276. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

149/2021 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira: 2021-2022 ekitaldian, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintza presentzialak gauzatzeko dirulaguntzak. DDBN identifikazioa: 596285.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren 2021eko urriaren 22ko txostena, deialdiaren oinarri arautzaileak onesteari dagokionez.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. 2022an 2. eta 3. mailetako prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia onestea. Ekintza horiek, lehentasunez, Nafarroako Foru Komunitatean langabezian dauden pertsonei zuzenduko zaizkie.

3. 799.950,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuan horretarako gaitzen den “Enplegurako lanbide prestakuntza egiaztagarrirako laguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 422002 43200 4709 322E00 partidaren partida baliokidearen kargura, behar adinako kreditu egokia baldin badago, PEP: P-21/000307 Enplegurako lanbide prestakuntzarako ekintzak 21.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintzarako Atalera, Enpresako Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko azaroaren 19an.–Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Martínez Cía.

(Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 26ko 108/2019 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, 2021-2022 ekitaldian profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako prestakuntza ekintza presentzialak gauzatzeko.

2.–Entitate onuradunak.

Akreditatutako prestakuntza-entitateak eta lanbide heziketako ikastetxe pribatuak, lehentasunez langabeei zuzendutako jarduera egiten dutenak, Nafarroako Foru Komunitatean.

Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

3.–Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak.

2.1. Prestakuntza ekintzak dirulaguntza ematen den egunetik aurrera hasten ahalko dira, eta 2022ko urriaren 15a baino lehen bukatuko dira.

2.2. Prestakuntza ekintzak garatzeko, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

2.3. Irakasleek prestakuntzaren eta esperientzia profesionalaren arloetako aginduak bete behar dituzte, profesionaltasun ziurtagiri bakoitzaren IV. apartatuan biltzen direnak, eta frogatu behar dute ezen profesionaltasun ziurtagiri horren errege dekretuak irakasteko eskatzen duen gaitasuna badutela, kontuan izanik martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak egin dituen aldaketak.

Lanbide heziketako ikastetxeek egiaztatuko dute irakasleek frogaturik dauzkatela esleitutako modulua edo moduluak irakasteko behar diren baldintzak. Horik frogaturik izanez gero, ikastetxeak komunikatuko du, ikasturte hasierako komunikazioaren bidez, irakasle horiek prestakuntza ekintzan parte hartuko dutela. Akreditazioa tramitatzen ahal da Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Acreditacion-de-docentes-de-formacion-para-el-empleo

Laguntza onartzen den unetik aurrera, prestakuntza ikastetxeak aukera izanen du onartutako moduluetako irakasleei buruzko agiriak aurkezteko eta berrikuspena eskatzeko. Prestakuntza ekintza hasi baino 15 egun natural lehenago bederen egin behar da tramite hori.

Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokietako prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, 799.950,00 eurokoa izanen da.

4.2. Prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ateratzeko, parte-hartzaileen kopuruari aplikatuko zaio modulu ekonomiko berariazkoa (parte-hartzaile bakoitzeko eta prestakuntza-ordu bakoitzeko), lanbide arloka eta kualifikazio mailaka banatuta, koadro honen arabera:

LANBIDE ARLOA

MAILAK

1-2

(euro/orduko)

MAILA

3

(euro/orduko)

ADG

ADMINISTRAZIOA ETA KUDEAKETA

8

8

COM

MERKATARITZA ETA MARKETINA

9

9

IFC

INFORMATIKA ETA KOMUNIKAZIOAK

9

9

SSC

ZERBITZU SOZIOKULTURALAK

9

9

FME

FABRIKAZIO MEKANIKOA

12

12

ELE

ELEKTRIZITATEA ETA ELEKTRONIKA

11

11

ARG

ARTE GRAFIKOAK

10

10

IMS

IRUDIA ETA SOINUA

10

10

MAM

ZURA ETA ALTZARIAK

11

12

EOC

ERAIKUNTZA ETA OBRA ZIBILA

11

12

Kopuru horri 70 euro gehitu behar zaizkio, 2022ko urteko azaroaren 15a baino lehen lanekoak ez diren praktikak egiten dituen ikasle bakoitzeko.

5.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren pertsona guztien gutxienez ehuneko 70 talde horretakoak izan beharko dira.

b) Lana duten pertsonak, kolektibo hauen barruan badaude:

–Zerbitzu ordainduak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dituztenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

–Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

–Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

–Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

Lana duten pertsonak prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren partaide guztien ehuneko 30 izanen dira gehienez.

Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente baten menpe dauden langileen kasuan, enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude, ez dira lanean dauden pertsonatzat hartuko TMS/368/2019 Aginduaren 18.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan ezarrita dagoen bezala.

Hautagaiek prestakuntzaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.

c) Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek ezin dute ekintza hauetan parte hartu.

5.2. Prestakuntza ekintzak 15 laguneko taldeentzat dira. Entitate onuradunek zilegi izanen dute 20 lagun bitarteko taldeak osatzea, horretarako inskribaturik badaude. 15 laguneko mugatik gorako pertsonak ez dira aintzat hartuko likidazioari begira, baina, hala ere, aseguraturik egon beharko dira, 13.1.d) oinarrian ezarri bezala, eta prestakuntza behar bezalako aprobetxamenduarekin bukatuz gero, akreditazioa ematen ahalko zaie.

Prestakuntza-hartzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

5.3. Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.4. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, kontuan hartuta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak identifikatzen dituen beharrak eta berdintasun eta objektibotasun irizpideak. Horrez gain, bermatu beharko du parte-hartzaileek betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak, edo prestakuntza ekintza egiteko oinarrizko gaitasunen jabe direla.

Inskripzioa enplegu atariaren prestakuntza atalaren bidez eginen da (https://formacion.navarra.es/eu/), edo enplegu agentzietan, aurretik hitzordua eskatuta.

5.5. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean postu kopurua, entitate onuradunak hautaketa bat eginen du. Hautaketa horrek honako lehentasun-ordena eta irizpide hauei jarraituko die:

a) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek edo orientazio zerbitzua ematen duten entitate laguntzaileek bidalitako pertsonak.

c) Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

d) Prestakuntza prozesua egin ondoren kontratatuak izateko konpromisoa frogatzen dutenak.

e) Ikastaro bakoitzean lehenetsiak izateko baldintza betetzen dutela frogatzen dutenak.

f) Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek (ABEEE) ukitutakoak, emakumeak eta kualifikazio txikiko pertsonak.

g) Aurreko irizpideak aplikatu eta gero berdinketarik badago, eskaera-datari emanen zaio lehentasuna.

5.6. Hautaketa egin ondoren, prestakuntza-entitateak Hezkuntza Departamentuari emanen dio emaitzen berri, eta, bereziki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek edo entitate laguntzaileek bidalitako pertsonen hautaketaren emaitzaren berri, adieraziz nor onartu den eta nor ez, eta, kasu horretan, parte ez hartzeko edo ez hautatzeko arrazoia emanez.

5.7. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabetean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

5.8. Prestakuntza ekintza justifikatutako arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman edo parte hartu Hezkuntza Departamentuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.9. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TME/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko kontzesioko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuen ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

c) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek zer enplegu agentziatan emana duten izena, horko datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik zentrora joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

d) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

e) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 80 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

f) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-subsidioa edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

–Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoaren (OAEAP-IPREM) ehuneko 75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen ehuneko 75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen ehuneko 75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

g) Enpresei konpentsazioa ematea lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiteagatik. 6 euro ikasle eta praktika-orduko, gehienez.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Prestakuntza ekintzak ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean edo teleprestakuntza modalitatean direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza ekintzetara agertu behar dutenean.

7.–Lanekoak ez diren praktikak.

7.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanetik kanpoko praktika profesionalak egiten ahalko dituzte, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 19. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

7.2. Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak horretarako baimena ematen badu. Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.

7.3. Lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten langabeek 6. oinarrian aurreikusten diren bekak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte. Pertsona langabea den erabakitzeko, kontuan hartuko da lanekoak ez diren praktika profesionalen hasieran zein lan egoeratan dagoen.

7.4. Lanekoak ez diren lanbide praktikak prestakuntza ekintza egin bitartean egiten ahalko dira, prestakuntza ekintzaren gutxienez ehuneko 75 egin bada, edo ekintza bukatu ondoren, ebaluazio positiboarekin gainditu bada. Praktikak ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 4 hilabetetik gora iraganen horren bukaeraren eta praktiken hasieraren artean. Beren izaeragatik epe hori betetzeko zailtasunak dituzten profesionaltasun ziurtagiri jakin batzuetarako baimena eskatzen ahalko zaio administrazio eskudunari, epe hori luzatzeko.

8.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

8.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira, “Profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako prestakuntza ekintza presentzialak 2021-2022an gauzatzeko dirulaguntzak” deialdiaren tramite-fitxaren ‘Tramitatu’ aukeraren bidez. Aukera hori Nafarroako atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen atalean dago. Eskaeraren inprimakirako, aipatu fitxan dagoen eskaeraren eredu normalizatua erabili beharko da.

8.2. Eskatutako ekintzek bat egin behar dute II. eranskinean argitaratutako lanbide-arloen gaitasun-unitateekin, eta baztertu eginen dira baldintza hori betetzen ez dutenak. Adjudikazioan, bidezkoa denean, profesionaltasun ziurtagiri baten prestakuntza-modulu guztiak eskaintzea dakarten gaitasun-unitateei lotutako prestakuntza ekintzak lehenetsiko dira, 8. oinarrian aipatzen denarekin bat. ‘Adjudikatzeko irizpideak’.

8.3. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskabidea sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen adierazpena.

c) Adierazpena, eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla dioena, eta eskatutako agiriak aurkeztu direla dioena.

Eskabidea sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

8.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza ekintza guztien laburpena, memoria eta aurrekontua, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu beharko dute.

d) 7.1.A oinarriaren balorazio-irizpideak frogatzea, hala badagokio.

e) Aurrekoaz gain, Hezkuntza Departamentuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

8.5. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

9.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 egun naturaleko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

9.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

10.–Balorazio irizpideak.

10.1. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Entitate eskatzaileak prestakuntza ekintzak garatzeko duen gaitasun frogatua: 50 puntu gehienez, honela banatuta:

A.1. Irakaskuntzaren fidagarritasuna.

Irizpide honetan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela kalkulatuko da:

–10 puntu emanen zaizkio Hezkuntza Departamentuak baimendutako ikastetxe bakoitzari, azken bost urteetan hezkuntza sistemako hastapeneko lanbide heziketa ematen duenari.

–5 puntu emanen zaizkio ikastetxeak 2020-2021 ikasturtean irakasten duen lanbide arlo bakoitzetik ematen duen heziketa ziklo bakoitzeko. 15 puntu gehienez.

–Puntu 1 emanen zaio ikastetxeari 2020-2021 ikasturtean prestakuntza ematen duen Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionaleko lanbide arlo bakoitzeko. 5 puntu gehienez.

A.2. Jardueraren errendimendua.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Ratio bat da, honela ateratzen dena: hasierako lanbide heziketako ikasle guztiak (2021eko ekainaren 30ean) eta talde guztiak zati Nafarroan taldeen eraketa eta heziketa zikloetako onarpena arautzen dituen araudian oro har adierazten den ikasle kopurua (20 ikasle, goi mailako eta erdi mailako heziketa zikloetarako, eta 14 ikasle oinarrizko lanbide heziketako zikloetarako); ratio hau 2020-2021 ikasturtea kontuan hartuta ateratzen da.

Puntuak honela banatuko dira:

–Ratioa 1 edo handiagoa denean, 10 puntu emanen dira.

–Ratioa 1 baino txikiagoa denean, puntuazio proportzionala emanen da, bi dezimalekin (biribiltzeko arau matematikoa aplikatuko da).

A.3. Berdintasuna.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela ulertzen da: indarra duen berdintasun plan bat izatea, ondoren aipatzen diren ezaugarriak dituena; edo ondoren deskribatzen diren genero-berdintasuneko neurrietatik 3 betetzea, gutxienez; edo genero ikuspegia sartzen joateko neurriak daudela, hastapeneko lanbide heziketa emateko baimena daukaten ikastetxeen kasuan.

Puntuak honela banatuko dira:

–10 puntu emanen dira entitate edo ikastetxe eskatzaileak ondorengo hiru baldintzetako bat betetzen duenean, eskaera aurkeztu den egunean:

  • Entitate edo ikastetxe eskatzaileak indarrean den berdintasun plan bat izatea, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratua.
  • Entitate edo ikastetxe eskatzaileak ondoren deskribatzen diren genero-berdintasuneko neurri hauetatik hiru betetzea, gutxienez, arlo honetakoak: 1. Hautapen eta kontratazio prozesuak; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena; 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.
  • Entitate edo ikastetxe eskatzaileak frogatzea bere proiektu funtzionalean edo ikastetxeko hezkuntza proiektuan, dagokionaren arabera, badaudela genero-ikuspegia txertatzeko neurriak; halaber, urteko jarduera planean edo urteko programazio orokorrean, dagokionaren arabera.

–Aipatu hiru baldintza horietako bat, behintzat, frogatzen ez denean, ez da punturik emanen.

B) Prestakuntza ekintzen alderdi teknikoak: 10 puntu gehienez ere, honela banatuta:

B.1. Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Puntuak honela banatuko dira:

–1 puntu emanen da oinarri arautzaile hauen 3.2 oinarriak biltzen duen prezioa ehuneko bat jaisten den bakoitzean. Ehunekoen jaitsiera ez bada zenbaki oso bat, dagozkion puntu proportzionalak emanen dira, bi dezimalekin, biribiltzeko arau matematikoa aplikatuz.

10.2. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako agirietan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

11.–Adjudikaziorako irizpideak.

11.1. Dirulaguntzak II. eranskinean zerrendatutako lanbide arlo bakoitzari dagozkion ekintzetarako emanen dira. Horretarako, dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, 11. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Adjudikatuko zaizkie, erabilgarri dagoen kredituaren mugarekin, 11. oinarrian aipatzen diren irizpideak aplikatuz baloraziorik handiena lortu duten entitateei edo ikastetxeei.

11.2. Oro har, onuradunak izanen dira soilik dagokion lanbide arloan baloraziorik handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren ehuneko 50, gutxienez, lortu duten eskaerak.

11.3. 7. oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioan puntu berdinketa gertatuz gero, ondoren aipatzen diren irizpideak aplikatuko dira berdinketa hausteko, hurrenez hurren, lehentasun-zerrenda ezartzeko:

–‘Irakaskuntzaren fidagarritasuna’ irizpidean puntuaziori handiena lortu duena.

–Eskaera erregistroan sartzeko hurrenkera kronologikoa.

11.4. Lanbide arlo bakoitzeko prestakuntza ekintzetarako dirulaguntza adjudikatuko zaio, 7. oinarrian finkatutako balorazio-irizpideak aplikatuta, puntuaziorik handiena lortu duen entitateari edo ikastetxeari, eta proposatutako prestakuntza ekintzen artean banatuko da, honako irizpide hauen arabera:

–Lehenik, profesionaltasun ziurtagiri oso bati dagozkion prestakuntza ekintzak adjudikatuko dira.

–Bigarrenik, gaitasun unitateei dagozkien prestakuntza ekintzak adjudikatuko dira, profesionaltasun ziurtagiri oso bati ez dagozkionak.

11.5. Lehentasun-zerrendako lehen postuan dagoen entitatearen edo ikastetxearen prestakuntza ekintzak adjudikatu ondoren adjudikatu gabeko aurrekontu eskuragarririk balego, hurrengo entitatearen prestakuntza ekintzei adjudikatuko zaizkie, eta horrela hurrenez hurren. Adjudikazio horiek irizpide honi jarraitu beharko diote: ezin izanen zaizkio adjudikatu oinarri honetan adierazitako irizpideak aplikatuz aldez aurretik adjudikatutako prestakuntza ekintzei.

11.6. Aurreko oinarrietan aipatutako adjudikazioak egin eta gero adjudikatu gabeko aurrekontua badago, aurrekontu hori gehituko zaio ondoren aipatzen diren lanbide arloetarako dagoen zenbatekoari, ondoren esaten den ordenaren arabera: 1. ‘Gizarte eta kultur eta komunitatearentzako zerbitzuak’; 2. ‘Eraikuntza eta Obra zibila’; 3. ‘Instalazioa eta Mantentze-lanak’; 4. ‘Fabrikazio mekanikoa’; 5. ‘Elektrizitatea eta Elektronika’; 6. ‘Administrazioa eta Kudeaketa’; 7. ‘Merkataritza eta Marketina’; 8. ‘Informatika eta Komunikazioak’; 9. ‘Arte grafikoak’; 10. ‘Irudia eta Soinua’; 11. ‘Zura eta Altzariak’.

12.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

12.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

12.2. Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia da deialdi honen eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

12.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari dagokio.

12.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeburua: Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du, non, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko baita zerrenda batean.

12.5. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari bidaliko dio ebatz dezan.

12.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea 45 egunekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

13.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen gaineko informazioa ematea: prestakuntzaren hedadura; eskubideak eta betebeharrak; eta, halakorik bada, aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Aseguru bat izan beharko dute deialdi honetako edozein prestakuntza jardueratan parte hartzearen ondoriozko arriskua estaltzeko, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik izan ezean, horren berme gutuna, estaldura hau izanen duena, gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa ikastaroaren orduetan gertatzen den edozein istriputarako; horren barnean sartuko dira bisitak egiteko irteera baimenduak eta parte-hartzailea bere ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (garraiobidea zein den ere); gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa ezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, bisitetan eta irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Bertaratze ziurtagiri bat ematea prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari. Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak emanen ditu bi ziurtagiriak IRIS aplikazioaren bidez.

g) Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.

h) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartuz gero, horren berri ematea Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

i) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

j) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

k) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

l) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak beteko dira.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

13.2. Gardentasun betebeharrak.

a) Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

b) Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

c) Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat dago eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

d) Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar egun naturaleko epean, horren bidez frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

14.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, ondoko arauak beteko dira: uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluak eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17 artikulua.

14.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 5 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen denean gertatzen bada.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

14.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da, prestakuntza ekintzaren orduen ehuneko 25 eman baino lehen edo lehen 5 eskola-egunetan.

Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta bidaltzen bada ikastaroaren iraupenaren ehuneko 25 gainditzen den eskola egunera arte, egun hori barne.

14.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren plaza hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren ehuneko 25 igaro baino lehen.

14.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, deialdiaren tramiteen fitxan, 5.1 oinarrian aipatzen den horretan, zehazten diren epeetan eta moduan.

15.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarrei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

16.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da.

16.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

16.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren ehuneko 25 izanen dena. Halaber, ehuneko 35 gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren ehuneko 60 gehienez, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren ehuneko 60; gainerako ehuneko 40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

16.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, hurrengo oinarrian adierazi bezala.

b) Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

–Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

–Dirulaguntzaren zenbatekoa, kalkulatua jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

16.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da gehienez, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo kasuko oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

16.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

16.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

16.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen ehuneko 75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da modulu horretarako ezarritako ikaskuntza jarduera guztiak egin baditu. Prestakuntza orduen ehuneko 25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, desbideratzeak onartzen ahalko dira, gehienez ere ekintza bakoitza hasi duten parte-hartzaileen ehuneko 30ena.

16.9. Justifikazioaren ondorioetarako, langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ulertuko da baldin eta ekintza bertan behera utzi behar izan badute lana, beka bat edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nortzuk diren zehazteko atal honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorriz abuztuaren 3ko 694/2016 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

17.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

17.1. Entitate onuradunek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso duten taldeen ehuneko 5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntza modalitate guztiak ere.

17.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, tramiteen fitxan, 5.1 oinarrian aipatzen den horretan, eskura egonen den eredu normalizatua baliatuz bete beharko dena.

Entitate onuradunek Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren prestakuntza ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

17.3. Entitateak bilduko ditu, 13.4 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak.

17.4. Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

1. “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

2. “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan. Ondorio horietarako, kontsiderazio hori deialdia ebazteko ebazpenean adierazi beharko da.

18.–Azpikontratazioa.

18.1. Prestakuntza ekintzak entitate onuradunak gauzatuko ditu zuzenean, eta ezin izanen du beste batzuekin azpikontratatu; ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleak kontratatzea. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa egiteko egin behar dituen bestelako gastuak.

18.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

19.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

19.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

19.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Ez-betetzea prestakuntza ekintzetan: ez-betetzea erabatekotzat hartuko da baldin eta prestakuntza jardueraren ehuneko 25 betetzera iristen ez bada (honela neurtua: ordu kopurua bider ekintza bukatzen duten pertsonen kopurua). Horrek dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du. Prestakuntza partez gauzatzen bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, gauzatu gabeko zatiari dagokiona kenduta, baldin eta prestakuntzaren ehuneko 25 baino gehiago gauzatu bada.

19.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/1905 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

19.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/1905 Foru Legean ‘dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei’ buruz ezarritakoa.

19.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

20.–Datuen babesa.

20.1. Entitate eta zentro eskatzaileek eta onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

20.2. Entitate eta zentro eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta zentroak eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau haueta xedatutakoaren arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunak arduratuko dira erregelamendu horren 13. artikuluan aurreikusitako informazioa prestakuntza programetan parte hartzen dutenei emateaz.

21.–Aplikatu beharreko araudia.

21.1. Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretuaren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duena. Horrez gainera, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da, zeinak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua aldatu baitzuen.

Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen.

22.–Dirulaguntzen publizitatea.

22.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

22.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

23.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubidea

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketetan aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da:

1. Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren ehuneko 30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: ehuneko 1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: ehuneko 5eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: ehuneko 10eko penalizazioa.

2. Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, denak batera, ezin dira sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren penalizazioaren ehuneko 30etik gorakoak.

3. Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan aurreikusitako penalizazioa ehuneko 50 murriztuko da.

4. Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskabiderik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Prestakuntza jardueraren egun aldaketak, ordutegiak, emateko lekuak, irakasleak eta tutoreak ez jakinaraztea.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL-4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik.
  • Praktiketatik salbuestea zilegi ez izatea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5. Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Hezkuntza Departamentura.

–Ikasleari “gai” kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen ehuneko 75era ez bertaratu.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

6. Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Hezkuntza Departamentuaren gordailura bidalitakoak.

7. –Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den asistentzia-kopuruarekin (PNL-5).

III. ERANSKINA

Prestakuntza ekintzak

KODEA

PRESTAKUNTZA EKINTZA

PM

IZENA

PNL

DIRULAGUNTZA

1

SSCS0208

2

Mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa ematea gizarte entitateetan

Denak

370

9

49.950,00

1.050,00

51.000,00

2

SSCS0108

2

Etxean laguntza soziosanitarioa ematea.

Denak

480

9

64.800,00

1.050,00

65.850,00

3

SSCS0208

2

Mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa ematea gizarte entitateetan

Denak

370

9

49.950,00

1.050,00

51.000,00

4

ADGD0308

2

Administrazio kudeaketako jarduerak.

Denak

800

8

96.000,00

1.050,00

97.050,00

5

IFCD0110

2

Web-orriak egitea eta argitaratzea.

Denak

480

9

64.800,00

1.050,00

65.850,00

6

COMT0411

3

Salmenten merkataritza kudeaketa.

Denak

530

9

71.550,00

1.050,00

72.600,00

7

FMEH0109

2

Txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa

MF0089_2

Txirbil-harroketa bidezko prozesuak

100

12

18.000,00

1.050,00

19.050,00

MF0090_2

Txirbil-harroketaren sistemak eta makinak prestatu eta programatzea.

260

12

46.800,00

46.800,00

8

ELES0208

1

Instalazio elektroteknikoak eta telekomunikazioetakoak eraikinetan muntatzeko lan osagarriak.

Denak

300

11

49.500,00

1.050,00

50.550,00

9

ARGI0310

2

Serigrafia eta tanpografia bidezko inprimaketa

Denak

330

10

49.500,00

1.050,00

50.550,00

10

MAMS0108

2

Zurgintzako elementuak jartzea

Denak

420

11

69.300,00

1.050,00

70.350,00

11

SSCE0212

3

Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra sustatzea.

Denak

450

9

60.750,00

1.050,00

61.800,00

12

EOCB0109

1

Eraikuntzako estaldura jarraituetako lan osagarriak.

Denak

360

11

59.400,00

1.050,00

60.450,00

13

IMSV0209

3

Multimedia produktu interaktiboak garatzea

MF0943_3

MF0943_3: Ikus-entzunezko multimedia proiektu interaktiboak

80

10

12.000,00

1.050,00

13.050,00

MF0944_3

MF0944_3: Ikus-entzunezko multimedia edukiak sortzea eta egokitzea

160

10

24.000,00

24.000,00

799.950,00

Iragarkiaren kodea: F2116548