289. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Udal zergei buruzko ordenantza fiskalak. Behin betiko onespena

Tafallako Udalbatzak, 2021eko urriaren 26an egindako ohiko bilkuran, hasierako onespena eman zien 2. eta 2. bis ordenantza fiskalei eta 2. ordenantza fiskalaren eranskinari, zeinak indarrean egonen baitira 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Horien hasierako onespena 2021eko azaroaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (253. zk.), eta 30 egun balioduneko epea igaro da erreklamazioak, eragozpenak edo oharrak aurkezteko, bat ere aurkeztu gabe, eta behin betiko onetsita geratu dira.

Jarraian, arau horien testu osoa argitaratzen da, jende guztiak horren berri izan dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Tafallan, 2021eko abenduaren 22an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

2. ORDENANTZA FISKALA: ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko VIII. kapituluaren 184. artikulutik 191. artikulura, biak barne, xedatutakoaren babesean ezartzen da ordainarazpen hau.

Zergapeko egitatea

2. artikulua. Zergapeko egitatea udalerrian kokatutako etxebizitzen titulartasuna da, baldin eta etxebizitza hutsen erregistroan alta emanda badaude.

3. artikulua. Zergaren ondorioetarako, etxebizitza huts gisa hartzen da halakotzat jo dena eta etxebizitza hutsen erregistroan alta emanda dagoena.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zerga honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak, jaraunspen banatugabeak, ondasun-erkidegoak eta, nortasun juridikorik ez izan arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten gainerako erakundeak, baldin eta:

a) Hutsik dauden etxebizitzen jabetza-eskubidearen titularrak, baldin eta etxebizitza horien gainean gozamen-eskubide errealik ez badago.

b) Hutsik dauden etxebizitzen gaineko gozamen-eskubide errealaren titularrak, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua.

1) Zergatik salbuetsita egongo dira:

a) Titularrak funtzionario publikoak dituzten etxebizitzak, baldin eta beren eginkizunak etxebizitza kokatuta dagoen herritik kanpo betetzen badituzte, aplikatu beharreko legeriarekin bat etorriz.

b) Arrazoi teknikoak, antolamenduzkoak edo ekoizpenekoak direla-eta, edo enpresa-jarduerari buruzko kontratazioak direla-eta, edo langileak mugigarritasun geografikoaren mende daudenean, beren ohiko bizilekutik kanpoko beste herri batera aldi baterako lekualdatutako langileak dituzten etxebizitzak.

c) Administrazio Publikoaren esku utzitako etxebizitzak (Nasuvinsa edo dagokion erakundea), alokairu sozialerako erabiltzeko.

2) Edonola ere, salbuespena etxebizitza bakarrean aplikatzen ahalko da.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zergaren zerga-oinarria hiri-lurraren gaineko kontribuzioa ordainarazteko indarrean dagoena izanen da.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzearen emaitza izanen da.

Karga mota

8. artikulua. Karga-tasa Ordenantza honen eranskinean agertzen dena izanen da.

Zergaren sortzapena

9. artikulua.

1) Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen ebazpena ematen denean.

2) Ondoren, urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da zerga, etxebizitza etxebizitza hutsen erregistroan alta emanda dagoen bitartean.

3) Kuotak sei hilez behingoak izanen dira, seihileko naturalen araberakoak, eta, horien barruan, osoak eta murriztezinak.

4) Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala itzultzeko eskatzen ahalko dute, etxebizitzak okupatu ziren unetik aurrera.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Etxebizitza hutsen udal erroldan oinarrituta ordainaraziko da zerga.

11. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio Tafallako Udalari etxebizitza hutsen erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, kasuan kasuko udal-mugarteari dagokionez.

12. artikulua. Erregistroan alta eman ondoren, Udalak titularrari jakinaraziko dio, zerga-oinarria eta indarrean dagoen karga-tasa adierazita.

13. artikulua. Zerga lurralde-kontribuzioaren arau berberen arabera kudeatuko da, eta dagozkion likidazioak eta kobrantza-agiriak batera egingo dira.

ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN 2. ORDENANTZAREN ERANSKINA

TARIFEN ERANSKINA

Karga-tasa

–Lehen urtean: % 0,25.

–Bigarren urtean: % 0,50.

–Hirugarren urtean eta hurrengoetan: % 1,50.

Karga-tasak bakarrak izanen dira udalerri osoan.

2 BIS ORDENANTZA FISKALA: ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGAREN HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA

Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 170 bis artikuluan jasotakoaren babesean (abenduaren 29ko 22/2020 Foru Legea, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergaren aukerako hobariari buruzkoa), honako hauek onetsi dira:

Hobariak

1. artikulua. Energia berriztagarrien obren hobaria.

Zergaren kuotaren % 95eko hobaria izanen dute eguzki-energiaren edo autokontsumorako beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak dituzten eraikuntza, instalazio edo obrek.

Hobari hori energia berriztagarria aprobetxatzeko sistemetara bideratutako egikaritze materialaren kostuaren zatiari bakarrik aplikatuko zaio, baldin eta sistema horiek instalatzea ez bada derrigorrezkoa arlo horretako araudi espezifikoaren arabera.

Horretarako, aurrekontuan xede espezifiko horrekin bat ez datozen beste obra batzuk jasotzen badira, obra bakoitzari dagokion zenbatekoa behar bezala banakatuta aurkeztu beharko da.

Hobaria aplikatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

b) Hobari-eskaera eta egiaztagiriak Udal Ogasunari zuzendutako eskabidearen bidez aurkeztea, lizentzia eskatzeko unean bertan edo obraren erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.

Iragarkiaren kodea: L2117965