278. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2508/2021 EBAZPENA, 2021eko azaroaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan proiektuak kudeatu eta betearazteko aldi baterako unitate administratiboen ezarpena arautzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 24an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 24an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoan proiektuak kudeatu eta betearazteko aldi baterako unitate administratiboen ezarpena arautu da.

“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKO PROIEKTUAK KUDEATU ETA GAUZATZEKO ALDI BATERAKO UNITATE ADMINISTRATIBOEN ERAKETA ARAUTZEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa eskumenak oinarri hartzen dituen irizpidearen arabera zehaztutako unitate organikoetan dago egituratua gaur egun. Hala ere, errealitateak agerian uzten du antolamendu modalitate malguagoak behar direla aldi baterako proiektu estrategiko jakin batzuk kudeatzeko, eta modalitate horiek gai izan behar direla proiektu horietarako zehaztutako helburuak zeharka lortzeko.

Hori dela eta, aldi baterako unitateak eratzeko aukera ezartzen da erabaki honen bidez, horrelako proiektu estrategikoak kudeatu eta gauzatzearren, eta hori egiteko baldintzak arautzen dira.

Alde horretatik, Gobernu Kontseiluaren kargu uzten da unitate horiek eratzeko erabakia, baita unitate horiek justifikatzen dituen proiektua definitzekoa eta bere iraupena ezartzekoa ere.

Halaber, xedatzen da ezen, unitateak langilez hornitzeko, Unibertsitateko plantilla organikoko lanpostu jakin batzuk esleituko zaizkiola proiektuari. Horretarako, titularren gaitasuna eta esperientzia hartuko dira kontuan, proiektuak plantilla profesionalik egokiena izan dezan. Era berean, unitateko kide batzuei unitatearen barnean erantzukizun maila desberdinak agintzeko aukera ezartzen da.

Azkenik, beste alderdi batzuk arautzen dira, hala nola proiektuei esleitutako langileen egoera, haien eskubideak eta aldi baterako unitate mota horien erregulazioa osatzeko beharrezkoak diren alderdi batzuk.

Horretarako, Unibertsitateko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen Negoziazio Mahai Sektorialari entzunda, kudeatzaileak proposatuta, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, bere kideek aurretik deliberatu ondoren, 2021eko azaroaren 24an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Proiektuak kudeatu eta gauzatzeko aldi baterako unitate administratiboak eratzeko araubidea onestea. Erabaki honi erantsita ageri da.

Bigarrena.–Erabaki honek Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Hirugarrena.–Erabaki hau Kudeatzailetzari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari aditzera ematea.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2021eko azaroaren 24an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

1. artikulua. Xedea.

Arautegi honen xedea Unibertsitatearentzat izaera estrategikoa duten proiektu jakin batzuk kudeatzeko eta gauzatzeko aldi baterako unitate administratiboen eraketa arautzea da, prozesu horiek eraginkorrak era efizienteak izan daitezen. Unitateok proiektu horien kudeaketa zentralizatuko dute, baita horiek martxan jartzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatu ere.

2. artikulua. Aldi baterako unitateen eraketa.

a) Proiektu jakin bat kudeatu eta gauzatzeko aldi baterako unitateak Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez eratuko dira, kudeatzaileak proposaturik.

Erabaki horretan zehaztuko da aldi baterako unitatearen eraketa bultzatu duen proiektua, baita eraketa hori justifikatzen duten arrazoiak azaldu ere.

Hura justifikatzen duen proiektuak emanen dio izena eratutako unitateari.

b) Proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztu aurretik, Kudeatzailetzak haren berri emanen dio Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Arloko Mahaiari. Proiektuaren datuen berri eman beharko dio, baita aldi baterako unitateari plantillako zer lanpostu ezarriko zaizkion aipatu ere.

3. artikulua. Iraupena.

Aldi baterako unitate bakoitza eratzeko erabakian zehaztuko da noiz arte egonen den indarrean proiektua. Epe hori ezin izanen da sei hiletik beherakoa izan, ezta errektorearen agintaldia baino gehiago luzatu ere.

Nolanahi ere, proiektuaren jarraipenerako komenigarria bada, zilegi izanen da aldi baterako unitateren iraupena hasieran ezarritako epetik haratago luzatzea Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez.

4. artikulua. Osaera.

a) Proiektuak kudeatu eta gauzatzeko aldi baterako unitateak proiektu bakoitzean inplikatutako zerbitzu edo ataletako lanpostuz egonen dira osatuak.

Lanpostu horiek karrerako funtzionarioek edo izaera administratiboarekin kontratatutako langileek betetzen ahalko dituzte, eta unitatea eratzeko akordioan zehaztuko dira, lanpostu bakoitzaren titularrak zer lan egiten duen kontuan hartuta eta, ondorioz, kontuan hartuta lan hori ongi egoitzen ote den eratutako behin-behineko unitatean izanen diren zereginetara.

Proiektuan inplikatutako zerbitzu edo ataletako arduradunek parte hartuko dute proposamenean, hura prestatu aurretik, egokitzapen hori zehazteko.

Era berean, erabakia onetsi baino lehenago, Kudeatzailetzak informazioa emanen die inplikatutako lanpostuen titularrei.

b) Lanpostuen esleipenak ez du aldatuko Unibertsitateko plantilla organikoa, eta bertan ezarritako lanpostuen atxikipenak bere horretan jarraituko du.

Inplikatutako lanpostuen titularrek beren jatorrizko unitateekin lankidetzan jardun beharko dute beren ohiko jardueraren alderdi jakin bati jarraipena emateko, baldin eta unitate horiek hala eskatzen badiete, behar bezala justifikatuta.

c) Lanpostu horien titularrek beren eskubide guztiei eutsiko diete, mugikortasun prozesuetan parte hartzeko aukera barne, hala badagokie.

d) Lanpostu bat proiektuak kudeatu eta gauzatzeko aldi baterako unitate bati esleitzeak lanpostuaren lanaldia edota campusa aldatzea ekar dezake.

Kasu horietan, lanpostuaren titularraren adostasuna beharko da esleipena egiteko.

Prozedura amaitutakoan, lanpostuak jatorrizko lanaldira eta campusera itzuliko dira.

e) Kudeatzaileak, ebazpen bidez, unitatearen arduradun izendatzen ahalko du proiektuari esleitutako lanpostuen titularretako bat. Halaber, proiektuaren parte baten edo proiektuaren barneko kudeaketa-arlo baten erantzukizuna agintzen ahalko dio pertsona horietakoren bati.

Pertsona horiek karrerako funtzionario izan beharko dira, eta lansari osagarri bat jasoko dute lanpostu horretan aritzeagatik, atalburuei edo bulegoburuei esleitutako zuzendaritza-osagarriaren baliokidea hurrenez hurren, eta, era berean, beren arduraldi mota aldatzen ahalko zaie (ebazpenean bertan jasoko da hori).

Arduradunak ezin izanen du jarraitu izendapen hori izaten eta dagozkion lansari osagarriak jasotzen eratutako behin-behineko unitatearen indarraldia bukatutakoan. Lehenago ere ematen ahalko zaio bukaera Kudeatzailetzaren ebazpen baten bidez.

5. artikulua. Mendekotasun funtzional eta organikoa.

Proiektuak kudeatu eta gauzatzeko aldi baterako unitate bakoitzaren mendekotasun funtzionala hura eratzen duen Gobernu Kontseiluaren erabakian ezarriko da. Mendekotasun funtzional hori proiektuaren gaiaren gaineko eskumenak nagusiki esleituak dituen organoari egokituko zaio.

Behin-behineko unitateari esleitutako lanpostuek administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoaren arabera ezarria duten mendekotasun organikoa ez da aldatuko.

6. artikulua. Aurrekontu zuzkidura.

Proiektuak kudeatu eta gauzatzeko aldi baterako unitate bakoitzak, behar izanez gero, aldi baterako gastuaren unitate funtzional propioa izaten ahalko du, eta beharrezko aurrekontu zuzkidura gehituko zaio.

7. artikulua. Kontratazioak.

Salbuespen gisa, langile gehiago esleitzen ahalko zaizkie proiektuak kudeatu eta gauzatzeko aldi baterako unitateei, unitateok justifikatzen dituen proiektuari eta unitateei beraiei lotutako kontratu mugatuen bidez.

Iragarkiaren kodea: F2116737