288. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGA

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Larragako Udalak, 2021eko irailaren 30eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Larragako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Hasierako onespenaren iragarkia urriaren 11n argitaratu zen, 2021eko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jendaurrean egoteko legeak aurreikusten duen aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditzen da ordenantzaren aldaketa, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legaren 325. artikuluan ezarritakoarekin, eta haren testua osorik argitaratzen da bete dadin lege beraren 326. artikuluan xedatua. Orobat, ohartarazten da behin betiko onespen honen aurka bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

Larragan, 2021eko azaroaren 30ean.–Alkatea, Carlos Suescun Sotés.

LARRAGAKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
TESTU BATEGINA

12. ORDENANTZA

1998ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 4an.

Aldaketa 2014ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 13an.

Akats zuzenketa 2015eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 6an.

Oharra.–Aldaketa handia egin denez, eta segurtasun juridikoko eta gardentasuneko arrazoiak tarteko, ordenantza osoa argitaratzen da, aldaketak eginda, testu bategin izaeraz.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Larragako udal-mugarteko herri-ondasunak administratzeko, xedapen-egintzak gauzatzeko, babesteko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dira inongo tributuren mende egonen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Larragako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Larragako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Larragako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzulketa-klausula sartuko da, zertarako eta karga horiek ezartzera eraman zuten xedeak edo lagapenaren edo kargaren baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, kargatutako ondasuna Larragako Udalaren ondarera itzuliko litzateke herri-lurretako ondasun gisa.

Erabiliko den prozedura izanen da honako arau hauetan ezarritakoa: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua, ordenantza honetan ezarritako garapen berezitasunekin.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Larragako Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Larragako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-lurretako ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Larragako Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Larragako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Larragako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Larragako Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Zerbait interpretatzeko hartzen diren erabakiak berehala betearaziko dira, galarazi gabe hirugarrenek epaileengana joz deklarazioa lortzea.

13. artikulua. Larragako Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Larragako Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua.

14.1. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Bestelako aprobetxamenduak.

14.2. Nolanahi ere, Larragako lurzatiak biltzeko espedienteak uki ditzake arestian aipatutako aprobetxamenduak eta, horrenbestez, errentan emanen dira baldin eta herri-lurrak benetan erabil badaitezke.

15. artikulua.

15.1. Oro har, Larragako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua.

b) Larragako Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez ere 3 urte lehenagotik.

c) Urtean 9 hilabetez bederen egiazki eta jarraian Larragan bizitzea.

d) Larragako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

15.2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira.

Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino baxuagoak baldin badira.

15.3. Artikulu hau aplikatzean, zerga betebehartzat joko dira eskubide publikoko edo eskubide pribatuko kontzeptu ekonomiko guztiak, izan zerga arlokoak edo ez.

15.4. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Larragako Udalak argituko ditu, banan-banan.

16. artikulua.

16.1. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da alkateak edo dagokion arloko zinegotzi ordezkariak aldez aurretik baimena ematea idatziz. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere elkarrekin itxi.

16.2. Bestalde, herri-ureztalurretan guztiz debekatuta dago hondar-herbizidak erabiltzea errentamenduaren azken bi urteetan.

16.3. Badira IV. titulu honetako VII. kapituluan sartzen ez diren zenbait hobekuntza, hala nola ezpondak kentzea, sarbideak egitea edo hobetzea, luberritzeak, zuhaixka-espezieak erauztea, lurrak zabaltzea eta abar. Horiek egiteko, baimena eman beharko dute bai Udalak bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoetatik ingurumenaren, herri-lurren eta ureztalurren arloan eskumenak dituztenek ere. Hobekuntzok adjudikaziodunen kontura izanen dira, zeinek justifikatuko baitute, aldez aurretik justifikatu ere, hobekuntza horiek egitea beharrezkoa edo egokia dela.

Txosten teknikoak eta egoki diren balorazioak egin ondoren, hobekuntzaren efizientzia-maila zein den, eta kostu-etekin erlazioaren nahiz amortizazioaren arabera, Udalak hobekuntza onetsi ahal izanen du eta, horrelakoetan, kostuak erdibana ordainduko dituzte adjudikaziodunak eta Udalak. Adjudikaziodunari dagozkion hobekuntza-kostuak urteko kanonaren gainean hainbanatu ahal izanen dira, adjudikazioa amaitu arte, edo hori baino urte gutxiagoan.

Salbuespenez, baldin hobekuntza teknikoki ezinbestekoa bada aprobetxamendua egokia izateko, eta aurreko paragrafoan adierazitako parametroen arabera hobekuntza baloratu ondoren, Udalak hobekuntza osoa bere gain hartu ahal izanen du, edo banatu ahal izanen du behar bezala justifikatutako beste irizpide baten arabera.

17. artikulua. Onuradunen arteko aprobetxamendu-trukeak baimentzeko, trukean interesa dutenek eta hark ukituek baterako eskaera egin eta adostasuna agertu beharko dute aldez aurretik, eta Udalak baimena eman beharko du. Mota, kategoria edo aprobetxamendu-araubide desberdineko lursailen arteko trukeetan, adjudikazio berriek bete beharko dituzte lurzati edo lote bakoitzari izaeraren arabera aplikatu behar zaizkion araubidea, prezioa eta baldintzak.

18. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduari, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiote. Hori egin baino hiru hilabete lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

19. artikulua. Aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko lur-saria urtero eguneratuko da errentamenduaren bigarren urtetik aitzin, aurreko urteko eguneratzea gehituz eta metatuz, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoeraren arabera.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

20. artikulua. Larragako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak modu hauetan eginen dira, adierazten den lehentasun-ordenaren arabera:

1. Lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa.

2. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.

3. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa, zozketa bidezkoa, etxeko baratzeen edo baratze sozialen kasuan.

4. Herritarren arteko enkante publikoa.

5. Enkante publiko arrunta.

6. Zuzeneko adjudikazioa, salbuespenezko kasuetan.

7. Larragako Udalaren zuzeneko ustiapena.

Larragako Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatuko du, modu horiek erabilita, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

Adjudikatzeko modua zein den ere, adjudikazioaren arriskua eta mentura adjudikaziodunaren gain egonen da erabat, eta ez da murrizketarik izanen aprobetxamenduak adjudikatzeko kanonean, zernahi arrazoi alegatzen dela ere.

21. artikulua.

21.1. Adjudikazio epea 8 urtabeetakoa izanen da, ezpada urte askotako laboreen kasuetarako. Horietarako, Udalak baimendu ondoan, laboreen bizitzaren arabera luzatzen ahalko da epea, baina inoiz ez 16 urtetik goiti. Ezarrita dagoen epea amaitzen denean, finketan emankor jarraitzen duen landarerik edo hobekuntza lanik gelditzen bada, finkaren eta udalerriaren mesederako geldituko da, inolako kalte-ordainetarako eskubiderik sortu gabe. Halaber, Udalak eska diezaioke adjudikaziodunari erabat kentzea, baldin hobekuntza, landare edo instalazio horrek, bere ustez, aprobetxamenduaren geroko adjudikazioa kaltetzen badu. Orobat, Udalak berak ken dezake ez-betetzea gertatuz gero, adjudikaziodunaren kargura, arau-haustetzat hartzea ukatu gabe.

21.2. Ondorio horietarako, adjudikaziodunak adierazi beharko dio Udalari urte bakoitzeko iraila baino lehen, zer labore landu nahi duen adjudikatutako finkan. Adierazpenik ez bada, ulertuko da garagarraren ziklo bera duten laboreak landuko direla lursailetan.

21.3. Edozein arrazoiren ondorioz lehenbiziko urtean edo adjudikazioan, behin betiko adjudikazioa jakinarazi eta hilabeteko epean eginen da adierazpen hori.

Adjudikazioaren datatik lau urte iraganik, ez da onartuko urte askotako laboreak egiteko eskabiderik.

21.4. Baimena isiltasun administratiboaren bidez ematen dela ulertuko da, baldin Udalak ez badu besterik adierazten hilabete bateko epean.

21.5. Aurrekoa gorabehera, Udalak mugatu ahal izanen ditu laborantza mota desberdinetarako loteak edo eremuak, hautemandako beharren eta eskariaren arabera, eta prezioak ezarriko ditu bat etorriz ordenantza honen 33. artikuluan ezarritakoarekin, kasuan kasuko laborearen errentagarritasunaren arabera.

21.6. Oro har, epeak honela zenbatuko dira:

a) Lehorreko lurra: urriaren 1ean hasi, eta irailaren 30ean bukatzen da.

b) Ureztalurra, “Etxerako aprobetxamendua” modalitatean: martxoaren 1ean hasi, eta otsailaren 28an bukatzen da.

c) Lurzatiak biltzeko prozesuetatik eratorritako ureztalurra, sareen bidezko barne-banaketarako instalaziorik oraindik ez duena: urriaren 1ean hasi, eta irailaren 30ean bukatzen da.

d) Lurzatiak biltzeko prozesuetatik eratorritako ureztalurra, sareen bidezko barne-banaketarako instalazioak dituena: maiatzaren 1ean hasi, eta apirilaren 30ean bukatzen da.

Aprobetxamendu mota bakoitzerako onartzen diren baldintza partikularren agirietan hasiera eta amaiera data zehatzak ezarri ahal izanen dira, adjudikazio bakoitzaren inguruabarretara egokiturik, haren motaren eta nekazaritza tekniken bilakaeraren arabera. Era berean, eta Udalaren berariazko baimenarekin, data jakin batzuk aldatu ahal izanen dira, kasu zehatz batzuetan aldatu ere, baldin eta kalterik egiten ez bazaie geroagoko aprobetxamenduei edo auzotarrek herri-lurren edozein motatako aprobetxamenduren gainean izan ditzaketen interesei.

Beti, aprobetxamenduak dirauen urteetan lantzen diren laboreak edozein direlarik ere, azken urtean landu ahal izanen dira, bakar-bakarrik, ezarritako epea bukatu baino lehenago biltzen diren espezieak.

21.7. Orobat, aprobetxamendua eta labore mota edozein direlarik ere, ezin izanen da errentamenduan emandako lurzatia utzi edo hari uko egin adjudikazio aldian, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuan ez bada, eta Udalak libreki onartzen ez badu. Halakorik gertatuz gero, adjudikaziodunak guztizko zenbateko hau ordaindu beharko du: errentamenduaren eta, hala badagokio, ureztatzearen urteko prezioen batura bider epea amaitzeko geratzen diren aprobetxamendu-urteak, edo, halakorik ezean, Udalari eragindako kalte-galerak, honako hauek barne: adjudikazio berria izanez gero, lortu gabeko irabazia bider aprobetxamenduen arteko diru-sarreren aldea, eta jardueratik eratorritako gastu administratiboak eta era guztietakoak.

21.8. Larraga aldean lurzatiak biltzeko espedienteetatik eratorritako egoera berezietan edo, Udalaren ustez, behar bezala justifikatutako beste batzuetan edo interes publikoa dutenetan, adjudikazioak urtero luzatzea erabaki dezake Udalak, horretarako arrazoiak emanda, eta egoera haiek desagertu arte. Horretarako, adjudikaziodunen aldez aurretiko adostasuna beharko du.

21.9. Larraga aldean lurzatiak biltzeko espedienteetatik eratorritako egoera berezietan edo, Udalaren ustez, behar bezala justifikatutako beste batzuetan edo interes publikokoetan, lehen aipatu adjudikazio data orokorrak alda ditzake Udalak, gehieneko epeen barruan beti, eta bukatzeko epeak izaera bereko beste adjudikazioetara doitzen saiatuz.

21.10. Lehorreko laborea bildu eta gero, onuradunek ezin izanen dute finkak eskuare nahiz lasto biltzailearekin jorratu, bazkalekuko aziendak uztak iraun bitartean eroritako aleak jan ahal izan ditzan.

Lastozko fardoen jabeak ezin izanen ditu, inola ere, putzuetatik eta erreketatik gertu biltegiratu, eta, behin fardoak kenduta, ezin izanen ditu lasto-hondarrak utzi horiek biltegiraturik egon diren tokian. Gainerakoan, lasto metei dagokienez, aplikatuko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduan edo hura ordezkatzen duen xedapenean ezarritakoa (foru agindu horren bidez sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautu zen, oihaneko suteak prebenitzeko).

21.11. Adjudikaziodunak ezin izanen du lehorreko herri-lurretan laborantza lanik egin urte bakoitzeko irailaren 15a baino lehen.

21.12. Herri-ureztalur laborantza lanei dagokienez, 49. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

21.13. Aprobetxatzen ahal den lurzati bakoitzeko laborantzarako eremuak horretarako egokiak diren lurrak baizik ez ditu hartuko, eta lurzati horien barruan errespetatu egin beharko dira laborantzari lotutako kategoriaren batekoak ez diren landa azpilurzatiak, eremuak edo esparruak; fruta-arbolak, fruitu lehorrak, olibadiak, mahastiak, lur goldagarria, etab. Hala bada, errespetatu egin beharko dira landare espezie edo komunitatez osatutako eremuak, baldin eta nekazaritzari lotuak edo haren xedekoak ez badira, eremu horiek baso eremutzat jotzen baitira, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen den moduan.

Errespetatu beharreko elementu horietakoren bat aldatu behar izanez gero (baso eremuak, larre arboladunak, zuhaixkak dituzten larreak edo belardiak) nekazaritza lanak errazteko edo finketan hobekuntzak egiteko, beharrezkoa izanen da Baso arloko Administrazioak emandako baimena izatea, 13/1990 Foru Legearen 25. artikuluan eta hurrengoetan eta ondorengo aldaketetan xedatutakoarekin bat.

Era berean, eta aipatu eremuak dagokien baimen araubideari lotuta daudela jakinik, nahitaez errespetatu behar dira lurzati berrantolamenduetan “nahitaez kontserbatu beharreko elementutzat” jotzen diren eremuak, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko 1/2002 Foru Legeak ezartzen duen moduan; jarduketa hori “arau-hauste oso astuntzat” jotzen da ordenantza honetako V. tituluan ezarritako ondorioetarako eta, beraz, “nahitaez kontserbatu beharreko eremu” horietan jarduketak egiteko eskaerei ezetza emanen zaie automatikoki.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki laboratu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu. Herri-lurzatien bost lote ere multzokatu daitezke.

Halaber, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea, baldin onuradunak legez eratutako lantaldeetan edo kooperatibetan elkartzen badira (talde horietako kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak bete behar dituzte).

Elkarlaneko kooperatiben edo taldeen kontzeptuaren baitan sartzen dira sozietate-formula guztiak, nortasun juridikoa dutenak eta ez dutenak (zibila, irregularra, kooperatiboa, mugatua, anonimoa eta abar), baldin eta bazkide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Salbuespen gisa, herri-lurzatien errentari izan ahalko dira 15.1.d) artikuluan adierazitako baldintza betetzen duten pertsona fisiko edo juridikoak, nahiz eta Larragan bizi ez, edo bazkide guztiak bertan bizi ez (pertsona juridikoen kasuan), eta, bakar-bakarrik, ordenantza honetan berariaz ezarritako kasuetan.

23. artikulua. Onuradunak behartuta daude errentan hartutako herri-lurrak behar bezala lantzera eta aprobetxatzera.

Ondorio horietarako, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, herri-lurrak ezin izanen dira erabili beste labore edo aprobetxamendu batzuetarako.

Lurren laborantza apartzerian ematen, lagatzen edo azpierrentamenduan ematen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kendu zaizkien onuradunek sartu beharko dute, udal-gordailuzaintzan, apartzeria, lagapena edo azpierrentamendua gertatu zenetik lortu dituzten etekinen zenbatekoa, deusetan galarazi gabe V. tituluan ezarritakoaren arabera bidezkoak diren zehapenak.

24. artikulua. Larragako Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko. Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ari.

a) Nekazaritzako makineria eduki arren hura erabiltzen ez denean adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen txostenaren arabera, norberak lurzatia lantzen ez duenean, 22. artikuluan xedatzen den bezala.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta Udalak agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Nekazaritzako etekinak ez direnean aitortzen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo dagokion zergaren urteko aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Nekazaritzako lurren jabetzaren titularra izanik, hirugarrenei errentan ematean; ondorio horietarako, ez dira zenbatuko legez eratutako ondasun-erkidegoaren, kooperatibaren edo sozietatearen araubidean ustiatu direnak.

1. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko adjudikazioko aprobetxamenduak

25. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak errentan edo beste tituluren baten bidez edukitzea, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasunen gaineko kapital zergagarria, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, jardueretan aritzeagatiko tokiko zerga-oinarria, eta gisako izaera duen beste edozein. Horiek guztiak zehaztuko dira modalitate honetako adjudikazio-prozedura bakoitzerako onesten den baldintza partikularren agirian.

26. artikulua. Aprobetxamendu mota hau aplikatzeko, Udalak azalera baten lote tipoa finkatuko du, aukera emanen lukeena lanbide arteko gutxieneko soldataren erdiaren besteko diru-sarrera garbiak sortzeko.

27. artikulua. Kalkulatzeko zer lote emanen zaizkien, familia-unitateko kideen kopuruaren arabera eman ere, aprobetxamendu mota honetako onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

Familia-unitateak:

–3 kide arte: 1 koefizientea.

–4 kidetik 6ra bitarte: 2 koefizientea.

–7 kidetik 9ra bitarte: 3 koefizientea.

–9 kide baino gehiago: 4 koefizientea.

28. artikulua. Gerta daiteke familia-unitate kopuru handi batek betetzea aprobetxamendu-modalitate honetarako ezarritako baldintzak, eta, horren eraginez, arazo sozialak sortzea. Horrelakoetan, Udalak murriztu ahal izanen ditu, proportzionalki eta justifikatuta murriztu ere, aurreko hiru artikuluetan adierazitako faktoreak, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik baimena ematen badu, baina ezin izanen ditu handitu.

Edonola ere, Udalak laborantzako herri-lurren ehuneko berrogeita hamar erabiliko du, gutxienez ere, banaketa modu honetarako.

29. artikulua. Udalak finkatuko du zer kanon ordaindu behar duten aprobetxamendu mota horretako herri-lurzatien onuradunek. Haren zenbatekoa ez da izanen zonaldean antzeko ezaugarriak dituzten lurretarako errentamendu-prezioen ehuneko berrogeita hamar baino handiagoa, eta estali beharko ditu, gutxienez ere, Udalari eragindako kostuak.

30. artikulua. Adjudikazio-prozedura 2. ataleko 1. azpiatalean ezarritakoa izanen da.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

31. artikulua. Laborantzako lurrik sobera egonez gero, Udalak, lehenengo atalean ezarritako prozedura aplikatu ondoren, zuzenean adjudikatuko dizkie 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten herritarrei.

Zozketa egiten denean herri-ureztalurrak adjudikatzeko, etxerako aprobetxa daitezen nekazaritza-laborantzaren bidez, hartan parte hartzea eskatzen duen herritarrak herri-lurzati edo -lote bakarra eduki ahal izanen du errentan, berdin dio lehorreko alorra edo ureztalurra den, eta uko egin beharko die, eskaera-orrian, aprobetxatzen dituen gainerako lehorreko lurzati guztiei.

32. artikulua. Udalak zehaztuko du, modalitate honetako adjudikazio-prozedura bakoitzerako onesten den baldintza partikularren agirian, zein diren errentamendu- eta aprobetxamendu-baldintzak, hala nola adjudikatuko den laborantza-lurraren azalera, lotetan banatua, errentariek udal-gordailuzaintzan ordaindu beharko duten urteko kanona, eta beste.

33. artikulua. Errentamendu-modalitate honetako herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa izanen da, gutxienez ere, eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurrak errentan hartzeagatik ordaintzen diren prezioen ehuneko laurogeita hamarren bestekoa. Kanon hori ezarriko da berariaz horretarako onetsitako baldintza-agirian edo, hala badagokio, adjudikazio-prozedura hasteko akordioan.

Ureztalurreko herri-lurzatietan, errentamenduaren urteko kanona ordaintzeaz gain, aprobetxamenduaren adjudikazioduna behartuta dago ureztatzearen urteko kanona ordaintzera (kuota finkoa eta kontsumoa), eta errentan hartutako lurzatia ezin izanen du utzi adjudikazioaren zortzi urteetan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuan ez bada, eta Udalak libreki onartzen ez badu; halaxe xedatzen baita 21.7 artikuluan.

33 bis artikulua.

33 bis.1. Aplikazio eremua.

Artikulu honek aipatzen duen arautegia aplikatuko zaie nekazaritzako azpiegituretan jarduteko proiektuetan ezarritako jardute-perimetroen baitako lursailei. Proiektu horiek onetsi zituen nekazaritzaren eta nekazaritza-azpiegituren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak, sektore hauei buruz: XXIV. sektorea (Larraga-Mendigorria), XXIII.a (Larragako garai bateko ureztalurra), II.2 eta IV.1, eta, hala dagokionean, XXII-Arga 2 sektorea. Hori guztia Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 68. artikulua betetzeko.

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikerien zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizunetik libratzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; adjudikaturiko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari 15 urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek adjudikatzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko aipatu 1/2002 Foru Legearekin bat.

33 bis.2. Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Ureztatzaileen Elkarteak eta, bestela, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak, herri-lurretako loteen kasuan, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Era berean, ureztatze kanpaina bakoitzean, Ureztatzaileen Elkarteak, eta, herri-loteen kasuan modu osagarrian, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak, erreferentziazko ur-kontsumoak ezarriko dituzte ureztatze-eremuan kokatutako labore bakoitzarentzat, baita ezarri ere bat etorriz nekazaritzaren eta nekazaritza-azpiegituren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak ezarritako irizpideekin, bai departamentu horrek zuzenean ezarritakoekin, bai eta hark Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko (INTIA) Ureztatze Atalaren edo hura ordezkatzen duen sozietate publikoaren bitartez ezarritakoekin ere.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Ureztatzaileen Elkarteak eta, bestela, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak herri-lurretako loteen kasuan, ureztatze kanpainetan nekazari guztiei adieraziko die, landatu dituzten edo landatuko dituzten laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkioen kanpaina horretarako.

33 bis.3. Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak.

Ureztatzaileen Elkarteak ez badu kudeatzen, Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 68.3.c) artikuluaren arabera eta, bestela, herri-lurren kasuan, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak, fakturatuko dizkie ureztatzaileei euren egiazko kontsumoaren gaineko ordainagiriak, blokeka tarifatuko ere. Fakturazioaz den bezainbatean, 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa da alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kalkulatutako metro kubiko kontsumitu bakoitzaren prezioa. Prezio horretan fakturatuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat finkatutako metro kubikoak adinakoa edo txikiagoa bada; gehiago izatera, %10 gehienez ere.

Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, aldez aurretik harentzat ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %10etik gorakoak eta %20 artekoak badira; berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aldez aurretik harentzat ezarritakoaren %20tik gorakoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %400 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Ureztatzaileen Elkarteak eta, bestela, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak, herri-lurren loteen kasuan, ureztatze kanpaina bakoitzean ezarriko du kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa, 1. Blokeari dagokiona.

33 bis.4. Erantzukizunak.

Instalazioak modu desegokian erabiltzeak ekarritako kalteak egonez gero –bereziki, eskualderako eta ohiko laboreentzako ezartzen den erreferentziako ur kontsumotik goiti hartzeak ekarritakoak– erabilera desegoki hori egin duen ureztatzaileak izanen du erantzukizuna.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Ureztatzaileen Elkarteak edo Udalak, behar denean, bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

33 bis.5. Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek, datuak eskatzen bazaizkie, esanen diote nekazaritzaren eta nekazaritza-azpiegituren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari, edo haren meneko enpresa publiko instrumentalei, eskualdean zer laborantza aldatu dituzten edo zer aldatzeko asmoa duten. Bestela, Ureztatzaileen Elkarteak edo Alkatetzak, behar denean, izanen dute informazio hori eman beharra.

Herri-lurren adjudikaziodun guztiek Udalak eta/edo tokian tokiko Ureztatzaileen Elkarteak erretenen mantentzeari, ureztatzeko txandei eta abarrei buruz xedatzen dutena beharko dute bete. Horiek horrela, berariaz jakinarazten da adjudikaziodun guztiek beren lurzatiak inguratu edo zeharkatzen dituzten erreten edo ur ibilgu guztien mantentze lanez arduratu beharko dutela, ur ibilgu horiek ureztatzeko edo isurbidetako baliatu ez arren, Udalak enkantean adjudikaturiko lurren parean dauden zatiez ere arduratu beharko dutelarik.

Adjudikaziodunen kontura izanen dira ureztaketa sistema, sare eta barne-instalazioen mantentze-lanak, kontserbazioa eta ohiko konponketak, adjudikazioak dirauen bitartean. Aprobetxamendua bukatzean, edo titularrak jarduera utziz gero, Nekazaritza Batzordeak edo alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak aipatu instalazioak aztertuko ditu. Erabilera okerrak eragindako kalteak edo anomaliak ikusten badira, Udalak konponketaren kostua eskatzen ahalko dio adjudikaziodunari. Horrek ezin izanen du ureztalurreko finka itzuli adjudikazioa hartu zuenean baino okerrago.

33 bis.6. Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.

Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak adjudikatzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

a) Lehenik, lehentasunezko nekazaritza-ustiategi familiarrak, zeinak zuzendari baitute edo zeinetan parte hartzen baituen aplikatu beharreko araudi sektorialak nekazari gazte gisa definitzen duen pertsona bat.

b) Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, lanbidez nagusiki nekazariak direnek osatuak.

c) Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzea.

d) Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 41., 44. eta 45. artikuluetan definitutako ezaugarriak dituzten sozietateak.

e) Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahal dira; hori guztia aipatu Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

Artikulu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko Udalak “Etxerako aprobetxamendurako edo aprobetxamendu sozialerako” baratze modalitatera bideratzen dituen ureztalurren loteak edo lursailak. Zozketa bidez adjudikatuko dira, Udalak aprobetxamendu-modalitate hori adjudikatzeko prozedura bakoitzerako onesten dituen baldintza agirietan ezarritako moduan.

33 bis. 7. Ordenantza hauek edo barne erregelamendu honek ez diete ez Udalari ez ureztatzaileei legez eskuratua ez duten bestelako eskubiderik ematen, ezta kentzen ere haien arabera dagozkienak.

LEHENENGO AZPIATALA

Adjudikatzeko prozedura

34. artikulua. Bidezkoa denean, dela adjudikazio-epeak amaitu direlako, dela hutsik geratu diren lurzatiei buruzko inguruabarrak gertatu direlako, dela uko egin zaiolako edo beste arrazoi batzuk tarteko direlako, alkateak edo arlo horretako zinegotzi ordezkariak hamabost egun balioduneko epea irekiko du, errentamendu-eskubidea dutela iritzi dioten pertsonek eska dezaten herri-lurzatiak adjudika dakizkien. Horren aurretik, alabaina, ediktua argitaratu beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta iragarkia Udalaren iragarki-taulan, deusetan galarazi gabe laugarren xedapen gehigarrian publizitateari buruz ezarritakoa.

Aldez aurretik edo aldi berean, Udalak baldintza partikularren agiria onetsiko du, zeinak dagokion modalitateko adjudikazio-prozedura arautuko baitu. Agiri horretan balorazio-baremo bat izanen da, puntuazio batzuk ezarriko dituena, bat etorriz, batetik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan ezarritako irizpideekin eta filosofiarekin (erregelamendu hori onetsi zuen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak, herri-aprobetxamenduak adjudikatzeari buruzkoak); eta, bestetik, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea, aurreko 33 bis artikuluan aipatutakoari dagokionean, hau da, lurzatia ureztatzeko barne-banaketako sareak dituzten herri-lursailen eta horiei atxikitako lehorreko alorren aprobetxamenduak zuzenean adjudikatzeko prozedurei dagokienean.

Hainbat aprobetxamendu-modalitate bildu ahal izanen dira baldintza-agiri eta prozedura berean, baldin eta, administrazio-eraginkortasunaren inguruabarrengatik komeni bada. Horrelakoetan, behar bezala bereizi beharko dira bakoitzari aplikatu behar zaizkion baldintzak eta adjudikazio-irizpideak. Era berean, aukera izanen da, unean-unean, adjudikazio-prozedurak deitzeko eta adjudikazio zehatzak onesteko aldez aurretik onetsitako baldintza-agiriei helduta, baldin eta bidezkoa bada aprobetxamendua munta txikikoa delako edo beste inguruabar batzuengatik egokia bada; eta, hala baldin badagokio, ordenantzari oro har helduta, ez baldin bada zehaztapen gehiagoren beharrik emandako erabilera arautzeko.

Era berean, Udalak nekazaritza-aprobetxamenduak adjudikatzeko prozedurak aldi berean edo mailaka egin ahal izanen ditu, baita laborantza-mota bereko aprobetxamenduak direnean ere, baldin eta hori egitea komeni bada inguruabar ekonomikoengatik edo sozialengatik, adibidez, aldaketak izan direlako eskaeran, lan egiteko moduetan, laborantzetan edo nekazaritzako tekniketan. Hori egin ahal izanen du baldin eta prozedura bakoitzaren barruan sartutako azalerek edo loteek laguntzen baldin badute, modu objektiboan lagundu ere, hizpide dugun arloan herritarrek dituzten eskubideak eta beharrak betetzera, eta laborantzako herri-lurrak hobeto aprobetxatzera.

35. artikulua. Eskabideekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, baldintza partikularren agirian ezarritako eredua erabilita, zeinetan adieraziko baita betetzen direla jarraian zerrendatzen diren baldintzak. Horrez gain, emanen dira loteak adjudikatzeko irizpideak aplikatu ahal izateko beharrezkoak diren datuak, erantsiko dira c), d), e) eta f) letretako frogagiriak, letra horietan adierazten den moduan, eta g) eta h) letretan errekeritzen diren baimenak emanen dira.

a) Larragako herritarra izatea, gutxienez ere 3 urte lehenagotik, eta udalerrian bizitzea urtean bederatzi hilabetez, gutxienez ere.

b) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak, eta lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, ezintasun fisikoa edo adimenekoa duten kideak.

Frogagiriak: bizikidetza-ziurtagiria eta, hala badagokio, desgaitasun-ziurtagiria.

d) Jabetzan, errentan edo edozein titulutan duten laborantza-azalera, eta labore-motak.

Frogagiriak: Nekazaritza Politika Erkidearen azken kanpainaren aitorpena, laguntza-eskabideak aurkezteko epea deialdiaren egunean amaituta duena.

e) Hiri-higiezinen zerga-kapitalak, norberaren etxebizitza dagokiona izan ezik.

Frogagiriak: katastroaren ziurtagiria, sortzapena izan duen azken ekitaldiari buruzkoa.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren edozein mota eta kontzeptutako diru-sarrerak, barruan direlarik nekazaritza, abeltzaintza, industria edo zerbitzuen sektoreetatik, Gizarte Segurantzaren edo beste erakunde publiko baten pentsioetatik, kapital higigarrietatik eta abarretatik datozenak.

Frogagiriak: Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko aitorpena, azken kanpainari dagokiona, baldin eta aitorpena aurkezteko epea amaitu bada, deialdiaren egunean.

g) Baimena ematen diola Udalari datuak eska diezazkien Nafarroako Foru Ogasunari, Estatuko Zerga Agentziari –adjudikazioaren irizpideekin eta baldintzekin lotutako zerga datuak– eta gaiaren ardura duen Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuari, ordenantza honek arautzen duen arloan eragina izan dezaketen ustiapenaren edo jardueraren ezaugarriei buruz, datu babestuak barne. Era berean, baimena ematen diola Udalak dituen datuak erabiltzeko, baldin aplika badakizkioke adjudikazio-prozedurari.

h) Onartzen duela eta jakitun dela ezen, bete dadin Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (datuak babesteko erregelamendu orokorra) xedatutakoa, datu pertsonalak Administrazioaren berezko eskumenak gauzatzeko baino ez direla erabiliko, eta Larragako Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan sartuko direla. Adierazten du, era berean, badakiela datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, tratamendua mugatzeko eta eramateko eskubideak Larragako Udalaren erregistro orokorrean bete daitezkeela (Foruen plaza 1, 31251, Larraga).

Betiere, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak dokumentazio osagarria exijitu dezake, horretarako baimena baitu, baldin beharrezkoa dela jotzen badu interesdunak aitortutako informazioa egiaztatzeko. Bereziki, herri-lurren aprobetxamenduak zuzenean adjudikatzeko prozeduretan, ordenantza honetako 33 bis artikuluan aipatutakoari dagokionean, hau da, lurzatia ureztatzeko barne-banaketako sareak dituzten herri-lursailen eta horiei atxikitako lehorreko alorren aprobetxamenduak zuzenean adjudikatzeko prozedurei dagokienean, errekerituko da, arestian aipatutakoez gainera, aitortu eta justifikatu dadila baduela artikulu horretako 6. zenbakian ezarritako lehentasun ordena erabakitzen duen ezaugarria.

Hala dagokionean, eta bereziki a), b), c) (desgaitasuna justifikatu ezean) eta e) letretan adierazitako kasuetan, Udalak berak zuzenean igorri eta espedientean sartu ahal izanen du errekeritutako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileek erabili ahal izanen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitako eskubidea, hala dagokionean (administrazio jardulearen esku lehendik dauden dokumentuak).

36. artikulua. Epe barruan aurkeztutako eskabideak ikusita, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak behin-behinean onetsiko du aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda, eta jendaurrean jarriko da Udalaren iragarki-taulan, hamar egun balioduneko epean, interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten. Epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

37. artikulua. Alegazioak aurkezten badira eta izan litezkeen akatsak zuzentzen badira, Udalak bidezkoa dena ebatziko du, onetsiko du kasuan kasuko herri-lurzatien aprobetxamendua errentan hartuko duten bizilagunen behin betiko zerrenda, eta iragarki-taulan argitaratuko du.

Behin lurzatiak adjudikatzeko prozedura amaituta, onuradunen zerrenda laburtua argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan, aipatuko direlarik nekazaritza-labore bidez aprobetxa dezaten errentamenduan adjudikatu zaizkien lurzatien edo loteen erreferentziak. Aipatutakoa bazter, adjudikaziodunei banan banaka jakinarazi ahal izanen zaie.

38. artikulua. Azpiatal honetan aipatzen diren adjudikazioak egitean, toki-erakundeek kontuan hartuko dute herri-lurren lote batzuk gorde beharko dituztela, prozedura bakoitzaren hasierako guztizko azaleraren ehuneko bost edo gutxiagoren bestekoak, onuradun berrien eskaerei erantzuteko, salbu eta 34. artikuluaren hirugarren paragrafoan (in fine) eta 40. artikuluan aipatutako kasuetan ezarritako adjudikazioetan.

Toki-erakundeak behin-behinekoz adjudikatzen ahalko ditu aurreko zenbakian aipatzen diren erreserbako lurrak, baina adjudikazio horiek indarrik gabe geldituko dira, lehentasuna duen beste onuradun berriren bati emateko. Azken horien kasuan, baldintzen artean sartuko da baldintza suntsiarazle hori.

3. ATALA

Herritarren arteko enkante publikoa

39. artikulua. Larragako Udalak, laborantzako soberako lurrik egonez gero, bigarren atalean ezarritako prozedura aplikatu ondoren, tokiko ohituraren arabera, enkante publikoa eginen du hemezortzi urte beteta dituzten eta 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten herritarren artean, soberako lurzatien errentamendua adjudikatzeko, lurzatien aprobetxamendu-aldia bukatu arte, agindu honetan ezarritako baldintzetan.

4. ATALA

Salbuespenezko kasuetan zuzenean adjudikatu daitezkeen aprobetxamenduak

40. artikulua. Hondar-lurzatiak edo -loteak –azalera txikia dutenak, iristeko arazoak dituztenak edo behar bezala ustiatzearekin lotutako beste arazo batzuk dituztenak– zuzenean adjudikatu ahal izanen zaizkio, arrazoiak emanda, jabe, nekazari edo ustiatzaile mugakideari edo interesa agertu duenari, baita betetzen ez badu ere 15. artikuluko 1. zenbakiko a) letran aurreikusitako baldintza (Larragan bizitzea). Salbuespenezko adjudikazio horiek publizitate eta gardentasun printzipioak bete beharko dituzte, errekurtsoak jar daitezen.

Aprobetxamendu horiek 34. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera arautuko dira, modalitateei eta baldintzei dagokienez, aldez aurretik onetsitako agirietara igorrita, bidezkoa denean, eta, hala badagokio, ordenantzara igorpen generikoa eginda, zehaztasun gehiagoren beharrik ez denean emandako erabilera arautzeko. Horrez gain, beste kontu batzuk ezar daitezke adjudikazio-erabakian.

Era berean, hondar-lurzati horiek, itxuraz, ustiatzeko egokiak ez direnean eta aurreko paragrafoetan adierazitako kasuak gertatzen ez direnean, zuzenean adjudikatu ahal izanen zaizkio Ehiztarien Tokiko Sozietateari, habitata, biodibertsitatea, flora eta fauna hobetzeko erabil daitezen, titulu honetako VII. kapituluan aipatzen den Larragako ehiza-barrutiaren ehiza-aprobetxamenduaren adjudikazioaren esparruan.

5. ATALA

Enkante publiko arrunta

41. artikulua. Laborantzako lurra sobera denean, Larragako Udalak, hirugarren atalean ezarritako prozedura aplikatu ondoren, enkante publiko arruntaren bidez adjudikatu eginen du, zozkatutako lurzatien aprobetxamendualdia bukatu arte, bat etorriz Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 156. artikuluaren prozedurarekin (erregelamendu hori onetsi zen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez).

Ondorio horietarako, enkanterako hasierako preziotzat hartuko da Udalak lurzati edo lote bakoitzarentzat ezarri duen kanona, zorrotz beteko direlarik bai ordenantza honetan xedatutakoa, erremategileari aplikatu beharrekoari dagokionez, bai gai horri buruz alkateak edo arloko zinegotzi delegatuak ezartzen dituzten gainerako baldintzak.

6. ATALA

Udalaren zuzeneko ustiapena

42. artikulua. Baldin laugarren atalean ezarritako prozedura aplikatuta lurra sobera geratzen bada, Udalak zuzenean ustiatu ahal izanen du.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Herri-lurretako larreen aprobetxamenduak, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, finka pribatuekin batean, baterako ustiapen unitatea osatzen du eta zatitua dago aprobetxamendu azpiunitate edo bazkaleku hauetan:

LARRE BAZKALEKUAK

AZALERA ZUZENDUA-2021

1

ARRIBAS-DEHESA

433,85

2

LA BALSA

338,94

3

BALSETA-PLANO-1

8,88

3

BALSETA-PLANO-2

26,44

4

CABRAS

289,16

5

CARNICERÍA

490,46

6

CORTE

293,01

7

ESTAZA

291,69

8

LA LANDAZA

372,91

9

MOLONERA

515,11

10

NAVA

496,94

11

EL PLANO

30,37

12

EL ROMERAL

290,38

13

SALOBRAL

207,22

GUZTIRA

4.085,36

Udalak, adjudikazio-prozedura hasteko unean, herri-larreen azaleraren bosten bat gorde ahal izanen du, gehienez ere, urtero adjudikatzeko, onuradun berririk balego ere, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 160. artikuluan xedatutakoarekin.

Bazkalekuen kokapena eta azalera, ordenantza honen eranskineko planoetan ageri dira haietako bakoitzarentzat. Luzera gutxi gorabeherakoa eta orientagarria da, eta bazkalekuak adjudikatu aurretik egiaztatu eta berrikusi daiteke, prozedura eta deialdia onartzen diren unean.

Ondorio horietarako, Udalak, bazkalekuak zedarritzean, eta prozedura bakoitza onetsi aurretik, honako hauek izan ditzake kontuan: abeltzainek adierazitako lehentasunak eta beharrak, justifikatutako abelburuen kopurutik eratorritakoak, bereziki; ahal den neurrian, abeltzaintza-ustiategiko titular edo kudeatzaile bakoitzaren instalazioen gertutasuna; ingurumen-irizpideak, sektoreko arauetan (Nekazaritza Politika Erkideko laguntzak, eta abar) baimendu ohi diren azienda larriko unitateen hektareako kargei erreparatuta, eta bazkalekuak osorik adjudikatzeko irizpidea, horretarako aukera baldin badago. Horretarako, prozedura eta deialdia onetsi aurretik, Udalak aurretiazko kontsulta-prozedurak ezarri ahal izanen ditu interesa duten abeltzainekin, loteak edo bazkalekuak behar bezala zedarritu ahal izateko, eta bete dadin 46.7 artikuluan ezarritakoa.

Era berean, prozedura ebaztean, aipatutako faktoreak kontuan hartzeaz gain, Udalak behar diren zatiketak eta egokitzapenak egin ahal izanen ditu bazkalekuetan, beharrezkoak direnean eskaerei modu proportzionalean eta objektiboan erantzuteko, eta arrazoi objektibo eta praktikoengatik, lotura dutenak baldintzatzaile orografikoekin, geografikoekin edo ustiapenekoekin.

Hori guztia behar bezala aplikatzeko eta, oro har, ordenantza honetan ezarritako irizpideak eta arauak egoki aplika daitezen, Udalak, bidezkoa denean, egoki diren txosten teknikoak eskatu ahal izanen ditu prozeduraren edozein fasetan, prozedura bera hobeto antolatzeko eta hura ebazteko.

Adjudikazioa egiaztatu ondoren, ezin izanen dira %5eko errore marjina baino txikiagoak diren aldeei buruzko erreklamazioak aurkeztu.

Bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, Udalak baliokidetza hauek finkatu ditu azienda mota ezberdinen artean:

–Behor buru 1 behi buru 1 adina da (1 AzLU).

–Behi buru bat 6,66 ardi buru adina da (1 AzLU).

–Ahuntz-azienda bat ardi buru 1 adina da (0,15 AzLU).

–6 eta 24 hilabete bitarteko behi buru ar eta emeak 4 ardi buru adina dira (0,6 AzLU).

–6 hilabetetik beheitiko behi buru eta behor buru ar eta emeak: 1,33 ardi buru adina dira (0,2 AzLU).

44. artikulua.

44.1. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean adjudikatuko zaie ordenantza honen 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren herritarrei, 34. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez, artikulu honetan eta 46. artikuluan ezartzen diren berezitasunekin.

44.2. 35. artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko dira eskabide-eredua, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta baimenak edo aitorpenak, beharrezkoak diren egokitzapen zehatzak eginen direlarik kasuan kasuko prozeduraren arabera. Eskabidearekin batera aurkeztu dira adierazpen bat, zeinetan zehaztuko baita zenbat abelburu dituzten eta horiek zer espezietakoak diren, Nafarroako Abeltzaintzako Erregistroaren ziurtagiria edota dagokion osasun arloko ziurtagiria, eta nahi dituen bazkalekuen edo bazkaleku zatien zerrenda ordenatua.

44.3. Udalak egiaztatu ahal izanen ditu aurkeztutako informazioa, udal bulegoetan dagoenarekin eta beste administrazioetatik biltzen duenarekin alderatuz. Halaber, egoki jotzen duenean, azienda buruak zenbatu ditzake.

44.4. 46. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatu ondoren eta, kasua bada, Nekazaritza Batzordeak proposatuta, Udalak behin-behinekoz adjudikatuko du errentamendua, eta halaxe jakinaraziko zaie eskatzaileei, hamar egunez alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten. Epe horretan alegaziorik jaso ezean, adjudikazioa behin betikoa izanen da. Alegazioak jasotzen badira, Udalak bidezko dena erabakiko du, eta behin betikoz adjudikatuko du probetxamendua, eskatzaileei jakinaraziko zaien moduan.

44.5. Herri-larreen edo bazkalekuen onuradunek ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa finkatuko da adjudikazio-prozedura hasteko erabakian edo iragarkian, 54. artikuluan ezarritakoaren arabera.

44.6. Baldin herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren ondoren herri-larrerik gelditzen bada, errentan emanen dira bat etorriz aurreko 39., 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoarekin.

45. artikulua. Ordenantza honetako baldintzak estu betetzearren, Udalak eska diezaioke adjudikaziodunari Udalaren aldeko fidantza jartzea, dirutan nola bankuaren abalez, Udal Gordailuzaintzan adjudikazioa behin betiko izan edo jakinarazi ondoko hamabost egunetan. Errentamenduarengatik ordaindu beharreko lehen urteari dagokion kanonaren %10 izanen da fidantza. Banku-abala berme gisa erabiliz gero, lehenbiziko errekerimenduan izanen da, erantzukizun solidarioarekin eta eskusio-eskubideei espresuki uko eginez. Espresuki adieraziko da haren balioa mantenduko dela Udalak kitatzea baimendu arte.

46. artikulua.

46.1. Herri-larreak adjudikatzean, Udalak irizpide sozial batzuei jarraituko die, zeinak aipatzen baitira Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 192. artikuluan (erregelamendu hori onetsi zuen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak), lehentasuna emanen zaielarik guztizko diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei. Proportzionaltasun objektiboaren irizpideak ere aplikatuko dira, eta artikulu honetako hurrengo apartatuetan ezarritako arauak, osorik edo partez.

46.2. Gutxi gorabehera, bazkalekuen azalera osoaren erdia erabiliko da antzeko azalera minimoa adjudikatzeko herriko aziendetatik 250 eta 1.000 ardi artean dituztenei, edo, beste espezie batzuen kasuan, kopuru horren baliokidea den azienda larriko unitateak dituztenei.

46.3. Udalak zehaztuko du zein den herritarren artean zuzenean adjudikatzeko loteen azalera, abeltzaintzako ustiategi baten titular edo kudeatzaile bakoitzarentzat. Zehaztuko da kontuan hartuta zein den azalera eta zenbat eskatzaile dauden, eta ondoko faktore hauen alderantzizko proportzioan, honelaxe:

a) Diru-sarrera guztiak, familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenetik ateratzen direnak, eurotan.

Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %60.

b) Tokiko zergapeko ondasun higiezinen kapital zergagarria, ondasun horiek Larragan izanda, salbu eta etxebizitza propioari dagokiona, eurotan.

Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %10.

c) Nekazaritza/abeltzaintzako ustiapeneko lurren jabetza, katastroaren arabera, hektareatan.

Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %10.

d) Nekazaritza/abeltzaintzako lurren errentamenduko edo bestelako tituluetako jabetza, hektareatan.

Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %10.

e) AzLUren arabera araututako abelburu kopurua.

Balioa, puntuazioaren ondorioetarako, %10.

Hala ere, irizpide hori kontuan hartzeko, gutxienez 250 buruko atalasea ezartzen da.

46.4. Irizpide bakoitzari dagokion puntuazioa lortzeko, honako arau hauei jarraikiko zaie:

a) Adjudikatzeko irizpide bakoitza osatzen duen faktore bakoitzari 0tik 10 puntura bitarteko puntuazioa emanen zaio, bi hamarrenekin, eta hori alderantzizko proportzioan eginen da eskatzaile bakoitzaren kuotak eskatzaile guztien baturarekiko gordetzen duen portzentajearekin.

b) Lortutako puntuazioa modulatuko da faktore bakoitzari atxikitako portzentajearekin.

c) Eskatzaile bakoitzak modu horretan lortutako bukaerako puntuazioa aldaraziko da, hain zuzen ere zuzeneko proportzioan, aprobetxamenduen partaidetzarako eskubide frakzioan izateko, puntuazio guztien baturaren gainean, hori guzia loteak osatzeko eta adjudikatzeko.

d) “Diru-sarrera guztiak, familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetik ateratzen direnak” faktoreari dagokion zenbatekoa izanen da familia-unitateko kide guztien aitorpenen baturaren batez bestekoa, azkeneko ekitaldikoak hartuta, baldin eta aurkezteko mugaeguna iraungia bada (salbuetsita egonen dira guraso erretirodunenak, baldin eta etxe berean bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak badira). Bestetik ere, zenbateko hori modulatu eginen da puntuazioa lortzeko jarraibideak aplikatu baino lehen, honako indize zuzentzaile hauen arabera:

–Kide bakarreko familia-unitateak: 1 koefizientea.

–Bi kideko familia-unitateak: 0,8 koefizientea.

–Hiru kideko familia-unitateak 0,6 koefizientea.

–Lautik sei kide bitarteko familia-unitateak: 0,5 koefizientea.

–Seitik bederatzi kide bitarteko familia-unitateak: 0,3 koefizientea.

–Bederatzi kidetik gorako familia-unitateak: 0,2 koefizientea.

e) “AzLUren arabera araututako abelburu kopurua” faktoreari dagokion balioa kalkulatzeko, gutxieneko kopuru bat ezartzen da: ardi-aziendako 250 buru, eta kopuru horrekin parekatuko da txikiagoa den beste edozein azienda multzo.

f) Bazkaleku bat abeltzaintza-ustiategiaren titular edo kudeatzaile bati baino gehiagori adjudikatzen bazaio, kanona kalkulatuko da adjudikatutako azaleraren arabera, bazkalekurako aurreikusitako guztizko zenbatekoaren gainean hainbanatuta. Kasu horretan, Udalak argi zehaztuko ditu behar diren azpizatiketak, abereak nahas ez daitezen, eta bitarteko bereziak ezarriko dira abereen pasabideetarako eta aprobetxamenduak ahalik eta hobekien erabil daitezen; horretarako, baldintza partikularren agiriak onesten ahalko dira, bat etorriz bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin.

g) Abeltzaintza-ustiategiaren titular edo kudeatzaile bakar bati bi bazkaleku edo aprobetxamendu unitate adjudikatzen ahalko zaizkio, baldin eta behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak betetzen badira.

h) Elkarteen kasuan, d) letran adierazitako faktoreak izanen dira bazkide bakoitzaren familia-unitateko kide guztien faktoreen baturaren batez bestekoaren emaitza, modulatuta, hala dagokionean, eta, era berean, bazkideek elkartean duten partaidetzaren ehunekoa ere kontuan hartuko da (desberdina baldin bada) azken emaitza lortzeko.

46.6. Udalak, herri-larreak zuzenean adjudikatzeko prozedurarako, beharrezkoak diren egokitzapenak, aldaketak edo doikuntzak egiten ahalko ditu aurreko baremoan baldintza partikularren agirien bidez. Era berean, irizpideren bat(zuk) ezabatu edota antzekoren bat gehitzen ahalko d(it)u, hala badagokio, betiere baremoan bertan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 192. artikuluan aurreikusitakotik nabarmen urrundu gabe. Horrez gain, baremoa behar bezala osatzen ahalko du, hura aplikatzean izan daitezkeen zalantzak edo hutsuneak saihesteko. Baldintza partikularren agiriak onesten ez badira, aurreko 46.4 azpiapartatuan aurreikusitakoa aplikatuko da prozedurarako.

46.7. Loteen behin betiko adjudikazioa ahalik eta gehien hurbilduko da faktore horiek aplikatzetik ateratzen den proportziora, betiere bazkalekuak mugarritzean eta bazkaleku horiek azpibanatzean sortzen diren mugen barruan, 46. artikulu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hala badagokio, eta hurbilketa horren ondorioetarako, interesdunak ados jartzeko mekanismoak eratzen ahalko dira, prozeduraren behin betiko ebazpena eman baino lehen. Mekanismo horiek, osorik edo zati batean, prozedurari itundutako amaiera emateko balioko dute (prozeduraren itundutako amaiera jasota dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 86. artikuluan).

47. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debekatuta egonen da azpierrentamendua edo lagapena. Nolanahi ere, familia-unitateko beste kide bati eskualdatzen ahalko zaio onuradunak erretiroa hartzen badu, gaixotzen bada edo hiltzen bada. Horretarako baldintza izanen da adjudikazioa eragin zuen abeltzaintza-ustiategiaren titular berriak idatziz eskatzea eta Udalak baimentzea. Titular berriak aurreko onuradunari zegozkion eskubide eta betebehar guztiak subrogatuko ditu geratzen den aprobetxamendu-eperako, eta solidarioki erantzunen du Udalaren aurrean.

Ondorio horietarako, Udalak ulertuko du herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen familia-unitate adjudikaziodunaren titularrek abeltzaintza-ustiategian baja ematen dutenean.

Herri-larreak zuzenean eta pertsonalki errentatzen direla ulertuko da onuraduna artzainez baliatzen bada bere titulartasuneko aziendak larreak aprobetxatzeko.

Adjudikatutako aprobetxamendua bertan behera uzteko edo horri uko egiteko aukerari dagokionez, 21.7 artikuluan alorren aprobetxamenduetarako xedatutakoa beteko da.

48. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiria izan behar du, egiaztatzen duena betetzen dituela Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak. Bete beharko dira aipatu foru legean edo hura ordezkatzen duen arauan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hura garatzeko erregelamenduetako xedapenetan zehaztutakoak ere.

49. artikulua.

49.1. Nekazaritza-ustiategien titularrek edo kudeatzaileek kalterik izan ez dezaten, laboreei dagokienez, herri-lurren adjudikaziodunek eta, halaber, abeltzainek nahiz lurren jabeek larre aprobetxamenduan Artzaintza, euriondo eta lurren goldaketa arloetako araubidearen usadioak eta ohiturak errespetatu beharko dituzte, abeltzaintza-ustiategiaren titularrak edo kudeatzaileak aprobetxatu ditzan larratzeko finkak, uzta bildu ondoan.

49.2. Modu gehigarrian, honako arau hauek hartuko dira kontuan:

a) Larreen errentamenduari dagozkion lehorreko alorren goldatzea ezin izanen da hasi urte bakoitzeko irailaren 1a baino lehen, salbu eta 21.11 artikuluan herri-lurrei buruz xedatutakoa. Dena den, beti egiterik izanen da baldin eta abeltzainek eta jabe nekazariek edo lurra ustiatzen dutenek horrelaxe adosten badute.

b) Zuzeneko ereintzaren kasuan, urriaren 1etik aurrera ezin da abeltzaintzako aprobetxamendurik izan. Irailaren 18tik urriaren 1era, lurra beratza badago (aziendak apatxa markatzeko moduan alegia), ezin izanen da azienda sartu. Nekazaritza-ustiategiaren titularrak edo kudeatzaileak eginen duen ereintza markatu edo jakinaraziko dio abeltzaina-ustiategikoari.

c) Edozein alor goldatu edo belar-hiltzailerik bota behar izanez gero otsailean, martxoan, apirilean edo maiatzean, nekazariak nahitaez abisatuko dio abeltzaintza-ustiategiaren titularrari edo kudeatzaileari horrelakorik egin baino 15 egun lehenago.

d) Mahasti, olibadi eta bestelako alorretako larreak. Abeltzainek ezin izanen dute mahastietan larratu landatzen direnetik gutxienez bost urte igaro ez badira. Era berean, ezin izanen dira sartu berriki landatutako olibadiak edo fruta-arbolak dituzten finketan.

e) Euriondoko hiru egun errespetatuko dira lugorrietan, eta egun bat uztondoen kasuan, beti; azienda sartzea debekatuta egonen da, baldin eta apatxak lurrean markatzen badira.

f) Nekazaritza-ustiategiaren titularrak edo kudeatzaileak hori betetzen ez badu, abeltzainari kalte-ordaina eman beharko dio, peritu batek kalkulatutako galera ordainduz. Aldeen artean ez badago adostasunik balorazioa zein perituk egin behar duen, Udalak kontratatuko du peritua, eta arau-hausleak ordainduko du haren faktura. Berdin jokatuko da ez-betetzea abeltzaintza-ustiategiaren titularrak edo kudeatzaileak egin badu.

49.3. Aurrekoaz gain, ureztalurretako larreen aprobetxamendurako, laboreen lanei begiratuko zaie, aldez aurretik nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien titularrak edo kudeatzaileak ados jarrita, eta, modu gehigarrian, honako arau hauek aplikatuta:

a) Azienda larratzera sartzen ahalko da luzerna edo antzeko beste edozein belar (festukak, raigrassak, etab.) duten finketara, ez ordea urteko landaketa dutenetara, eta betiere azaroaren 1etik hurrengo urteko otsailaren 15era.

b) Lehen urteko luzernak eta belarrak irailean ereinak badaude, azaroaren 1etik hurrengo urteko otsailaren 15era erabil daitezke larratzeko, lurra lehor-lehorra badago.

c) Ezin izanen da goldatu aurreko letretan sartzen ez den beste edozein labore, bildu eta hamabost egun pasa arte. Adjudikaziodunari abisatu beharko zaio noiz bildu behar den laborea.

d) Erremolatxaren kasuan, bildu ondoren bi eguneko epean ez bada hostoa erretiratzen, larretzat hartuko da ondorio guztietarako.

e) Bigarren uztaren kasuan, sei egun baino ez dira utziko, eta abeltzaintza-ustiategiaren titularrari edo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio behar besteko denboraz eta gutxienez 4 egun lehenago. Bigarren uzta jasotzen denean, hamabost egun izan beharrean, hogeita bost utziko dira (ereiteko badira).

f) Zerealak dituzten alorretan ere ezin izanen da goldatze lanik egin, uzta jaso eta gutxienez hamabost egun pasatzen ez badira eta inolaz ere abuztuaren 15a baino lehen. Landaketa berria egiten bada, hamabost egun horiek hasiko dira uzta berria jasotzen den egunetik.

g) Nekazariek, finken jabeek edo laborariek lastoa fardoetan bildu eta jaso dezakete uztailaren 30era arte, edo uzta jaso eta hamabost egunera, arestian zehaztutako egunean bete ez badira. Data hori igarotakoan, larretzat hartuko da ondorio guztietarako, eta bazkalekuaren abeltzain adjudikaziodunek baizik ezin izanen dute lastoa fardoetan bildu, baina soil-soilik beren beharrei erantzuteko, eta betiere nekazaritza-ustiategiaren titularrari edo kudeatzaileari dagokion baimena eskatuta.

h) Luzerna azaroaren 1a baino lehen ebakitzen den finketan, aziendak ez du sartzerik izanen uzta jaso arte. 15 eguneko gehieneko epea izanen da horretarako; epe hori iraganda, azienda aipatu finketan sartzen ahalko da, luzerna oraindik jaso gabe egon arren.

i) Artoa duten finketan, aziendak ez du larratzerik izanen uzta jaso arte, kontuan hartuta artoaren lastoa ere uzta dela. Finka horietako nekazariek 5 eguneko epea izanen dute lastoa jasotzeko, arrastelua erabili gabe. Epe hori iraganda, azienda sartzen ahalko da.

49.4. Berdin jokatuko da nekazaritzako eta abeltzaintzako aprobetxamenduak eta eratutako ehiza-barrutiak bateragarri egiteari dagokionez, bereziki zezenketarako aziendarekin.

49.5. Aipatutako usadio eta ohiturak eta/edo arauak bete ezean, egintza behar bezala ikertuko da eta alkateak edo dagokion alorreko zinegotzi ordezkariak behar den isuna ezartzen ahalko du, ordenantza honen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

49.6. Debeku da belar-hiltzaileak erabiltzea bideetan, lur larre utzietan, altxonbideetan eta antzekoetan, eta orobat, laborantzako herri-lurretako eta ondareko alorretako uztondoetan, luberritzearen ordez. Zuzeneko ereintza izanen da salbuespena; kasu horretan, erein baino hamar egun lehenago, gehienez ere, botako dira produktuak. Nekazaritza-ustiategiaren titularrak edo kudeatzaileak horren berri eman beharko dio abeltzainari, belar-hiltzailea bota baino bost egun lehenago.

Belar txar anitz dagoenean (uda hezeetan, kasurako), Udalak baimena ematen ahalko du aipatutako belar-hiltzaileak erabiltzeko, lurra landu daitekeen datetatik aurrera, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

49.7. Baso arloko administrazioaren baimena lortu beharko da, baldin eta beharrezkoa bada landare espezie edo komunitatez osatutako lurrak ukitzen dituzten hobekuntza jarduketak egitea (besteak beste, belar-sastrakak kentzeko jarduketak, erein aurreko lanak, luberritzeak, etab.); izan ere, eremu horiek baso lurtzat jotzen dira, hala ezartzen baitu bere 4.a artikuluan 13/1990 Foru Legeak, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoak.

49.8. Era berean, abere zama baso eremu horiek kontserbatzearekin bateraezina dela ikusten bada, baso arloko administrazioak mugatzen ahalko du mendian larratzea, baita debekatu ere, edozein kalifikazio duela ere, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 24. artikuluan ezartzen den moduan.

50. artikulua.

50.1. Adjudikazioan adjudikaziodunak hartzen du bere gain arriskua eta mentura, eta ez da murrizketarik izanen adjudikatzen zaion kopuruan.

Alde horretatik, adjudikaziodunek ez dute eskubiderik izanen larreen edo uraren erreklamazio osoa edo partziala egiteko, lehorteagatik edo naturako beste fenomeno batzuengatik, epizootiengatik, azienda hil zaielako edo aprobetxamendua eskasten duen beste edozein istripu edo ustekabe txar gertatu zaielako.

Udala ez da izanen, inola ere, haien mendeko langileen lan istripuek eragindako erantzukizunen erantzule, ez erantzule subsidiario ere.

Udalak, dena den, administrazio kontratatzailea den aldetik, konpromisoa hartzen du bere eskumenekoa den laguntza egokia emateko adjudikaziodunari.

50.2. Abeltzainen kontura izanen dira eskorten eta haien instalazioen mantentze-lanak, kontserbazioa eta ohiko konponketak adjudikazioak dirauen bitartean, bai eta eskortaren eremua inguratzen edo gurutzatzen duten ureztaketa sistema edo erreten, erdi-toki edo larre eta instalazioena. Horregatik, aprobetxamendua bukatzean, edo titularrak jarduera utziz gero, Nekazaritza Batzordeak, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak aipatu bazkalekuak eta instalazioak aztertuko dituzte. Erabilera okerrak eragindako kalteak edo anomaliak ikusten badira, Udalak konponketaren kostua eskatzen ahalko dio abeltzain adjudikaziodunari. Horrek ezin izanen du eskorta itzuli adjudikazioa hartu zuenean baino egoera kaskarragoan.

50.3. Eskorta edo instalazioak hasieratik egoera kaskarrean badaude, adjudikaziodunak horren berri eman beharko dio Udalari, idatziz eta hilabeteko epean, Udalak tokia aztertu eta balizko konponketak egiteko. Era berean, beste edozein unetan eta abeltzain adjudikaziodunekin ikustekorik ez duten arrazoi egiaztagarriak direla-eta, halako gertakariren batek eskortan narriadurak eragiten baditu, betiere ohiko kontserbazioarekin loturarik ez duen arrazoiren batengatik, adjudikaziodunak Udalari jakinarazi beharko dio, idatziz eta hogei eguneko epean, Udalak tokia aztertzeko eta, konponketak egin behar badira, egiteko. Epe horretan egiten ez badu, ulertuko da lehengoratzeko erantzukizuna Udalarena izan beharrean adjudikaziodunarena dela.

50.4. Abeltzaintza-ustiategiaren titularrak edo kudeatzaileak bere kabuz erabakiko balu azienda gordetzeko estalpeak eta abar eraikitzea, Udalari instalatzeko baimena eskatzen ahalko dio eta adjudikazioaldia bukatutakoan instalazio horretan erabilitako materialak eramateko eskubidea izanen du. Bestela, finkaren eta Udalaren onurarako geldituko dira, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, ez bada Udalak abeltzain adjudikaziodunari eskatzen diola material horiek eramateko, egoera kaskarrean egoteagatik, geroko erabilerekin bateragarria ez izateagatik, aprobetxamendua kaskartzeagatik edo beste edozein inguruabarrengatik.

Onuradunarena izanen da, eta ez beste inorena, bazkalekuetan dauden jabetza pribatuko eskorta eta artegien erabileraren erantzukizuna.

50.5. Aziendari edaten emateko putzuak egoteak ez du Udala behartuko haiek hornitzera. Bazkaleku bakoitzean dauden edateko putzuak horretarako baizik ezin dira erabili, eta debeku da horietatik ura ateratzea belar-hiltzaileak eta pestizidak botatzeko, ureztatzeko, etab.

Dena dela, Udalak du aziendak bazkalekuan edateko erabiltzen dituen putzuak garbitzeko ardura.

Halaber, bazkaleku batean larratzen den aziendak urik ez badu, gertueneko abeltzain adjudikaziodunak utzi egin beharko dio azienda horri berak baliatzen dituen bazkalekuetako putzuetan edaten, eta horretarako, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak azienda pasatzeko bidea markatuko du. Horrek ez dio kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik emanen, baina eskubidea izanen du ordaina jasotzeko baldin eta, abereen gidarien arduragabekeria edo utzikeria dela medio, bertatik iragaten den aziendak kalteak eragiten baditu.

Alboko bazkalekuan ere urik ez badago eta beste batzuetan, ordea, bai, betebeharrak beste abeltzain adjudikaziodunei ere eraginen die, hurbilenekotik hasita urrutien daudenetara.

51. artikulua. Abeltzain adjudikaziodunak erantzun beharko du bere aziendak eragindako kalteez, eta hortaz, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak eskatzen ahalko diote egiaztatzeko, hamabost egunen buruan, baduela ezbeharra gertatzen den egunean indarra duen erantzukizun zibileko asegurua, estaldura bermatzeko zenbateko nahikoa duena.

52. artikulua. Larreak aprobetxatzeko errentamendu aldia zortzi urtekoa izanen da. Halere, Udalak, inguruabarrek hala eskatuz gero, bazkalekuak aprobetxatzeko edo errentatzeko datak edo urteko aldia aldatzen eta murrizten ahalko ditu, osorik edo partez, ukituta gera litezkeen bazkalekuetako larreen kalitatea eta kopurua bermatzearren, edo, bere iritziz, udalerriarentzat interes orokorrekoak direlakoan, turismo-, kirol- eta kultura-jarduerak edo ekonomia edo ingurumen arlokoak sustatzearren, dela une jakin baterako dela modu iraunkorrean, ekintzaren edo jardueraren tamainak hala eskatzen badu, eta galarazi gabe, ondorio horietarako, 55. artikuluan xedatutakoa aplikatzea.

Alde horretatik, adjudikaziodunak, larreak aprobetxatzeko, Udaleko Nekazaritza Batzordeak, alkateak edo arloko zinegotzi ordezkariak xedatzen duten hori bete beharko du, bereziki sail landatu berri, iragaite, aska eta abarrei dagokienez.

Larraga aldean lurzatiak biltzeko espedienteetatik eratorritako egoera berezietan edo, Udalaren ustez, behar bezala justifikatutako beste batzuetan edo interes publikoa dutenetan, adjudikazioak urtero luzatzea erabaki dezake Udalak, horretarako arrazoiak emanda, eta egoera horiek desagertu arte. Horretarako, adjudikaziodunen aldez aurretiko adostasuna beharko du.

53. artikulua. Uztondoak erretzeari dagokionez, horretarako baimena emanen zaie finkak lantzen dituztenei, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduan edo hura ordezkatzen duen xedapenean ezarritakoarekin (foru agindu horren bidez sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautu zen, oihaneko suteak prebenitzeko).

Debeku da uztondoak erretzea herri-titulartasuneko lurzatietan. Salbuespen gisa, Udalak baimendu dezake erretzea eguraldiarekin edo osasunarekin lotutako inguruabar makurrek hala aholkatzen badute. Horretarako, hura justifikatzen duten txosten teknikoak eskuratu beharko dira, eta artikulu honen aurreko paragrafoan aipatutako araudia aplikatu.

54. artikulua. Udalak finkatuko du onuradunek bazkalekuen aprobetxamenduagatik urtero ordaindu beharreko kanona, bazkalekuek har dezaketen azienda kopurua kontuan hartuta batez ere, eta errentamendua hasi baino lehen. Kanon hori ez da izanen larreen balio errealaren ehuneko laurogei baino txikiagoa, ezta ehuneko laurogeita hamar baino handiagoa ere.

Ondorio horietarako, onuradunek udal diruzaintzan sartuko dute dagokien kanona; ordainketa zatikatua eginen da, hiruhilekoa bukatutakoan, hau da, urtean lau alditan: urtarrilaren 1ean, apirilaren 1ean, uztailaren 1ean eta urriaren 1ean.

55. artikulua. Udalak herri-lur horietan arbolak sartzea eta beste hobekuntza batzuk egitea bultzatzen badu (Nafarroako Gobernuak aldez aurretik baimenduta), aukera izanen du, errentariei hiru hilabete aurretik iragarri ondoren, eraginik gabe uzteko bazkalekuen aprobetxamenduaren adjudikazioak, baldin eta horiei guztiei eragiten badiete, edo ukitutako larre-azalera aprobetxamendutik eta ordainketatik deskontatzeko, betiere onuradunari inolako kalte-ordainik eman gabe.

IV. KAPITULUA

Herri-olibadien aprobetxamendua

56. artikulua. Olibadien aprobetxamendua zuzeneko adjudikazioaren bidez emanen da, honako arau hauen arabera:

a) Eskaerak aurkezteko epea irekita egonen da beti, eta mugagabea izanen da, harik eta Udalak erabakitzen duen arte olibadiei beste erabilera edo aprobetxamendu bat ematea.

b) Loteak hiru hilean behin adjudikatuko dira, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera. Hiruhileko natural bakoitza amaitu arte onartuko dira eskaerak. Herriko auzotarrak ez diren pertsona fisiko edo juridikoen eskaerak ere onartuko dira, baina Larragako biztanleei emanen zaie lehentasuna aldi berean lote bera eskatzen bada.

c) Adjudikazio epea 8 urterako ezartzen da; epe hori luzatzen ahalko da, eta kontsumorako prezioek (KPI) aurreko urte naturalean izandako aldaketa gehitu eta metatuko zaio urtero, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako ehuneko-indizea prezio horri aplikatzearen arabera. Herri-lurretako aprobetxamendu mota horretarako 2021erako ezarritako kanona 138 eurokoa da hektareako.

d) Aurreko apartatuan aipatutako epea ulertzen da kalterik egin gabe Udalak, kasua bada, aprobetxamendu mota hori antolatzeko, epemuga baino lehen, onesten duen berariazko arauketari, kanona aldatzeko aukera barne. Kasu horretan, adjudikaziodunek baldintza berriak onartzen ahalko dituzte, salbu eta aukera hori arauketa berriarekin bateraezina bada, edo uko egiten ahalko diote, adjudikazioa onetsi eta bi urteko epean, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe.

e) Kapitulu honetan aurreikusi ez den orotarako, laborantzako lurren aprobetxamenduari oro har aplikatzen ahal zaizkien xedapenak aplikatuko dira, Larragako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza honetan ezarritakoak.

V. KAPITULUA

Erlezaintzako aprobetxamenduak herri-lurretan

57. artikulua. Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena ematen ahalko zaie erle-ustiategia jarri nahi dutenei, autokontsumorako bada eta ez-profesionala.

Oro har, erle-ustiategiek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: 209/2002 Errege Dekretua, otsailaren 22koa, erle-ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituena; 31/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituena; eta gerora horiek ordeztu edo osatzeko ematen diren xedapenak, bereziki distantziei eta seinaleztapenari dagokienez.

Horrez gain, honako tarte hauek utziko dira erlezaintzako kokalekuen artean: 750 metro familiako erlauntzetaraino edo autokontsumorako erlauntzetaraino (4 erlauntz baino gehiago); eta 3 kilometro profesionalak ez diren erlauntzetaraino (15 eta 150 erlauntz artean) edo profesionaletaraino (150 erlauntz baino gehiago).

Interesdunek erlauntzak jartzeko baimena eskatuko dute, eta horiek kokatzeko proposamena erantsiko diote ustiategia erregistratu izanaren egiaztagiriari eta dagokion osasun-dokumentazioari.

Baimena ematea bidezkoa bada, prekarioan emanen da, eta ukitutako lursailean herri-lurren aprobetxamendurako eskubidea duten hirugarrenei kalterik egin gabe. Era berean, Udalak adierazitako kokapen zehatzerako emanen da baimena.

Erlauntza “bejera”edo erlategi batetik hurbil kokatu nahi bada, kokapen hori baldintzatzen ahal dute, edo kokapena aldatzera behartu, batetik, Udalak onesten ahal duen erregulazioak, xedetzat izanen duena “bejera” edo erlategien gaineko babes eta esku-hartze araubide bat antolatzea, arautzea, katalogatzea eta definitzea (hori guztia Larragako Plan Orokorraren testuinguruan), eta bestetik, turismoarekin, kulturarekin edo arkitekturarekin lotuta erlategien gainean egiten diren bestelako Udal-jarduketek edo -proiektuek.

Nolanahi ere, Udalak espresuki emandako baimena beharko da “bejera” edo erlategia helburu horretarako erabiltzeko.

Kanon hau ezartzen da herri-lurretako aprobetxamendu mota honetarako: 2 euro erlauntz bakoitzeko.

VI. KAPITULUA

Herri-lurretako aprobetxamendu ekologikoak

58. artikulua. Gainerako herri-lurren arau berberak aplikatuko zaizkie nekazaritza eta abeltzaintza ekologikorako laborantzako herri-lurren eta larreen adjudikazioari eta aprobetxamenduari, honako berezitasun hauekin:

Garapen jasangarriaren estrategiari laguntzeko asmoz, aprobetxamendu horiek %20ko beherapena izanen dute aprobetxamendu mota bakoitzari dagokion kanonean edo prezioan aldatzeko aldian, eta %30ekoa, aldi hori bukatutakoan.

Onuradunek laborantza ekologikoko araudiaren arabera kudeatu beharko dituzte laborantza eta/edo larreak, eta honako hauek bete beharko dituzte: “Nekazaritza ekologikoa” izendapen generikoaren Erregelamendua; produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzko Kontseiluaren ekainaren 28ko 834/2007 Erregelamendua (EE); eta Batzordearen irailaren 5eko 8989/2008 Erregelamendua (EE), Kontseiluaren 834/2007 Erregelamendua (EE) aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, eta horiek osatzen edo ordezten dituen araudia.

Onuradunek izena emanda egon beharko dute Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN/NNPEK) kudeatzen duen Nekazaritza Ekologikoko Erregistroan, dela prestatzaile, ekoizle (nekazari edo abeltzain), biltegizain edo inportatzaile gisa, eta baldintza horri eutsi une oro herri-lurraren aprobetxamenduaren adjudikazioa indarrean den artean.

Ordenantza honetan oro har ezarritako adjudikazio-epea automatikoki luzatzen ahalko da antzeko epe baten bidez, aipatutako erregistroan izena eman ondoren lurraren kalitatea zaintzeko, baldin eta lehen aipatutako baldintzak mantentzen badira eta onuraduna herri-lurzatien edo bazkalekuen adjudikazioduna bada, ordenantza honetan ezarritako prozedurarekin eta betekizunekin bat.

Nekazaritza ekologikoa sustatze aldera, Udalak loteak, zonak edo eremu espezifikoak mugatzen ahalko ditu modalitate horretarako, eskariaren arabera eta herri-lurretan kudeaketa ekologikoa pixkanaka ezartzeko helburuarekin.

Halaber, helburu horrekin berarekin, Udalak puntuazio gehigarria sartzen ahalko du, nekazaritza eta abeltzaintza kudeatzeko modalitate honetarako, ordenantza honetan aurreikusitako adjudikazio prozedurei aplikatu beharreko baremoan, baldin eta irizpide horiek indargabetzen edo urratzen ez badituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoan) xede horrekin ezarritako ildo nagusiak, eta berdinketak hausteko soilik aplikatzen badira.

VII. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

59. artikulua. Herri-lurrekin eratutako ehiza-barrutian ehiza aprobetxatzeko, honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa; 48/2007 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearaziko duen Erregelamendua onesten duena; eta gainerako xedapen osagarriak edo horiek ordezten dituztenak. Horrez gain, ordenantza honen 40. eta 49.4 artikuluetan eta 6. xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaio aprobetxamendu mota honi.

60. artikulua. Udalak kasu bakoitzerako onesten dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren onespena beharko da, espedientea jendaurrean hamabost egunez jarri ondoren.

V. TITULUA

Larragako Udalaren bide sarea erabiltzea eta kudeatzea

61. artikulua.

61.1. Otsailaren 14ko 36/1994 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, debekatuta dago ibilgailu motordunek mendian barna zirkulatzea, baita bi metrotik beherako zabalera duten errepideetan edo landa-bideetan, suebakietan edo sakak egiteko bideetan barna. Foru dekretu horren bidez arautu ziren lurzoru urbanizaezinean barna ibilgailu motordunekin antolatutako jarduerak eta ibilgailu motordunen zirkulazio librea. Halaber, ez da onartuko beste mendi bide edo pistetan ibiltzea, Administrazioak berariaz debekatu badu, bi metro baino gehiagoko zabalera izanagatik ere.

61.2. Bideak erabil daitezke nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako, baldin eta horretarako administrazio baimena badago, artikulu honetan ezarritako mugekin, betiere.

61.3. Udalak, salbuespen gisa, baimena ematen ahal du ibilgailu motordunak erabiltzen dituzten lehiaketa ofizial nahiz turismo jardueretarako, taldeek edo entitateek antolatuak direnean.

61.4. Mugak. Muga hauek ezarri dira bideetan dabiltzan ibilgailu motordun guztientzat.

a) Pisua, gehienez ere: 40 tona.

b) Abiadura, gehienez ere: 30 km/h.

Udalak beste muga batzuk ezartzen ahalko ditu urte-sasoi jakin batzuetan, zoruen hezetasuna eta/edo egoera dela eta, landa-bideak hondoratu eta hondatu ez daitezen.

61.5. Erabilera debekatuak. Berariaz debeku dira erabilera hauek:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Arekak eta erabiltzen ez diren bide publikoko tarteak lantzea.

c) Nekazaritza-lanetan ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Ezpondatik 40 zentimetroko tartea utzi beharko da gutxienez.

d) Zuhaitzak landatzea edo finken itxiturak egitea bidearen kanpoko ertzetik 3 metroko zortasun-eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatuarekin bat.

e) Lasto metak egitea areketatik 4 metrora baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

f) Obra-hondakinak, harriak eta nekazaritzako hondarrak botatzea bide, areka eta erretenetara.

g) Bideetako areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza-lanak egitean, haietara lurra bota eta haiek estaltzea.

h) Bidera ateratzea lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak; zuzenean erretenetara ateratzea baino ez da onartzen.

i) Bideetako zola kaltetzen duten lanabesak edo bestelako makineriak garraiatzea.

j) Finketako harriak arekan botatzea.

61.6. Baldin eta sustatutako jarduera bat, dela erabili beharreko bitartekoengatik, dela bere xedeagatik edo izaeragatik, titulu honetan ezarritako muga edo debekuren baten kontrakoa bada, edo lana edo jarduera egiten den bidean erabilera intentsiboa badakar, berariazko baimena eskatu beharko zaio Udalari. Horretarako, dagokion eskabidea bete beharko da eta dagokion dokumentazioa aurkeztu. Dokumentu horietan, honako hauek jasoko dira: lana eginen duen enpresaren edo partikularraren titulartasuna, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batezbestekoak, premiaren justifikazioa eta zenbat denborarako den.

Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sor daitezkeen arriskuen arabera, eta egokitzat jotzen dituen muga osagarriak (denborari dagozkionak barne) eta fidantzak ezarriko ditu.

Udalak kalkulatuko du baimenen fidantza edo abala, bideen gain zenbatesten den arriskuaren arabera kalkulatuta, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean.

61.7. Udalak beretzat gordetzen du Larragako bide publikoak mantendu eta zaintzeko tasa bat ezartzeko aukera; horretarako, kasuan kasuko ordenantza fiskala onetsiko du, dagokion legezko prozeduraren bidez, auzo-bideak mantendu, zaindu eta hobetzeko zerbitzu publikoaren prestazioa finantzatzeko eta arlo horretan egindako inbertsioak amortizatzeko.

61.8. Udalak urtero aztertuko ditu bide guztiak, baldin eta bere titulartasunekoak izateagatik, hari badagokio horiek kudeatzea. Gainera, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokitu eginen ditu bere ahalen heinean.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

62. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

1. Ez betetzea Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta hura garatzeko erregelamendu xedapenetan, edo horiek ordezten dituen araudian ezarritakoa.

2. Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

3. Udalari, aprobetxamenduaren fidantza eta, hala denean, kanonak ez ordaintzea hark finkatutako epean, baita Ureztatzaileen Elkarteak ureztalurretako lurzatiengatik likidatu eta igorritako gastuak ez ordaintzea ere.

4. Herri-lurretan edo hermendietan edozein azienda klase baimenik gabe sartzea.

5. Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

6. Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea. Bereziki, ureztatzeko txandak eta ordutegiak ez errespetatzea.

7. Adjudikaturiko bazkalekua berriz errentan ematea edo beste bati lagatzea, edo errentan edo apartzerian ematea norberari adjudikatu zaizkion herri-lurrak; edo titulu horien bidez batek eramatea beste adjudikaziodun batzuen lurrak.

8. Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

9. Adjudikazioetan ezarritako epeak eta larratze eremu eta garaiak ez errespetatzea.

10. Baimendutako abelburu kopurua baino gehiago erabiltzea bazkalekuak larratzeko.

11. Landaketa, labore, babes, instalazio, artegi, putzu eta abarrei kalteak eragitea.

12. Ez ematea edo faltsutzea adjudikazioak egiteko erabili diren datuak.

13. Herri-lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

14. Nekazaritza lanak egitea larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan baimendu gabeko aroan, larre horien kaltean.

17. Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

18. Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

19. Lurzatiak bereizteko ezpondak egitea, bai eta haien arteko muga-lerroak goldatu, urratu edo murriztea.

20. Jende-bideak edo azienda-bideak goldatzea edo finketatik ateratako harriak eta bestelako materialak haietan botatzea.

21. Aziendendako putzuetatik ura hartzea bazkalekuaren titularraren baimenik gabe, edo tratamendu fitosanitarioko makineria erabiltzea hura biltzeko.

22. Putzuetan, muga-ezpondetan eta abarretan gai fitosanitarioetako ontziak uztea abandonaturik.

23. Alorretan erabilitako plastikoak abandonatu, bildu gabe utzi edo behar bezala ez desegitea.

24. Ordenantza honen 21.13 artikuluan aipatzen den jarduketa, lurzati berrantolamenduetan “nahitaez kontserbatu beharreko elementu” gisa jotzen diren eremuei buruzkoa.

25. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

63. artikulua. Zehapenak, aprobetxatutakoaren edo kaltearen edo galeraren balioa halako bost eta hamar bitartean izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60tik 12.000 euro bitartekoa izanen da.

Arestian xedatutakoa gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak bahituko dira.

Aurreko artikuluko 1., 2., 3., 5., 6., 9. eta 13. apartatuetan bildutako arau-hausteak aprobetxamendua galtzearekin zehatu daitezke, Nafarroako Gobernuko organo eskudunek, dagokienean, jar ditzaketen zehapenak deusetan ukatu gabe.

Arau-hausteak zehatzeko, aitzinetik zehapen espedientea tramitatuko da, kontuan harturik arau-haustearen astuntasuna, hura lehen aldiz edo enegarren aldiz egiten den eta herri ondasunei edo beste onuradun batzuei eragindako kaltea.

Zehapenen mailaketak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 29. artikuluan ezarritakoari jarraituko dio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–15.4, 34., 37., 44. eta 46. artikuluetan adierazitako eskumenak alkateak edo nekazaritzako zinegotzi ordezkariak erabil ditzake.

Era berean, ordenantza honetan herri-lurretako ondasunen aprobetxamenduaren araubidearekin lotuta aurreikusten den edozein administrazio-egintza (tramiteak, baimenak, egiaztapenak, ikuskapenak, baldintza-agiriak onestea eta Udalaren gainerako jarduketak, behin betiko adjudikazioak barne), eta zehapen araubidea, Osoko Bilkurari berariaz adjudikatu ez zaizkionean, alkatearen edo nekazaritzako zinegotziaren esku egonen dira, ez bada gaiaren garrantziagatik Udalaren Osoko Bilkurari dagozkiola, eta organo horrek erabakitzen duela bertan aztertzea eta horrek, kasu berean, unean-unean bereganatzen duela eskumen hori, eskumenen ordenaren legezko eta erregelamenduzko araudiari jarraikiz. Hori guztia Nekazaritza Batzordearen zereginak deusetan kaltetu gabe.

Bigarrena.–Herri-larreak adjudikatzeko, ez da beharrezkoa izanen baldintza partikularren agiriak egitea eta onestea. Ordenantza honetan aurreikusitakoa zuzenean aplikatu ahal izanen da, salbu eta Udalak uste badu bidezkoa dela aurreikusitako adjudikazio-prozedura edo aprobetxamenduen eta bazkalekuen arauketa zehatza argitzea, zehaztea edo garatzea; izan ere, kasu horretan, adjudikazio-prozedura hasi aurretik nahiz larreen behin betiko adjudikazioa egitean onets daitezke.

Hirugarrena.–Herri-lurretako lursailak aprobetxatzeko, baldin eta Nafarroako Gobernuko organo eskudunak Udalaren esku utzi badu horien kudeaketa, ordenantza honetan aurreikusitakoari jarraituko zaio (bere modalitate guztietan), bere izaeratik eratorritako berezitasunekin, zeinak dagokion baldintza-agirian edo adjudikazio-akordioan txertatuko edo adieraziko baitira.

Laugarrena.–Ordenantza honetan araututako herri-lurretako aprobetxamenduak adjudikatzeko prozeduren deialdirako, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen 5. xedapen gehigarrian aurreikusitakoa analogiaz aplikatuz, eta prozedura banan-banan jakinarazten bazaie nekazariei eta/edo abeltzainei, 34. artikuluan aurreikusitako argitalpena alde batera uzten ahalko da, ez baita beharrezkotzat joko.

Bosgarrena.–Ordenantza honetan araututako herri-lurretako aprobetxamenduetatik eratorritako diru-sarrerak eta zorrak geroratu eta zatikatu ahal izanen dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90. eta 92. artikuluetan ezarritakoaren arabera eta Larragako Udalaren aurrekontuaren oinarrietan araututakoarekin bat. Kasu horietan ez da aplikatuko 62. artikuluaren 3. zenbakian aurreikusitako arau-hauste administratiboa.

Seigarrena.–Bat etorriz Udalak 2016ko irailaren 28an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiarekin, nekazaritzan eragin daitezkeen kalteak kontrolatu eta saihesteko eta, basa-faunari dagokionez, ingurumenaren kudeaketa hobetzeko, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunek eta/edo adjudikaziodunek (aprobetxamendua edozein delarik ere) Larragako Ehiztarien Elkartearekin egindako lankidetza-hitzarmenean jasotako protokoloaren arabera jarduteko betebeharra eta konpromisoa izanen dute, hitzarmen horrek indarrean dirauen bitartean, nekazaritzako kalteak kontrolatu eta saihesteko eta ingurumenaren kudeaketa hobetzeko, ehizan eragin daitezkeen kalteak prebenitzeari eta kudeatzeari dagokionez.

Zazpigarrena.–Ordenantza hau interpretatzerakoan egon edo sor daitezkeen zalantzak Larragako Udalak ebatziko ditu banan-banan, Nekazaritza Batzordeak txostena egin ondoren, hala badagokio, bide administratiboan zein judizialean jar daitezkeen errekurtsoak galarazi gabe.

Nolanahi ere, interpretazio hori ordenantza osoarekiko homogeneotasun irizpideei jarraikiz eginen da, eta aukera egonen da aprobetxamendu mota baterako aurreikusitako xedapenak beste bati edo batzuei aplikatzeko, koherentzia mantentzeko beharrezkoa denean eta bide horretatik argitu daitezkeen hutsuneak atzematen direnean; horrek ez du ekarriko ordenantzan jasotako kasuari dagozkion berezitasunekin kontraesanean gelditzea edo desitxuratzea, eta hurrengo xedapen gehigarrian xedatutakoa beteko da.

Zortzigarrena.–Ordenantza honetako xedapenek aurreikusten ez duten orotan herri-lurretako aprobetxamenduei buruzko herriko ohiturei jarraituko zaie, baldin eta ez badiete kontra egiten Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari edo Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduari (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoari). Horiek modu gehigarrian aplikatuko dira, bai eta, kasua denean, urriaren 1eko 39/2015 Legea ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek, lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, bai eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitu ondoren ere.

Iragarkiaren kodea: L2116964