277. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

422E/2021 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Lizarrako udal mugartean ardogintzako hondakinak prozesatzeko dagoen instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko baimena. Instalazio horren titularra Agrupación alcoholera de bodegas cooperativas Agralco da.

2021eko otsailaren 16an, gaur egun funtzionamenduan dagoen instalazio horren titularrak instalazioan aldaketa nabarmen bat egiteko baimena eskatu zuen, argindarra sortzeko instalazio fotovoltaiko baten proiektua gauzatu ahal izateko. Instalazioak badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 16ko 1503/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 542E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2020ko abuztuaren 11n, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jarduera hori lurzoru urbanizaezinean baimentzearen kontrako txostena eman zuen, honako arrazoi hauengatik:

“Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 10. artikuluaren arabera, honako hauek izanen dira jarduera eta erabilera baimengarriak lurzoru urbanizaezinean: beren izaera dela-eta lurzoru urbanizaezinean kokatu behar direnak, baldintza jakin batzuetan eta salbuespen gisa, lurzoru urbanizaezina babestu eta zaintzeko helburuekin bateragarriak direnak, eta bermatzen dutenak lurzoru hori babestu edo zaindu behar izateko aintzat hartutako balioak edo arrazoiak ez dituztela aldatuko.

Proiektatutako instalazioak zerbitzatzen duen industria-jarduera industriako hiri-lurzoruan kokatua dago, Lizarrako udal planaren arabera.

Hiri-lurzoruan kokatutako jarduera baten zerbitzura jarriko den energia sortzeko zentro baten instalazioak ez du loturarik lurzoru urbanizaezinarekin, hiri-lurzoruarekin baizik. Hortaz, ezin da ondorioztatu jarduketa hori nahitaez lurzoru urbaniezinean kokatu behar denik.

Aurkeztutako dokumentazioak ez du justifikatzen jarduketak lurzoru urbanizaezinarekin duen lotura, eta honako arrazoi hauek aipatzen ditu eguzki-parkea lurzati horretan ezar dadila proposatzeko: industria-jarduera garatzen den lekutik hurbil egotea, eta beste tokirik ez izatea nahi den potentzia lortzeko behar diren eguzki-panel guztiak jartzeko, ez fabrika kokatua dagoen eremuaren gainazalean, ez estalkietan.

Arrazoi horiek ez dira nahikotzat jotzen panelak lurzoru urbanizaezinean kokatu behar direla justifikatzeko.

Horrenbestez, bidezkoa da ukatzea eskatutako aldaketa nabarmena egiteko baimena.”

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ukatzea Lizarrako udal mugartean ardogintzako hondakinak prozesatzeko dagoen instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko baimena, argindarra sortzeko instalazio fotovoltaiko baten proiektua gauzatzeko erabili nahi zena. Instalazio horren titularra Agrupación alcoholera de bodegas cooperativas Agralco da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Agrupación alcoholera de bodegas cooperativas Agralco elkarteari, Lizarrako Udalari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko azaroaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2116807