289. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

107/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 16koa, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak emana, Schindler SA enpresak igogailuak mantentzeko ematen duen funtsezko zerbitzua bermatzen duena, ikusirik 2021eko abenduaren 17an greba egiteko deialdia dagoela.

2021eko abenduaren 1ean greba komunikazioa jaso zen Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan, Schindler SA enpresako langileen hiru delegatuk aurkeztuta. Greba hori 2021eko abenduaren 17an izanen da, ostiralarekin.

Otsailaren 8ko 88/2013 Errege Dekretuak, azaroaren 8ko 2291/1985 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jasogailuen eta mantentze-lanetako gailuen Erregelamenduaren AEM 1 «Igogailuak» izeneko Jarraibide Tekniko Osagarria onesten duenak, honako hau du xede: pertsonak eta gauzak aparatu horien funtzionamenduaren eta mantentze-lanen ondorioz sor daitezkeen istripu-arriskuetatik babesteko aplikatu beharreko segurtasun-arauak definitzea.

Horrela, igogailuak zaintzen dituzten enpresek beren jarduerari dagokionez dituzten betebeharrei dagokienez, bermatu behar dute igogailuaren titularrak edo ohiko zerbitzuaren ardura duten langileek hala eskatzen dutenean, gehienez ere 24 orduko epean bidaliko dituztela langile gaituak, kabinan inor harrapatu gabe igogailua gelditzea eragiten duten matxurak konpontzera; eta berehalakoan, baldin eta igogailua gelditzean pertsonak kabinan harrapatuta gelditu direlako, istripu bat izan delako edo gisa horretako larrialdi bat gertatu delako eskatzen zaienean.

Zerbitzu horiek gutxieneko zerbitzutzat hartzen dira AEM 1 “Igogailuak” izeneko Jarraibide Tekniko Osagarriaren 7. apartatuaren, eta Irisgarritasunari buruzko urriaren 30eko 13/2014 Legearen 36. artikuluaren arabera.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Schindler SA enpresak igogailuak mantentzeko eta konpontzeko zerbitzua ematen du. Zerbitzu hau eman gabe utziko balitz, igogailuren bat matxuratuz gero kaltetuta gera litezke bizitzeko eta osasunerako eskubideak, Espainiako Konstituzioaren 15. eta 43. artikuluetan jasota daudenak. Horiek pertsonen oinarrizko eskubideak dira, eta lehentasuna dute Konstituzioaren 28.2 artikuluak jasotzen duen grebarako eskubidearen gainean; hortaz, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak finkatzea, oinarrizko eskubide horiek bermatzeko.

Foru agindu honetan ezarri diren gutxieneko zerbitzuen bidez, proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak babestu nahi dira, baita arreta egokia bermatzea ere erabiltzaileei, jaiegunetan egin ohi diren arreta zerbitzuen parekoak ezarrita.

Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena gobernuko agintaritzari dagokio, halaxe xedatzen baita lan harremanei buruzko araudia berritzen duen martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan. Eskumen hori Nafarroari dagokio, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Schindler SA enpresan 2021eko abenduaren 17rako deitutako greba gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz eginen da Nafarroan:

jaiegun bati dagokion zerbitzua emanen da, larrialdiko egoerei aurre egiteko eta igogailuetan gerta litezkeen matxuren ondorioz bertan geratzen ahal den jendea erreskatatzeko.

2. Aurreko apartatuan jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3. Foru agindu hau Schindler SA enpresako langileen delegatuei eta Schindler SA enpresari jakinaraztea, eta adieraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen dituen.

Iruñean, 2021eko abenduaren 16an.–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Mikel Irujo Amezaga.

Iragarkiaren kodea: F2117741