287. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

294E/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozleak diren profesional sanitarioen Erregistroaren antolaketa arautuko duen foru aginduaren proiektua prestatzeko prozedurari.

Uztailaren 29ko 71/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean hiltzeko laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordea sortu zen, bai eta Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozleak diren profesional sanitarioen Erregistroa ere. Horrekin batera honako hauek finkatu ziren aipatu erregistroari dagokionez: xedea eta helburuak, bertan inskribatu daitezkeen pertsonak, inskribatzeko eman beharreko datuak, inskribatzeko prozedura, erregistroko datuetan sartzeko modua, eta ondorioak eta indarraldia.

Uztailaren 29ko 71/2021 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluak ezartzen du erregistroaren antolaketa telematikoa izanen dela, eta osasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak emanen duen foru agindu baten bidez arautuko dela. Bestalde, foru dekretu horren 17. artikuluan xedatzen da berariaz gaituko diren osasun zentroen kudeatzaileak sartzen ahalko direla erregistroan inskribatutako aitorpenetan, baina, betiere, erregelamenduz gaitzen den moduan, behar diren konfidentzialtasun baldintzak bermatuz eta datu pertsonalak babesteko araudia betez.

Hori ikusirik, beharrezkoa da aipatutako araudia garatzea eta Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozleak diren profesional sanitarioen Erregistroaren antolaketa arautzea, erregistroaren funtzionamenduan indarreko araudian ezarritako berme guztiak bete daitezen, batez ere datu pertsonalak babesteari dagozkionak.

Hori horrela, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, eta bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. artikuluan xedatutakoarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Hasiera ematea Hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozleak diren profesional sanitarioen Erregistroaren antolaketa arautuko duen foru agindua prestatzeko prozedurari.

2. Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzua eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia izendatzea foru agindu hori prestatu eta tramitatzeko organo arduradun gisa.

3. Foru agindu hau igortzea Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzura eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Iruñean, 2021eko abenduaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2117311