288. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Aldaketa, Eguzki-energia berriztagarriaren instalazioak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2021eko irailaren 23an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Eguzki-energia berriztagarriaren instalazioak arautzen dituen ordenantza (iragarkia argitaratu zen 2021eko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 11n).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garesen, 2021eko azaroaren 25ean.–Alkatea, Oihan Mendo Goñi.

UDAL ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIA BERRIZTAGARRIAREN INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Garesko Udalak konpromisoa hartu du ingurumenaren, jasangarritasunaren, ekonomiaren deskarbonizazioaren, tokiko garapenaren, herritarren parte-hartzearen eta pobrezia energetikoaren aurkako borrokaren alde, eta ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriek aurrera egin dezaten herrian.

Horren froga gisa, bat egin du Klimaren eta Energiaren gaineko Alkatetzen Itunarekin. Itun hori Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Nafarroan, eta haren helburua da berotegi efektuko gasak murriztea, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna erabiltzea eta pobrezia energetikoari aurre egitea. Horrela, tokiko ekintza gehitu zaio munduko ekimen horri.

Klimaren eta Energiaren gaineko Alkatetzen Ituna sinatu duten udalek konpromiso hauek hartu dituzte beren gain: lehenik, CO2-aren eta berotegi efektuko beste gas batzuen (BEG) isurketak gutxienez % 40 murriztea 2030a baino lehen. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, eta horretarako, klima aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzeko gaitasuna izatea. Hirugarrenik, konpromiso politikoa tokiko ekintzetara eramatea, eta horretarako, tokiko ekintza planak lantzea eta halako ekintzen ezarpenari buruzko txostenak aurkeztea.

Zehazki, Ituna sinatu duten toki erakundeek konpromisoa hartu dute udalbatzaren osoko bilkuran erabakia hartu eta bi urteko epean Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plan bat aurkezteko, eta gauzatu nahi dituzten funtsezko ekintzak bildu beharko dituzte plan horretan. Halako planek erreferentziazko emisioen inbentario bat (2005ari dagokiona) eta arrisku eta ahultasun klimatikoen ebaluazio bat jaso behar dituzte.

Erabaki horrekin, tokiko gobernua helburu horien ardurakide izanen da, eta, halaber, KLINA-Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orria bete beharko du. Ekimena, orobat, Life IP-NADAPTA Proiektuaren “Eskualde batean, hots, Nafarroan, klima aldaketara moldatzeko politika modu integratuan, koherentean eta inklusiboan inplementatzea helburu” esparrukoa da.

Klima aldaketari eta COVID-19aren egungo krisiari emandako erantzuna lagungarria zaigu gure planetan modu jasangarriagoan bizitzeko. Klima aldaketari aurre egitea gizadiaren premiazko erronketako bat da, eta sektore, ekosistema, biodibertsitate, azpiegitura, ekoizpen sistema eta osasun eta elikadura sistema guztiei eragiten die.

Gainera, erronka soziala ere bada, konpromiso kolektiboa eskatzen duena. Ahalegina, baliabideak, lankidetza eta adostasuna beharrezkoak izanen dira horretarako, eta, gainera, eskualdeetako administrazioen eta toki erakundeen zeregina erraztailea izan beharko da, bestela, zaila izanen baita arrakastaz aurre egitea.

Udalak bere gain harturiko konpromiso horiez gain, nabarmentzekoa da Garesko biztanleek ere konpromiso hori hartu dutela, energia berriztagarria sortzea eta autokontsumitzea interesatzen zaiela adierazi baitute, eta horrek zuzenean nahiz zeharka eragiten dio gizarte osoari.

2016aren amaieran, Europako Batzordeak, “Neguko paketea”ren esparruaren barnean, herritarrak trantsizio energetikoaren erdigunean jartzea proposatu zuen. Zehazki, Energia Berriztagarriak Sustatzeko Zuzentarauak estatu kideei eskatzen die kontsumitzaileei berma diezaieten nork bere energia berriztagarria ekoizteko, kontsumitzeko, biltegiratzeko eta saltzeko eskubidea.

Herritarrek eta tokiko agintariek energia berriztagarrien proiektuetan parte hartzeak, tokiko komunitate energetikoen bidez, balio erantsi handia sortzen ahal du energia berriztagarrien tokiko onarpenari eta kapital pribatu gehigarria eskuratzeari dagokienez. Horren ondorioz, tokiko inbertsioak eginen dira, energiaren erabiltzaileek aukera askatasun handiagoa izanen dute, eta herritarrek neurri handiagoan hartuko dute parte trantsizio energetikoan.

Horrez gain, politikak hartzea bultzatzen ahal dute herritarrek, eta enpresen gizarte eta ingurumen erantzukizun handiagoa sustatzeko eta sorturiko enpleguan parte hartzeko aukera ere badute. Karbonorik gabeko energia sistema baterako trantsizioa, lehen mailako erronka teknologiko eta soziala ez ezik, herritarrei energia sektorean rol nagusia emateko aukera ona ere bada.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba delako, etorkizuna izan dezakeena, ingurumen-inpaktu txikia izateagatik, ingurumenerako hondakin kaltegarririk ez sortzeagatik, behin ezarririk mantentze-kostu handirik ez izateagatik, eta benetan laguntzeagatik berotegi-efektuko gasak murrizten.

Indarrean sartu zen 2002/91/EE Zuzentaraua, eta eraikuntzaren gaineko araudira ekarri zen hiru errege dekreturen bidez: Eraikingintzaren Kode Teknikoa (EKT), onetsi zena martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez eta aldatu zena urriaren 19ko 1371/2007 Errege Dekretuaren bidez; Eraikingintzako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren (EITE) berrikuspena; eta Eraikingintzako Ziurtagiri Energetikoa. Horiek denak barnean hartzen dituen esparrua da Energia aurrezteko eta efizientziaz erabiltzeko estrategiaren Ekintza plana, zeina garatzen baitu azaroaren 5eko 38/1999 Legeak, helburua izanik bermatzea pertsonen segurtasuna, eraikingintzaren jasangarritasuna eta ingurumenaren babesa. Horrek denak berekin dakar Espainiako eraikingintzaren araudi-esparrua modernizatzea, eta, orobat, gure herrialdea homologatzea herrialde aurreratuagoekin, aintzat hartuz Europar Batasunak arlo honetan dituen helburuak.

Planteatutako helburu horietako batzuk erdiesteko, udalek esku hartu behar dute, beren eskumenak baliatzean eta herritarren errealitatea hobeki ezagutzearen ondorioz, eguzki-energiaren erabilera udal ordenantzen eta hirigintza planen bidez sustatzeko ez ezik, eraikinek ingurunearekiko harmonia mantendu eta albait inpakturik txikiena eragiten duten forma eta materialak baliatu beharra babesteko ere bai.

Horregatik, Garesko Udalaren borondate politikoa da Agenda 21ean zehazturiko jasangarritasun helburuak lortzera bideraturiko estrategia bat garatzeko konpromisoa hartzea bere gain (besteak beste, airearen kalitatea hobetzeko helburuak). Helburu horiek gauzatzeko ataza Tokiko Agenda 21ean zehazturiko ekintza multzo bati dagokio, hala nola efizientzia energetikoari buruzko udal ordenantzak (c-2 ekintza) eta eraikinen bioklimatikari buruzkoak (c-2 ekintza) ematearekin loturiko ekintzak, baldin eta honako helburu hauei jarraikitzen badiete: etxeko berotze instalazioak hobetzea; eguzki-energiaren bidez (eguzki-energia termikoa eta elektrikoa) eraikin bioklimatikoen eraikuntza sustatzea; eta ahal den heinean, zerga-onurak bultzatzea jada eraikita dauden eraikinak ezaugarri horietara egokitzeko eta baliabide bioenergetikoen aprobetxamendua sustatzeko.

Eguzki-energia garatzearen aldeko apustuak derrigor eutsi behar dio bi premia hauekiko harmoniari: batetik, lurraldean modu antolatuan ezarri behar da; eta, bestetik, natura eta hiri balio garrantzitsuenen kontserbazioa bermatu behar da maila guztietan, bai eta horien irudia eta paisaia ere.

Udalerri honek, beraz, hartu egin du konpromiso hori, eta, horrenbestez, eguzki-energiaren erabilera sustatu eta berotegi efektuko gasen isuriak murriztu nahi dituela argi eta garbi nabarmentze aldera, eguzki-energiako instalazioei buruzko ordenantza hau egin du. Arau berri hau hirigintzako udal planeamenduaren osagarri da.

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

1. Ordenantza honen xedea honako hau da: Garesko udal-mugartean teknologia fotovoltaiko eta termikoaren bitartez eguzki-energia jaso eta aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko arauak finkatzea.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza honetako zehaztapenek hiri-lurzoru finkatu eta finkatugabeetako (hala urbanizagarriak nola urbanizaezinak) eguzki instalazio termikoak eta fotovoltaikoak arautzen dituzte, Alde Zaharreko Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Bereziak (BEBPB) biltzen ez dituenak.

3. artikulua. Definizioak.

1. Eguzki energia biltzeko elementuei panelak edo plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota sartuko dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera, energia termikoa edota energia elektrikoa:

a) Eguzki instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko erabiliko dira.

b) Eguzki instalazio fotovoltaikoak: energia elektrikoaren zuzeneko ekoizpenean eguzki erradiaziotik datorren energia zuzenean baliatzen dutenak dira, zenbait material erdieroaleren propietateez baliatuz elektrizitatea sortzeko eguzki erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

2. Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoz osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Hiri-lurzoruko eta bizitegi erabileretarako lurzoru urbanizagarriko instalazioak.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako –eguzki instalazio termikoak–, dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Eguzki panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

a) Estalkiaren isurialdeetan integratu behar dira panelak, isurialdeen makurdura berarekin eta haien planoa eta orientazioa mantenduta, eta ezin dela 30 zentimetro baino gehiago irten estalkiaren isurialdeen ezein puntutan. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

b) Horiek guztiak gutxienez 2 metro bereiziko dira fatxadetako planoetatik, eta 1 metro, berriz, mehelin, ertz eta goihabeetatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

c) Kalerako estalkiaren eta/edo fatxaden gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, alderantzikagailuak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barruan dela barruko fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa behar bezala justifikatzen bada, salbuespenez ematen ahalko da baimena, baldin eta bista horien eragina minimizatzeko neurriak badaude eta udalak bere oniritzia ematen badu.

d) Erorketa duten estalkien isurialdeetan, Alde Zaharreko BEBPBren inguruko kaleetara begira (Murugarren, Harresi Zaharreko, Ángel Gaztelu, Baratzeetako eta Irunbidea kaleak, Padre Guillermo Zicke plaza, Los Fueros pasealekua, Fray Vicente Bernedo pasealekua). Aurreko xedapenez gain, ezin izanen da isurialde horren azaleraren % 50 baino gehiago okupatu proiekzio horizontalean.

e) Debekatuta dago eguzki panelak instalatzea Harresi Zaharreko kalerako, Los Fueros pasealekurako eta Fray Vicente Bernedo pasealekurako erorketa duten eraikinetako estalkien isurialdeetan. Gainerako isurialdeetan, aurreko baldintza guztiak beteko dira.

3. Eguzki panelak instalatzen ahal dira eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; kareletan ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk badaude (barandak, beirak, etab.), ezin izanen da instalatu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera bista horiek eragozteko neurriak proiektatzen badira eta udalak bere oniritzia ematen badu.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera gainditzen.

4. Hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

5. Hiri-lurzoru finkatugabean edo urbanizagarrian antolamendu edo eraikuntza baliabide egokien bidez garaturiko obra berriko eraikinetan baimenduta egonen da fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan eguzki panelak instalatzea, baldin eta fatxadako planoan eta/edo fatxadaren eraikuntza elementuetan txertatzen badira (leihoak, barandak, karelak, etab.) eta dagokion altxaeraren azaleraren % 30 baino handiagoak ez badira.

6. Eguzki panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak hauek betez gero:

a) Eraikin kontsumitzaileak lehendik daudenean edo aldi berean horietarako obra-lizentzia ematen denean bakarrik instalatzen ahalko dira.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.

c) Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak –euskarriak eta beste elementu batzuk barne– ezin izanen dira 1,60 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.

d) Okupaturiko gehieneko azalera % 40koa izanen da, eta gehienez ere 40,0 m²-koa. Eraikin mugakideen gaineko balizko eraginei buruzko azterlan bat aurkeztuko da, batez ere balizko islei eta eraikin horien gaineko balizko ispilu efektuari dagokienez, eta, hala badagokio, azterlan horretan jasotakoa bete beharko dute.

5. artikulua. Zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko instalazioak.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako –eguzki instalazio termikoak–, dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Udalak iritziz gero ikusmen edo ingurumen inpaktua egon daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuaren infografiak ere.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

6. artikulua. Lurzoru urbanizaezinetako instalazioak.

1. Lurzoru librean eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioak (eguzki parkeak) lurzoru urbanizaezinean ezartzeko lana berariaz arautzen du indarreko araudi sektorial autonomikoak (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete eginen ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak eta 3. Lurralde Antolamenduko Planean (3. LAP-Eremu Zentrala) jasotakoak.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak arauzko baimena lortzea, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunak emana, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Lehendik jada baziren eraikinen eguzki panelek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ezin izanen dira jarri ez fatxadetan, ez balkoietan ez begiratoki eta antzekoetan.

b) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, eta ez dago mugarik azalerari nahiz orientazioari dagokionez.

c) Estalki inklinatuetan, estalkiaren planoetan bermaturik jar daitezke, eta panelen orientazioak alda daitezke eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen 0,60 metroko garaiera inongo tokitan, isurialdeko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez 1 metro bereiziko da isurialdearen perimetrotik fatxadara, mehelinera, ertzera edo goihabera. Estalkian gehienez okupatzen ahalko duen azalera % 80 izanen da, proiekzio horizontalean neurtuta.

Instalazioak planteatzeko eraikinek legezkoak behar dute izan, haien garaiko indarreko legearen arabera ezarriak. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du lehendik dauden erabileren eta jarduketa eta eraikuntzen legeztatzea.

Instalazio horiek beharko dute lurralde-antolamenduan eta hirigintzan eskumena daukan departamentuaren baimena, hala ezartzen duenean hirigintzako legeriak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikulua), galarazi gabe beste baimen edo txosten batzuk ere behar izatea, beste organo edo administrazio batzuen aldetik.

IV. KAPITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

7. artikulua. Instalazio bereziak.

1. Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera, eta beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

8. artikulua. Ondare historikoa babestea.

1. Garesko Alde Zaharrean izan ezik, zeina horretako berariaz sorturiko BEBPBren bidez arautzen baita, Garesko Udal Plan Orokorraren Katalogoan bildutako beste eraikin edo kokaleku batzuetan edo babestutako beste elementu batzuetarako (Donejakue bidea, etab.) egiten ahal diren instalazioetarako eskabideak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, txostena eman dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Izapidetzea.

1. Instalazio eskabideak aplikagarri zaion sektore eta/edo hirigintza araudiaren arabera eginen dira.

10. artikulua. Ikuskapena.

1. Garesko Udalak zaindu eginen du bere udalerriko eguzki instalazioek funtzionamendu ona dutela, eta ikuskapenak edo dokumentu eskabideak egiten ahalko ditu instalazioa egoera onean dagoela eta ongi funtzionatzen duela bermatzeko.

11. artikulua. Diziplina eta ikuskapen araubidea.

1. Garesko Udalak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoaren arabera, ikuskapenak egiten eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Udalak hobari lerro bat onartzen ahalko du urtero, ordenantza honen aplikazioa sustatzeko.

Bigarrena.–Ordenantza honetan arauturiko gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, behar izanez gero, geroago ordenantza egokitzen ahalko dela kontuan izanik. Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoetan nola Nafarroako Foru Komunitatekoetan– aldaketaren bat eginez gero, ukitutako artikuluak eguneratu eginen dira, araudi horretara egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen indarraldia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da.

Iragarkiaren kodea: L2116804