1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
424E/2021 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baita aldaketa bat, Arbizuko udal-mugartean zabortegia eta hondakin ez arriskutsuen transferentziarako zentroa hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integraturako ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Instalazioaren titularra Sakanako Mankomunitatea da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 888/2008 Ebazpenaren bidez emana, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 304E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.
2020ko abuztuaren 25ean titularrak ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu du, zehazki, instalazioan kudeatzen diren hondakinen zerrendan (ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean jasota dago), jarraian deskribatzen diren beste hiru hondakin mota sartzeko.
Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:
LER KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
02 01 02 | Artilea | Onartzen da kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea. |
02 02 03 | Arrautzen oskolak | Onartzen da kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea. |
17 05 04 | Inguruan itxitako instalazio bateko merkaturatu gabeko material konpostatua. | Hondakinaren kodea ez da zuzena, lurra eta harriak aipatzen baitira, eta beraz, LER 19 05 01 kodea esleitu zaio, udaletako hondakinetako konpostatu gabeko gaiei eta antzekoei dagokiena. Hondakin mota hau onartzen da eskaeran adierazitako instalaziotik besterik ez ekartzeko baldintzarekin. |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko emisio mailarekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Aldaketa onestea ARBIZUko udal-mugartean dagoen zabortegia eta hondakin ez arriskutsuen transferentziarako zentroa hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integraturako ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Instalazioaren titularra Sakanako Mankomunitatea da. Beraz, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Hirugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa hau onartzen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamenduan eskatzen direnak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Seigarrena.–Ebazpen hau Sakanako Mankomunitatera eta Arbizuko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2021eko azaroaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2117221