285. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Barasoaingo Udalak, 2021eko irailaren 18an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Barasoaingo Udalaren Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin, onetsiriko ordenantza jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunean (2021eko maiatzaren 8an onetsi zen hasiera batez eta erabaki hori 2021eko 173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 26an). Jendaurreko aldian ez zuen inork alegaziorik aurkeztu.

Barasoainen, 2021eko azaroaren 19an.–Alkate udalburua, Rita Roldán Murillo.

HITZAURREA

Nafarroako Toki Administrazioaren eskumena da bere ondasunak arautzea eta bere helburuak lortzeko behar dituen baliabideak lortzea. Halako baliabideen artean, tributuz besteko baliabideen artean zehazki, udalerrien herri-ondasunen aprobetxamenduak daude (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 5.1.a).2 artikulua).

Baliabide horiek kudeatze aldera, haiek arautzeko ordenantza bat onetsi beharko da (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.2 artikulua), eta horregatik agertu da Barasoaingo Udalak ordenantza hori onetsi beharra. Orain arte, Udalak horri buruz zuen erregulazioa 1988koa da laborantzako herri-lurren kasuan, eta, beraz, interes publikokoa eta komenigarria deritzo haiek arautzeari, Nafarroako Gobernuak ezarritako arau eta prozeduren bidez.

Ezarri nahi den erregulazioa bat dator arlo honetan indarrean den legediarekin, eta haren aurretik herritarren parte-hartzerako prozesu bat eginen da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Aprobetxamendu horietarako ezartzen diren prozedurak, araudiarekin koherenteak izateaz gain, proportzionalak eta ezinbestekoak ere badira, segurtasun juridikoa bermatu eta emanen bazaie haien onuradun izan daitezkeen bizilagunei.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Barasoaingo Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Definizioa.

Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Ezaugarriak.

Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Barasoaingo herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Udalari dagozkio, arau hauetan azaltzen den eran: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Ondasunen erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Udalaren ahalmenak herri-ondasunen gainean.

Barasoaingo Udalari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunei buruz Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Desafektazioa, saltzeko edo trukatzeko.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Barasoaingo Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Udalaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

6/1990 Foru Legean eta haren erregelamenduzko xedapenetan, eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren II. tituluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Udalaren betebeharra herri-ondasunen gainean.

Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.

8. artikulua. Jabetza berreskuratzea.

Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta udal idazkariak edo legelariak txostena eginda, non jasoko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia eginen da toki administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Era berean, Udalak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Defentsa eta zaintza.

Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Herri-ondarea berreskuratzea.

Ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero, Barasoaingo Udalak Nafarroako Gobernuaren aurretiazko eta berariazko baimena beharko du, aplikatu beharreko araudian hala ezarririk dagoenean.

11. artikulua. Eskubideak azkentzea.

Udalak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Kontratuen interpretazioa.

Barasoaingo Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Herritarren ekimena.

Barasoaingo Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Aprobetxamenduen helburua.

Udala ahaleginduko da herri-lurrak ustiatzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

Herri-ondasunen aprobetxamenduak eginen dira kontuan hartuz baliabide natural berriztagarriak direla, eta horretan bateratu beharko dira haien arrazoizko erabilera eta kontserbazio egokia.

15. artikulua. Aprobetxamendu motak.

Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

16. artikulua. Onuradunak.

1.–Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, legez eratutako familia-unitateek eta izatezko bikoteek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urte lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Egunean izatea Barasoaingo Udalarekiko betebehar fiskalak.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Udalak argituko ditu osoko bilkuran, banan-banan.

17. artikulua.

1. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa baino ehuneko hamar eta hogei merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.

2. Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere.

3. Hala ere, laborantzako herri-lurren edo herri-larreen aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, aski izanen da toki erakundearen iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

18. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamendu moduak.

Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoa edo Udalaren zuzeneko ustiapena.

Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak

19. artikulua. Onuradunak.

1.–Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak, eta familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak.

2.–Familia-unitatean baldin bada ezintasun fisikorik edo psikikorik duen kiderik, agiri bidez frogatuta, horietako bakoitzeko kontuan hartu beharreko diru-sarrera izanen da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren parekoa.

3.–Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, eta horren gisako beste edozein datu.

20. artikulua. Loteen eredua.

1.–Laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako azalera, guztira, 137,69 bat hektarea da, lehorreko alorretan. Eredu-loteak zehaztuko dira aprobetxamenduaren adjudikazioa egiten denean.

2.–19. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea.

Asko badira baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Udalak ordenantza honen 19. eta 20. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta era arrazoituan. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

21. artikulua. Epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.

Urte anitzeko laboreen kasuan, Udalak horretarako baimena eman ondoren, 15 urte bitarte luzatzen ahalko dira, edo laborearen balio-bizitzak irauten duenerako, eta hura iraganik, hondar-balioa Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe. Kasu honetan, epea luzatzeko baimena ematerakoan, egiaztatuko da ea lurzati horien onuradunek adjudikaziorako baldintzak betetzen dituzten. Betetzen ez badituzte, Udalak beste onuradun bati adjudikatuko dizkio.

Betiere, aprobetxamendua bertan behera uzten ahalko da horretara behartzen badute ohiz kanpoko inguruabarrek, hala nola lurzatiak biltzeak edo ezinbesteko beste edozein arrazoik.

22. artikulua. Kanona.

Herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona adjudikazio prozedura abiarazteko unean ezarriko da. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 baino gehiago.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera. Indize hori negatiboa baldin bada, kanona ez da aldatuko.

Nolanahi ere, kanonak gutxienez izan beharko du Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa.

23. artikulua. Laboratzeko modua.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

24. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonalaren deskripzioa.

Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak edo haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek.

Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira, gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten duena. Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Barasoaingo Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo dena delako beste arrazoiren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 26. artikuluan xedaturikoa aplikatuko da.

25. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonalaren presuntzioa.

Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez badira erabiltzen adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Adjudikaturiko lurzatiak ez badira zuzenean eta pertsonalki lantzen ordenantza honen 23. eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak) eta agindu epean aurkezten ez badira: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean ez bada aitortzen nekazaritzako etekinik, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Baldin ez bada lantzen adjudikaturiko lurzatiaren %80, gutxienez.

f) Laborantzako lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematen bazaizkie hirugarren batzuei.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahalko dira, baina ereintza eta gainerako lanak adjudikaziodunak berak egin beharko ditu.

b) Zerealak: onartuko da kontratatzea ereintzan, herbizida botatzean, uzta biltzean eta fardoak egitean.

26. artikulua. Salbuespenak zuzeneko laborantza pertsonalean.

Ezintasun fisikoagatik edo beste arrazoiren batengatik, titularrak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, dela adjudikatzeko unean, dela aprobetxamenduaren epean zehar, hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez adjudikatuko ditu Udalak lurzati horiek, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez.

Barasoaingo Udalak badu eskumena ezintasun fisikoa edo beste arrazoiren bat noiz gertatzen den erabakitzeko, eta egoki iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Ezintasun fisikoa edo materiala dela eta, adjudikaziodunak ezin badira herri-lurzatiez zuzenean arduratu, horretarako baliabiderik ez izateagatik, eta egoera hori egiaztatzen badute eta haien banakako diru-sarrerak badira lanbide arteko gutxieneko soldataren %60 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerak, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak, Udalak lurzati horiek adjudikatuko ditu kapitulu honen hirugarren atalean ezarri den moduan.

Bi kasuetan, Udalak lurzatien titularrei adjudikaziotik eskuraturiko diru-sarrerak ordainduko dizkie, dagokion kanona kendu ondotik.

27. artikulua. Apartzeria.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

Lurra kentzeko, aurretik Udalak espedientea irekiko du eta entzunaldia emanen dio interesdunari.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

28. artikulua. Deskribapena.

Lehentasuna duten herritarren beharrei 1. atalean ezarritakoaren arabera erantzun ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean.

29. artikulua. Loteen eredua.

Lehentasuna dutenentzako adjudikazioa egin ondotik erabakiko du Udalak herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbiekiko alderantzizko proportzioan.

30. artikulua. Epea.

Adjudikazioaren epea 21. artikuluan ezarritako berbera da.

31. artikulua. Kanona.

Herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona adjudikazio prozedura abiarazteko unean ezarriko da. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere nekazaritzako KPIaren arabera. Indize hori negatiboa baldin bada, kanona ez da aldatuko.

Nolanahi ere, kanonak gutxienez izan beharko du Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa.

32. artikulua. Laboratzeko modua.

Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, 23., 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraikiko zaio.

33. artikulua. Erreserba.

Udalak erreserbatu eginen du laborantzako herri-lurren azalera bat, onuradun berriei adjudikatzeko.

Erreserba hori behin-behinean adjudikatzen ahalko du Udalak, baina halako adjudikazioak bertan behera geldituko dira aprobetxamendua lehentasuneko eskubidea duen onuradun berri bati adjudikatzeko. Horren ondorioetarako, adjudikaziorako egiten diren baldintzetan inguruabar hori sartuko da.

34. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago izatea laborantzako aprobetxamenduan.

Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, kendu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraikiko zaie ordenantza honen 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei.

3. ATALA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko prozedura

1. AZPIATALA.

Herritarrentzako aprobetxamenduak adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Hasiera.

Barasoaingo Udalak osoko bilkuran harturiko erabaki baten bidez, 15 egun balioduneko epe bat irekiko da, ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzen denetik hasita, herri-lurren adjudikazioa eska dezaten aprobetxamendurako eskubidea dutela uste duten guztiek.

36. artikulua. Eskabidea eta dokumentazioa.

Eskabideekin batera zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko da, edo beharrezkoak diren frogagiriak, honako hauei buruzkoak:

a) Herriko bizilaguna izatea, ordenantza honen 16. artikuluan eskatzen den antzinatasunarekin.

b) Urtean 9 hilabetez bederen egiazki eta jarraian Barasoainen bizitzea.

c) Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

d) Familia-unitatea osatzen duten kideak frogatzea. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduen kasuan, eskatzaileek aipatuko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

e) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, aitortutako azken urteari dagokiona.

f) Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) dagokion aitorpena.

g) Eskabidean adieraztea zer lurzatiren adjudikazioa lehenesten den.

h) Katastroko ziurtagiria, jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera eta haietako laborantza motak jasotzen dituena.

i) Zinpeko deklarazioa, errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak eta haietako laborantza motak adierazten dituena.

Barasoaingo Udalak ahalmena izanen du behar den dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren agiri eta datu objektiboetan oinarriturik; era berean, eskatzaileen edo adjudikaziodunen lan egoera –jardunean edo erretiratuta– erakusten duen edozein agiri ere eskatzen ahalko du.

37. artikulua. Onartuen zerrenda.

Proposamenak ikusi ondoren, Barasoaingo Udalak onetsiko du adjudikazio modu bakoitzean onartu direnen zerrenda, alegia, lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioan eta herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Aurkezten diren eskaerak adjudikatzeko diren lurrak baino gehiago badira, zerrenda bat osatuko da, eta baztertuko dira diru-sarrera zenbatetsien edo agiri honetan ezartzen diren bestelako irizpideen arabera puntuaziorik handiena lorturiko eskaerak.

Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan jarriko da 10 egun naturaleko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du mota bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda.

Behin ikusirik behin betiko zerrendak, non jasotzen baitira aprobetxamendurako eskubidea duten familia-unitateetako titularrak, lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako batean eta herritarrentzako zuzeneko aprobetxamendurako bestean, Barasoaingo Udalak loteak adjudikatuko ditu.

38. artikulua. Adjudikazioa.

Lurzatien adjudikazioa buruturik, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean jarriko da Udalaren iragarki-taulan, 15 egunean, eta Udalak zerrendak onetsiko ditu osoko bilkuran.

Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, ebatzi eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

Behin betiko adjudikazioa Udalaren iragarki-taulan argitaratzeaz gain, banan-banan jakinaraziko zaie onuradunei, administrazio-prozedura erkidearen araudian xedatuarekin bat.

2. AZPIATALA

Enkante publikoa edo Udalaren zuzeneko ustiapena

39. artikulua. Prozedura.

Laborantzako lurrik sobera badago herritarrentzako aprobetxamenduak adjudikatu ondoren, Barasoaingo Udalak enkante publikoan adjudikatuko du. Adjudikazio hori bukatzeko epea bat etorriko da banaketa berria egin beharreko unearekin, ordenantza honen IV. tituluaren V. kapituluan (enkanteen prozedurari buruzkoa) eta Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

Udalak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira.

Laborantzako lurrik sobera badago enkantea egin ondoren, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

3. AZPIATALA

Uko egitea, galtzea, uztea, lurzati hutsak eta luzapena

40. artikulua. Aprobetxamenduari uko egitea, hura uztea eta galtzea.

Borondatez uko egiten bazaio egokituriko herri-lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari, erabiltzeko aukera galduko da aprobetxamenduaren epe osorako. Halaber, Udalari kalte-ordaina eman beharko zaio sortu zaizkion kalteengatik, eta uko egin den urteko kanona ordaindu beharko da.

Hala ere, Udalaren organo eskudunaren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak agiri honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izanen du.

Aprobetxamendua utzi nahi bada hura erabiltzeko ezarririko epea bukatu baino lehen, adjudikaziodunak gutxienez 2 hilabete lehenago abisatu beharko du.

Herri-lurzatiak erabiltzeko aukera, nolanahi ere, hurrengo arrazoi hauengatik galduko da: herriko bizilagun izateari uzteagatik, herrian urtean 9 hilabetez egiazki bizi ez izateagatik edo Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik, eta lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzeagatik, edo Udalak zehazten dituen beste baldintza batzuk ez betetzeagatik.

41. artikulua. Lurzati hutsak adjudikatzeko prozedura.

Lurzati hutsik gelditzen bada laborantzarako adjudikaturiko epearen barruan, hainbat arrazoi direla eta (apartzeriak, uko egiteak, erretiro hartzea, ez adjudikatzea...), adjudikazio berriak eginen dira urtero lurzati horietarako.

Adjudikatzeko prozedura izanen da aurreko artikuluetan zehazturikoa, alegia, lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendua, herritarrentzako zuzeneko aprobetxamendua, enkantea edo zuzeneko ustiapena, hurrenkera horretan, ordenantza honetan ezarririk dagoenarekin bat.

Adjudikatzeko dauden lurzatiak eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira herritarrentzako aprobetxamenduetan, lehenik eta behin adjudikatuko zaizkie onuradun izateko baldintzak bete dituztenei; gainerakoentzat, kanporatzeko zozketa bat eginen da, eta kanpoan gelditzen direnek lehentasunezko txandan egonen dira hurrengo urteko adjudikazioa egin arte.

Herri-lurzatien adjudikazio berriak emateko aurreko artikuluan aipatzen den urteroko zozketa eginen da Udalak ezarririko egunean, eskaerak onartu ondoren betiere, eta bat etorriz Udalaren iragarki-taulan jendaurrean jarriko den ediktuaren edukiarekin.

42. artikulua. Aprobetxamenduaren adjudikazioaren luzapena.

Laborantzako herri-lurrak adjudikatzeko prozedura hastea eragozten duten salbuespenezko inguruabarrak sortzen badira, behar bezala justifikatuak, aprobetxamendua luzatzen ahalko zaie ordu arte izan dutenei, urtebetez gehienez, edo salbuespenezko egoerak berriz adjudikatzeko aukera eragozten ez duen arte.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Bazkalekuaren deskribapena.

Barasoaingo Udalaren herri-larreek eta antzinako ohituraz, legez edo hitzarmenez ustiapen unitate bat osatzen duten finka partikularrek Barasoaingo udal-mugarte guztia hartzen duen bazkaleku bat osatzen dute. Hona hemen Barasoaingo Udalaren titulartasuneko bazkalekuak eta haien mugak:

1. bazkalekua, “Del Pueblo”; 2. bazkalekua, “Kapillau”; 3. bazkalekua, “Oianzarra”; eta 4. bazkalekua, “Mendiari”.

1. bazkalekua, “Del Pueblo”:

Garinoaingo mugak, Lepuzaingo mugak eta Mendibileko mugak zedarritutako lurra hartzen du, pinuen hegoaldeko zatiraino, Del Lobo iturriraino jarraikiz bide zaharretik Ezpeletara iritsi arte; hortik, bide zaharretik, M.ª Jesús Indurainen eskortaraino, San Pedroko bidea gurutzatu eta María Jesús Indurainen eta Saturnino Zaratieguiren finken artean, Kapillauko bide zaharrera iritsi arte; hortik, Jose A. Ezcurraren eta Román Flamariqueren finken mugatik joz, Mendiariko bidera iritsi arte, eta hori gurutzatuz eta Carmelo Ibarrolaren eta Nicolas Liberalen finken arteko mugatik jaitsiz, Garinoaingo mugara iritsi arte.

Azalera: 78,45 hektarea gordin.

2. bazkalekua, “Kapillau”:

Artaxoako mugak, Garinoaingo mugak, eta Garinoaingo Del Monte iturritik igotzen den ubideak zedarritutako lurra hartzen du, J. Alduánen eta Benedicto Odérizen finken artean eta Bereterraraneko arroilatik gora Kapillauko bide zaharreraino, Del Horno eskorta barne Kapillauko gainaren aldetik, lurzati berrantolamenduko bidera eta Eslava senideen finkaraino.

Azalera: 216 hektarea gordin.

3. bazkalekua, “Oianzarra”:

“Del Pueblo” bazkalekuak hegoaldean zedarritutako lurra hartzen du, mendiko ubidetik jarraikiz Tirapuko mugara iritsi arte, eta hortik Mendibileko mugaraino.

Azalera: 225 hektarea gordin.

4. bazkalekua, “Mendiari”:

Olkotz, Tirapu eta Añorbeko mugak iparraldean zedarritutako lurra hartzen du; hegoaldean, “Del Pueblo” bazkalekuak eta Garinoaingo mugak; mendebaldean Kapillauko bazkalekuak eta ekialdean Oianzarreko bazkalekuak zedarritzen dute.

Azalera: 314 hektarea gordin.

44. artikulua. Aprobetxamendu modua.

Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasun ordena honetan:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

45. artikulua. Onuradunak.

Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira onuradun herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki erakundearen baimena eduki beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

46. artikulua. Larreen aprobetxamendua erabiltzeko modua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.

Aurreko paragrafoan xedatu denari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da, orobat, aprobetxamendu hori egitea onuradunek legez eratutako talde edo elkarteetan; betiere, kideek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezartzen diren baldintzak.

Zuzeneko aprobetxamendu pertsonaltzat hartzen segituko da, dena den, baldin soldatapekoak hartzen badira gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, Udal honen iritziz aprobetxamendua pertsonalki egitea eragozten duena. Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Barasoaingo Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo dena delako beste arrazoiren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta jarduera zuzenean eta pertsonalki egiterik ez bada, Udalak aprobetxamendu hori adjudikatuko du, bat etorriz 44. artikuluan xedaturiko prozedurekin.

47. artikulua. Zuzeneko aprobetxamenduaren deskribapena.

Belarren adjudikaziodunek lugorriei kalte eragitea saihestuko dute; izan ere, lugorriak ekainetik irailera bitartean baino ezin dira larratu, Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) araudietan aldaketak egin ezean. Kalteak eragiten badira, udal zerbitzuek ebaluatuko dituzte, eta horiek eragin dituen adjudikaziodunak lurzatiaren titularrari dagokien ordaina emanen dio.

Hori betetzen ez bada, bidezkoa den kalte-ordainaz gainera, Udalak kasuan kasuko legezko zehapenak ezarriko ditu.

Azienda ezin izanen da sartu mahastiak landatuta dauden lurzatietan, izan herri-lurretan zein lurzati partikularretan, landaketak iraun bitarte; horregatik, bazkaleku bakoitzean dagoen labore horren azalera adjudikazio preziotik deskontatuko zaio abeltzainari.

Betiere, belarren aprobetxamendua murrizten duten labore iraunkorrak edo bizi luzekoak landatzeko, Udalaren baimena beharko da aldez aurretik, eta Udalak ezarritako baldintzak onartu beharko dira.

Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez direla larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen, besteak beste:

a) Baja ematen bazaio aziendari edo abeltzaintza jarduerari Udalaren zergetan.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean ez bada aitortzen abeltzaintzako etekinik, horretara beharturik egonik.

c) Bazka ekoizteko lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematen edo lagatzen bazaizkie hirugarren batzuei.

d) Zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak eskatu, eta agindu epean aurkezten ez badira: artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.

48. artikulua. Epea.

Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

49. artikulua. Kanona.

Kontuan hartuz jasan daitekeen azienda kopurua eta larreen kalitatea. Kontuan hartuz, halaber, aziendak larratzean egiten duen lana landarediko eremuak kontrolatuz, eremu horiek abandonatuta utziz gero suteetarako arriskutsuak bilakatzen baitira. Udalak kanona ezarriko du adjudikazio prozedura abiarazteko unean, artegiak edo eskortak, laborantzako herri-lurrek, horietatik banandutako lurzati txikiek eta larre naturalek, zuhaixka larreek eta zuhaitz eremuek osatzen duten multzo osoagatik, gogoan izanik larreen balio errealaren %80 eta %90 artekoa izan behar duela.

Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da KPIaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde ofizial eskudunak urte bakoitzerako Nafarroan onesten dituen indizeen arabera, herri-larre horiek aprobetxatzen dituzten azienda motentzat.

50. artikulua. Kanona ordaintzeko modua.

Bi epetan (2) ordainduko da urte bakoitzeko kanonaren zenbatekoa:

Lehen epea: urteko zenbatekoaren %50 ordainduko da, adjudikazioa egiten denetik hiru hilabetera, zehazki, hilabete horiek igaro ondoko hamabost egunen barruan.

Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50 ordainduko da, hamabi hilabetera, zehazki, hilabete horiek igaro ondoko hamabost egunen barnean.

Ordaintzen ez bada, premiamendu-bidez ordainaraziko da, aplikatzekoa den zerga-araudiarekin bat.

51. artikulua. Fidantza.

Adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean, onuradunak fidantza gisa utzi beharko du adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru-kopuru osoaren %5, salbu eta Udalak beharrezkotzat jotzen ez badu.

52. artikulua. Erreserba.

Barasoaingo Udalak larre guztien bostena gordetzen ahalko du, urteroko adjudikaziorako, onuradun berriak agertzen badira ere. Onuradun berrientzako nahitaezko erreserba, azaleraren % 5, hain zuzen, gordeko da 3. bazkalekuan (Oianzarra) eta 4. bazkalekuan (Mendiari), bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak ezarritakoarekin.

53. artikulua. Kokapena.

Udalak ahalmena izanen du noiznahi lurraren erabileraz erabakitzeko, horrek belarren aprobetxamenduaren murrizketa ekarrita ere, azpiegitura lanak, landaketak, oihan berritzeak eta bestelakoak egiteko, betiere bazkalekuaren adjudikaziodunari horren berri eman ondoren, hilabete lehenago gutxienez.

Kasu horretan, murriztutako azalerari proportzioz dagokion kopurua kenduko da aprobetxamenduaren preziotik.

1. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko aprobetxamendua adjudikatzeko prozedura

54. artikulua. Hasiera.

Barasoaingo Udalak aurretiaz erabakia hartuta, 15 eguneko epe bat irekiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten, ediktua argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki erakundearen iragarki-taulan.

55. artikulua. Eskabidea eta dokumentazioa.

Eskabidearekin, Udalak ezarririko baldintzez gain, hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzaileak erroldaturik dauzkan abelburuen egiaztagiria, Azienden Erroldaren Erregistrokoa (Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua).

b) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan afiliaturik egotearen eta ordainketak egunean izatearen egiaztagiria.

c) Errolda-ziurtagiria.

d) Barasoaingo Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatearen eta berankor gisa ez agertzearen ziurtagiria.

e) Osasun ziurtagiria, eskaturiko baldintzak betetzen direla frogatzeko, herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendaren gaineko osasun araudiaren arabera.

56. artikulua. Behin-behineko adjudikaziorako baldintzak.

Udalak behin-behinean eginen du adjudikazioa, inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Bazkalekuak adjudikatuko dira jasan dezaketen azienda kargaren arabera, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileentzat.

c) Bazkaleku bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, baldin abelburu kopurua, guztira, ez bada azienda karga baino handiagoa. Halakoetan, kanona abelburuko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

57. artikulua. Behin betiko onespena.

Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko, eta, halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

Erreklamazioak izanez gero, Udalak horiek ebatziko ditu osoko bilkuran, 10 eguneko epean gehienez, eta behin betiko onespenari dagokion erabakia hartuko du.

Behin betiko adjudikazioa Udalaren iragarki-taulan argitaratzeaz gain, banan-banan jakinaraziko zaie onuradunei, administrazio-prozedura erkidearen araudian xedatuarekin bat.

2. ATALA

Enkante publikoa

58. artikulua. Prozedura.

Herritarrentzako banaketan ematen ez diren larreak enkante publiko bidez adjudikatuko dira, herritarrentzako zuzeneko beste banaketa bat egin arteko eperako, bat etorriz indarrean dagoen araudiarekin eta ordenantza honetan xedaturikoarekin, aplikagarria den orotan.

Barasoaingo Udalak kalkulatu eta ezarriko du epea, bai eta gainerako baldintzak ere, enkantean eta gero adjudikazioan bete daitezen.

Hasierako prezioa larreen balio errealaren edo merkatu-balioaren parekoa izanen da.

Adjudikatzeko prozedura izanen da ordenantza honen IV. tituluaren V. kapituluan ezarririkoa, bat etorriz xedaturik dagoenarekin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean (Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa) eta Ondasunen gaineko Erregelamenduan, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudian ere.

3. ATALA

Uko egitea, galtzea, abandonatzea, larre hutsak eta luzapenak

59. artikulua. Prozedura.

Honetan jarraikiko zaio IV. tituluaren II. kapituluaren 3. atalaren 3. azpiatalean ezarririkoari, aprobetxamendu mota honi aplikagarri zaion orotan.

IV. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamendua

60. artikulua. Xedapen orokorrak.

Herri-basoetako aprobetxamendu oro egin beharko da beti Nafarroako Foru Komunitatean basogintza arloko eskumena duen departamentuak emaniko jarraibide tekniko-fakultatiboak betez, eta aurretiaz haren baimena beharko da.

1. ATALA

Etxerako egur-loteak

61. artikulua. Onuradunak.

Barasoaingo Udalak etxerako egur-loteak esleitzen ahalko dizkie familia-unitateei, baldin ordenantza honen 16. artikuluan ezarririko baldintzak betetzen badituzte.

62. artikulua. Eredu-lotea eta koefizienteak.

Eredu-lotearen bolumena izanen da bost metro kubiko, etxe bakoitzeko.

Onuradunei eman beharreko loteak kalkulatuko dira eredu-loteari honako koefiziente hauek aplikatuz:

–3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

–4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 1,5 koefizientea.

–7kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

–9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 2,5 koefizientea. Lote guztiek ez dute inola ere gaindituko mendiaren urteko errentaren edo ahalmenaren %25.

Basogintzako produktuen loteak ezin izanen dituzte onuradunek bakarka ustiatu, erakundeak haiekin batera ustiatu beharko baititu. Azken horrek enkante publikoan salduko ditu, eta onuradunei salmentaren zenbatekoa emanen die, markaketaren gastuak kenduta.

Barasoaingo Udalak jaisten ahalko ditu, baina ez goititu, aipatu koefizienteak, era proportzionalean eta justifikatuan, herri-basoen ezaugarriak eta herriko egoera soziala aintzat harturik.

63. artikulua. Aprobetxamendua egiteko modua.

Egur-loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

64. artikulua. Egurra banatzeko irizpidea.

Egurra banatzerakoan, Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta baliabide ekonomiko gutxien duten familia-unitateei emanen zaie lehentasuna.

Aurreko artikuluan aipatzen diren familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Udalak irizpide objektiboak erabiliko ditu, ordenantza honen 18.3 artikuluan azaltzen den bezala.

65. artikulua. Baimena eskatzea basogintza arloko agintaritzari.

Etxerako egurra eskatzen duten familia-unitateen berariazko eta justifikatutako eskaerak ikusirik, Barasoaingo Udalak eskatuko dio basogintzako administrazioari egur bolumen zehatz bat mozteko baimena, etxerako egurraren eskariari erantzuteko udalerrian.

Basogintzako administrazioak zehaztuko du ea bolumen hori basotik modu jasangarrian ateratzerik baden. Hala ez bada, horren berri emanen zaio toki erakundeari, eta litekeena da aprobetxamendu hori eten ere egitea denbora jakin baterako.

66. artikulua. Prozedura.

Adjudikatzeko prozedurari dagokionez, ordenantza honen 36. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

67. artikulua. Egurra ateratzea.

Basogintza arloan eskumena duen departamentuko zerbitzuak arduratuko da zuhaitzen markaketa, entrega eta ikuskapen lanez.

Onuradunen ardura izanen da aurretiaz markaturiko egur-loteak menditik ateratzea.

Lan horietan istripuak prebenitzeari dagokionez, azpimarratu behar da halako lanak adjudikaziodun bakoitzaren erantzukizunpean egiten direla, eta haiek hartu behar dituztela beren gain istripuak prebenitzeko beharrezkoak diren neurri guztiak, besteak beste, horniturik egotea egitekoa den lanerako behar diren norbera babesteko ekipamenduez.

Behartuta egonen dira egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete landazainek ematen dizkieten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

Baldin Udalak eta/edo onuradunek kontratatzen badituzte egurra mozteko lanak eta/edo egurra menditik ateratzeko lanak, horretarako mugatutako eremuan soilik eginen dira, basogintzako administrazioak mozteko baimendutako egur bolumenarekin bat.

Baso-masa eremu handiago batean hobetzeko lan osagarriak egin nahi baditu Udalak, egur-loteak moztu eta ateratzen ari direla aprobetxaturik, basogintzako administrazioak baimendu beharko ditu lan horiek, etxerako egurrari eta besterenduei buruz toki administrazioak urtero egiten duen espedienteaz aparte, indarra duen legediarekin bat.

2. ATALA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak besterentzea

68. artikulua. Hasiera.

Ordenantza honen 61. artikuluak eta aplikatzekoa den araudiak xedatzen duten bezala, herri-basoko aprobetxamenduak besterentzeko, nahitaez lortu beharko da basogintza arloan eskumena duen departamentuaren baimena, Barasoaingo Udalak aurretiaz eskaera eginik, honelakoetan aplikagarri den araudiari jarraikiz.

69. artikulua. Besterentzeko prozedura.

Baso aprobetxamenduak, oro har, enkante publikoan besterenduko dira, ordenantza honen IV. tituluaren V. kapituluan xedaturikoari jarraikiz, eta bat etorriz ezarririk dagoenarekin Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan.

Salbuespenez, toki erakundeek zuzenean besterentzen ahalko dituzte zuraren eta egurraren aprobetxamenduak, honako kasu hauetan:

a) Aprobetxamendua lote bakarrekoa izatea eta haren kubikazioa ondoko hauek baino txikiagoa izatea: 50 metro kubiko zur, haritzetan; 100 metro kubiko zur edo 400 metro kubiko enbor txiki edo egur, pagoetan; 100 metro kubiko zur, gainerako zuhaitz hostozabaletan; 200 metro kubiko zur, zerrategirako edo zutoinetarako; eta 400 metro kubiko zur industrial, erretxinadunetan.

b) Arrazoia izatea obra publiko edo pribatuak egin beharra, premia aitortua dutenak eta interes publikoari eragiten diotenak; besterendu aurretik, txosten bat eskatu beharko zaio basogintzako administrazioari, nahitaezkoa eta loteslea.

c) Produktuak menditik premiaz atera behar izatearen ondorioz gertatzea, basoko suteak, izurriteak eta zuhaitzen gaitzak direla eta, edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak direla eta; besterendu aurretik, txosten bat eskatu beharko zaio basogintzako administrazioari, nahitaezkoa eta loteslea.

d) Enkantean eman gabe geratzea, eta toki erakundeak, hala ere, eskaintza berria jasotzea; besterendu aurretik, balorazio txosten berria eskatu beharko zaio basogintzako administrazioari.

70. artikulua. Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak besterentzeko erraztasunak.

Udalak eskatuta, aprobetxamenduak hainbat lotetan zatitzen ahalko dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

Era berean, zenbait toki erakundek lote bakarrean biltzen ahalko dituzte zura eta egurra ateratzeko beren aprobetxamenduak, gero besterentzeko asmoz. Halakoetarako, salmenta-zentralak ezartzen ahalko dira, bat etorriz ezarririk dagoenarekin kontratu publikoei buruzko foru araudian nahiz arlo honetan aplikagarri den gainerako araudian.

71. artikulua. Esparru-akordioak.

Barasoaingo Udalak esparru-akordioak egiten ahalko ditu enpresa batekin edo gehiagorekin zur eta egur produktuen aprobetxamenduari dagokionez.

Esparru-akordioetan gutxienez honako hauek zehaztu beharko dira: indarraldia, baldintza tekniko eta administratiboak, ezaugarri bolumetrikoak eta aprobetxamenduen produktu-motak eta prezioak.

Esparru-akordio horiek onesteko prozedura izanen da kontratu publikoei buruzko foru araudiaren nahiz arlo honetan aplikagarri den gainerako araudiaren arabera ezarririkoa.

V. KAPITULUA

Enkanteak

72. artikulua. Prozedura abiaraztea eta baldintza-agiria.

Prozedura abiarazteko, enkantea arautuko duen baldintza-agiria onetsiko du Barasoaingo Udalak, osoko bilkuran.

73. artikulua. Argitalpena.

Enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen den egunkari batean edo gehiagotan, Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Kontratazio Atarian, gutxienez 15 egun natural lehenago, enkantea egin baino.

74. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eta sesta ematea.

Enkantea baldintza-agiriaren arabera egin ondoren, aprobetxamendua behin-behinean adjudikatuko da. Aukera egonen da adjudikazio proposamena jaso duen eskaintza hobetzeko, gutxienez zenbateko osoaren seiren bat gehituz.

Sesta emateko, arau hauei jarraikiko zaie:

a) Enkanterako iragarritako ordutik hasi eta ondoko sei egunean egin beharko da, seigarren egunean ordu berean amaituko baita, jaiegunak ere barne direla.

b) Legezko gaitasuna duen edonork egiten ahalko du, enkantean lizitatzaile izan ez bada ere, baldin eta aurrez behin-behineko bermea jarri badu.

c) Idatziz nahiz ahoz, idazkariarengana joz, egiten ahalko da; dena dela, interesdunak sinatutako eginbide bat jaulkiko du idazkariak, aurkezpenaren eguna eta ordua bertan adierazita.

d) Sesta ematea formalizatu ondoren, beste enkante bat eginen da horretarako jarritako epea bukatutakoan, zehazki, ondoko lau egun baliodunen barnean. Toki erakundeak jakinarazi beharko dio adjudikazio proposamena jaso duen lizitatzaileari haren postura seiren batean hobetua izan dela, eta behin betiko enkantea noiz eginen den espresuki adierazi.

e) Behin betiko enkantea egiteko hasierako preziotzat hartuko da egindako hobekuntzaren ondoriozkoa, eta, horretarako, dagokion iragarkia jarriko da iragarki-taulan gutxienez bi egun natural aurretik, hurrengo enkantea zer egun eta ordutan izanen den zehaztuta. Enkante hori hasierakoa bezala eginen da. Ez bada agertzen lizitatzailerik, proposatuko da sesta eman duenari adjudikatzeko.

f) Enkante berriari buruzko akta eginen da eta haren emaitza iragarriko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeren 229. artikuluaren 4. apartatuan ezarri bezala.

g) Adjudikazio proposamenaren ondorengo hiru egun baliodunetan edonork erreklamazioa egiten ahalko du idatziz, lizitatzaile izan ez bada ere, lizitazioaren izapidetzearen akatsen eta, bereziki, lizitatzailearen gaitasun juridikoaren aurka, eta eskatzen ahalko du bere iritziz bidezko den ebazpena eman dadila adjudikazioaren gainean.

75. artikulua. Eman gabeko enkantea.

Hasierako enkantea eman gabe geratzen bada, bigarren eta hirugarren enkanteak egiten ahalko dira, tasazioaren hasierako prezioa baino %10 eta %20 merkeago, hurrenez hurren, laborantzako eta larreetako herri-lurretako aprobetxamenduen kasuan.

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduen kasuan, hirugarren enkanteak tasazioaren hasierako prezioaren %30erainoko beherapena izan dezake.

Laborantzako eta larreetako herri-lurretako aprobetxamenduak adjudikatzeko enkanteak egin arren, eman gabe geratzen badira, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak adjudikatzeko enkanteak egin arren, eman gabe geratzen badira eta Udalak beste eskaintza bat jasotzen badu, Udalak zuzenean adjudikatzen ahalko du aprobetxamendua, basogintza arloko administrazio eskudunak balorazio ekonomikoari buruzko txostena egin ondoren.

Hala ere, edozein aprobetxamenduren bigarren eta hirugarren enkanteak egiteko aski izanen da Udalaren iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino 5 egun baliodun lehenago, gutxienez.

V. KAPITULUA

Adjudikaziodunen eskubide eta betebeharrak

76. artikulua. Laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikaziodunen eskubideak eta betebeharrak.

a) Instalazioetan elementuak falta izateagatik edo plastikorik edo bestelako hondakinik ez kentzeagatik lurzatiak ereiteko moduan utzi ez dituzten adjudikaziodunak zerrendetan sartuko dira hasieran, baina horietatik baztertuko dira, adierazitako epean antzeman diren arazoak konpontzen ez badituzte.

b) Debeku da bideetan, lur larre utzietan, altxonbideetan eta abarretan belar-hilkariak erabiltzea, eta orobat, laborantzako herri-lurretako eta ondareko alorretako uztondoetan, luberritzearen ordez. Zuzeneko ereintza izanen da salbuespena; kasu horretan, erein baino hamar egun lehenago, gehienez ere, botako dira produktuak. Nekazariak horren berri emanen dio abeltzainari, belar-hilkaria bota baino bost egun lehenago.

c) Belar txar anitz dagoenean (uda hezeetan, kasurako), aipatutako belar-hilkariak erabiltzeko baimena ematen ahalko du Udalak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, lurra landu daitekeen datetatik aurrera.

d) Ezin izanen dira erre udal bazkalekuetan sartuta dauden finketako eta herri-lurretako uztondoak, mugak, lur landugabeak, erretenak, etab., behar handiko kasuetan izan ezik, behar hori frogatu eta agintari eskudunak baimena ematen badu.

e) Nahitaezkoa da betetzea sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duen Foru Aginduan xedatutakoa, zehazki baso-suteei aurrea hartzeko, bai eta horri dagokionez unean indarrean den araudian ezarritakoa betetzea ere. Araudi horrek honako hau ezartzen du, besteak beste:

“Ezin izanen da lasto metarik jarri arboladietatik 200 metrora edo hurbilago. Lasto meten jabeek metak kokatzen diren udalean identifikatuko dira, ondoko hauek adieraziz: jabearen izena, harremanetarako telefonoa eta lasto meta bakoitzaren kokalekua”.

“Landutako lurzatietan dauden lasto meten kasuan, zerrenda bat goldatuko da haien inguruan, lasto metaren altuera halako bi zabal, gutxienez, lurzatiko uzta bildu eta 10 eguneko epean. Lasto metak uzta bildu ondoren egiten badira, inguruko zerrenda hori fardoak pilatzen hasi eta 10 eguneko epean goldatuko da”.

77. artikulua. Larreetako herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikaziodunen eskubideak eta betebeharrak.

a) Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta horri dagokion foru legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

b) Udalaren jabetzako eskorta bat erabiltzen duten abeltzainek, edo halakoak eraikitzen dituztenek, eskortaren inguruko isurbide edo erretenak garbitu beharko dituzte, bestenaz Udalak edo behar den Ureztatzaileen Elkarteak ezarritako arauak bete beharko dituzte-eta, halako elkarterik badago.

c) Abeltzainek mantendu eta konpondu beharko dute eskorta eta bertako instalazioak, erabilera okerrak eragindako narriadurak daudenean. Hori hala ote den erabakitzeko, arloan eskumena duen teknikariak idatzitako txostena eginen du. Udalak, eraikinak behar bezala erabiltzea eragozten duen zabarkeriarik, axolagabekeriarik edo hondatzerik ikusten badu, eskortaren jabetza bere alde itzultzen ahalko du. Adjudikaziodunak ez du inolako kalte-ordainik jasoko itzulketa horrengatik eta Udalak martxan jartzeko beharrezkoak diren obren kostua adjudikaziodunari eskatzen ahalko dio.

d) Aprobetxamendua bukatzean, edo titularrak jarduera utziz gero, Udalak izendaturiko teknikariek eskorta eta instalazioak aztertuko dituzte. Erabilera okerrak eragindako kalteak edo anomaliak ikusten badira, Udalak konponketaren kostua eskatzen ahalko dio adjudikaziodunari.

e) Adjudikaziodunak ezin izanen du inola ere eskorta itzuli adjudikazioa hartu zuenean baino egoera kaskarragoan. Eskorta hasieratik egoera kaskarrean badago, adjudikaziodunak horren berri eman beharko dio Udalari, idatziz eta 10 eguneko epean, Udalak tokia aztertu eta balizko konponketak egiteko.

f) Beste edozein unetan eta adjudikaziodunarekin ikustekorik ez duten arrazoi egiaztagarriak direla-eta, halako gertakariren batek eskortan narriadurak eragiten baditu, betiere ohiko kontserbazioarekin loturarik ez duen arrazoiren batengatik, adjudikaziodunak Udalari jakinarazi beharko dio, idatziz eta hamar eguneko epean, Udalak tokia aztertu eta balizko konponketak egiteko. Epe horretan egiten ez badu, ulertuko da lehengoratzeko erantzukizuna Udalarena izan beharrean adjudikaziodunarena dela.

g) Abeltzainak bere kabuz erabakitzen badu azienda gordetzeko estalpeak eta abar eraikitzea, Udalari instalatzeko baimena eskatzen ahalko dio eta adjudikazioaldia bukatutakoan instalazio horretan erabilitako materialak eramateko eskubidea izanen du. Ordenantza honetan jaso gabeko salbuespenezko kasuetan, nekazariaren eta abeltzainaren arteko komunikazioa idatziz bideratzen ahalko da Udaletik.

h) Adjudikaziodunek ezin izanen dute sartu beren azienda ereinda dagoen edo mahastiak, olibondoak, zuhaitzak, etab. landatuak dituen inongo sailetan, finkaren jabearen berariazko baimena izan gabe, eta aziendak, sartuz gero, halako finketan sortzen dituen kalteen erantzulea izanen dira eta kalte horiek aipatu finketako jabeari ordainduko dizkiote.

i) Adjudikaziodunek ez dute izanen eskubiderik larreen edo uraren erreklamazio osoa edo partziala egiteko, idorteagatik edo naturako beste fenomeno batzuengatik, epizootiengatik, azienda hil zaielako edo aprobetxamendua eskasten duen beste edozein ustekabe txar gertatu zaielako. Udala ez da, ezta ere, haien mendeko langileen lan istripuek eragindako erantzukizunen erantzule izanen.

Udalak, dena den, konpromisoa hartzen du administrazio kontratatzailea den aldetik, bere eskumenekoa den laguntza egokia emateko adjudikaziodunari.

j) Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak sortutako simaurra herri-aprobetxamenduaren adjudikaziodunaren jabetza esklusiboa izanen da.

78. artikulua. Laborantzako eta larreetako herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikaziodunen eskubideak eta betebeharrak.

a) Azienda edateko putzu eta/edo iturriak oker erabiltzen dituztenek, azienda pozoitzeagatik edo bestelako kalteengatik legokiekeen erantzukizun zibilaz gain, zehapena jasoko dute.

b) Herrilurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Udaleko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inolaz ere batera hesitu.

c) Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.

d) Onuradunek ezin izanen dituzte landu esleitu zaizkien herri-lurrak esleipenean ezarritako xedea ez bezalako beste erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motarako, Barasoaingo Udalak espresuki emandako baimena ez badute, deusetan ukatu gabe ordenantza honetan ezarritakoak.

e) Herri-lurretako adjudikaziodunek eta, halaber, abeltzainek nahiz lurren jabeek, laboreei dagokienez, larre aprobetxamenduaren erabilera eta ohiturak errespetatu beharko dituzte. Bestela, egintza behar bezala ikertuko da, eta burutzak dagokion isuna ezarriko du.

f) Artoari edo baratzeko laborantzari, gariari edo garagarrari, dagokienez, zurtoinak edo lastoa jabea ez den beste batek aprobetxatu ahal izateko, jabeak emandako baimen idatzia beharko du, eta baimen hori aldean izan beharko du fardoak egitean. Zurtoinak edo lastoa hamar eguneko epean izanen dituzte nekazariek eskura, uztak bildu eta biharamunetik aurrera. Hamar egun horiek iragandakoan, lastoak edo zurtoinek fardotan bildurik segitzen badute lursailean, abeltzainak ez du oztoporik izanen aziendak sartzeko.

Olo, gari edo garagarrari dagokionez, uzta bildu eta hamar/hamabost egunetan, nekazariek ezin izanen dute fardotan bildu uzta biltzeko makina erabili ondoren gelditzen den lastoa.

g) Adjudikazioaren arriskua eta mentura adjudikaziodunen gain egonen dira erabat, eta ez da murrizketarik izanen adjudikatzen zaien kopuruan.

h) Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 134.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Barasoaingo Udalak erasan diezaieke lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zerga herri ondasunen adjudikaziodunei, haien erabilera kontraprestazioaren bidez egiten bada.

79. artikulua. Zuraren eta egurraren aprobetxamenduen adjudikaziodunen eskubideak eta betebeharrak.

a) Aprobetxamenduaren errematatzaileak aprobetxamendu horretatik datozen basogintzako produktuak atera eta garraiatzeko erabiltzen dituen bideak utzi beharko ditu aprobetxamendu hori ustiatzen hasten denean dauden egoeran, eta bere kontura eginen ditu beharrezkoak diren birmoldatzeak, horiek suntsitzen baditu.

b) Horretarako, aprobetxamenduaren ustiapena bukatu ondoren, eta betiere aprobetxamendua behin betiko aitortu baino lehen, errematatzaileak Barasoaingo Udalari jakinarazi beharko dio ustiapen-lanak bukatu direla, Barasoaingo Udalak basogintzako produktuak atera eta eraman ondoren bideak nola geratu diren ikuskatu ahal izan dezan. Ondorioz, errematatzaileak berehala birmoldatzen ahalko ditu bide horiek, harik eta adjudikatutako aprobetxamenduaren baso-ustiapena hasi zeneko igarotzeko baldintza berberetan geratu arte.

c) Era berean, pistak eta bideak egoera onean daudela jotzen da, ustiaketa hasi aurretik Barasoaingo Udalari idatzizko erreklamazioa egiten ez bazaio pista eta bideen egoerari buruz. Udalak dagozkion neurriak hartuko ditu, aurkeztutako erreklamazioari buruz, Natura Zaintzeko Zerbitzuak txostena egin ondoren.

VII. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

1. ATALA

Erlauntza-ustiategiekin okupatzea

80. artikulua. Erlauntza-ustiategiak.

1. Herri-lurretan erlauntzak ezartzeko baimena eman ahalko da landu gabeko lurzatietan edo haien konfigurazioa, topografia eta tamaina kontuan hartuz laborantzarik onartzen ez duten lurzatietan.

a) Baimenak bi motatakoak izanen dira.

a.1) Ordenantza honen 16. artikuluko baldintzak betetzen dituzten Barasoaingo herritarren aprobetxamendu gisa.

Aprobetxamendu hori familiaren autokontsumorako izanen da eta gehienez 15 erlauntz izanen ditu.

a.2) Erlezaintzako ustiategi txikiak, 26tik 150era bitarte erlauntz izanen dituztenak, eta erlezaintzako ustiategi profesionalak, 150 erlauntz baino gehiago izanen dituztenak.

Aprobetxamenduaren kalifikazioa lortuko da haren titularrak edo familia-unitateko kideek Barasoainen duten erlauntz kopuruaren arabera, eta erlauntz guztiak aprobetxamendu mota bakarrean kontatuko dira.

81. artikulua. Betebeharrak.

1. Irizpide orokor gisa, erle ustiategiak arautzen dituen 209/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarrita dagoenez, distantzia hauek gordeko dira:

a) Establezimendu kolektibo publikoak, eta hirigune eta biziguneak: 400 metro.

b) Bizilekuak diren landa eremuko etxebizitzak eta abeltzaintzako instalazioak: 100 metro.

c) Errepide nazionaletatik: 200 metro.

d) Eskualde errepideetara: 50 metro.

e) Auzo-bideetatik: 25 metro.

f) Mendiko pistak: erlauntzak alboetan, pasabidea oztopatu gabe eta 5 metrora jarriko dira.

d) eta e) apartatuetan ezarritako tartea %50 murriztu ahalko da, erlauntza malda batean eta haien horizontaletik 2 metroko garaieran edo desnibelean badago.

Erlauntzek baldin badute gutxienez bi metro garai den hesia, eta erleek haren gainetik atera behar badute aipatu errepide, bide edo establezimenduaren aldera jotzen duen aurrealdean, ezarritako tarteak %75 murriztu ahalko dira kasu guztietan.

2. Erlauntz multzoa dagoela azaltzen duen seinalea jarri behar da ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko moduan; han azalduko da beti ustiategiaren kodea, eta erleak dabiltzala ohartaraziko da.

Orobat, ohartarazi beharko da hor erleak daudela, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil. Ohartarazpen hori ez da beharrezkoa izanen finka hesiturik baldin badago eta erlauntzak hesitik 25 metrora baldin badaude, gutxienez.

Hesitzerik nahi ez badu, bidearen kanpoaldeko ertzetik 25 metrora urrundu beharko da eta seinalea ezarri beharko du 1,5-2 metro bitarteko altuera duen kartela paratuz erlategitik 25 metrora. Atmosferako eragileen aurrean iraunkorra den materialekoa izanen da eta 35 cm horizontalean eta 20 cm bertikalean neurtuko ditu, gutxienez.

Kartelaren testuak bi lerro horizontal izanen ditu.

–Goialdean, gutxienez ere “Erleak” jarri beharko du, beltzez eta atzealde argiaren gainean. Karaktereen neurria 70X35 mm-takoa izanen da gutxienez.

–Behealdean ustiategien kopurua jasoko du, 40X20 mm-takoa gutxienez.

3. Erle ustiategiek indarreko legedia bete beharko dute, eta, zehazki, erle ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretua edo haren ordez edo haren osagarri geroago ematen diren xedapenak.

4. Ordenantza honetan edo aplikatzekoa den legedian jasotako arauak betetzen ez dituenak berehala kendu beharko ditu erlauntzak eta/edo zehapena jasoko du.

82. artikulua. Prozedura.

1. Interesdunak herri-lurra okupatzeko eskabidea aurkeztu behar du. Harekin batera aurkeztu behar ditu krokis bat, ustiategiaren kokapen zehatza azaltzen duena, ustiategiaren erregistroaren ziurtagiria, bai eta dagokion Osasun Dokumentazioa ere. Ustiategia abian ez badago, aurkeztu beharko du lursailaren lagapenari lotuta dagoela dioen zinpeko aitorpena, eta adieraziko du aipatutako dokumentazioa 3 hilabeteko epean aurkeztuko duela, Udalak adostutako okupazioari Nafarroako Gobernuak baimena ematen dionetik hasita.

Hala ere, Udalak xedatuko du kokapena eta okupazioak hartuko dituen metro kopurua, kontuan hartuta aurretik adjudikatu dituen aprobetxamenduak, horiek kaltetu gabe edo horiekin gatazkarik sortu gabe.

2. Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Udalaren osoko bilkurak erabakitzen ahalko du okupazioa arautzen duen agiria hasiera batez onestea, eta espedientea jendaurrean jarriko da 15 egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondoren.

3. Jendaurrean egoteko aldia iraganik, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

83. artikulua. Udalak urtero finkatuko du aprobetxamendu horrengatik ordaindu beharreko kanona.

2. ATALA

Beste okupazio batzuk

84. artikulua. Ehiza barrutiak.

Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

85. artikulua. Herri-lurren okupazioa.

Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. TITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

86. artikulua. Hobetzeko arrazoiak.

Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

87. artikulua. Hobekuntzaren sustatzailea.

Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

88. artikulua. Prozedura.

Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, zeinak proiektua onetsiko baitu, eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

89. artikulua. Hobekuntza onestearen ondorioak.

Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

90. artikulua. Aprobetxamenduaren adjudikaziodunak egindako hobekuntzak.

Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

91. artikulua. Xedapen orokorra.

Ordenantza honetan ezarritako baldintzak ez betetzeak berarekin ekarriko du zehapenak aplikatzea, alde batera utzi gabe kalte-galerak ordaindu beharra, Udalak peritazioa egin ondoren, gehi horrek sortzen dituen gastuak.

Nafarroako Gobernuari dagokio herri-lurrei eragiten dieten eta indarra duen baso-legedia hausten duten arau-hausteak zehatzea.

92. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.

c) Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

2.–Egintza gertatzen denetik bi hilabeteren buruan preskribituko dute arau-hausteek.

93. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–Emakida kenduko da a), b), c), d), f) eta h) apartatuetako arau-hausteengatik, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen edo beste erakunde eskudunen zehapenak.

–g) apartatuko arau-haustearengatik, laborantzako edo larreetako herri-lurren adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 150 eurotik 3.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

–Arau-hausteak behin eta berriz egiten badira, halako bi izanen da zehapenaren zenbatekoa.

Hori guztia, ezertan ukatu gabe ondasun publikoetan edo hirugarren batzuenetan eragindako kalteak, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

94. artikulua. Erantzuleak.

Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

95. artikulua. Zehatzeko organo eskuduna.

Barasoaingo Udaleko Alkatetza izanen da zehatzeko organo eskuduna.

96. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura izanen da Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Alkatetzak alda ditzake ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketa horiek berarekin badakarte karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta jarraitzen badiote aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatuari. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio Alkatetzari:

1. Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek barne har dezake, besteak beste, eskaera eredu normalizatuak onestea eta aldatzea, bai eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zein den ere, berariaz adierazita haren edukia zein izanen den.

2. Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Barasoaingo Udalaren herri-aprobetxamenduak arautzen dituzten ordenantza guztiak eta ordenantza honetan ezarritakoaren aurka dauden edo kontraesanean dauden udal xedapen guztiak, bai eta 2020ko irailaren 11ko 205. zenbakiko NAOn argitaratutako larreetako herri-lurrei buruzko ordenantza ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarri gabeko alderdi guztietarako, honako hauetan zehaztutakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta ordenantza honen goragoko xedapen guztiak, ordenantza honen helburuari eragiten badiote.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. eranskina.–Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua (PDFa).

II. eranskina.–Larreetako herri-lurren aprobetxamendua (PDFa).

III. eranskina.–Egur-lotea eskatzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2116596