287. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 14koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, “Koloreetako Nafarroa 2021” saria ematen duena.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuarekin bat etorriz, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari, besteak beste, honako eskumen hauek eskuordetu zitzaizkion: Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan zehaztutako politika garatzea eta koordinatzea, etorkinen integrazioa, eta aniztasun etniko eta kulturalaren kudeaketa.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren barruan, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren eginkizunen artean daude sentsibilizazio ekintzak diseinatu eta abian jartzea, kulturen arteko bizikidetza, gizarte aniztasuna eta migrazioen balioa balioesteko, eta baita kulturen arteko bizikidetza eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borroka hobetzeko beste edozein ekintza ere.

Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren urriaren 28ko 32/2021 Foru Aginduaren bidez, “Koloreetako Nafarroa 2021” sarirako deialdia egin zen. Sariaren helburua da aitortza publiko egitea Foru Komunitatean nabarmendu den migratzaile bati. Era berean, balioetsi nahi dira, udal-esparruan, hezkuntzan edo ikus-entzunezkoen, irratien edo hedabide grafikoen arloko lanean, bizikidetza eta kultur aniztasuna Nafarroaren garapen-faktore gisa nabarmentzen dituzten ekimenak eta jarduketak.

Aurkeztutako hautagaitzak aztertu eta deialdiaren oinarrien arabera baloratu ondoren, epaimahaiak erabaki du sari hau Chaimae Daoudi ematea proposatzea: “Nafarroan bizi den atzerritar jatorriko migratzaile batentzako Koloreetako Nafarroa saria, 2021ean gure komunitateko migratzaileen elkarbizitzaren balioak eta populazio migratzailearen balioak ordezkatzen dituena”. Halaber, erabaki du Abrahaj Busari eta Esperanza Vidal Morenori akzesitak ematea proposatzea.

Halaber, aipamen hau Flor de África elkarteari ematea proposatzea erabaki du: “Nafarroan kulturarteko bizikidetzan eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan parte-hartze aktiboa, lankidetza eta ekarpena izateagatik 2021ean nabarmendu den pertsona, gizarte-entitate edo elkarteari aipamen berezia”.

Azkenik, erabaki du proposatzea Iruñeko Udalari ematea aitortza hau: “Koloreetako Udalak, kulturarteko bizikidetzaren eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren balioak sustatu dituen Nafarroako Foru Komunitateko toki-entitateari”, Udaltzaingoaren CLARA programagatik; eta “Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bateko kulturarteko bizikidetzarako jardunbide egokiak” izeneko aitortza Huarte BHIri ematea, hizkuntzan murgiltzeko lanaldi osoko programarengatik; eta 30 TVri ematea beste aitortza hau: “Pertsona batek edo komunikabide batek kulturartekotasuna eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka sustatzeko egindako ikus-entzunezko, irratiko edo bitarteko grafikoko lan batengatik”, Destino Futuro programarengatik.

Horrenbestez, epaimahaiak emandako epaiaren akta ikusirik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Koloreetako Nafarroa” saria Chaimae Daoudi ematea, eta akzesitak Abrahaj Busari eta Esperanza Vidal Morenori ematea. Saria ematen zaio “Nafarroan bizi den atzerritar jatorriko migratzaile bati, 2021ean gure komunitateko migratzaileen elkarbizitzaren balioak eta populazio migratzaileen balioak ordezkatzen dituenari”.

2. Flor de África elkarteari aipamen berezi hau ematea: “2021. urtean bere parte-hartze aktiboagatik, lankidetzagatik eta kulturen arteko bizikidetzari eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokari eginiko ekarpenagatik nabarmendu den pertsona, gizarte-erakunde edo elkarteari”.

3. Iruñeko Udalari ematea “Koloreetako Udala” aitortza, “kulturarteko bizikidetzaren eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren balioak sustatu dituen Nafarroako Foru Komunitateko toki-entitateari”, Udaltzaingoaren CLARA programagatik.

4. Huarte BHIri aitortza hau ematea: “Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bateko kulturarteko bizikidetzarako jardunbide egokiak” izenekoa, hizkuntzan murgiltzeko lanaldi osoko programarengatik.

5. 30 TVri aitortza hau ematea: “Pertsona batek edo komunikabide batek kulturartekotasuna eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka sustatzeko egindako ikus-entzunezko, irratiko edo bitarteko grafikoko lan batengatik”, Destino Futuro programarengatik.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Foru agindu hau igortzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 14an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2117393