284. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

418/2021 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, beka bat emateko deialdia aurretiaz onesten duena. Beka hori Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan aritzeko da. BDNS 598482.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak proposatu du prestakuntza beka bat sortzea eta deialdia egitea. Beka hori Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan aritzeko da.

Erabakia hartu da kontuan harturik bekadunen esku utziko diren azterketak eta lanak departamentu honentzat onuragarriak izan daitezkeela, baita bekadunentzat berentzat ere, horrela lan esperientzia baliagarria lortzeko aukera izanen baitute.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Ikusirik Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren txostena, eta arau hauetan ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehena eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiaz onestea graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia; destinoa izanen du Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan. Ebazpen honen eranskinean zehazten dira deialdiaren oinarri arautzaileak.

2. 11.284,10 euroko gastua baimentzea 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 2021eko gastuen aurrekontuko 210000 21000 4809 922100 “Bekak” izeneko partidaren baliokide sortuko den partida; eta 2.256,82 euroko gastua baimentzea 2023ko aurrekontuetan gaituko den partidaren kargura. 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako baimendu beharreko zenbatekoak barne hartzen du hilean 48,41 euroko kopurua, Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota ordaintzeko. Kuota hori 2021erako onetsi da, eta kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako dagokion zenbatekoa atxikiko zaio. 2022. eta 2023. urteetarako, zenbateko hori izanen da Gizarte Segurantzako kotizazioei buruzko kasuan kasuko ministro-aginduan ezartzen dena.

Nolanahi ere, beka emanen da baldin eta horretarako egokia eta aski den kreditua badago bekaren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Atalera (Kontabilitate Zentroa), eta Toki Administrazioaren eta Administrazio Laguntzako Bulegora, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian baitaude.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko abenduaren 2an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendari Nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

ERANSKINA

Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan Aritzeko beka baten deialdiaren oinarri arautzaileak. Zerbitzu hori dago Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da beka bat sortzea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuan bete beharrekoa, unibertsitateko titulu hauetako bat dutenentzat: ekonomia edo enpresa administrazio eta zuzendaritza, edo enpresa administrazio eta zuzendaritzaren eta zuzenbidearen gradu bikoitza.

Bekaren helburua da bekadunen prestakuntza sustatzea, zuzenagotik ezagut ditzaten arlo akademiko horri loturik Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian betetzen diren eginkizunak.

Bekadunak hainbat zeregin egin beharko ditu tokiko administrazioarekin eta Nafarroako Gobernuarekin zerikusia duten ekonomia-, finantza-, kontabilitate- eta aurrekontu-arloetako gaietan trebatzeko, deialdian eskatzen den titulazioarekin bat etorriz, hala nola:

• Azterlan eta txosten ekonomikoak egiten laguntzea.

• Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren kontabilitatea eta aurrekontua kudeatzen laguntzea.

• Herrietako kontabilitate publikoarekin eta aurrekontuarekin zerikusia duten gaietan laguntzea, bai eta, oro har, toki-erakundeen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioarekin zerikusia duten gaietan laguntzea ere.

• Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak egokitzat jotzen dituen beste eginkizun batzuk egitea.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2022ko martxoaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra bitarte. Beka luzatzen ahalko da, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuak hala eskatuta, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Aurretiazko izapidetzea eta zenbatekoa.

Beka hau aurretiaz izapidetzen da, baldin eta 2022rako eta 2023rako kreditu egokia eta nahikoa badago (172/2004 Foru Dekretuaren 6.3 artikuluko n letra eta 11/2005 Foru Legearen 30.2 artikulua). Aldez aurretik izapidetu beharra dago bekadunak martxoaren 1etik aurrera jada bere postuan egon behar duelako, ekitaldiaren hasieran planifikatzen diren zeregin ekonomikoak ezagutu ditzan eta horietan lagundu ahal izateko. Itxiera ekonomikoaren kudeaketa hurrengo urteko otsailera arte luzatu ohi da. Une horretan hasten da kontabilitate, ekonomia eta aurrekontu ziklo berria, helburu eta plangintza berriekin.

Bekak 13.540,92 euro izanen ditu urtean, hau da, hilean 1.080,00 euroko 12 hilabete-sari gehi 48,41 euro Gizarte Segurantzarengatik. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko Aginduari jarraikiko zaio, horren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren legezko arauak.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Edonola ere, naziotasun espainiarra ez dutenek behar besteko gaikuntza egiaztatu beharko dute gazteleraren erabileran.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Ekonomiaren edo enpresa administrazio eta zuzendaritzaren titulua izatea, edo enpresa administrazio eta zuzendaritzaren eta zuzenbidearen gradu bikoitza, agintari espainiarrek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetako edozeinetan aurkezten ahalko dira, eskaerak aurkezteko unean horretarako gaituta dauden horietan, alegia. Webgune honetan dago bulego horien zerrenda: https://www.navarra.es/es/atencion-ciudadana/oficinas-de-registro-y-atencion-ciudadana Departamentu horretako Erregistroan ere aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan ere.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak haien eskura jartzen du herritarren arretarako bulegoa, (https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta). Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

d) Seigarren oinarriko 2. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Jaiotza agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen hori egiten ez badu ulertuko dela eskaerari uko egin diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Mahaiburua: Javier Cía Aldaba, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezko epaimahaiburua: Ana Rodríguez Hidalgo, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikidea: Eva Navarcorena Eleta, Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Egoitz Albarracín Albiztur, Kudeaketa Ekonomiko-finantzariorako Ataleko burua.

–Idazkaria: Susana Cuesta Márquez, Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Ataleko burua.

–Ordezko idazkaria: Alejandro Alonso Zapata, Arauen Garapenerako eta Toki Antolamendurako Ataleko burua.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 20 puntu arte, gehienez ere:

a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. 10 puntu, gehienez. Espedientearen batez besteko nota baloratuko da, 0tik 10era bitarteko eskalan.

b) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 5 puntu, gehienez.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 1 puntu.

c) Bekaren gaiekin lotura zuzena duten prestakuntza-ikastaroak (aurrekontuak, kontabilitate publikoa, tokiko kontabilitate publikoa, ekonomia, kostuak, bulegotika-tresnak eta antzekoak): 5 puntu, gehienez.

Kontuan hartuko dira 20 orduko edo hortik gorako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak. Eskala honen arabera baloratuko dira:

–201 ordu edo gehiago: 2 puntu.

–101 ordutik 200 ordura bitartekoak: 1 puntu.

–51tik 100 ordu bitartekoak: 0,5 puntu.

–20 ordutik 50 ordura bitarteko ikastaroak: 0,25 puntu.

Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso izan.

Ez da meriturik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merituak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.

Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Bekak emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Beka onuradunari esleitu zaiola eta, kasua bada, gainerako eskaerak ukatu direla administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta jakinarazpen hori argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Lan edo administrazio harremanik eza.

1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Prestakuntzako bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak gainbegiratuko dituzte Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

Bederatzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Lurralde Kohesiorako Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Hamargarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ematea ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri direnei, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamaikagarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra).

2. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

Hamabigarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunak jarduerak eginen ditu Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan. Bekaduna, astean, gehienez hogeita hamar orduz arituko da lanean.

2. Bekadunari tutore bat esleituko zaio, zeinak eginkizun zehatzak ezarriko dizkion, ordutegiak finkatuko dituen eta begiratuko duen bekadunak bere betebeharrak eta jarduerak betetzen dituen, haren ardura izanen baita bekadunak gainbegiratzea.

3. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

4. Bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

5. Eskubide horiek baliatzeko, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren barne-araubidea edo funtzionamendu-araubidea bete beharko da.

6. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamahirugarrena.–Kalte-ordainak.

1. Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamalaugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik, izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2117083