28. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuarena, 2021eko urtarrilaren 13koa, modu partzialean baiesten duena Santiago Alzuyet Echeverria jaunak eta Francisca Torres Gamio andreak 38E/2020 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa (38E/2020 Foru Agindua, martxoaren 13koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko kontseilariarena, behin betiko onesten duena Urdazubiko udal planaren aldaketa egituratzaile bat, 1. poligonoko 108. katastro-lurzatiaren gain eragina duena, baita UE-5, AA-5, AA-6 eta AC-11 eremuen eta S2/AR1eko 2. unitatearen gain ere. Eliz-Aldea SLk sustatu du).

Santiago Alzuyet Echeverria jaunak eta Francisca Torres Gamio andreak 38E/2020 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa aztertu da (38E/2020 Foru Agindua, martxoaren 13koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko kontseilariarena, behin betiko onesten duena Urdazubiko udal planaren aldaketa egituratzaile bat, 1. poligonoko 108. katastro-lurzatiaren gain eragina duena, baita UE-5, AA-5, AA-6 eta AC-11 eremuen eta S2/AR1eko 2. unitatearen gain ere. Eliz-Aldea SLk sustatu du).

AURREKARIAK

1) Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren martxoaren 13ko 38E/2020 Foru Aginduaren bidez behin betiko onesten da Urdazubiko udal planaren aldaketa egituratzaile bat, 1. poligonoko 108. katastro-lurzatiaren gain eragina duena, baita UE-5, AA-5, AA-6 eta AC-11 eremuen eta S2/AR1eko 2. unitatearen gain ere. Eliz-Aldea SLk sustatu du.

Foru agindu hori 2020ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 6koan.

2) 2020ko ekainaren 26an Santiago Alzuyet Echeverria jaunak eta Francisca Torres Gamio andreak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuten 38E/2020 Foru Aginduaren aurka (38E/2020 Foru Agindua, martxoaren 13koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko kontseilariarena). Eskatzen dutena:

a) UE-5 exekuzio-unitateko jabeei ezarritako betebehar hau ezabatzeko: “errepide nazionala UE-9 unitatearekin lotuko duen biribilgu berria eraikitzeak eraginen dituen gastuak ordaintzea UE-9 unitatekoekin batera”. 1. lotuneaz ari dira.

b) Agintzea sar dadila 3. banaketa-eremuaren fitxan eta, batez ere, UE-9 unitatearen fitxan, sotoan eraiki daitekeen gehieneko azalera eta, hortik abiatuta, 3. banaketa-eremuko hiri-antolamendu berriak sortzen duen hirigintza-aprobetxamendu osoa berriz kalkulatzea, erabilera eta solairu eraikigarri eta konputagarri guztiak barne, eta berriz ere kalkula dadila eremuaren aprobetxamendu-tasa.

c) Agintzea onartutako eta errekurritutako proiektuan, “1. lotunea” deiturikoak hartuko dituen lurzoruak “okupazio zuzenaren” bidez lortuko direla dioen aipamen oro kentzeko, ez delako zuzenbidearen araberako zehaztapena.

3) Gora jotzeko errekurtsoaren berri eman zaie Urdazubiko Udalari eta aldaketaren sustatzaileari (Eliz-Aldea SL), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.2 artikuluan xedatzen denak ondorioak izan ditzan.

2020ko uztailaren 24an alegazio-idazkia aurkeztu zuen Urdazubiko Udalak eta 2020ko abuztuaren 3an Eliz-Aldea SLk. Biek ere gora jotzeko errekurtso hau baiestearen kontra egiten dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehena.–Alderdi formalak.

Gora jotzeko errekurtsoa garaiz eta behar den formarekin aurkeztu dute horretarako eskubidea duten pertsonek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112., 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, gora jotzeko errekurtso hau ebazteko eskumena daukan organoa Nafarroako Gobernua da.

Bigarrena.–Aldaketaren xedea.

Errekurtsoa aurkeztuta daukan udal planaren aldaketaren memoriaren 1.1 apartatuaren arabera honako hau da horren helburua: “1. poligonoko 108. lurzatia –egungo sailkapenaren arabera lurzoru urbanizaezina dena– merkataritzako lurzoru urbanizagarrian sartzea (exekuzio-unitate berria ezarriko da grapena kudeatzeko) eta, ondorioz, horren inguruko Landibar auzoko lursailen gaineko zehaztapenak egokitzea, hiri-bilbea osatzeko Dantxarinea-Landibarko Planaren aldaketan proposatzen den antolamenduarekin eta merkataritza-guneen eta egoitza-gune eta landaguneen arteko muga naturalekin (topografia eta bide publikoak) bat etorriz.

Horretarako, modu koherentean egokitu eta doitu behar da N121B errepidearen hegoaldean, Dantxarinea/Landibarko merkataritza-auzoaren inguruan, indarrean dagoen hirigintza-antolamendua, trafikoaren funtzionamendu zuzenak bere hartan jarrai dezan, eremua, UE5 unitatea, AC11 unitatea, AA5 unitatea eta AR1eko 2. sektoreko UE2 unitatea N121B errepidearekin eta ondoan dauden Peio Bentako HJPB eta Patxi Bentako HJPBrekin lotzeko eta auzoan aparkalekuak egiteko”.

Beraz, 1. poligonoko 108. lurzatiaren sailkapena aldatzen da eta hemendik aurrera ez da lurzoru urbanizaezina, baizik eta merkataritza erabilerako lurzoru urbanizagarria; horretarako, UE-9 exekuzio-unitatea sortzen da eta AR-3 banaketa-eremu berria sartzen da. Besteak beste, ezartzen da UE9 unitatearen eta N121B errepidearen arteko lotura biribilgune berri baten bidez (1. lotunea) eginen dela eta lotune hori UE5 unitaterako ere izanen dela (unitate hau indarreko antolamendua agertzen da) eta azken baldintzak obra publikoen gaineko eskumena daukan departamentuak baimendu behar dituela.

Hirugarrena.–1. lotunea: batera finantzatzea.

Onetsitako aldaketaren arabera biribilgu berriaren (1. lotunea) kostua modu proportzionalean ordaindu beharko dutela UE9 unitateko eta UE5 unitateko jabeek, denek erabiliko baitute sarbide modura. Hori dela eta, errekurtsoa aurkeztu dutenek diote lotune hori ez dela beharrezkoa UE5 unitatearen funtzionamendurako eta beraz ez dutela zertan ordaindu eraginen duen kostuaren zati bat. Halaber, adierazten dute ezen aldaketa onetsi aurretik Eliz-Aldea, SLk eta Urdazubiko Udalak sinatutako hirigintza-hitzarmenean ezartzen ziren estipulazio batzuk zuzenbidearen kontrakoak zirela, agintzen baitzen UE5 unitateko jabe guztiek biribilgune berria eraikitzeko kostuak ordaindu behar zituztela.

Lehenbizi, esan behar da gora jotzeko errekurtso honen xedea ez dela hizpide dugun hirigintza-hitzarmena aurkaratzea, Urdazubiko Udalaren Planaren aldaketaren prozedurarekin zerikusirik ez daukan egintza substantiboa baita. Aurreko hitzarmena eta eta ondoko udal planaren aldaketa errealitate autonomoak eta lokabeak dira. Beraz, aurreko egintza da, eta ez dauka loturarik geroago izapidetutako plangintza-espedientearekin. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez du eskurik sinatutako hitzarmenean, eta horregatik ez da bidezkoa errekurtsoa honen aurrean aurkeztea.

Bigarrenik, gogoan eduki behar da udal plangintza berrikusteko edo aldatzeko ahalmena diskrezionala dela (ius variandi); beraz, aplikatu beharreko arautegian ezartzen den esparruaren arabera, udal plangileak aukeran dauzkan alternatiben artean bere ustez interes publikoaren onurarako hoberena dena hautatzen ahal du. Iritzi-askatasun horretan ez dute inolako eraginik ez lortutako eskubideek, ez Administrazioaren aurreko konpromisoek.

Horren ildotik, gora jotzeko errekurtso honen ebazpena dela bide egin beharreko kontrolak mugak dauzka: legezkotasuna eta araututako elementuak (prozedurakoak barne) baino ez dira kontrolatu behar. Ezin da aztertu toki erakundearen ahalmen diskrezionalari eragiten dion ezer, eta ezin da egin besterik gertaerak egiaztatu baino; beraz, ezin da iritzirik eman hika-mika teknikoez.

Urdazubiko Udalak dio biribilgune berria (1. lotunea) sarbidea dela UE9 unitaterako eta UE5 unitateetarako. Honako hau adierazten du: “ibilgailuak zeharbidetik bideratzen ditu (165 metro inguru Frantziako norabidean); beraz, bezeroak hurbiltzen ditu egun sendoturik dagoen merkataritza-gunera”. Eta gaineratzen du: “Dantxarineko eta Landibarko eremuaren barruko bide-sarea hobetzen du trafikoa banatzea ahalbidetuko duen bigarren zirkuituaren bidez”.

Beste alde batetik, onetsitako aldaketan sortuko den trafikoari buruzko azterlana dago, oso xehatua. Azterlan horretan ikertzen da nolako trafikoa egonen den (bolumena) eta nolakoak izanen diren sarbideak; gainera, zenbait alternatiba proposatzen dira eta horietako bat da biribilgune berria egitea (1. lotunea). Horregatik, trafikoari buruzko azterlan hori egin nahi diren jarduketen justifikazioa da.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezesten da.

Laugarrena.–Aprobetxamendu-tasa AR3 banaketa-eremuan.

Errekurtsogileek uste dute errorea gertatu dela AR3 banaketa-eremuko aprobetxamendu-tasa kalkulatzea, ez baita kontuan eduki sotoan gehienez okupatzen ahal den azalera, 0,80 Uas/m² homogeneizazio-koefizientea aplikatzen ahal zaiona. Horregatik, eskatzen dute agintzeko sar dadila 3. banaketa-eremuaren fitxan eta batez ere UE-9 unitatearen fitxan sotoan gehienez eraiki daitekeen azalera; gero, horretatik abiatuta berriz kalkulatzeko 3. banaketa-eremuaren hiri-antolamendu berriak sortuko duen guztirako hirigintza-aprobetxamendua, eta berriz kalkulatzeko eremuko aprobetxamendu-tasa.

Hori dela eta, Urdazubiko Udalak adierazten du sotoetako gehieneko azalera Udal Planaren arautegiko 39. artikuluan arautzen dela: aparkaleku kolektiboko sotoetako homogeneizazio-koefizientea 0 da. Horren ildotik, Udalak adierazten du sotoek hartzen ahal dutela lurraren maldak kasu bakoitzean ahalbidetzen duen azalera; gainera, sotoko sestra gaineko fatxada-aurpegia 1,20 m-tik gorakoa bada, konputagarritzat joko da, eraikineko beste solairu guztiak bezala.

Urdazubiko Udalak adierazitakoa onartu behar da eta erabakitzen da ez dela izan inolako errorerik aprobetxamendu-tasa kalkulatzean. Bai irabazizko guztirako aprobetxamendua, bai gehieneko eraikigarritasuna eraikinaren gehieneko inguratzailea arautzen duten hirigintzako bi parametro dira. Eraikinean gehieneko bi parametro horiek bete behar dira.

Irabazizko guztirako aprobetxamenduaren kalkuluan kontuan eduki da UE-9 unitateetan sestra azpian eraikiko diren solairuak sotoak direla (ez erdisotoak). Udalak adierazten duen bezala, baldin eta azkenean proposatzen den sestra azpiko solairuren bat sestra baino 1,20 m gorago heltzen bada, erdisototzat hartuko da eta konputagarria izanen da. Gainera, eraikin osoan AR-3 banaketa-eremurako ezarritako irabazizko gehieneko aprobetxamendua aplikatuko da, bai eta onetsitako Udalaren hirigintza-arautegian Dantxarinerako eta Landibarrerako ezartzen den guztia ere (38. artikulua: “Eraikuntzako baldintzak”; 39. artikulua: “Bolumenaren baldintza orokorrak”).

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezesten da.

Bosgarrena.–1. lotunea. Lurra eskuratzea.

Azkenik, aurkarapenaren hirugarren arrazoia aztertu da, 1. lotunea egiteko behar den lurra zuzeneko okupazioaren bidez eskuratzeari buruzkoa.

Udal Planaren aldaketaren arabera honako karga hau edukiko dute UE5, AC11, AA5 eta AA6 unitateetako eta 1. banaketa-eremuko 2. sektoreko UE-2 unitateko lurren jabeek: 1. lotunea egiteko behar diren lurrak laga beharko dituzte. Baliteke lagapen hori UE5 unitatea garatu baino lehen egin behar izatea; hain zuzen ere, gerta liteke UE9 unitatea urbanizatu behar denean gauzatu behar izatea, nahiz eta urbanizazio-lanak UE5 unitatea garatu baino lehen hasi. Horregatik, lurrak zuzeneko okupazioaren bidez eskuratuko dira; horretarako, berariaz aipatu behar dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 189. eta 133. artikuluak.

Errekurtsogileek uste dute lur horiek kudeatzeko modua (zuzeneko okupazioa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 189. artikuluan arautzen dena) ez datorrela bat zuzenbidearekin, sistema orokorretarako lurrak eskuratzeko soilik erabiltzen ahal baita, ez toki sistemetarako lurrak eskuratzeko, eta 1. lotunea toki sistemakoa da. Beren iritziz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 187.2 artikuluarekin bat etorriz, toki sistemetarako lurrak okupatzeko modu bakarra lurrok dauden unitateak birzatitzea da.

Beste alde batetik, Urdazubiko Udalak adierazten du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 133. artikulua aplikatu behar dela, UE-9 unitatearen fitxan aipatzen denez gero, eta horren arabera zuzenean okupatzen ahal direla urbanizaziorako behar diren lurrak.

Aldaketa honen eraginpeko hirigintza-finka guztietan zehazten da zenbat lur eskuratu beharko diren zuzeneko okupazioaren bidez 1. lotunea egiteko. Nolanahi ere, UE-9 unitatearen hirigintza-fitxan agertzen diren parametroak aipatuko ditugu, unitaterik adierazgarriena da eta:

“Herri Lan Departamentuak onetsitako trafikoari buruzko azterlanarekin bat etorriz, 1. lotunea egiteko behar diren UE5, AC11, AA5 eta AA6 unitateetako eta 1. banaketa-eremuko 2. sektoreko UE-2 unitateko lurren jabeek urbanizazio-obrak egiteko laga beharko dituzte, are UE9 unitateko jabeek beren eremua UE5 unitateko jabeek berena baino lehenago urbanizatu nahi badute ere. Horretan aintzat hartu beharko dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 189. artikuluan (edo horren ordezko manuan) zuzeneko okupaziorako ezartzen diren baldintzak eta berme guztiak, bai eta testu bategin horren 133. artikuluan ezartzen dena ere, jarraian azalduko diren xehetasunekin.

I. Baldin eta UE9 unitateko jabeek UE5 unitatekoek baino lehenago urbanizatzen badute beren eremua, Herri Lan Departamentuak onetsitako trafikoari buruzko azterlanean ageri den 1. lotunearen urbanizazio-obren kostua ordaindu beharko dute. UE5 unitateko jabeek berei dagokien zatia ordaindu beharko dute beren eremuaren hirigintza-kudeaketari ekiten diotenean. Horretarako, bi unitateetako jabeek hirigintza-hitzarmena sinatuko dute lehen urbanizazio-proiektua izapidetzen denean (kasu honetan UE9 unitatea urbanizatzeko proiektua izanen da). (...)

1. lotunea urbanizatzeko proiektua UE9 unitateko jabeek esleituko dute. Proiektuan bi unitateetako eraikigarritasunaren proportziozko kostuen banaketa egin beharko da. Proiektuaren hirigintza-izapideak egiten direnean haien berri emanen zaie UE5, AC11, AA5 eta AA6 unitateetako eta 1. banaketa-eremuko 2. sektoreko UE-2 unitateko jabeei, interesdunak diren aldetik.

Urbanizazio-lanak UE9 unitateko jabeek kontratatuko dituzte (sustatzaile modura jardunen dute). Berek edukiko dute amaierako ziurtapenaren eta likidazio ekonomikoaren ardura. Likidazioa UE5 unitateko jabeei jakinaraziko zaie eremuko lanen kostuen proportziozko banaketarekin batera.

Udalak behin betiko onarpena ematen dionean 1. lotunea urbanizatzeko proiektuari, UE-9 unitateko jabeek ahalmena edukiko dute obrak egiteko behar diren lurrak zuzenean okupatzeko (lur horiek nahitaez laga behar dituzte doan), baina okupazio horrek ezin du eragotzi UE5 unitateko jabeek eremua birzatitzen denean lur horietan eraikitzeko eskubidea.

1. lotunea hartzen duen UE5 unitatea urbanizatzeko proiektuak ezin du hartu eremu osoa; aitzitik, proiektuaren xedea bide-elementu hori soilik urbanizatzea izan beha da. Egiten den urbanizazio-obra unitate funtzional gisa jaso ahal izanen da.

1. lotunea urbanizatzeko proiektua izapidetzeko ez da birzatitu beharko UE5 unitatearen eremua. Eremu hori orduan birzatitzen ez bada, bideak eta lotuneak egiteko behar diren UE-5 unitateko lurren zuzeneko okupazioaren aurretik finak normalizatzeko prozedura eginen da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 155. artikuluan (edo horren ordezko manuan); prozedura horretan entzunaldiaren izapidea emanen zaie interesdun guztiei (hamabost egun) eta zitazioa bidaliko zaie.

II. Baldin eta UE5 unitateko jabeek UE9 unitatekoek baino lehenago urbanizatzen duten beren eremua, 1. lotunearen kostuak bi unitateetako jabeen artean banatuko dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 133. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, haien artean besterik adostu ezean.

III. Nolanahi ere, UE9 unitateko jabeek eta UE5 unitatekoek modu proportzionalean ordainduko dituzte 1. lotunearen 1. eremua urbanizatzeko obraren kostuak; aldiz, UE9 unitateko jabeek oso-osorik ordainduko dituzte 1. lotunearen 2. eremua urbanizatzeko obraren kostuak. Eremu horiek aldaketa egituratzaile honen planoetan zehazten dira.

1. lotunea urbanizatzeko proiektuaren izapideak egiten diren aldi berean UE5 eta UE9 unitateetako jabeek kudeaketako hirigintza-hitzarmena izapidetuko dute; bertan jabeek denen intereseko lotunea behar bezala garatzeko beren gain hartzen dituzten betebeharrak zehaztuko dira”.

Aski da fitxa irakurtzea ohartzeko testua korapilatsua dela eta arautzen dena zail dela aplikatzen.

Batetik, bi egoera bereizten dira eta bakoitza modu batean ebazten da. Lehen egoera honako hau da: UE5 unitatea UE9 unitatea baino lehen urbanizatzea; horretarako, kostuak banatzeko proiektua onetsi beharko litzateke, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 133. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

Nolanahi ere, kontrakoa gertatuko balitz, hots, UE9 unitatea urbanizatuko balitz UE5 unitatea baino lehenago, ezartzen da ez litzatekeela onetsi beharko kostuak banatzeko proiektua, baizik eta 1. lotunea urbanizatzeko proiektua, eta horren aurretik UE5 eta UE9 unitateetako lurren jabeek hirigintza-hitzarmena sinatu beharko luketela denen betebehar ekonomikoak eta bestelakoak finkatzeko (1. lotunea ongi egiteko, ulertzen dugu). Onetsitako aldaketaren arabera, urbanizazio-proiektuaren behin betiko onespenak ahalmena emanen lieke UE9 unitateko jabeei 1. lotunea egiteko behar diren lurrak okupatzeko. Nolanahi ere, horrek berez legezkotasunaren inguruko zalantzak sortzen baditu ere, ondoren azalduko den bezala, kudeaketa are gehiago zailtzen da, eskatzen baita lurren zuzeneko okupazioaren aurretik finkak normalizatu behar direla Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 155. artikuluarekin bat etorriz.

Jarraian fitxa honetan antzeman diren gorabehera guztiak aztertuko ditugu, banan-banan.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 187. artikuluan ezartzen denaren arabera, zuzeneko okupazioa sistema orokorretarako behar diren lurrak eskuratzeko baizik ezin da erabili, eta kasu honetan helburua ez da hori. Inork ez du ezbaian jartzen 1. lotunean toki sistema denik. Beraz, testu bategin horren 187. artikuluan arautzen dena aipatzea apur bat nahasgarria da. Hala ere, aipamen horrek badauka nolabaiteko zentzua, testu bategin horren beraren 133. artikuluan ezartzen baita zuzeneko okupazioaren bidez eskuratzen ahal direla sistema orokorretakoak ez diren urbanizazio-obrak, azpiegiturak eta denentzako zerbitzuak egiteko behar diren lurrak. Nolanahi ere, kasu honetan 133. artikulua ere ez da oso egokia zenbait arrazoirengatik.

Lehenengoa: artikulu horretan arautzen da nola banatzen diren modu proportzionalean urbanizazio-obren kostuak banaketa-eremu bateko exekuzio-unitateen artean. Gogoan eduki behar da UE5 unitatea AR-2 banaketa-eremuan dagoela eta UE9 unitatea AR-3 banaketa-eremuan. Beraz, ez da betetzen testu bateginaren 133. artikuluan ezartzen den lehen baldintza. Bigarrena: urbanizazio-obren kostua modu proportzionalean ordaintzeko ezinbestekoa da kostuak banatzeko proiektua izapidetzea eta onestea, eta onetsi den aldaketak ez du horretaz ezer ezartzen. Aitzitik, ezartzen du UE9 eta UE5 unitateetako jabeek hirigintza-hitzarmena sinatu behar dutela unitate bakoitzaren betebeharrak adosteko, eta horietakoak dira bakoitzak ordaindu beharreko kostuak, besteak beste. Bada, halako hitzarmenak borondatezkoak dira eta beraz ezin da ezarri nahitaez sinatu beharrik. Gainera, halaber, onetsi den aldaketan ezartzen da lankidetza-hitzarmenean finkatzen den kostu-banaketa urbanizazio-proiektu batean agertu behar dela eta bertan sartu behar direla 1. lotunea egiteko behar diren obra guztiak, nahiz eta horretarako dokumentu egokia ez izan, zeren eta, obra-proiektu hutsa izaki, ez baitauka karga ekonomikoak ezartzeko kualifikaziorik. Orobat, azaldutakoaren arabera urbanizazio-proiektuaren baliozkotasunari honako baldintza hau ezartzen zaio: bi exekuzio-unitateetako lurren jabeek hura sinatzeko borondatea eduki behar dute, ezin baita onetsi beraren eraginpeko jabeak hirigintza-hitzarmen baten bidez ados ipini ezean.

Hirugarrena: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 113. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan ezartzen denaren arabera, kostuak banatzeko proiektua (ez urbanizazio-proiektua) behin betiko onetsi ondoren administrazio jarduleak ahalmena edukiko du zuzeneko okupazioaren bidez eskuratzeko urbanizazioa egiteko behar diren lurrak, eta administrazio horrek berak edukiko du urbanizazio-obren burutzapenaren ardura. Azaldutakoa aintzat hartuta, ezin da onartu urbanizazio-proiektuaren behin betiko onespenak ahalmena ematea lurren zuzeneko okupaziorako, urbanizazio-proiektuek ez baitute halako ahalik ematen. Nolanahi ere, erabiltzen den tresna gorabehera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren arabera lurrak okupatzeko ahalmena administrazio jarduleak baizik ez dauka; eraginpeko lurren jabeek ez daukate inolako ahalik horretarako, onetsitako aldaketan besterik ezarri arren. Beraz, testu bateginean ezartzen da urbanizazioa administrazio jarduleak egin behar duela, eta horretarako ezinbestekoa da jarduketa-sistema lankidetza izatea.

Gainera, eremu honen kudeaketa are zailagoa da, aldaketan ezartzen den arautegiak agintzen baitu ezen, lurrak zuzenean okupatu baino lehen, finkak normalizatzeko espedientea izapidetu behar dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak 155. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz. Izan ere, artikulu hori aipatzeak ez dauka zentzurik, aurrean ezarrita baitago urbanizazio-proiektuaren behin betiko onespenak ahalmena emanen duela lurrak zuzenean okupatzeko. Are gehiago, finken normalizazioa birzatiketarik egin behar ez denean aplikatzen den figura da, eta kasu honetan ez da hori gertatzen, UE5 unitatean birzatiketa-prozesua aplikatu behar da eta. Horrenbestez, figura hori erabiltzea ere ez da egokia.

Gogoan eduki behar da lege-testuak oso-osorik bete behar direla eta ez dagoela aukerarik egokitzapenak ad hoc egiteko, nahiz eta Udalaren iritziz horretarako arrazoiak egon. Hala ere, udal planaren arautegian lurrak zuzenean okupatzeko ezartzen den sistemak ez dauka zerikusi handirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 189. artikuluarekin, ez eta 133. artikuluarekin ere. Gainera, finka-normalizazioa ere ez da bidezkoa, ez baitira betetzen horretarako baldintzak.

Beraz, hirigintza-fitxa horietan eremuaren kudeaketaz ezartzen dena, batez ere 1. lotunea egiteko behar diren lurrak eskuratzeari buruz ezartzen dena, ez dator bat Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean ezartzen denarekin.

Horregatik guztiagatik, honako hau modu partzialean deusezten da, 1. lotunerako behar diren lurrak eskuratzeko moduari dagokionez, hain zuzen: Urdazubiko udal planaren aldaketa, 1. poligonoko 108. katastro-lurzatiaren gain eragina duena, baita UE-5, AA-5, AA-6 eta AC-11 eremuen eta S2/AR1eko 2. unitatearen gain ere (Eliz-Aldea SLk sustatu du).

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik, honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. Zuzenbideko bosgarren oinarrian azaltzen diren arrazoiengatik, modu partzialean baiesten da Santiago Alzuyet Echeverria jaunak eta Francisca Torres Gamio andreak 38E/2020 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa (38E/2020 Foru Agindua, martxoaren 13koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko kontseilariarena, behin betiko onesten duena Urdazubiko udal planaren aldaketa egituratzaile bat, 1. poligonoko 108. katastro-lurzatiaren gain eragina duena, baita UE-5, AA-5, AA-6 eta AC-11 eremuen eta S2/AR1eko 2. unitatearen gain ere. Eliz-Aldea SLk sustatu du).

2. Erabaki honen eranskinean dauden hirigintza-fitxen edukia indarrean dago, 1. lotunea egiteko behar diren lurrak eskuratzeari buruzko aipamenak ezabatuta.

3. Erabaki hau jakinaraztea errekurtsogileei eta Eliz-Aldea SLri, eta ohartaraztea erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik bi hilabete pasatu baimno lehen.

4. Erabakio honen berri ematea Urdazubiko Udalari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuari.

5. Erabaki hau, eranskinarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 13an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

Hirigintzako fitxak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2100494