281. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKABARTE

Lizentziak ematea etenik, lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko edo ezartzeko energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak

Ezkabarteko Udalak, 2021eko urriaren 21ean egindako osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Egun Ezkabarten indarrean dagoen Udal Plan Orokorra behin betiko onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2004ko ekainaren 8ko Erabakiak (2005eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 15ekoa).

Udal Planean ez dago berariazko arauketarik xedatzen duenik bateragarria ote den lurzoru urbanizaezinean ezartzea energia berriztagarrien instalazioak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak. Hortaz, horrelako arauketa orokor eta lausoak interpretazio arazoak sor ditzake planeamenduan. Batetik, ez dago argi zer araubide aplikatu behar zaien proiektu mota horiei, lurzoru urbanizaezinean baimengarriak edo debekatuak diren jarduketei dagokienez, eta, bestetik, ez dago argi planean egun definituta dauden lurzoru urbanizaezineko azpikategorietatik zeinekin diren bateragarriak.

Ezkabarteko Udalaren Plan Orokorra aldatzeko azterlanak ekarritako antolamendua ez dadin sortu egun indarrean den antolamenduak baldintzaturik, Udalbatzak egokitzat jotzen du lizentziak eteteko erabakia hartzea ondoren aditzera ematen diren eremuetan eta erabileretan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70. artikuluan lizentzien aukerako etendurarako ezarritako araubidearekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina):

–Lurzoru-mota: lurzoru urbanizaezina, kategoria guztiak.

–Erabilerak: eraikitzea eta ezartzea energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak.

–Salbuespenak: autokontsumorakoak, jartzen direnak lehendik dauden eraikinen estalkietan.

Ikusirik Udalaren zerbitzu teknikoek emandako txostena eta Idazkaritzaren txosten juridikoa, 2021eko urriaren 20koa.

Kontuan harturik Udaleko Osoko Bilkurak arlo honetan dituen eskumenak, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.1.c artikuluaren arabera (lege horren bidez arautu ziren Toki Araubidearen Oinarriak).

Kontuan harturik Hirigintzako Informazio Batzordeak aldeko irizpena eman zuela 2021eko urriaren 14an.

Udalak, osoko bilkuran, honako hau erabaki du:

Lehena.–Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.1 artikuluarekin bat (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), dekretatzea eten egiten dela lizentziak ematea Ezkabarteko udalerrian, lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko eta ezartzeko energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak, salbu eta autokontsumorakoak, jartzen direnak lehendik dauden eraikinen estalkietan; izan ere, zenbait alderdi aztertu nahi dira: lurraldea, ingurumen-, etnografia- eta konektibitate-ezaugarriak, lurraldean instalazio horiek sortzen duten inpaktua eta abar. Alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinean, eta zein izanen den aplikatuko zaien araudi partikularra. Horretarako aldaketa bat izapidetzen ari da Planean.

Lizentzien etendurak ukitutako eremu eta erabilerak.

–Lurzoru-mota: lurzoru urbanizaezina, kategoria guztiak.

–Erabilerak: eraikitzea eta ezartzea energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak.

–Salbuespenak: autokontsumorakoak, jartzen direnak lehendik dauden eraikinen estalkietan.

Bigarrena.–Ezartzea etendurak iraunen duela Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denbora, alegia, behar dena aldaketa hori aztertzeko, prestatzeko eta izapidetzeko, eta gehienez urtebete (jarraikiz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.3 artikuluari), asmoa baita lurzoru urbanizaezina egoki arautzea. Epe horretan hasierako onespena ematen bazaio, etendura mantendu eginen da planeamenduko determinazio berrien ondorioz hirigintza-antolamendua aldatzen duten eremuetan, eta etendura horren ondorioak behin betiko iraungiko dira bi urte pasatzen direnean planeamendua edo haren erreforma aztertzeko hartutako etendura-erabakitik. Baldin hasierako onespena gertatzen bada urtebeteko epea pasa ondoren, hasierako onespen horretatik heldu den etendurak ere gehienez urtebeteko iraupena izanen du.

Hirugarrena.–Agintzea eten dadila lizentziak emateko prozedura, eta erabaki hau jakinaraztea, hartu baino lehenago lizentzia eskaera egina duten guztiei, betiere autokontsumorako ez diren eskaera egin duten guztiei.

Laugarrena.–Erabaki hau Ezkabarteko Udalerriko kontzejuei jakinaraztea, izan ditzan 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.5 artikuluan ezarritako ondorioak, eta xedatzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan.

Bosgarrena.–Ohartaraztea erabaki honen kontra errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara:

1.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

3.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Seigarrena.–Alkateari ahalmena ematea behar diren erabakiak har ditzan, erabaki hau behar bezala gauzatzeko xedez.

Ezkabarten, 2021eko urriaren 21ean.–Alkatea, Pedro Lezaun Esparza.

Iragarkiaren kodea: L2116852