturik badago baja agirien eta baja berresteko agirien bidez.

d) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

Salbuetsitakoek borondatez egin dezakete auzolana.

5. artikulua. Asegurua.

Toki-erakunde honen kontura izanen da lan honetan aritzera behartuta daudenei gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskuaren estaldura.

6. artikulua. Kudeaketa.

1. Auzolana bi modutara egin daiteke:

a) Udalak deitutako auzolanak. Ohiturari jarraituz egiten dena: Udalak antolatzen ditu auzolan hauek, denen onurarako obrak edo lanak egiteko. Udalak adieraziko du noiz egin behar diren. Bando baten bidez iragarriko dira eta larunbatetan eginen dira normalean.

b) Udalak agindutako lan zehatzak, horretarako gaitasuna duten pertsona jakin batzuei agindutakoak. Pertsona jakin batzuei aginduko zaizkie lanok, presakoak, zailak edo bereziak izateagatik edo beste edozein arrazoirengatik. Udalaren eskariz eginen dira beti.

Bada auzolan berezi bat, aurreko kategorietan sartzen ez dena: ehiztarien tokiko elkarteak urtean behin deitu eta kudeatzen duena. Elkarteak egin den lanaren kontu emanen dio Udalari; lan hori egin dutenei, baina, ez zaie kontatuko Udalerako egindako auzolan gisa.

2. Herritarren lana edo auzolana urtean hamar egunetan eginen da, gehienez, eta ez dira elkarren segidan hiru egunetik gora eginen. Auzolan bakoitzak 8 ordu inguru iraunen du, baina lan bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera alda daiteke. Udalaren ordezkariak auzolana egin izanaren frogagiria banatuko du.

3. Beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen hori aldez aurretik jakinaraziko zaio Udalari.

4. Auzolana egitetik libratu daiteke urtean diru kopuru bat ordainduta. Kopuru hori Udalak onetsiko du urte bakoitzerako. 2019. urtean 50 eurokoa izanen da auzolaneko egun bakoitza. Diru hori borondatezko epean ohiko bidetik ordaintzen ez bada, derrigorrezko diru-bilketa erabiliko da %20ko errekarguarekin. Borondatezko epe horren azken eguna urteko azken eguna izanen da.

5. Bizilagunek urte hasieran jakinarazten ahalko dute ordainduko dutela, sortzen diren lanetarako dei ez dakien.

7. artikulua. Deialdia.

Elgorriagako Udalak auzolanerako deia eginen du 48 ordu lehenago, bando bidez eta iragarki-taulan paratuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

8. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek zuzenduko du. Espezializazioren bat beharrezkoa denean, Udalak espezialistak izendatzen ahalko ditu lanak kontrolatu eta zuzentzeko.

9. artikulua. Zehapenak.

Indarrean dagoen legeriaren arabera, behartuta eta salbuetsita egon gabe derrigorrezko auzolanen batera joaten ez diren auzotarrek prestazioaren zenbatekoa ordaindu beharko dute; 50 euro, auzolan bakoitzeko, alegia.

Gutxieneko auzolanak edo ordainketak egiten ez badira, Udalak zenbait eskubide kentzen ahalko ditu: herri-lurren errentamendua, hektareen banaketa NPEren aitorpenerako, herri-lurrez baliatzea, etxeko egur loteak, etab.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan xedatu ez den orotan, jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatuari.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin betiko onetsi eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2101161