287. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

92/2021 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez prestakuntza beka baterako deialdia onesten baita, Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) duten pertsonentzako. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da. DDBN identifikazioa: 598171.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burutzak proposatu du prestakuntza beka bat sortzea eta gero deialdia egitea. Beka jasotzeko, izangaiek Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) eduki behar dute. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Beka hau iragarri eta emanez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bi helburu lortu nahi ditu: alde batetik, ordenamendu juridikoak esleitutako eginkizunak hobeki betetzea, zehazki, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak esleitutakoak; eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, gazteriaren arloan egiten den lanari buruz.

Bekaren deialdiari eta beka emateari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Bekaren zenbateko ekonomikoa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa. 1.080 euro gordin jasoko dira, hilean, bekak irauten duen denbora osoan. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bekadunaren gizarte segurantzaren kotizazioaren kuota ordainduko du, 48,41 euro hilean, bekak irauten duen denbora osoan.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean biltzen diren oinarrien arabera. Beka jasotzeko izangaiek Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazio adarreko unibertsitate titulua (Kazetaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Publizitatea...) eduki behar dute. Bekaren iraupena izanen da 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arte, eta hurrengo bi urteetan luzatzen ahalko da, 2024ko abenduaren 31ra arte. Horrela, legeak baimentzen dituen hiru urteak beteko lirateke, apirilaren 3ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen du).

2. Urtean 13.540,92 euroko gastua baimentzea, baldin eta kreditu aski eta egokirik bada; zenbateko hori honela banatuko da:

• 12.960 euro egotziko dira 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidaren edo xede horretarako gaitzen den partidaren kargura, 1.080 euroko 12 soldata ordaintzeko.

• 532,51 euro, 2022ko urtarriletik azarora bitarteko hilabeteetako Gizarte Segurantzako kotizazio kuotak ordaintzeko. Zenbateko hori 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidari edo xede horretarako gaitzen denari egotziko zaio.

• 48,41 euro Gizarte Segurantzari 2022ko abenduko kotizazio kuota ordaintzeko. 2023ko urtarrilean ordainduko da eta 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidari edo xede horretarako gaitzen denari egotziko zaio.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.080 euro gordin hilean, gehi gizarte segurantzako kuotari dagozkion 48,41 euro hilean. 2023ra eta 2024ra luzatutako beken gastua urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidei edo xede horretarako gaitzen direnei egotziko zaizkie.

2022., 2023. edo 2024. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 26an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Prestakuntza beka baterako deialdiaren oinarriak, Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko

1. Xedea.

Deialdi honen helburua da oinarriak ezartzea, prestakuntza beka bat emateko norgehiagokako araubidean. Beka jasotzeko izangaiek informazio zientzietako edo/eta komunikazio adarreko edozein titulaziotako lizentziadun edo graduatu izan behar dute (kazetaritza, ikus-entzunezko komunikazioa, publizitatea...). Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da.

Bekaren helburua unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea da, Institutuak gazteriaren arloan antolatzen dituen jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.

2. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Beka honen gastua urtean 13.540,92 eurokoa izanen da, baldin eta kreditu aski eta egokirik bada; zenbateko hori honela banatuko da:

• 12.960 euro egotziko dira 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidaren edo xede horretarako gaitzen den partidaren kargura, 1.080 euroko 12 soldata ordaintzeko.

• 532,51 euro, 2022ko urtarriletik azarora bitarteko hilabeteetako Gizarte Segurantzako kotizazio kuotak ordaintzeko. Zenbateko hori 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidari edo xede horretarako gaitzen denari egotziko zaio.

• 48,41 euro Gizarte Segurantzari 2022ko abenduko kotizazio kuota ordaintzeko. 2023ko urtarrilean ordainduko da eta 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidari edo xede horretarako gaitzen denari egotziko zaio.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.080 euro gordin hilean, gehi gizarte segurantzako kuotari dagozkion 48,41 euro hilean. 2023ra eta 2024ra luzatutako beken gastua urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak” izeneko 090002 09110 4809 232100 partidei edo xede horretarako gaitzen direnei egotziko zaizkie.

2022., 2023. edo 2024. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratu eginen dira.

3. Iraupena.

Bekak urtebeteko iraupena izanen du, hasiera batean, eta esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da; edonola ere, hasiera data ez da izanen 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta 2022ko abenduaren 31n bukatuko da. Beka 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera bi urtez luzatzen ahalko da, apirilaren 3ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin bat (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen du).

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Onuradunari hilero 1.080,00 euro gordin ordainduko zaizkio, hilabetea bukatu eta gero, edo dagokion zati proportzionala, hala behar denean. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona atxikiko da. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hilero, bekadunari dagokion gizarte segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.

1.080,00 euro gordineko kopuru hori emanen da, hileko, bekak irauten duen denbora osoan.

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurre-aurreko hiru urtean lortu izana.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

d) Adinez nagusia izatea.

e) Euskararen C1 ezagutza-maila izatea.

f) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Betebehar guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

7. Eskabideak.

7.1. Prestakuntza beka hau eskuratzeko interesa dutenek honako leku hauetan aurkezten ahalko dute eskaera: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea 27, behea, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/Zerbitzuak). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztuko dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskaera-orria (deialdiaren II. eranskina).

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak. Horri gehituko zaio euskararen ezagutza egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

f) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere (III. eranskina).

h) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, bederatzigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.

7.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. Ebaluazio Batzordearen osaera. Batzordearen osaera eta prozeduraren instrukzioa.

8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.

Honako hauek egonen dira ebaluazio batzordean:

–Batzordeburua: Jesús Laguardia Hontañón jauna, Ikasketa Eklesiastikoetako lizentziaduna, Gizarte Laneko diplomaduna eta Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Iñigo Artázcoz Guereñu jauna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Ataleko burua.

–Idazkaria: Raquel Ezquerra Sales andrea, Turismoko graduduna, gazteria arloko teknikaria Gazteriaren Zuzendariordetzan.

Ordezko idazkaria: Benito Daniel Goñi Lara jauna, Soziologiako lizentziaduna, Nafarroako Gazteriaren Institutuko soziologoa.

–Epaimahaikidea: Ana Redín Pascual andrea, Informazio eta Prestakuntza Bulegoko burua.

Ordezkoa: Rosa Oteiza Ugarte andrea, Gazte Mugikortasunerako Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Aniana Alfaro Nicolás andrea, Gazteen Sormenaren eta Beste Zerbitzu Batzuen Bulegoko burua.

Ordezkoa: Jesús Beitia López jauna, Geografia eta Historiako lizentziaduna, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

8.2. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

8.3. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazioaren arabera beka emateko proposamena eginen du eta proposamen hau loteslea izanen da.

9. Balorazio-baremoa.

Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta gehienez 14 puntu lortzen ahalko dira:

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/87 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/03 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

  • Nahiko: 1 puntu.
  • Oso ongi: 2 puntu.
  • Bikain: 3 puntu.
  • Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta alemana.

  • Gehienez ere: 1,5 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik.

B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira. B2 mailatik beherako tituluei ez zaie punturik emanen.

c) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 2,5 puntu eskuratzen ahalko dira.

  • Doktoregoa: 2 puntu.
  • Masterra: 1 puntu.
  • Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.

e) Kazetaritzarekin, ikus-entzunezko komunikazioarekin edo publizitatearekin zerikusia duten baina lizentziaren curriculumean sartzen ez diren gaietan langile edo boluntario gisa izandako esperientzia: Gehienez ere: 1 puntu.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, entitatearen arduradunaren aitorpena, eta abar).

f) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 5 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: gazteekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea, bereziki gazteriaren arlokoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.

10. Beka ematea.

10.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena aztertuta. Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori emanen zaion ere (puntuazio altuena lortzen duenari, alegia), eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpen hori eta hautagaien lehentasun-ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean, informazio gisa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10.2. Beka jasotzeko hautatzen den pertsonak, beka eman zaiola dioen ebazpena jakinarazten denetik 10 laneguneko epean gehienez ere, beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Konpultsak Nafarroako Gazteriaren Institutuan bertan egin daitezke: Yanguas y Miranda k. 27, behea. 31003 Iruña). Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, modu berean jokatuko da ondokoekin ere.

11. Tutoretzak.

11.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak koordinatuko ditu bekaren onuradunak egin beharreko jarduerak.

11.2. Prestakuntza honetako tutoretza-, gainbegiratze- eta zuzendaritza-lanak Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak eta Nafarroako Gobernuaren Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak izendatzen duen pertsonak eginen dituzte. Azken honek beka honetan eskatzen den maila bereko edo maila handiagoko titulazioa eduki beharko du. Tutoreak prestakuntza ekintza batzuk egitea aginduko du, gazteei –zentzu zabalenean– zuzendutako komunikazioa garatzen lagundu dezan. Orobat, Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarean egiten diren lanetan parte hartzea agintzen ahalko dio, eta, horrez gainera, Institutuaren sare sozialak eguneratu eta garatzeko lanetan, web-orriaren edukiak eguneratzeko lanetan eta gazteentzako ekitaldiak hedatzeko lanetan parte hartzea. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) prestatzen dituen ikastaroetan –interesgarri jotzen direnetan– parte hartuz osatuko du bere prestakuntza. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituela.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, bekadunak jaso duen bekaren azkeneko hilekoa itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13. Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskabide-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

14. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Nafarroako Gazteriaren Institutuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren xede diren jarduerak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

16. Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17. Lan edo administrazio harremanik eza.

17.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

17.2. Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

18. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

19. Ez-betetzeak.

Bekadunak esleitzen zaizkion betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, azken txostena aurkezten ez badu, edo tutorearen oniritzia lortzen ez badu, edo beka emateko aintzat hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta, batez ere, bateraezinak diren bekak edo dirulaguntzak lortuz gero, beka itzuli beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarri bezala.

20. Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari zuzendua.

Deialdi honen aplikazio ekintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua.

Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

21. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2117051