285. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Bizitegitarako hiri-lurzoruan portxeak eraikitzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2021eko irailaren 29an egin osoko bilkuran, Altsasuko Bizitegitarako hiri-lurzoruan portxeak eraikitzea arautzen duen udal ordenantza hasiera batean onetsi zuen. Ordenantza horren iragarkia 2021eko urriaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 242. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean jartzeko epea igaro eta alegaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onesten da ordenantza horren aldaketa, eta haren testu osoa argitaratzea xedatzen da, dagozkion ondorioetarako.

Altsasun, 2021eko abenduaren 2an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ERANSKINA

ALTSASUKO BIZITEGITARAKO HIRI-LURZORUAN PORTXEAK ERAIKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Hitzaurrea

Ordenantza honen xedea da baldintzak ezartzea Altsasuko udalerriko bizitegitarako hiri-lurzoruan portxeak egikaritzeko. Ordenantza hau eman da eraikuntza elementu berezi hori egikaritzeko herritarren eskariari erantzuna emateko.

Ordenantza hau uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 65. artikuluak xedatzen duenaren arabera onesten da (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Ordenantza honen bidez hiri-lurzoruko lurzatietan portxeak eraikitzeko erregulazioa garatu nahi da, udalerriko hirigintza-antolamenduko araudiaren babesean, modu koherentean eta zehaztapenekin bat etorriz, eta planeamenduaren parte izan behar duten elementuei eragin gabe.

Eraikuntza tipologia horrek errespetatu egin beharko ditu, halaber, une bakoitzean indarrean dauden sektoreko xedapenak, segurtasunari, osasungarritasunari, bizigarritasunari, energia-aurrezpenari eta eraikuntzen kalitateari buruzkoak, eta ondare urbanistikoaren, arkitekturakoaren, historikoaren, kulturalaren, naturalaren eta paisaiakoaren babesari buruzkoak.

Eraikuntza baten elementua dela aintzat hartuta, azaroaren 5eko Eraikuntzaren antolamenduari buruzko 38/1999 Legeak aurreikusitako oinarrizko betekizunak kontuan hartu beharko dira.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Altsasuko udalerriko bizitegitarako hiri-lurzoruko lurzatietan portxeak eraikitzea, nahiz eta lurzatiaren eraikigarritasuna kontsumituta egon.

Portxetzat jotzen da alboetatik irekita eta goitik itxita dagoen arkitektura-espazioa, eraikuntza bati lotuta dagoena.

2. artikulua. Mugak.

1. Oro har, hirigintzako antolamenduak kontrakoa xedatzen ez badu, portxeak egiteko baimena emango zaie bizitegitarako hiri-lurzoruko lurzatietan dauden eraikuntza tipologia guztiei, salbu eta katalogatutako higiezinei. Horiek bakoitzarentzat xedatutako esku-hartze araubidearen mendean egongo dira.

2. Debekatuta dago portxeak egikaritzea atzeraeman-guneko edo jabari publikoko espazioak osorik edo hein batean hartzen badituzte.

3. Ordenantza honetan araututako portxeen eraikuntza ez da kontuan hartuko ukitutako lurzatiaren eraikigarritasunaren ondorioetarako.

4. Ordenantza honetan xedatutakoaren eta Plan Orokorraren hirigintza-araudian adierazitakoaren artean kontraesanik badago, azken horren alde ebatziko da.

II. TITULUA

Baldintza teknikoak

3. artikulua. Portxeak egikaritzeko eskakizunak.

Beheko solairuan edo terrazetan eraiki ahal izango dira, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Eraikin nagusiari atxikita eraikiko dira.

b) Honako hauek izango dira gehieneko neurriak:

–Luzera: atxikitako fatxadarena.

–Hondoa: 3,0 m (estalkiaren proiekzioa oinplanoan).

–Estalkiaren malda: %30-40.

–Garaiera: atxikitako fatxadarena (beste jabe baten gaineko etxebizitzaren forjaturaino). Fatxadatik 3 metrora gutxieneko garaiera 2,10 metrokoa izango da eta gehienekoa, 2,50 metrokoa.

4. artikulua. Materialak.

Eraikitzeko erabiliko diren materialak honako hauek izango dira:

1. Egitura: egurrezkoa edo fatxadan erabilitako materialaren antzekoarekin estalitako obra.

2. Estalkia: teila zeramikoa.

Dena den, onargarria izango da portxeak atxikita izango duen eraikuntzan erabilitako materialen eta eraikuntza sistemen antzekoak erabiltzea, baldin eta estetika eta apaingarriak behar bezala errespetatzen badira. Kasu horretan, zehaztu egin beharko dira osaketa eta materialak hautatzean izandako irizpideak.

5. artikulua. Mugak.

1. Portxeak irekiak izango dira alde guztietatik (salbu eta atxikitako fatxadatik eta estalkitik).

2. Portxeak markorik gabeko beirazko elementuen bidez itxi ahalko dira, erabilgarriak eta desmuntagarriak, portxeari estankotasuna ematen ez diotenak. Portxea ezin izango da inola ere etxebizitza atxikiari gehitu.

Era berean, portxeak 60 cm-ko tartea izan beharko du alboko etxebizitzetako edozein baotatik, argi zeiharren zortasuna babesteko.

3. Gutxienez 3 metro libre utzi beharko dira (portxearen luzerari perpendikular) pareko partzelaraino, eraikineraino edo terrazaraino.

4. Eraikin berari dagozkion portxe guztiak modu unitario eta homogeneoan egikaritu beharko dira (sistema eta material, garaiera, lerrokatze eta abar berberak).

III. TITULUA

Araubide juridikoa

6. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Portxeak egikaritu aurretik obra handiko hirigintza-lizentzia lortu behar da (handitze-obra), eragotzi gabe sektoreko legedia aplikagarriari jarraikiz dagozkion baimenak behar izatea.

2. Lizentzia emateko izapideak izango dira Nafarroako eta Estatuko araudi aplikagarriak xedatutakoak.

3. Lehen erabilera eta hura aldatzea ere lizentzia lortzearen mendean daude.

4. Portxearen azalera berria dagokion lurzatiari lotutako udal-katastroan sartuko da.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Lizentzia eskabidearekin batera, ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, bai eta bidezko den beste dokumentazioa ere (baimen sektorialak edo bestelakoak).

Dokumentazio teknikoan, gutxienez, hauek jaso behar dira:

–Memoria, hirigintzako bateragarritasuna eta ordenantza honetako baldintzak betetzen direla frogatzen duena.

–Oinarrizko proiektua, aurrekontua eta planoak barne, eta elkargoak ikus-onetsia.

–Segurtasun eta osasun azterlana.

–Hondakinen kudeaketaren azterketa.

2. Hirigintza-bateragarritasuna eta Ordenantza honetako eskakizunak betetzen direla egiaztatzen ez bada, prozedura amaituko da eta espedientea artxibatu egingo da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arau honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak indargabetu dira, eta, bereziki, Altsasun portxeak eraikitzeko ordenantza, 2006ko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 23an, argitaratu zena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko ezarritako epea iragan ondoren, haien egintza edo erabakiak deuseztatzeko.

Iragarkiaren kodea: L2117056