276. ALDIZKARIA - 2021eko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

125/2021 FORU AGINDUA, azaroaren 24koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, “Etxebizitzen erabilera turismorako lagatzearen hiru hilez behingo aitorpen informatiboa” izeneko 179 eredua onesten duena.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduak, 62 ter artikuluan, informazio betebehar bat ezartzen du etxebizitzen erabilera turismorako lagatzean bitartekari lanetan aritzen diren pertsona edo entitateentzat –zehazki, “elkarlanerako plataforma” deitzen direnentzat–: etxebizitzen erabilera turismorako lagatzearen berri eman behar dute.

Hala ere, artikulu horren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera, honako hauek ez dira jotzen etxebizitzen erabilera turismorako lagatzetzat: etxebizitza errentamenduak, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean definituta dauden bezala, bai eta etxebizitzaren zati baten azpierrentamendua ere, lege horren beraren 8. artikuluak aipatzen duena; alojamendu turistikoak, beren araudi berariazkoak araututakoak; ondasun higiezinak txandaka ustiatzeko eskubidea, eta Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 5. artikuluko erabilerak eta kontratuak, honako hau salbuetsita, hain zuzen, informazio betebehar berriaren xede diren lagapenak izateagatik: etxebizitza jantzi eta hornitu bat, berehala erabiltzeko moduan dagoena eta eskaintza turistikoko kanaletan merkaturatu edo sustatzen dena, osorik eta aldi baterako erabiltzeko lagatzea, lagapen hori irabazi-asmoarekin egiten denean, nahiz eta bere araudi sektorialaren ondoriozko berariazko araubidearen pean egon.

Foru agindu honen helburua da horretarako aitorpen eredua onestea, baita eredua aurkezteko modua, epea eta tokia ere, eta informazio betebehar berri hori betetzeko gainerako datu garrantzitsuak ere bai.

179 eredua hiru hilabetean behin aurkeztuko da, urteko hiruhileko natural bakoitza bukatu eta hurrengo hilabete naturalean. 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62 ter artikuluak ezartzen duenez, zerga arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez, behar den aitorpenaren eredua eta aurkezteko modua, epea eta tokia onetsiko dira, bai eta informazioa emateko betebeharra, artikulu honetan jasotzen dena, betetzeko beharrezkoak diren neurri guztiak ere.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 179 eredua eta berori aurkezteko modua onestea.

“Etxebizitzen erabilera turismorako lagatzearen hiru hilez behingo aitorpen informatiboa” izeneko 179 eredua onesten da. Aitorpen hori elektronikoki aurkeztuko da, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez.

2. artikulua. 179 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluan ezarritakoaren arabera aitorpenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aurkeztu behar dituztenen artean, honako pertsona edo entitate hauek daude behartuak 179 eredua aurkeztera: etxebizitzen erabilera turismorako lagatzeko eragiketetan lagatzaileen eta lagapen hartzaileen arteko bitartekari lana egiten duten pertsonak eta entitateak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62 ter artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarri bezala, aitorpen informatiboak hartzen duen aldian etxebizitzen erabilera turismorako lagatzeko egiten den eragiketa bakoitzari dagokionez.

3. artikulua. 179 ereduaren edukia.

179 ereduan aitortu beharko da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62 ter artikuluaren 4. apartatuan aipatzen den informazioa, aitorpen informatiboak hartzen duen aldian etxebizitzen erabilera turismorako lagatzeko egiten den eragiketa bakoitzari dagokionez.

4. artikulua. 179 eredua aurkezteko epea.

179 eredua hiru hilabetean behin aurkeztu behar da, aitorpenaren xede den hiruhileko bakoitza bukatu eta hurrengo hilabete naturaleko lehen eta azken egunen bitartean. Aitorpena aurreko hiruhileko natural horretan egindako eragiketei buruzkoa izanen da.

5. artikulua. 179 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 179 ereduko aitorpenen aurkezpen elektronikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak eduki beharko du identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako sistema bat, ziurtagiri elektroniko kualifikatu bat erabiltzen duena eta Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa izan behar duena, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak hirugarrenak ordezkatuz egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Foru Ogasunak onartutako ziurtagiri elektroniko aitortua eduki beharko du, b) letran adierazi dena, bat etorriz hirugarren pertsonak ordezkatuz aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin.

2. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

6. artikulua. 179 eredua aurkezteko prozedura.

Honako hau izanen da 179 ereduari dagokion web inprimakiaren Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko prozedura:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du.

Akatsik antzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2021eko urriaren 1etik aurrera bitartekari baten bidez helburu turistikoetarako egiten diren etxebizitzen erabilera-lagapenei dagokienez aplikatuko da lehenbizikoz.

Iruñean, 2021eko azaroaren 24an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2116603